Ikastetxea hautatzea

Erabaki zaila, datuak eskuan direla hartu beharrekoa

Haur Hezkuntzako milioi bat ikasle baino gehiago (hiru eta sei urte bitarteko haurrak) lehen aldiz joango da eskolara datorren ikasturtean. Horietatik, gutxi gorabehera %65 ikastetxe publiko edo kontzertatuetara joango dira eta gainerakoa ikastetxe pribatuetara.
1 apirila de 2001
Img temap

Erabaki zaila, datuak eskuan direla hartu beharrekoa

Apirilean eta maiatzean zehar, egokien iruditzen zaizkien ikastetxeetan matrikulatu beharko dituzte seme-alabak guraso askok. Baina, egia esan, aukera ez da oso zabala: irakaskuntza publikoan, familiaren errentak, ikastetxea etxetik hurbil egoteak, neba-arreba gehiago eskola berean izateak baldintzatu egiten dute ikasleak hartzea eta gutxitu egiten da, beraz, gurasoen hautatzeko aukera. Eta ikastetxe pribatu eta kontzertatuei dagokienez, plaza kopuru urria izatea eta gurasoentzat ikastetxe mota horrek dakarren gastua eratu zituen 400.000 pezeta arte urteko eta ikasle bakoitzeko Lehen Hezkuntzan ikastetxe pribatuetan eta batez beste 50.000 pezeta kontzertatuetan; ikastetxe publikoetan, berriz, 15.000 pezeta inguru) izango dira hautaketarako iragazki nagusiak.

Zifra horietan (duela urtebete inguru kalkulatu zituen CONSUMER aldizkariak) honako kostu hauek sartzen dira: eskolatzea, matrikula, homologazio kuota, eskola-asegurua, erizaintza, gelako material galkorra, guraso elkartea eta eskola materiala eta testu-liburuak.

Edozein modutan ere, eta berdin dio ikastetxea pribatua, itunpekoa edo publikoa izan, gurasoak bertara joan eta ikustea komeni izaten da eta baloraziorako datu eta irizpide garrantzitsuak emango dituen informazioa bertatik bertara biltzea: ikastetxeko foiletoetan aurkituko duzu, edo seme-alabak ikastetxe horretara bidaltzen dituzten gurasoekin hitz eginda, edo ikastetxeko arduradunekin solasaldi luze bat izanez… Baina hori ez da guztia; badira beste informazio iturri batzuk ere. Urrutirago joan gabe, CONSUMER aldizkariak gogoeta egin du, hezkuntza arloko hainbat profesional aditu eta ikasleen guraso elkarteak aholkulari hartuta, seme-alabentzat ikastetxea hautatu beharrean aurkitzen diren aita-amek baloratu beharreko alderdi nagusiei buruz.

Txosten honen ondorioak baliagarri izango dira, halaber, euren seme-alaben ikastetxeak eskaintzen duen egiazko kalitatea gutxi gorabehera ezagutu nahi duten gurasoentzat ere.

Publikoa ala pribatua?

Lehen erabakia publiko eta pribatuen arteko aukera egitea da. Baina dilema hori familia askotan gertatzen da: ikastetxe pribatuen tarifak askoz ere handiagoak izateak seme-alabak eskola publikoetara eramatera behartzen ditu hainbat guraso, besterik nahi izan arren ere. Guraso askok, zalantzarik ez, dirua ez bestelako arrazoiengatik eramaten dituzte haurrak eskola publikoetara (ustez irakasleek prestakuntza hobea dutelako edo seme-alabek gizarte maila guztietako haurrekin bizi izateko aukera handiagoa izango dutelakoan); baina bistan da zenbaitek ikastetxe pribatu edo kontzertatuetara bidaliko lituzketela, horrek urtean zehar diru ordainketa handiagoa egitea eskatuko ez balu. Horrenbestez, ikastetxearen hezkuntza proiektua eta bultzatzen dituen baloreak, irakaskuntzaren kalitatea eta etxetik hurbil izatea bigarren mailan geratzen dira, lehen erabakia diruari bakarrik begiratuta hartu behar izaten baita etxe askotan.

