Senderismoa
Printzipioz behitzat, senderismoak ez du eskatzen prestaketa fisiko handiegirik, ez eta kirola egiteko joan-etorri handirik ere: hurbileko mendi eta basoetan zehar ibilaldi bat egitea edo paraje naturalak oinez ezagutzeko asteburu bat ematea aski duzu kirol honekin lehen kontaktua izateko. Ezagupen teknikoak, eskarmentua eta erresistentzia fisikoa bildu ahala, ibilbide luze eta zailagoei ekiteko moduan izango zara.
Mendiko federazioek eta erakunde ekologistek aho batez aitortzen dute gero eta praktika herrikoiagoa dela, baina sarritan behar ez den moduan egiten dela. Senderismorako gune egokiak noizean behin bisitatzen dituztenak ez dira ohartzen paraje natural horiei eragin diezaieketen kalteaz eta ahaztu egiten dute senderismoko oinarrizko printzipioa: ingurumenarekiko errespetua.
Bide motak
Paisaia, kultura, turismo, historia edo gizarte aldetik intereseko diren lekuak bisitatzeko diseinaturiko ibilbideak izaten dira, bidexka edo pistetan zehar doazenak. Lau mota bereizten dira:
- Ibilaldi Handiak (GR): 50 kilometrotik gorakoak, ikur zuri eta gorriz markatzen dira (harkaitz eta arboletan). Katalunian hasi ziren lehen aldiz, duela ia hogeita bost urte, Frantziatik hurbil egonik, proiektu horrek aurrerapen handia izan baitzuen han 1945etik aurrera. GR 7 delakoa -Espainiako lehen ibilbide handia- 1974an hasi ziren balizatzen, baina laurogeiko hamarkadaren erdi aldera arte ez zen mendi federazioetan batzorderik sortu.
- Ibilaldi Txikiak (PR): 10 eta 50 kilometro artekoak, zuriz eta horiz seinaleztatzen dira.
- Tokiko Ibilaldiak: 10 kilometrotik beherakoak izaten dira eta ikur zuri-berdez adierazten dira.
- Hiriko Ibilaldiak: herri barruan izan ohi dira eta hori-gorriz markatzen dira.
Oinetakoa, oinarrizkoa
Oinetakoa da senderismorako oinarrizko elementua. Egoera onean dagoen bide batetik ordu pare batez ibiltzeko edozein oinetako erosok balio duen arren, egun guztian zehar ibiltzeko asmoa badugu oinetako egokiagoa aukeratu beharko dugu, bidean zehar era guztietako zorua aurkituko baitugu.
Merkatuan oso eskaintza zabala dago, baina orkatilari ongi eusten dion oinetakoa aukeratu beharko dugu beti. Senderismorako berariazko oinetakoa erosi nahi duenak, aditu batekin kontsultatzea izango du onena, azken belaunaldiko ehunei buruz eta bere beharretara ondoen egokitzen diren trekking-eko bota edo zapatilei buruzko informazioa eman diezaion.
Motxila ere garrantzitsua da, egun bakarreko irteeretarako ezer berezirik behar izaten ez den arren: janari apur bat, txanoa, sakelako telefonoa, oinarrizko botikina eta, urtaroaren arabera, berokiren bat, eguzkitarako betaurrekoak eta zira bat. Eta, jakina, ura ez da ahaztu behar. Eta bidean iturririk aurkitzen badugu (edateko ura dutenak, argi!) edateko eta kantinplorak betetzeko aprobetxatzea komeni izaten da, sekula ez baita jakiten beste iturri bat non aurkituko dugun.
Oinarrizko ohiturak
Zenbait ohitura funtsezkoak dira senderismoarekiko lehen harremanak oroitzapen ona utzi eta esperientzia errepikatzera bultza gaitzan. Ibilbidea teorian ezagutu eta ongi ekipaturik egon arren, dosifikatzen ikasi behar da. Adibidez, ez da komeni Pirinioetako mendiei ekiterik hainbat orduz (maldetan zehar) ibiltzeko ohitura hartuta izan arte.
