Automobil aseguruak

Baldintzak aseguratzaileak ezartzen ditu

Joan den urtean Estatu espainiarrean 1,28 bilioi pezeta jaso ziren automobil-aseguruen primengatik, hau da, 1999 urtean baino %16 gehiago, UNESPA ("Unión Española de Entidades Aseguradoras y Reaseguradoras") patronalaren arabera.
1 apirila de 2001
Img informe listado

Baldintzak aseguratzaileak ezartzen ditu

Konpainia aseguratzaileen ikuspegitik, ordea, txanponaren beste alderdia 2000 urtean ezbeharrengatik ordaindu behar izan zuten bilioi pezeta hori da: zifra horiek horrelako polizen garrantziaren berri zehatza ematen digute, inondik inora. Estatu honetan, urtero-urtero diru gehien biltzen duten aseguruetan bigarrena automobilena da, gaixotasun eta era askotako kalteengatiko aseguruetatik urrun, eta bizi-poliza indibidualen atzetik bakarrik. Honakoa aski ez izaki, nonbait, zirkulazioko ezbeharren kopuru handia aitzakia harturik, 2000 urtean aseguratzaileek polizen prezioa %30ean garestitu zuten eta aurten %15ean altxa dute berriro.

Beste aldetik, kontratuen baldintzak gogortu egin dizkigute: ibilgailu batean zirkulatzeko asegurua ezinbestekoa dela jakitun direnez, aseguru-konpainiak dira baldintzak xedatzen dituztenak. Kontsumitzaileari, konparatu eta estaldura, kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena eskaintzen digunaren hautua egiteko aukera bakarrik ematen zaio.

CONSUMERek hiru erabiltzaileren profilak eratu zituen(27 urteko emakumea, gidatzeko baimena duela 5 urte eskuratu zuena, Seat Ibiza ibilgailuaren gidari; 20 urteko gizonezkoa, gidatzeko baimena duela 2 urte eskuratu zuena, Peugeot 206 automobilaren gidari, eta 50 urteko gizonezkoa, gidatzeko baimena duela 25 urte eskuratu zuena, Ford Mondeo automobila aseguratu nahi zuena); aldizkariko teknikariek, balizko bezero horiek bailiran, hainbat erakunde aseguratzaileri aseguru-polizen gaineko informazioa eta ibilgailu berri bati legozkiokeen tarifak eskatu zizkieten.

Azterketatik hiru ondorio nagusi atera dira, batik bat: alde batetik, kontsumitzaileei informazioa emateko garaian aseguru-konpainiek ezartzen dituzten eragozpen ugariak eta azalpenetan datzan argitasun apurra; beste batetik, horietako bakoitzak eskaintzen dituen prezioen, baldintzen eta pakete itxien arteko desberdintasun izugarria eta, azkenik, konpainia gehientsuenek gidari jakin batzuk (arrisku handiko multzoko kideak izatearren) automobil aseguruaren titular gisa onartzeari uko egiten diotela.

Gaztetasuna eta eskarmenturik eza, nahaste lehergarri eta garestia

25 urte baino gutxiagoko gizonezkoa bazara, gidatzeko baimena duela bi urte baino gutxiago eskuratu baduzu, aukera handiak dituzu: ia-ia aseguratzailerik ez da prest azalduko zu bezalako bezero bati autoaren poliza bat izenpetzeko, biztanleriaren multzo honek ezbehar-kopuru handia sortarazten baitu.

Hala eta guztiz, konpainiaren batek gazteenei asegurua egiteko arriskua bereganatzen du baina, hori bai, ondasun gutxik ordain dezakeen prima eskergaren truke. Horrela bada, Allianz konpainiak zenbaitetan gidari gazte berriari poliza izenpetzea baimendu egiten du.

CONSUMERek aurkeztu duen balizko kasuan (gidatzeko baimena orain dela 2 urte eskuratu zuen 20 urteko mutil bati Peugeot 206 XND batentzat arrisku orotako asegurua egitea, alegia), aseguratzailearen prima 750.000 pezetaraino doa. Beste aukera bat, askoz ere merkeagoa, Mares (Mapfrek sorturiko enpresa, honelako egoerei konponbidea emateko) konpainiari aurrekontua eskatzea da. Balizko kasu horretarakoxe, 498.363 pezetako poliza eskaintzen du enpresa horrek.