Seme-alabak Lehen Hezkuntzako ikastetxe kontzertatu batera bidaltzeak, batez beste, eskola publiko batekoa baino hiru aldiz gastu handiagoa dakar. Eta kopuru horrek larregikoa dirudi kontuan izanik ikastetxe kontzertatuek jasotzen dituzten laguntza publikoek aurrekontuaren %88 arte ordaintzen dutela. Erabat modu pribatuan lan egiten duen ikastetxe batean (diru laguntza ofizialik ez duenean), kopuruak izugarri igotzen dira eta 10 aldiz biderkatzen da ikastetxe kontzertatuaren prezioa eta 25 bider eskola publikokoa.

Bigarren Hezkuntzan zertxobait garestiagoak dira prezioak, baina joera bertsua dago. Hala ere, gehiago ordaintzeak ez du esan nahi seme-alaben irakaskuntzaren kalitatea ere hobea denik: itunpeko ikastetxeen kostu handiek ez dakarte beti kalitate handiagoko eskaintza akademikoa.

Formazio maila Ikastetxe

Bateko ikasleek lortzen duten formazio maila (titularitatea gorabehera), irakasleen kalitatearekin, ikastetxearen gestioarekin eta ikasgaien planifikazioarekin lotuta egon ohi da gehienetan. Funtsezko puntu horien berri izateko, ikastetxeak azken urteetan izan dituen emaitzen berri jasotzea komeni izaten da (ikasle ohien ibilbidea, unibertsitatera iritsi diren ikasleen kopurua, etapa guztiak ematen badira ikasleek selektibitatean izan duten emaitza etab. begiratuz). Eta ikastetxe horretan urte batzuk daramatzaten ikasleen gurasoekin harremanetan jartzea, haurrek jasotzen duten heziketarekin gustura dauden jakiteko. Eta azkenik, gure seme-alaben heziketaz arduratuko diren irakasleei ikustaldi bat egiteak aukera emango digu haien jarrera didaktikoaz, eskarmentuaz eta pedagogikoki erabiltzen duten metodologiaz ohartzeko. Gero eta ohikoagoa da ikastetxeek kanpoko enpresaren baten kalitate sistemak ezartzea, eskolan ematen den irakaskuntzaren kalitate parametroak egiaztatzeko. Galde dezagun aukeren artean daukagun ikastetxeak kalitatearen kontrolerako horietako sistemarik duen ala ez.

Publikoak, pribatuak eta kontzertatuak
  • Ikastetxe publikoak Doakoak. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) ematen dute. Hezkuntza Ministerioak, udalek, diputazioek, autonomia erkidegoek edo patronatu publikoek kudeatzen dituzte. Behar adina plaza ez baldin badago, gurasoek ez dute ia hautatzeko aukerarik izaten. Administrazioak ezarritako onartze-baldintzak betetzen dituzten ikastetxeetara joateko aukera bakarrik izaten da. Gehienetan, ikastetxe pribatu eta kontzertatuetan baino ikasle gutxiago izaten da gela bakoitzean. Eskola publikoa laikoa da: erlijioko ikasgaia aukerazkoa da.
  • Ikastetxe pribatuak Pertsona pribatu batek, fisiko nahiz juridikoak, kudeatzen ditu. Heziketa ikasleen gurasoek finantzatzen dute, hezkuntzako maila guztietan. Ikastetxeek LOGSEren pauten barruan, hautazko ikasgaiak, irakaskuntza metodoak, funtzionamendu arauak eta eskolako eta eskolaz kanpoko kultur ekintzak ezartzeko aukera dute. Irakaskuntza maila guztiak ematen dituzte. Euren ideiak ezartzeko baimena dute, baldin eta Espainiako Konstituzioa eta irakasle, guraso eta ikasleen eskubideak errespetatzen badituzte.
  • Ikastetxe kontzertatuak Ikastetxe pribatuak dira, baina diru publikoak kostuen zati handi bat ordain dezan Administrazioarekin hitzarmenak dituzte. Ikastetxe bakoitzean gela kopuru jakin bat hitzartzen da, baina gehienetan ikastetxeko gela gehienei eragiten die hitzarmenak. Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren arau jakin batzuk errespetatu behar dituzte (ikasleak onartzeko irizpideak, gela bakoitzeko gehienezko ikasle kopurua, matrikulazioa tramitatzeko epeak…). Batez ere Lehen Hezkuntza eta DBH ematen dute, (ia) dohainik. Haur Hezkuntzako mailak gehienetan ez dira kontzertatuak izaten. Baina, maila guztietan, zerbitzu osagarriak (jangela, garraioa, eskolaz kanpoko ekintzak, guraso elkartea eta beste partida txiki asko) gurasoek finantzatzen dituzte ehuneko ehun. Ikastetxe kontzertatu gehienak ikastetxe erlijiosoak izaten dira eta ikasleen heziketan ideia propioak jarraitzen dituzte.