Senderismoan funtsezkoa da indarrak ez ahitu eta lasai ibiltzea eta, beraz, ez da etsi behar hasieran zangoek erantzuten ez badute edo aldapak amaigabe iruditu arren. Apurka-apurka erresistentzia eta indarra hartuz joango gara.
Beroketa ere ez da ahaztu behar: ibiltari onak badaki ibiltzen hasi aurretik eta ondoren luzatzeko ariketak egin behar direla, giharrak esfortzura egokitzeko.
Oztopoak gainditu
Senderismoa ez da muturreko kirola, baina ibiltze hutsak baino teknika gehiago eskatzen du. Lehenik ikasi beharrekoa, arazoren bat sortzen denean patxadari eusten jakitea. Eta egoera zailetatik errazago irtengo dugu eskuko telefonoa ahazten ez badugu, familia eta lagunei nora goazen jakinarazi eta beti norbaitekin baldin bagoaz.
Erreka bat zeharkatzeko (urak arriskurik ez badu eta belaunetik gorako sakontasunik ez duenean bakarrik), harriz harri joan behar da, hanka bata bestearen atzetik botaz eta oreka dinamikoari eutsiz. Aldapak jaistean, aldapari begira joan behar da eta pauso bakoitzean orpoa ongi finkatuz, oreka galdu eta erori edo biraka ez joateko. Igoeretarako ere badago trikimailu bat: patxadaz hartu eta pauso laburrez eta sigi-sagaka igotzea. Hobe izaten da sasiarteak, zuhaixka itxiak eta sastrakadiak saihestea, horietatik irtetea neketsua izaten baita eta gainera, urratuz beterik irtengo baitugu.
Orientazioa galdu eta hurrengo marka aurkitzen ez badugu, puntu kardinalak izan beharko ditugu kontuan: eguzkiak Ekialdetik irteten du, Mendebaldetik sartzen da eta Hegoaldera egoten da. Zuhaitzetako goroldioek ere ematen dute arrastoren bat: Iparraldea adierazten dute.
Lainoa sartzen bada (horixe da mendiko zailtasunik arriskutsuenetako bat), erreka bat bilatu arte jaitsi behar da eta hari jarraitu, herrira eramango baikaitu beti. Ekaitzak eta tximistek harrapatzen bagaituzte, berriz, leku altuetatik alde egin eta metalezko gauzak kendu egin beharko ditugu eta zuhaitzetatik aldendu.
Gaua iristen bada, zuhaitz artean babesa aurkitu eta egunsentira arte geldirik egotea izaten da onena.
- Zaborrik ez bota edo lurperatu. Utzi zaborra biltzeko jarritako lekuetan. Jaso aurkitzen dituzun zikinak, zeureak izan ez arren.
- Kontuz suarekin. Ez piztu surik, berariaz prestaturiko lekuetan ere ez. Janaria eraman prestaturik.
- Errespetatu eta zaindu iturriak, errekak eta bestelako ubideak. Ez bota xaboi, garbikari, produktu kutsagarri edo bestelakorik ere.
- Ez bihurtu natura tailer mekaniko; ez aldatu autoari olioa edo errekan garbitu.
- Ez jarri kanpin dendarik edozein lekutan. Errespetatu hartarako prestaturiko lekuak. Ez zanga eta zulorik egin dendaren inguruan: lurzorua hondatzen dute eta ez dute ezertarako balio izaten.
- Marka ezazu ibilbidea. Bidea seinalatzen duen tontortxoaren gainean bazaude eta harriak galdu dituela ohartzen bazara, erantsi hari bat edo beste.
- Ez hartu lore eta adarrik eta utzi bakean animaliei. Gogoratu animalia eta landare asko legeak babesturik daudela.