Aseguruen Konpentsazio-Partzuergoa

Aseguru-konpainien ateak itxita ikusi dituztenek badute oraino beste irtenbide bat, azkenekoa: Aseguruen Konpentsazio-Partzuergoa. Nolanahi ere, erakunde estatal horrek derrigorrezko erantzukizun zibil mugatuaren asegurua bakarrik estaltzen du. Hirugarrengo pertsona edo gauzetan eraginiko kaltea baizik ez du babesten, norberarenak kanpo utzita. Ezbeharrik gertatzekotan, indemnizazio-bermeak ere mugatuak ditu, indarrean dagoen legeriaren arabera, 56 milioi pezetaraino (336.579 euro) biktima bakoitzeko, kalte pertsonalengatik, eta 16 milioi pezetaraino (96.165 euro), berriz, kalte materialengatik. Zifra horiek gaindituko balira, hortik aurrerako gastua kaltea eragin duenaren kontura izango litzateke.

Partzuergoaren zerbitzuak hartzearen aldeko hautua egiten duenak, gutxienez bi konpainia aseguratzailek asegurua kontratatzeari uko egiten diotela berretsi eta sinaturiko agiriak aurkeztu behar ditu.

Baita Interneten ere

Aseguru mundua ere berebiziko indarrez sartu da Sarean: izan ere, dagoeneko aurrekontua eskatu eta polizak kontrata daitezke aseguru-artekari birtualen bitartez. Poliza.com eta Segurauto.net izenekoek, besteak beste, proposamenik hoberenak eskainiko dizkigutela hitz eman digute: era horretan, on line kontratazioa eta ezbeharren tramitazioa jarriko dute gure esku.

Hona beste aukera bat, konpainia tradizionalek Interneten alde eginiko apustua: Direct Seguros, Allianz, Fénix Directo eta Línea Directa Aseguradora izenekoek Sarean eskaintzen dituzte beren zerbitzuak eta, galdategi bat bete ondoren, denbora errealean tarifa eta aurrekontuen kontsulta egiteko aukera eskainiko digute.

Etxetik mugitzeke aurrekontua lortzeko aukera ez ezik, aseguratzaile hauek %6rainoko deskontuak egingo dizkigute, kontratua Interneten bidez egitearren. Erne ibili, dena den: hobariak dituzten gidariei bakarrik egiten diete Interneten asegurua.

