Ekologiaren seinale
Arrakastarik?
Ingurugiroari ekar diezazkiokeen abantailak gorabehera, ekoetiketa ez da oraino Espainiako merkatuan finkatu, estatu horretan eta Europako zenbait herrialdetan -gogoan izan dezagun etiketa horietako batzuk sendotzeko borrokan urte luzeak daramatzatela- ekimenek bildu duten arrakastari erreparatuta, batez ere. Kontsumitzaileak etiketa horren adiera ez ezagutzeari, enpresari espainiar askok aitortzen dioten balio urri-urria erantsi behar zaio. Novotec enpresa aholkulariaren txoetan baten arabera, enpresari askoren aburuz ekoetiketa eskatzea ospe-kontua omen da, batik bat, eta horren erabilerak ondorioztatzen dituen onurak hutsaren hurrena edo biziki urriak dira, merkataritzaz ari direla.
Horrenbestez, etiketari dagozkion kostuen estruktura aldatzea eta ikur hori gizartean sustatzea komeni da. Adituek, era berean, elkarteko herrialdeetan “Lore Europarraren” ezarpenak duen maila eskasa ere azpimarratu dute baina, hori bai, etorkizunean dezente hedatuko dela iragarri dute, kontsumitzaileen ekologiaren aldeko kontzientziarekin batera suspertuko baita.
Beste aldetik, etiketa ekologikoa ipintzean, garapen bidean datozen herrialdeen egoera aintzat hartzen ez dela ere salatu izan da. Adiera horretan ekologia eta solidariotasunaren ikur izan nahi duen etiketak herrialde horien esku hartzea kontuan hartu beharko luke, ingurugiro alorreko arauak lantzean.
Hiru multzo handiak
Kontsumitzaile gehienak etiketa horiekin ohituak ez dauden arren, informazioa eta publizitatea bereizteko unean, behintzat, ez da derrigorrezkoa espezialista izatea. Ingurugiro alorreko kalitateen sailkapena hiru multzotan antolatu da:
Organismo publikoek edo ospea aitortua duen erakunde batek egiaztatuak, irizpide ekologikoak bete direla bermatzen da honelakoetan. Eskuarki, produktuaren bizi-ziklo osoari aplikatzen zaizkio: energia eta baliabideen erabilera, igorpen kutsatzaileak, hondakinen suntsiketa eta ekosistemen gaineko eragina. Multzo honetan hurrengo ikurrak agertzen dira:
- Produktu eta zerbitzuak: atal honetan EEEko etiketak ipintzen dira, hala nola EEE-ko “Lore Europarra”; herrialdeek, berriz, “Aingeru Urdina” Alemanian, “Ingurugiroko NF” Frantzian, Eskandinaviako “Beltxarga Zuria” edota Austriako “Ingurugiroa babesten den arbola” jartzen dituzte; eta erkidegoetan, “Ingurugiko alorreko kalitatearen bermea”, adibidez, Katalunian.
- Elikagai ekologikoak: europar arautegia betetzen duten landare eta animaliazko produktuek daramate. Honetan ere agertzen dira EEE-ko etiketak (“Nekazaritza ekologikoa “); nazionalak (Frantziako “AB – Nekazaritza Ekologikoa”, Holandako “Eko” edo Italiako “Bioagricert”); eta erkidegoetakoak (Nekazal Ekoizpen Ekologikoko Kontseilu Katalaneko “Ecoetiqueta”).
- Ontzi eta bildukiak: “puntu berdeak” Europan ontzi eta bilgarriak selektiboki jasoak izan daitezen tasa jakin batzuk -paper, kartoi plastiko zein beirazkoak, non eta itzultzekoak ez diren- ordaintzen dituzten ekoizle eta ontzigileak identifikatzen ditu. “Moebiusen triangelu” izeneko etiketak produktua nolako materialez egina dagoen adierazten du, bere bilketa eta birziklatzea errazteko xedez. Espainiako industria farmazeutikoak, bereziki, bere produktuak berrerabili eta birziklatzen ditu, estatu osoko farmazia guztietan martxan jarri duen “Ontzien Kudeaketa eta Bilketa-Sistema Integratu” izenekoari esker.
- Arriskua: Europan industria kimikoak, bertako produktuen (pinturak, garbitzeko produktuak, etc.) arrisku eta toxikotasunaz informatzen duten piktogramak erabili behar ditu, gai horiek behar bezala erabil daitezen.
- Energia: kontsumitzaileak atmosferaren kutsaduraren kausa behinena den energiaren gastua moteldu egin dezake, eraginkortasun energetiko handieneko (hau da, “A” letratik gertueneko) etxetresna elektrikoak erosiz eta zentzuz erabiliz. Fabrikatzaileak informazio hori eman behar duenez, produktuan horrelakorik agertzen ez bada ere, erosleak exijitu ahal izango du horren berri. Espainian automobilgintzak ere etiketa baten bidez jakinarazi behar dio interesatuari turismoak egiten duen erregaien kontsumoa eta CO2-en igorpenaren nolakotasunak.
Bigarren multzoa ofizial ez diren ekoetiketek osatzen dute; honelakoak erakunde pribatu nazional eta nazioartekoek diseinatzen dituzte, ingurugiroari buruzko arautegian euskarri hartuta. Multzo honetan ere era askotako logotipoak agertzen dira:
- Produktu eta zerbitzuak: Espainian, Normalizazio eta Egiaztapenen Elkarte Espainiarrak (AENOR) bere zigilua modu askotako produktuetan ipintzen du: pintura eta bernizetan, artxibategietan edo modulu fotoboltaikoetan, adibidez. Egur ekologikoari dagokionez, Espainian zenbait sistema daude indarrean, izaera estatalekoak (CSA, SFI, CIFOR, NTCC) eta erkidego mailakoak (PEFC), baina mundu zabaleko erakunde, enpresa eta elkarte ekologista eta solidarioek, oro har, onetsia duten sistema bakarra FSC da. Ehungintzako Ekologiako Ikerkuntza eta Saiakerarako Nazioarteko Elkarteak ehun-produktuetan “Öko-tex” zigilua ezartzen du.
- Elikagaiak: “Vida Sana” gobernuz kanpoko erakundeak elikagai naturalak, biologikoak eta genetikoki manipulatuak ez diren produktuen abala ematen du.
- Bilgarriak eta ontziak: altzairua, aluminioa edo kartoien fabrikatzaileen elkarteek, barne-araudia zorrozki betea duten beren produktuei berariazko logotipoak itsasten dizkiete, hala nola “Ecoacero”, “Tetra Pak”, “Pro cartón” edo “Alu”.
Era guztietako ikur eta esakuneak sartzen dira hemen, hala nola “paper ekologikoa”, “klororik gabea “, “ez du ozonozko geruzan eraginik”, “ingurugiroaren laguna”, etc eta mota askotako produktuetan aurki ditzakegu, fabrikatzaileak berak ipinita: garbitzeko produktuetan, paper eta plastikoetan, etc., baina informazio hori teknikoki egiaztatzerik ez dago. Produktu ekologikoen publizitatea kontrolatzeko Estandarizaziorako Nazioarteko Erakundeak (ISO) ISO 14.021 araua xedatu du.