Bilatzaileak

Sareko abiaguneak

Internet, zeinahi gairi buruzko informazioa eskaintzen duen hiri batekin konparatu izan da, askotan. Halaz ere, konurbazio horretan omen dauden liburutegietako bakoitza non kokaturik dagoen azalduko luketen xehetasunezko mapa guztiak ez ditugu aurkitzen. Beraz, web-ozeanoan barrenako bidaian ipar-orratz izango duten osatu gabeko gida batzuekin aski dute (ezinbestez) bertako hiritarrek. Horixe da bilatzailea, hain zuzen: erabiltzaileek premiazko duten informazioa zein tokitan dagoen adierazten duen web orria, alegia.
1 apirila de 2001

Sareko abiaguneak

Hiru mota desberdinetako bilatzaileak ditugu, oinarrian: aurkibideak, robotak eta metabilatzaileak. Hiru sistema horiek erabiltzeko garaian alde handiegirik ez dagoenez, baliteke erabiltzaileak ez bereiztea horietako zeinetan egin ohi diren bilaketak. Denek erakusten dute koadro bat: bertan, internautak aurkitu nahi dituen funtsezko terminoak sartu behar ditu.

Aldatzen den gauza bakarra, kontua planteatu beharreko era da, zenbaitetan bilaketa konplexu bihur daitekeelako, hainbat arau logikoren segida bete behar baita. Ez da, ordea, zertan kezkaturik, gehientsuenek hainbat alderdi komun dituzte eta. Nolanahi ere, lanabes bakoitzak eskaintzen duen laguntza arreta handiz irakurtzea ez da alferrikako lana izango, ahalik eta probetxurik handiena aterako bazaio.

Aurkibideak, aitzindari

Interneten hastapenetan bezala gaur bertan ere, kalitateko web orriak aurkitzeko biderik egokienak dira, oro har, bilatzaileak. Oso modu errazean funtzionatzen dute: datu-baseari berariaz eranstea eskatu diren orriak bakarrik gehitzen dizkiote. Horiez gainera, erantsi berri direnei oniritzia pertsona batek eman behar die.

Gauzak horrela izateak bilaketak egiteko orri-kopurua murrizten badu ere, bertan agertzen direnak gure itxaropenen araberakoak izatea bermatzen du.

Robotak, kopurua bai baina ordenarik ez

Aurkibide-multzo horren beste muturrean daude robotak. Bilatzaile hauek ez daude zain orrien kudeatzaileek alta eman arte. Sarea alderik alde zeharkatu eta bidean topatzen dituzten web guztiak automatikoki zerrendan sartzen dituzten programak (“armiarmak”, internautaren hizkeran) dauzkate. Ikusi batera, programa aurreratuagoa omen den horrek zama latza dauka bere baitan: eskaturiko hitzek, aldez edo moldez, dituzten orri guzti-guztiak agertaraziko ditu erantzunak. Bilatzaileari berdin dio testuinguruari egokituta edo testuinguruz kanpo agertzea, edo orriak informazio zaharkitua nahi interesik gabea azaltzea. Emaitzak hurrenez hurren sailkatzeko eta web jakin bat beste baten aurrean kokatzeko neurri bakarra, eskaturiko hitzak orrialdean zehar errepikatu eta burualdetik gertu agertzea da.

Neurri horren ondoriorik nabarmenena bistan dugu, noski: milaka emaitza eskaintzen dituen bilaketa ez da oso eraginkorra izango, horrek internauta hertsatuko baitu erantzun guztiak banan-banan egiaztatzera, aurkitu nahi duenaren araberakoa den ala ez atzemateko. Hainbat kasutan (kanta baten letra edo pertsonaia bati buruzko datuak bilatzea, adibidez) baleko sistema da baina eskuarki, behintzat, erabiltzaileak lanetan jardun beharko du, emaitzak zehazki arakatzeko. Robot edo bilaketa-motor klasikoena Altavista bada ere, loturiko orri-kopuruari dagokionez, lehentasuna Fast Search izenekoak ostu dio arestian.

Sekulako bilaketak egin behar direnean, metabilatzailea

Topatu nahi duguna ez aurkibideen bidez, ez roboten bitartez lortzerik ez dugunean, metabilatzaileetara jotzeko aukera izango dugu oraino. Aurrekoek ez bezala, hauek ez dute beraien datu-baserik eta, horrenbestez, gomendaturiko orrien zerrenda propiorik ezin dute osatu. Jasotzen dituzten galderak hainbat bilatzailetara -batera- bidali baizik ez dute egiten. Era honetan, sekulako emaitza-piloa erdiesten dute: horixe da guri eskura baina inongo ordenarik gabe ezarriko zaiguna. Erabilera konplexukoak izaten badira ere, orrialde jakin bat aurkitu ezinean gabiltzan une horretan irtenbide bakarrak direnez, metabilatzaileak ongi maneiatzen ikastea komeni da.