Atzerriko hizkuntzak

Espainiako Estatuan oso atzera gaude oraindik atzerriko hizkuntzen ezagutzari dagokionez eta horixe da, hain zuzen ere, ikastetxe publiko zein pribatuen erronka handienetako bat. Ikastetxe askotan bigarren edo hirugarren hizkuntza gero eta lehenago sartzen den arren, oraindik astean oso ordu gutxi eskaintzen zaizkio diziplina horri.

Egiaztaturik dago ikastetxean 6 urtetik 18ra bitartean astean hiru orduz atzerriko hizkuntza bat ikasi duen pertsonak hutsune handiak izaten dituela hizkuntza horretan moldatzeko, batez ere ahozko espresioan. Horregatik, oso positiboa da ikastetxe batek atzerriko hizkuntzari Administrazioak ezarritako orduak baino gehiago eskaintzea eta eskolaz kanpo hizkuntza hori indartzeko ikastaroak edo ikasitakoa hobetzeko atzerriko egonaldiak antolatzea (udan edo ikasturte osorako).

Hizkuntzak, ikastetxe elebidunetan.

Bi eratako ikastetxe pribatu elebidunak daude: estatuko ikasketa plana jarraituz gaztelania beste hizkuntza batekin bateratzen dutenak eta beste herrialde bateko ikasketa plan ofiziala ematen dutenak. Bigarren horietan bermaturik dago bigarren hizkuntza (atzerrikoa) ikastea, baina kostua oso handia da ez dago edozeinen esku.

Ikastetxe elebidunaren aldeko aukera egiten bada, interesgarria izango da gaztelaniaz zenbat eskola eta beste hizkuntzan zenbat emango diren jakitea, hizkuntza horiek sartzen zein adinetan hasiko diren eta zein mailatan sartuko diren.

Ikastetxearen filosofia, giroa eta irudia

Ikasleek jasoko duten prestakuntza akademikoaren berri izatea bezain garrantzitsua da zein ingurunetan heziko diren jakitea. Ingurune hori ezagutzeko eta zein printzipio eta balore irakasten duten jakiteko, urte batzuk ikastetxean daramatzaten ikasleen gurasoekin harremanetan jartzea komeni da, ikasleen arteko elkarbizitza ona den eta ikastetxean bizi den ikasketa giroa egokia den etab. jakiteko.

Eskolak ez ditu ezagupenak bakarrik transmititzen; gurasoengandik jasotzen duten heziketa osatuz pertsonak hezteko funtzioa ere badu eskolak. Horri buruz ere hezkuntza erreforma bat egiten ari dela esan genezake, zeharkako gaiak edo curriculum soziala alegia. Pertsonaren heziketa osoa bultzatzea da helburua eta horretarako, moral eta gizabidezko gaiak sartu dira, hala nola bakerako heziketa, osasunerako heziketa, sexu heziketa, ingurumenari buruzkoa, kontsumokoa, bide-heziketa… Gurasoek sakon ezagutu behar lukete ikasgelak zein ikuspegiren arabera arautzen diren eta nola lan egiten den. Zuzenean ikastetxeko irakasleekin hitz egitea da onena eta curriculum sozialaren kontzeptua nola lantzen duten zehazki azaltzea eskatu.