Aseguru motak

  • Hirugarrengoekiko asegurua Derrigorrezko eta borondatezko erantzukizun zibil mugagabeak, defentsa juridikoak eta kalteen erreklamazioak osaturik dago. Abantailak: kalte material eta pertsonal guztiak konpainia aseguratzaileak ordainduko ditu, eskuarki, indemnizazio-mugarik ezartzeke. Eragozpenak: istripua gure erruz gertatu denean, konpainiak ez du bereganatzen geure ibilgailuak izaniko kalteen erantzukizuna, polizak horrelakorik jasotzen ez duelako.
  • Hirugarrengoekikoa, hobetua Hirugarrengoekiko aseguru arruntak aseguratuaren ibilgailuan eragindako kalterik jasotzen ez duelarik, erakunde aseguratzaileek bestelako aukera bat eskaintzen digute: oinarri-oinarrizko polizaren estaldura zabaltzea, beste hainbat babes erantsiz (bideko laguntza, kristalen haustura, lapurreta, sutea, bidaiarien istripuak edota hirugarrengoen kaudimenik eza, esate baterako). Abantailak: arrisku orotako aseguruagatik bezainbeste ordaindu beharrik izateke, kalteturik gerta daitezkeen alderdi gehientsuak babesturik geratzen dira. Eragozpenak: aseguratuaren kalteak ez ditu estaltzen.
  • Arrisku orotakoa Estaldurarik handieneko asegurua da, norberaren eta besteen kalte guztiak babesten baititu, praktikan, ezbeharraren erantzule nornahi izan delarik. Erabateko galera gertatuz gero ere, ezbeharra jazo den unean ibilgailuak merkatuan daukan balioaren %100 indemnizatuko dute aseguratzaileek, baldin eta ibilgailu horrek urte askorik ez badu (urtebete edo pare bat, eskuarki). Abantailak: ibilgailuak izan ditzakeen kalterik ohikoenak aseguruak babesturik daude, ezbeharra zerorrek eragin baduzu ere. Eragozpenak: prezio handia.
  • Arrisku orotakoa frankiziarekin. Arrisku orotako asegurua frankiziarekin kontratatzean, bere ibilgailuan eraginiko kalteen parte bat ordainduko duela agintzen du asegurua hartu duenak. Hortik aurrerakoa konpainiak ordainduko du. Sistema horretan, beraz, arriskuak partekatu dituzte aseguratuak eta aseguratzaileak. Abantailak: horrelako asegurua frankiziarik gabeko arrisku orotakoa baino merkeagoa da. Aholkatzeko modukoa da poliza garestia egitea agintzen duen ibilgailu garestien kasuan, baita istripu txikiak nekez jasaten dituzten erabiltzaileentzat ere. Eragozpenak: istripua gertatzekotan, kalteen parte bat nolanahi ere aseguratuak ordainduko duenez, istripu arinak maiz pairatzen dituenari ez zaio horrelakorik komeni.

Automobilaren asegurua kontratatzeko…

  • Joan zaitez hainbat konpainiatara, konpara itzazu kalitate, estaldura eta prezioak eta, era berean, aseguratzaile bakoitzaren abantaila eta eragozpenak.
  • Irakur ezazu poliza arreta handiz, ezagutzen ez dituzun kontratuaren gorabeherei buruzko galderarik egiteko unean, ez izan zalantzarik, galdetu beti. Eska ezazu klausula bakoitzak izan ditzakeen interpretazioak azal diezazkizutela.
  • Ez onartu interpretazio bat baino gehiago izan ditzaketen klausula generikoegiak.
  • Kontratuan argi eta garbi ager dadin, zehaztu aseguratzailearekin aseguruaren estaldura (kontratuak babesten duena) eta salbuespenak (kontratutik at geratzen dena). Azken hauek nabarmen agertu beharko dira, zalantzarik sortu gabe ikus ditzazun.
  • Eska ezazu kontratuaren aldaketa guztiak idatziz formaliza daitezen. Ez sinetsi gehiegi hitzez emaniko informazioa.
  • Eska ezazu, aseguruak irauten duen bitartean ezbeharrik ez izatearren zor zaizkizun hobariak zehatz-mehatz idatziz finka ditzatela. Beste horrenbeste, ezbehar kopuru bat aitortzeagatik aplika dakizkizukeen errekarguei dagokienez ere.
  • Gorde polizaren kopia bat eta primen ordainagiriak.
  • Arrisku orotako poliza kontratatzen baduzu, ez ahaztu polizan sartzea nahi duzun ibilgailuaren osagarri eta estrak.
  • Errespetatu eta bete itzazu zorrotz ezbeharra jakinarazteko epeak eta gainerako baldintzak.
  • Eman ezazu ezbeharrari buruzko informazio zabal-zabala, gorabeherak eta xehetasunak ahaztu gabe.
  • Aseguruan baja eman nahi baduzu, jakinaraz ezazu idatziz, data iritsi baino gutxienez bi hilabete lehenago.
  • Karabana baldin badaukazu (are erabiltzen ez baduzu ere) erantzukizun zibileko asegurua egin behar diozu. Obligazio hori ez betetzeagatik, 100.000 eta 500.000 pezeta bitarteko zigorra (601 – 3.005 euro) izan dezakezu.
  • Alde eginiko gidari baten datuak jakin nahi badituzu, haren matrikula Aseguruen Konpentsazioko Partzuergora eraman dezakezu.