- Motordun ibilgailua ahalik eta gutxien erabili, errepidez joateko eta pistetan zehar ezinbestekoa denean baino ez. Eta ibili behar baduzu, astiro ibili eta bideetatik irten gabe. Zarata ere kutsadura mota bat da, beraz, ez zaratarik atera.
- Ganadua edo bestelako animaliak pasa ez daitezen bidean aurkitzen dituzun hesi, itxitura, langa, etxoletako ate eta abarrak, ongi itxi.
- Soroak zeharkatzeko bidexkak erabili eta ez zapaldu ereindako sailik.
- Errespeta itzazu bideak. Bide zidorrek hondatu egiten dute lurzorua eta trokarteak sortu eta jatorrizko bidea desagerraraz dezakete.
- Txakurrak lotuta eraman behar dira beste oinezkoei eragozpenik eragin edo ganadua edo beste animaliak izu ez ditzaten.
Ibilbide proposamen batzuk
- Majalasnako gaina (Madril). Ibilbide hau Siete Picos delakoetako leheneraino iristen da. Camino Schmid eta La Fuenfría bailararen zati bat zeharkatzen ditu, Navarrulaqueko zelaian eta Poeten Begiralekua delakoan zehar. Majalvar-eko aparkalekuetatik abiatzen da bidea 5 ordu inguru behar dira egiteko.
- Cañón de Río Lobos (Soria). Lobos ibaiak zeharkatzen duen kare-harrizko arroila sakona Ibilaldi Handia da, Parke Natural izendatua. Ibilbidea Casarejos-en hasten da. Herritik, Valderrueda errekatxoari jarraituz jaitsi behar da arroilaren bihotzeraino. 6 ordu inguru behar dira ibilbide handi hau egiteko. (Parke Naturaleko Informazio Zentroa, telefonoa: 975 36 35 64).
- Tejera Negrako pagadia (Guadalajara). Parke Natural hau Guadalajarako ipar-mendebaldean dago, Catalojas udalerrian. Herritik bertatik sartzen da eta hantxe dago Parkeko zaindarien etxola. Aste Santuan, asteburuetan eta urria eta azaroko jaiegunetan bisitatzeko derrigorrezkoa da baimena. Bisita egiteko erreserba lortzeko telefonoa: 949 88 53 00.
- Galardea (Nafarroa). Pirinio bete-betean, Baztan, Bidasoa, Bortziriak eta Malerreka bailarek zelaien marko berde amaigabe eskaintzen diote ibiltariari. Galardea da ibilbide ugari horietako bat eta Zubietako herrian hasi eta bukatzen da. 13 kilometro egiteko hiru ordu eta erdi behar dira.
- Riglos-etik La Peñara, San Roman mendi-lepoan barrena (Huesca). Zeharkaldi ezagun honek aukera aparta eskaintzen du Mallos Erreinuaren muina ezagutzeko. Riglos eta La Peña herriak batzen ditu, Mallos Pequeños-en azpitik pasa, San Roman mendi-lepora igo eta Escalete arroilara jaisten da. Oso suabea da, baina luzea: 270 metroko desnibela besterik ez du eta 5 ordu inguru behar dira bidea egiteko.
- Jerte bailara (Cáceres). Ibilbide hau udaberrian egin behar da nahitaez, Jerte bailarako hegalak estaltzen dituzten gereziondoak (milioia inguru) lora betean gozatzeko. Tornavacas portuan hasten da ibilbidea.
Mendi-ibilbideak Interneten
-
Asturias-i buruzko orrialde interesgarria, oinez eta bizikletaz ezagutzeko aukera ematen duena:
http://www.fortunecity.com/greenfield/fatcat/604/ -
Cartagena eta inguruko ibilbideak (Murtzia)
http://www.geocities.com/isidrove/ -
Rondako mendilerroko ibilaldiak (Malaga)
http://www.lacave.org/senderismo.htm -
Espainia erdialdeko ibilbideak
http://usuarios.tripod.es/openworld/marcos/rutas.htm -
Kataluniako ibilbideak
http://www.terra.es/personal/galobi/