Ikastetxe laikoa edo erlijiosoa

Ikastetxe erlijioso gehienak kontzertatuak edo pribatuak izaten dira. Ikastetxe erlijiosoak entitate konfesional batek zuzendu ohi ditu eta hezkuntza proiektu propioa izaten dute (balore kristauetan orientatua), beti ere LOGSEren izpirituaren eta letraren barruan. Irakasle batzuk (gero eta gutxiago) ikastetxea zuzentzen duen ordena erlijiosokoak dira. Ikastetxe laiko pribatuetan, portaera arauak eta hezkuntza proiektua ikastetxe bakoitzaren ideien araberakoa izaten dira. Balore moralak ez dira bigarren mailan geratzen, baina alderdi erlijiosoa albora uzten da eta, beraz, hala nahi duen ikasleak aukera dauka balore erlijiosoetan hezteko eta nahi ez duenak balore unibertsalen aldeko aukera egin dezake. Egokiena (ezinbestekoa izan ez arren) gurasoen bizi izateko eta pentsatzeko eraren eta ikastetxearen ideien artean koherentzia izatea da, horrela ez baitzaie seme-alabei nahasterik sortuko.

Ibilbidea eta prestigio soziala

Ikastetxeak historia luzea izatea positiboa izan daiteke, eskarmentua eta irakasleen nolabaiteko batasuna eta jarraikortasuna erakutsiko lukeelako. Baina alferrik da irakaslerik onenak edukitzea urtero berriak sartzen badira, ikastetxearen filosofia eta metodologia didaktikoaz busti beharko baitute horiek.

Horregatik, gomendagarria izaten da ikastetxearen oinarri batek, hezurdurak -ikasle zein kudeatzaile edo lanerako estiloen aldetik- nolabaiteko egonkortasuna izatea, denboran zehar irauten duen ibilbide horrek nekez aldatzen diren tradizioei alferrik eustea ere ekar dezakeen arren. Malgutasun eza, horrenbestez, negatiboa izan daiteke ikastetxearentzat eta garai eta metodologia berrietara egokitzeko beharrezko diren aldaketa prozesuetan geldotasuna eragin dezake. Horrenbestez, egonkortasuna eta berrikuntza bateratzen dituen oreka izango da eskolako kalitatearen gakoa. Ez da ahaztu behar ikastetxeek ere izaten dituztela zikloak eta garai hobeak eta okerragoak. Hori dela eta, ikastetxeak ospea eta tradizioa izan arren, bisitatu eta prestazioei buruzko informazio zehatza eta eguneratua biltzea komeni da.

Irakasleak

Irakasleen egonkortasuna funtsezkoa da ikastetxe baten hezkuntza lanaren sendotasunerako. Izan ere, ikastetxe baten hezkuntza proiektua irakasle bakoitzaren ideia konkretuen gainetik badago ere, heziketan zeregin estrategiko funtsezkoa dute hezitzailearen jarrera pertsonalek eta ikaslearen aurrean duten portaerak eta baita planteamendu pedagogiko berriak sartzeko jarrerak ere. Urteetan zehar osatutako taldea lortzen denean eta behar bezain prestazio ezagunak eta kontrastatuak eskaintzen dituenean lortzen da irakasleen egiazko kalitatea. Baina irakasleen larregizko higiezintasuna zurruntasun, konformismo eta dinamikotasunik ezaren adierazle ere izan daitezke.

Azken bost urteetan ikastetxean lan egin duten irakasleen portzentajea hartzen da ikastetxe bateko irakasle-talde egonkorra neurtzeko. Ikastetxe bat egonkorra da zentzu honetan pertsonalaren %75 azken bost urteetan plantilan egon denean. Espainiako estatuan ikastetxeen %70ek betetzen du baldintza hau.

