Energia gozoa, kaloria gehiegirik gabe
Marmelada eta konfiturak gosariko osagarri egokiak dira, azukre -karbohidrato soilak- eta energia ugaridun produktua baita, goizean goizetik egunari hasiera emateko modu atsegina, alegia. Norbaiti produktu hauek arras elikagai kalorikoak direla iruditzen bazaio ere, egia bestelakoa da: 20 gramoko, gehienez ere, konfitura hartzekotan 50 kaloria sartzen ditugu (hiru azukre-koxkorrek daukatena baino gutxiago, alegia) eta marmelada gosaltzen badugu, 35 kaloria. Bestela esateko, adin guztietako pertsona osasuntsuek har ditzakete batzuk eta besteak.
Gauza bera al da marmelada eta konfitura?
Bien osagai nagusiak berberak dira: fruta, azukrea eta ura. Biak egiteko egosi behar da fruta siropetan, ur-azukretan. Baina izen desberdina izan desberdinaren agerpena da, ohi legez: marmelada fruta ale oso, puskatu edo birrinduekin egiten da eta edukieraren gutxienez %30 fruta izan behar da. Portzentaje hori %50era edo hortik gora doanean “estra” da produktuaren kategoria. Konfitura, aldiz, fruta-mami edo purearekin moldatzen da, hots, azukre, fruta-mami edo pure eta urarekin egin den nahaski honek trinkotasun jelatinatsua du. Fruta edukia gutxienez %35 behar du eta %45etik aurrera “estra” kategoriakoa da.
Oraingoan bost marrubi marmelada (La Vieja Fábrica, Bebé, Helios, Anko eta Ligeresa -honakoa, light-) eta bi konfitura (Hero eta Bonne Maman) aztertu dira.Zazpiak ere kristalezko flaskoan komertzializatzen dira, hainbat formatutan: 330 gramotik 370 gramora doa pisu garbia. Laginik merkeena Hero konfitura da (3,48 euro kiloko) eta garestiena beste konfitura bat, Bonne Maman (5,18 euro kiloko).
Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Helios marmeladak ematen du: fruta gehien daukan bigarrena, aditiborik gabea da eta, bai prezioan bai dastatze proban lorturiko emaitzengatik, erdi parean dabil. Konfituretan Hero da erlazio hori eskaintzen duena: laginik merkeena da eta dastatze proban gehien nabarmendutako produktuetako bat (6,9 puntu), La Vieja Fábrica (6,6 puntu) eta Bonne Maman konfiturarekin batera (6,3 puntu). Kalifikazio apalenak Bebé (4,8 puntu) eta Anko (5,2 puntu) marmeladak izan ziren.
Fruta eta azukrearen ateko proportzioa
La Vieja Fábrica eta Anko marmeladak izan ezik, kategoriaz deus aipatzen ez baitute, gainerako lagin guztiak “estra” kategoriakotzat agertzen dute bere burua. Adierazpen horrek fabrikatzaileari produktuan gutxienez %45 (konfituran) edo %50 (marmeladan) fruta ezartzeko obligazioa sortarazten dio. Etiketak dioenez, baldintza hori denek betetzen dute.
Azterturiko zazpi produktuetan marrubia da osagaien zerrendan agertzen den lehena; bigarrena, azukrea, frutak berez daukanak eta produktua fabrikatzean erantsi zaionak osatzen dute. Azukre ugarienak fruktosa, glukosa-siropa eta sakarosa edo azukre arrunta (zazpi laginek daukate) dira. Marmeladetan azukre kopurua %40tik (Bebé) %47ra doa (La Vieja Fábrica); light motako lagin bakarraren (Ligeresa) azukrea edukiaren %37 da. Konfiturek marmeladek baino azukre gehiago daukate; Herok %56 dauka eta Bonne Maman laginak, azukretsuena, %59. Egiazko azukre-edukia ez da lagin bakar batean ere etiketan adierazitakoa baino handiagorik.
160 eta 190 kaloria artean, ehun gramoko
Gure azterketan, 100 gramo marmeladak 160 – 190 kaloria ditu; dena den, light laginak (Ligeresa) 147 kaloria baizik ez du. Konfiturak, azukre gehiago daukanez, kaloriak ere ugariago ditu. Azterturiko bi konfiturek, hain zuzen, ehun gramoko, 222 (Hero) eta 237 kaloria (Bonne Maman: hauxe da azterketa guztiko kalorikoena) dituzte. Dena den, kontsumitu ohi den anoa (20 gramo) erreferentzia harturik, marmelada eta konfituren ateko aldea (kaloriatan zein azukretan) hutsaren hurrena da.
