Blog: Mikromorroiak / Web aplikazioak PC ergelentzat / Bideoa: "Evolution of Dance" / Foldershare
HILERO BLOG BAT
Interneten dabiltzan komunitateen aniztasuna mundu fisikokoa bezain ugaria bada ere, Sarean bizi diren behe-kulturetako bat ia-ia autoktonoa da: teknologia berrien zaleak dira bertako kideak, geeks izenekoak, alegia. Beraiek izan ziren mundu birtualeko estreinako biztanleak eta bertan segitzen dute oraino, beren jardueretan etxeko salan bezain lasai. Microsiervos da espainierazko geek blog nagusia eta mundu zabalean aitortuenetako bat, espainierazkoen artean. Microsiervos blogetik editoreak (Alvy, Nacho eta Wicho) interesgarri zaien guztiaz mintzatzen dira, interesa duten gaiek zientzia edo informatikarekin zerikusirik ez badaukate ere. Egiari zor, zernahitaz idazten dutela ere, geek-ek eta geek kulturak oso berea duten ikuspegi berezitik egiten dute beti. “Post” bakoitzaren diseinuan berebiziko ardura eta arreta ez ezik, era guztietako ohartarazpenak, laburpeak, aholkuak, gogoetak, orrialde bitxiak eta, batez ere, dotorezia aurkitu ahal izango du irakurleak Microsiervos-en.
KONTZEPTUA
Programak erabiltzailearen ordenagailutik baliatzen diren arren, Interneteko nabigatzailetik ere erabil daitezke, zuzenean. Orri jakin batera jo eta idazmahaian instalatu beharrik izan gabe, lanean has daiteke edonor. “Web aplikazioak” du horrek izena eta bere arrakasta, hein batean bederen, hainbat programazio-lengoaia konbinatzen dituzten “aja” izeneko teknologi multzoari zor zaio.
“Web aplikazioek” testuak idatzi eta editatzeko, irudiak Sareko zerbitzarietan gordetzeko, kalkulu-orriak moldatzeko, mezuak igorri eta jasotzeko eta beste hainbat kontu egiteko balio dute. Ahalmen handiko ordenagailurik edukitzea ere ez da beharrezkoa, fisikoki elkarrekin ez dauden hainbat erabiltzaileri taldean lan egiteko aukera ematen die eta munduko zeinahi tokitatik Internetera konektaturik dagoen ordenagailu batetik balia daiteke. Aditu batzuen esanetan hauxe da etorkizuneko aukera: geroaldi horretan baliteke ordenagailuaren garuna Interneten egotea eta etxeko makina teklatuak, pantailak eta memoria xume batek osatua izatea. Horrixe deritzo “PC ergela”.
BIDEOA
Judson Laipply bezalako jendeari amerikarrek motivational speaker deritzote. Esakune horrekin gizatalde korporatibo edo sozialak motibatzeko kontratatu den pertsona adierazi nahi da. Goi-exekutibo zenbait trebezia horietaz arrakastaz jabetu dira.
Judson, ordea, bere irudimen soziala hitzetik baino askoz ere haratago hedatu eta keinuen eremura daraman berealdiko profesionala da. Urtetan jorraturiko vis comica eta dantzari-dohainez baliatuz, Laipply-k bideo honetan XX. mendean -Estatu Batuetan, gutxienez- arrakasta izan duten erritmo guztiak dantzan interpretatu ditu, sei minutuz. Emaitza: 24 milioi bisitari, YouTube-ko marka guztiak hautsita.
TRUKUA
iPod musika-erreproduzitzailea daukanak badaki doinuak kargatzeko iTunes programa baizik ezin duela erabili. Eskarmentuak irakatsiko zion, era berean, lagun batek doinu horiek partekatzeko eskaera egin dionean, aukera teorikoak bi baino ez direla: nork bere iPod-etik doinuak lagunaren ordenagailuan deskargatzea edo, bestela, adiskide horren iPod-en norberaren ordenagailutik kargatzea. Arazoa: ez batak, ez besteak funtzionatzen du. iPod bakoitzak iTunes bakar batekin dihardu eta, erabiltzaileak ordezko beste ordenagailu bat badauka ere, iPod horrek ez du onartuko.
Bada, dena den, diskoteka digitala iPod bat daukaten (edo, beren doinuak iTunes-ekin kudeatzen dituzten) erabiltzaileekin partekatzeko aukera ematen duen programa bat: Foldershare, alegia. Erabilerraz bezain eraginkorra da. Hainbat ordenagailuren artean P2P kanalak sortzen ditu, erabiltzaileek era guztietako artxiboak parteka ditzaten. Foldershare horren bidez nork bere karpetak (baita iTunes-eko musika-artxiboari dagokiona ere) beste erabiltzaileekin parteka ditzake. Horretarako aski da pasa-hitzetan erabiltzaileek elkar hartu, beren ordenagailuetan izen bereko karpeta bana ireki, bertan partekatu nahi dituzten doinuak sartu eta “OK” tekla sakatzea. Hortik aurrerakoa beteko da hainbat ordutan edo egunetan, Gygabyte asko trukatu nahi badira.