Irakasleen prestakuntza maila da beste kontu bat. Gurasoentzat ez da erraza kalitate profesionalari buruzko informazioa lortzea (titulazio akademikoa, trebezia didaktiko eta pedagogikoa, irakaskuntzako esperientzia…), baina beti egin daiteke zerbait. Alderdi horretan aurrera egiteko biderik onena ikastetxea kudeatzen duenari zuzenean galdetzea da.

Jangela

Jangela duten ikastetxe guztiek aparteko kuota bat kobratzen dute zerbitzu horren truke. Publiko eta kontzertatuetan autonomia erkidego bakoitzak ezartzen ditu gehienezko eta gutxieneko prezioak. Pribatuek askatasun osoa dute tarifak ezartzeko. CONSUMERek 1998ko azaroan egin zuen txosten baten egiaztatu ahal izan zenez, ikastetxe publikoetako menuan pribatuetakoak baino askoz ere merkeagoak ziren eta nutrizioaren aldetik ere zertxobait hobeak, gainera.

Instalazioen higiene eta osasun egoera eta menuaren nutrizio kalitatea dira kontuan izan beharreko bi alderdiak. Gurasoek aurrez izan behar dute seme-alaben menuaren berri, horrela afari egokiena prestatu ahal izango baitute egunero. Gainera, haurrik txikienek aparteko jangela bat izatea komeni da, nagusien laguntzaz bazkaldu eta menu berezia izan dezaten, erraz jateko modukoa eta kopuru egokian zerbitzatua.

Eskolako jangelan elikadura-ohitura egokiak eskuratu behar dituzte haurrek. Garrantzitsua da norbaitek ongi zaintzea haurrak behar bezala elikatzen direla, hau da, entsaladak, barazkiak, lekariak, arraina eta fruta jaten dutela, hain zuzen ere horiexek baitira nekezen jaten dituztenak eta gutxien gustatzen zaizkienak, baina aldi berean, nutrizio aldetik aberats eta osasungarrienak. Azkenik, gurasoek jakin egin behar dute otordua amaitu eta eskolara itzuli bitarteko denboran haurrek zein alternatiba duten, norbaitek zainduko dituen, instalazioak (liburutegia, gimnasioa…) erabili ahal izango dituzten, ekintza alternatiborik eskaintzen den…

Instalazioak

Ikasgelek, haurrek jolaserako erabiliko dituzten lekuek, komunek eta, azken batean, haurrek egunean zehar bisitatuko dituzten lekuek egoera onean egon behar dute. Gurasoek erreparatu egin beharko diete ikastetxea bisitatzen dutenean instalazioen kontserbazio egoerari eta segurtasun baldintzei.

Jakina, instalazio eta ekipamenduak zenbat eta osatuagoak izan, orduan eta formazio akademiko eta eskolaz kanpoko prestakuntza hobea izango dute ikasleek. Informatika gela, laborategia, gimnasioa edo beste kirol instalazio batzuk lagungarri dira haurraren heziketa osatzeko, zenbait ikasgaitan ezinbestekoa baita praktika. Zenbait ikastetxek argazkilaritza, narratiba eta hizkuntzako laborategiak ere izaten dituzte. Baina hainbat ikasgaitan instalazioak izatea bezain garrantzitsua da begirale espezializatuak edukitzea, azpiegiturak erabiltzen dituzten bitartean ikasleen lana gainbegira dezaten.

Informatika

Haurrek txiki-txikitatik ohitu behar dute ordenagailua erabiltzera. Zenbait ikastetxek ekipo informatikoak jartzen dituzte ikasleen esku, erabiltzen eta ikerketa lanak egiten ikas dezaten edo Interneterako konexioa ere eskaintzen dute. Kasu askotan, eskola orduetatik kanpo informatikako eskolak ematen dituzte ekintza osagarri gisa. Ordenagailu-haur proportzioa zein den galdetzea komeni da. Estatuko hiru ikastetxetik baten, ikasleek ez dute ordenagailuak erabiltzeko aukerarik.