Google kasu berariazkoa

Hiru kategoria horiez gainera, hertsi-hertsian, bada laugarren bat ere, bilatzaile bakarra jasotzen duena: Google. Aditu gehientsuenen iritziz, hauxe da espazio digitalean dabiltzan guztietatik hoberena, askozaz ere: aurkibideen eta roboten abantailak bere baitan bildu ditu eta, ondorioz, web mordo galanta eskaintzen dituen sistema osatu du, bereizgarri batengatik nabarmentzeko modukoa: orriak automatikoki hierarkizatzeko sistema darabil metodo honek. Honela bada, hasieran agertzen direnak izan ohi dira garrantzi handienekoak, adiera askotan.

Sistema osoaren oinarria soil bezain bikaina da: kalitate handieneko web orriak maizago aipatzen dira erdipurdikoak baino. Horrenbestez, beste orrietan maizen agertzen direnak agertzen ditu hasieran sistemak. Kontuak kontu, ederki funtzionatzen du horrela eta, beste alde batetik, atarian itxuraldatu ez den bilatzaile urrienetako bat da hau. Bilaketak bakarrik eskaintzen ditu, ez orrien karga mantsoago bihur lezakeen posta elektronikorik, chat-ik edo kanal mordorik. Aukera honek ez du publizitaterik erakusten, alderantziz: bilaketa-sistema birsaltzea du negozioaren funtsa.

Interneten barrena arduraz eta egokiro ibiltzeko funtsezkoa da bilatzailea aukeratzea. Indarreko sistemek eskaintzen dituzten emaitzek ez dute elkarren antzekotasunik, agian, bakoitzak berariazko ikuspegitik aztertzen baitu Sarea. Horrelakoei ahalik eta etekin handiena erauzteko gauza izan gaitezen, horien abantaila eta eragozpenak ezagutzea komeni da. Azkenean, ohi denez, internautak bere ohiko bideari jarraituko dio, bertan ziberespazioan erraztasunez mugitzeko egarria aseko duten bilatzaile-kopuru mugatua baino erabiliko ez duelako, jakina.

Nahi adina nabigatzeko

Google: Soilen eta ahaltsuena. Irudi austeroa agertzen badu ere, atzean ezkutaturik daukan sistema konplexuak orri garrantzitsuenak gainontzekoen aurretik agertarazten ditu.

Yahoo!: Sareko estreinako bilatzaile haietako bat izan zen eta, gaur ere, lehentasuna mantentzen du. Herrialde industrializatu gehienetan berariazko edizioak ditu (estatu espainiarrean, adibidez, www.yahoo.es, eta frantziarrean, www.yahoo.fr).

Altavista: Garai batean bisita gehien hartzen zituenetako bat izan zen, eta gaur egun ere ezagunenetako bat da. Kaliforniako Palo Alto-ko zentralak eskaintzen duena errepikatzen dute, mimetikoki, mundu zabalean hedaturiko bertsioek. (Euskaraz: es-eu.altavista.com)

Terra: Atari hispano hau espainolezko hastapenetako atari baten (Olé) oinordekoa da. Egun, beste handi bat (Lycos) jabekide bihurtu denez geroztik, hamaika eduki eskaintzen ditu, bilaketez gainera.

El índice: Gaika ordenaturiko web espainiarrek osatutako multzoa. Aukeraketa polita bada ere, diseinuari eskas deritzogu.

Fast Search: Bere burua azkarrena izatearren harro agertzen da baina, beste aldetik, orri gehien katalogaturik dauzkana da.

Ask Jeeves: Hizkera naturalean galderak egiteko aukera ematen du. Adibidez: “Txakurrei buruzko informazioa non bila dezaket?”. Ez da zehatzegia, baina bilatzaileen etorkizuneko bidea horixe dela adierazten du.

Metacrawler: Orri bat baino gehiagotan, batera, bilaketak egiteko modu azkarra.

Buscopio: Bilatzaile tematiko eta orokorren bilduma. Orri horietan barrena nabigatzeak zaletasun guztiak asetzeko lanabesak daudela argi eta garbi erakusten du.

Webcrawler: Metabilatzaile honek, horrelako orriek betidanik izan duten ospeari (“zailak dira, aldrebesak, konplexuak, etab.”) amaiera eman nahi dio. Hamaikatxo zerbitzu biltzen dira bertan.

Open Directory: Mundu zabalean hedaturiko direktorio zabal-zabala, tokian tokiko boluntarioen eskuetan uzten du orri berriak bertan txertatzeko aukera. Herrian herriko hizkuntzara egokitzen da eta, horren arabera ere, hamaika aukera eskaintzen ditu.