Light edo diet motako marmelada eta konfituren osagai zerrendan agertzen den hirugarren gaia ura da, honelako produktuetan konbentzionaletan baino ugariago agertzen delarik. Horren eginkizuna, produktuaren azukre edukia (beraz, kaloriak) murriztea da. Diabetesa -gehiegizko pisuarekin lotua nahiz bestelakoa- edo hipertriglizeridemia nozitzen dutenei, izan ere, karbohidratoen ordez kaloriarik gabeko edulkoratzaileak (ziklamato sodikoa, sakarina, aspartamo eta antzekoak) dauzkaten eta, beraz, light motako produktuei dagozkien aholkuak zorrotz betetzen dituzten marmeladak hartzea komeni baitzaie.
Honelako produktuen bitamina eta mineral edukia areagotu egiten du marrubiak. Halaz ere, fruta freskoa egosteak bitamina gehientsuenak suntsitu egiten ditu eta, beste aldetik, gogoan izan dezagun marmelada zein konfituratik hartzen duguna oso-oso gutxi dela: horrenbestez, nutriente horien ekarpena arras txikia izango da.
Marka komertzial bat hautatzean, salmenta-izendapenari -marmelada arrunt edo estra, konfitura arrunt edo estra, light motakoa, etab.- fruta eta azukreen proportzioari, osagaien zerrendari -nadira batetik besterako alde handiak ere, aditiboen erabilerari dagokionez, bereziki-, itxurari -fruta pusketak agertzen diren, nolako kolorea duen-, kiloko prezioari, etc. erreparatzea komeni izaten da. Gogoan izan dezagun distirak edo kolore gorri bizi-biziak ez du esan nahi produktu horren kalitatea hobea denik eta, era berean, flaskoan marrubi pusketak (edo, areago, marrubiak osorik) agertzeak, berez, ez duela adierazten fruta eduki handiagorik. Horrez gainera, light edo diet etiketa dutenetan, hori egia den ala ez ziurtatu beharko dugu. Azkenik, ez limurtu ontziaren itxurarekin: batzuek “eskulangintzaz eginak” edo “etxean eginak” izan direla adierazi nahi omen digute baina horrek ez du esan nahi gainerakoak baino hobe edo txarragoak direnik.
Laburbilduz eta Konparaketako taula
Laburbilduz
Bost marrubi marmelada (La Vieja Fábrica, Bebé, Helios, Ligeresa eta Anko) eta bi marrubi konfitura (Hero eta Bonne Maman) aztertu dira. Zazpiak ere kristalezko flaskoan komertzializatzen dira, 330 gramotik 370 gramo arteko pisu garbiko edukia dutela. Laginik merkeena Hero konfitura da (3,48 euro kiloko); garestiena, beste konfitura bat: Bonne Maman (5,18 euro kiloko).
- Konfiturek azukre gehiago dute (batez beste, %57) eta, hortaz, energetikoagoak dira (222 – 237 kaloria ehun gramoko) marmeladak baino (150 – 187 kaloria ehun gramoko), hauen azukre edukiera %42 baizik ez baita. Batzuk zein besteak, denak dira egokiak gosaltzeko.
- Honelako produktuek ez dute gantzik eta proteinen ekarpena hutsa da.
- Lagin guztiek zorrotz betetzen dute etiketa araua, xedaturiko kalitate-parametroen araberakoak dira eta, fruta-edukiaz diotenaren arabera, adierazitako kategoria komertzialekoak dira: Anko laginak fruta gehien daukana, edukiaren %65 marrubia daukala do; La Vieja Fábrica laginak, beste muturrean, %45 baino ez.
- Lagin guztiak dauzkate aditibo lodigarri edo jelifikatzaileak baina hiruk bakarrik (Bebé, La Vieja Fábrica eta Ligeresa) erabili dute kontserbatzailerik. Ligeresa laginak koloratzaileak (kukurutx-gorria), antioxidatzaileak (azido askorbikoa) eta aromak erabili ditu.
- Dastatze proban nabarmendu ziren Hero (6,9 puntu), La Vieja Fábrica marmelada (6,6 puntu) eta Bonne Maman konfitura (6,3 puntu). Kalifikazio kaskarrena Bebé (4,8 puntu) eta Anko (5,2 puntu) marmeladek eraman zituzten.
- Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Helios marrubi marmeladak agertu zuen: fruta gehien dutenetan bigarrena, ez dauka aditiborik, eta, bai prezioetan, bai dastatze proban, erdi parean ibili da. Konfituretan, berriz, Hero aukera hobea da Bonne Maman baino.