Eskolaz kanpoko ekintzak

Eskaintza zenbat eta zabalagoa izan, orduan eta aukera handiagoa izango da ikasleak horietako ekintzaren bat praktikatzea onar dezan. Musika, dantza, hizkuntzak, informatika, antzerkia, jolasak, ikasketa teknikak eta kirolak izaten dira adibiderik ezagunenak. Ordutegiak, tarifak eta ekintzak non egiten diren jakitea komeni da eta baita nork ematen dituen ere. Ekintza horiek oso aberasgarri izaten dira umeentzat, ongi pasatzen duten bitartean ikasteaz gain, eskolako lagunekin harremanetan jarraitzen baitute, giro lasaiago eta harreman pertsonaletarako egokiagoan. Adituen ustez, kalterako izan liteke ekintza jakin bat praktikatzera haurrak behartzea. Haurraren beraren ikuspuntua kontuan izan behar da beti eta, ahal den neurrian, atsegin izango duen jarduera bat bilatu.

Hurbiltasuna

Garrantzitsua da eskola aukeratzerakoan, baina ez erabakigarria. Ez ditugu seme-alabak geuri komeni zaigun eskolara bidali behar, eurentzat egokiena denera baizik, gure posibilitateen arabera. Guraso asko ezin izaten da seme-alabak eskolara eramatera joan, baina eskola-garraioak edo ikastetxea hurbil izateak konpon lezake arazo hori. Etxetik hurbil ez badago, kontuan izan beharko da seme-alaba eta gurasoen ordutegiak bateragarriak diren eta ikastetxeak bi zerbitzu hauek eskaintzen dituen: jangela eta eskola garraioa. Guraso askok, gainera, nahiago izaten du ikastetxea etxetik hurbil egotea haurrak eskolaz kanpo ere eskolako lagunekin ibili daitezen eta eguneroko ingurunearekin zuzeneko harreman izan dezaten.

Eskola garraioa

Ikastetxeek informazioa ematen diete gurasoei eskola garraio zerbitzuaren ibilbide, geltoki eta ordutegiaz. Publiko ez diren ikastetxeetan bakarrik ordaintzen da garraioa, Administrazioak bere gain hartzen baitu gastu hori DBH amaiera arte. Ikastetxe kontzertatu eta pribatuek gehiago jotzen dute garraiora, publikoetan hurbiltasuna kontuan hartzen baita ikasleak onartzeko unean. Segurtasuna dela eta, haurrek zaintzailea izan behar dute autobusean. Eskola garraioan ari diren ibilgailuak behartuta daude segurtasun neurri bereziak betetzera: garraio mota adierazten duen seinalea, larrialdi kasuetarako kristalak hausteko mailua, eta haurrak autobusean sartzen edo irteten ari direnean argien bidez seinaleztatzea. Gainera, gidariaren jarlekuak pantaila garden baten bidez babesturik egon behar du eta ateek ireki eta ixteko sistema automatikoa izan behar dute, haurren eskueratik urruti.

Mediku zerbitzua

Ikastetxeak mediku zerbitzua eskaintzea ez da elementu erabakigarria izan behar ikastetxea aukeratzerakoan. Agian kontuan hartzekoa izango da hirietatik oso urruti dauden guneetan, hurbileneko ospitalea distantzia handira baldin badago. Edonola ere, zerbitzu osagarri bat da, ikastetxe pribatuen balio erantsia edo bereizketa faktorea.

Ikastetxe publiko eta pribatu kontzertatuetarako sarrera

Ikastetxe horietarako sarrera eskaera apiril eta maiatzean zehar egin behar izaten da. Ikastetxeak sarrera eskaera guztiei erantzuteko adina plaza ez baldin badu, Administrazio publikoak ezarritako irizpideen arabera egin behar izaten da hautaketa. Familiak irizpide horietako bakoitza betetzen badu, puntu kopuru jakin bat batuko zaio eskaerari eta zenbat eta puntu gehiago lortu, orduan eta aukera handiagoa ikastetxean sartzeko. Garrantzitsua da jakitea egokitu zaigun ikastetxearekin gustura egon ezean hiru egun baizik ez ditugula izango erreklamazioa aurkezteko.