Marka | Helios | Hero | La Vieja Fábrica | Bebé |
---|---|---|---|---|
Izendapena | Marrubi marmelada estra | Marrubi konfitura estra | Marrubi marmelada | Marrubi marmelada estra |
Prezioa (euro kiloko) | 3,77 | 3,48 | 3,54 | 3,89 |
Formatua (gramoak) | 340 | 345 | 350 | 340 |
Etiketa | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Adierazitako fruta-edukia (g. 100 gramoko) 1 | 60 | 50 | 45 | 57 |
Materia lehor disolbagarria (%) 2 | 43,6 | 62 | 49,6 | 47,6 |
Sakarosa (%) 3 | 16,9 | 25,7 | 17,5 | 4,1 |
Fruktosa (%) | 12,9 | 8,3 | 14,7 | 12,3 |
Glukosa (%) | 12,8 | 14,1 | 14,6 | 16,7 |
Maltosa (%) | 0 | 7,5 | 0 | 7,3 |
Azukreak, guztira (%) | 42,6 | 55,6 | 46,8 | 40,4 |
Balio kalorikoa (kcal/100 g) | 170 | 222 | 187 | 162 |
Azido sorbikoa E-200 (ppm) 4 | Ez da atzeman | Ez da atzeman | 516 | Ez da atzeman |
Azido benzoikoa E-210 (ppm) 4 | Ez da atzeman | Ez da atzeman | Ez da atzeman | 183 |
Kukurutx-gorria E-124 (ppm) 5 | Ez da atzeman | Ez da atzeman | Ez da atzeman | Ez da atzeman |
Azido Askorbikoa E-300 (ppm) 6 | 33 | 192 | Ez da atzeman | 82 |
Dastatze proba (1 a 9) | 5,6 | 6,9 | 6,6 | 4,8 |
Marka | Anko | Bonne Maman | Ligeresa |
---|---|---|---|
Izendapena | Marrubi marmelada | Marrubi konfitura estra | Marrubi marmelada estra |
Prezioa (euro kiloko) | 4,13 | 5,18 | 3,91 |
Formatua (gramoak) | 335 | 370 | 330 |
Etiketa | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Adierazitako fruta-edukia (g. 100 gramoko) 1 | 65 | 50 | 50 |
Materia lehor disolbagarria (%) 2 | 43,4 | 61,6 | 42 |
Sakarosa (%) 3 | 21,3 | 30 | 12,4 |
Fruktosa (%) | 9,8 | 14,6 | 6,3 |
Glukosa (%) | 9,7 | 14,7 | 9,6 |
Maltosa2 (%) | 0 | 0 | 8,4 |
Azukreak, guztira (%) | 40,8 | 59,3 | 36,7 |
Balio kalorikoa (kcal/100 g) | 163 | 237 | 147 |
Azido-benzoikoa E-200 (ppm) 4 | Ez da atzeman | Ez da atzeman | 209 |
Azido benzoikoa E-210 (ppm) 4 | Ez da atzeman | Ez da atzeman | Ez da atzeman |
Kukurutx-gorria E-124 (ppm) 5 | Ez da atzeman | Ez da atzeman | 14 |
Azido Askorbikoa E-300 (ppm) 6 | 190 | 138 | 213 |
Dastatze proba (1 a 9) | 5,2 | 6,3 | 5,3 |
(1) Adierazitako fruta-edukia: 100 gramo marmelada estrak eduki behar duen gutxieneko fruta-kopurua 50 gramo da; konfitura estrak, berriz, 45 gramo. Beheko kategorietako marmeladek, 30 gramo.
(2) Materia lehor disolbagarria: marmeladen gutxieneko edukia %40 da eta konfiturena, %60.
(3) Sakarosa: hau da azukre arrunta; horren presentzia erantsi izanaren ondorio da.
(4) Azido sorbikoa eta azido bentzoikoa: baimendutako aditibo kontserbatzaileak baina, ustez, alferrikakoak. Lagin guztietan arauak xedaturiko mugen barnean dabiltza aditibook.
(5) Kukurutx-gorria: koloratzaile natural honen erabilera baimendua dago, gehienez ere 100 zati milioiko izaki.
(6) Azido askorbikoa: quantum satis (hots, bidezko fabrikazio-praktikei jarraiki) printzipioaren arabera baimendutako antioxidatzaile naturala.
Banan-banan
Marrubi marmelada eta konfiturak, banan-banan
HELIOS
- “Marrubi marmelada estra”
/imgs/20061001/img.analisis1-merme1.jpg - Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena
- Kristalezko flaskoa, 340 gramo; 3,77 euro kiloko.
- Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Marmeladatik ehun gramoko marrubitik 60 gramo jarri duela dio: fruta gehien daukatenetan bigarrena.
- Produktuaren %43 azukre da. Ez kontserbatzailerik, ez koloratzailerik.
- Dastatze proban, 5,6 puntu. Gustatu dena: “gozotasun gradu ona”; kritikatu zaiona: “zapore biziegia” eta kolore ez erakargarria
HERO
- “Marrubi konfitura estra”
/imgs/20061001/img.analisis1-merme2.jpg - Azterturiko bi konfituretatik, aukera politena.
- Kristalezko flaskoa, 345 gramo; 3,48 euro kiloko; denetan merkeena.
- Azterturiko bi konfituretatik, aukera politena. Ehun gramoko, marrubitik 50 gramo jarri duela dio: produktuaren %56 azukre da. Ehun gramoko 222 kaloria ditu. Ez kontserbatzailerik, ez koloratzailerik.
- Dastatze proban, 6,9 puntu; hoberenetako bat. Gustatu dena: “zapore naturala” eta “kolorea”; kritikatu zaiona: “lodia izatea”.
LA VIEJA FÁBRICA
- “Marrubi marmelada”
/imgs/20061001/img.analisis1-merme3.jpg - Kristalezko flaskoa, 350 gramo; 3,54 euro kiloko, bigarren merkeena.
- Marmeladatik ehun gramoko marrubitik 45 gramo jarri duela dio: fruta gutxien adierazten duen lagina da hau. Marmeladetan azukre gehien (%47) eta kaloria gehien (187 kaloria ehun gramoko) daukana da. Azido sorbikoa erantsi du, kontserbatzaile gisa.
- Dastatze proban, 6,6 puntu, gehien gustatu direnetako bat. Gustatu dena: “zaporea”, “kolorea” eta “marrubi pusketen kopurua”; kritikatu zaiona: “gozoegia” eta “pusketa handiegiak”
BEBÉ
- “Marrubi marmelada estra”
/imgs/20061001/img.analisis1-merme4.jpg - Kristalezko flaskoa, 340 gramo; 3,89 euro kiloko.
- Marmelada edukiaren %57 marrubia daukala dio. Azukrea, %40 du.
- Kontserbatzaile gisa, azido bentzoikoa erantsi duen bakarra da.
- Dastatze proban, 4,8 puntu, txarrenetako bat. Gustatu dena: “zaporea” eta “krematsutasuna”; kontsumitzaile zenbaiten iritziz, zapore artifizialekoa bada ere; kritikatu zaiona: “loditasuna” eta “kolore ez erakargarria”
ANKO
- “Marrubi marmelada”
/imgs/20061001/img.analisis1-merme5.jpg - Kristalezko flaskoa, 335 gramo; 4,13 euro kiloko: bigarren garestiena.
- Edukiaren %65 marrubi daukala dio, gehien daukana. Kategoria komertzialik ez du adierazten. Azukrea, produktu osoaren %41 da. Ez du kontserbatzaile, ez koloratzailerik erantsi.
- Dastatze proban, 5,2 puntu: txarrenetako bat. Gustatu dena: “krematsutasuna” eta “zapore naturala”; kritikatu zaiona: “kolorea”.
BONNE MAMAN
- “Marrubi konfitura estra”
/imgs/20061001/img.analisis1-merme6.jpg - Kristalezko flaskoa, 370 gramo; 5,18 euro kiloko: denetan garestiena.
- Konfiturako 100 gramotik 50 gramo marrubi jarri duela dio: azukre gehien (%59) eta kaloria gehien (237 ehun gramoko) daukana da. Ez kontserbatzailerik, ez koloratzailerik.
- Dastatze proban, 6,3 puntu; hoberenetako bat. Gustatu dena: “trinkotasuna” eta “kolorea”; kritikatu zaiona: “uzten duen zaporea”.
LIGERESA
- “Marrubi marmelada estra”
/imgs/20061001/img.analisis1-merme7.jpg - Kristalezko flaskoa, 330 gramo; 3,91 euro kiloko.
- Ehun gramoko 50 gramo marrubi jarri duela dio. Azukre (produktuaren %37) eta kaloria (147 ehun gramoko) gutxien eta ur gehien daukana da. Aditibo gehien baliatu dituena da: kontserbatzailea (azido sorbikoa, 209 zati milioiko); koloratzailea (kukurutx-gorria, 14 zm), antioxidatzailea (azido askorbikoa, 213 zm) eta aromak erantsi dituen bakarra da.
- Dastatze proban, 5,3 puntu. Gustatu dena: “gozoa ” eta “kolorea”; kritikatu zaiona: “betegarria” eta “meheegia” izatea.