Baldintzak, behar bestekoak
Bizitzan zehar harremanak bata bestearen ondotik datoz. Denak ez dira berdinak, horietan ezartzen dugun inplikazio emozional eta afektiboaren gradua ere aldatu egiten baita. Ematen diguten ongizatea, pizten diguten interesa, gure baitan harrotzen duten enpatia eta afektuak dira inplikazioa determinatzen duten faktoreak. Nolanahi ere, denek izan behar dute elementu bat, gutxienez: baldintzarik eza. Bestea behartzen, juzkatzen edo mugatzen bada, harremanak ez du irauten.
Baldintzarik ez, erlatibismorik gabe
Gerta liteke -maiz gertatzen da, gurasoak eta seme-alaben artean edota anai-arreben artean- batasunak lokarri emozional handia inplikatzen badu ere, nolabaiteko urruntzea atzematea, berariazko hausturarik gorpuztu ez bada ere. Harremana, ikusi batera, sendoa da, baina batak ez du bestearen proiektuetan parte hartzen; harenak norbere bizi-eredutik kanpokotzat edo norbere balio-eskalatik urrutikotzat hartzen dira. Nolanahi ere, gauza bat da bizitzako egoera jakin batzuk ez partekatzea eta ez laguntzea, eta bestea pertsona ez artatzea.
Harremanak baldintzarik ez izateak esan nahi du pertsona horrekin garela, jokamoldeak jokamolde. Bere egintzek liskarra etengabe probokatzen badute, seguruenik pertsona hori guretzat egokiena ez dela pentsatzen hasi beharko dugu. Lokarria famili gradukoa izatearren ezin hautsizkoa bada, bi alderdiek elkar hartuta harremanaren mugak eta ertzak zehaztea eta erlazioa beste bide batetik eramatea komeniko da, gutxienez.
Elkarrekikotasuna: ematea eta hartzea
Harremanetan funtsezko elementuetako bat elkarrekikotasuna da, eta hori ez da baztertu behar. Bi alderdiek sintonia berean parte-hartzaile jokatu behar dute, bizitzako balio berdintsuak eta itxaropenak partekatuz.
Kalitatedun harreman ona izateko beharrezkoa da pertsonak bere burua entregatzea eta inplikatzea baina, hori bai, bere buruaz arduratuz. “Gerta ala gerta” gabiltzala, mendekotasun erotik ari gara. Lehen edo geroago irtengo gara higatuak, hustuak eta dezente kaltetuak.
Elkarrekikotasuna joan-etorriko harremana (hartu-emana) da eta, besteak beste, orduantxe nozitzen dugun bizi-uneak ere baldintzatzen du erlazioa. Hainbat etapa egiten ditugu gizakiok bizitzan baina den-denetan ez gaude egokiera aproposean geure burua edo beste zerbait emateko; zenbaitetan hartu egin behar izaten dugu, artapenaren eta zaintzaren beharrean gaude. Baina hori denborarekin pasatzen da, ez da guri berez eta betirako dagokigun zerbait eta, etapa hori gaindituta, harremanak hartuko du aurreko oreka eta garena eta daukaguna bestearen zerbitzutara jarri ahal izango dugu atzera, murriztapenik gabe, eskuzabal.
Konpromisoa: aske eta kontziente
Harremana baldintza gabea izateak ez du esan nahi noiznahi eta zernahitarako izatea. Norbaitek gu gogoan izateak ez du esan nahi etengabe eta denbora-mugarik gabe eduki gaitzakeela, bera laguntzeko asmoa dugula baizik, nahiz eta gorabehera jakin batzuek asmo hori betetzea eragotz dezaketen. Konpromisoa askatasunez eta jakinaren gainean hartu ohi da. Ikuspegi horretatik begiratuta, konpromisoa egiazkoa eta heldua dela esan dezakegu.
Bestearekiko konpromisoa onartu ahal izateko, gelditu egin gara, entzun egin diogu, arreta eman diogu, gertatzen zaiona ezagutu dugu eta, geure buruarentzat ere, laguntzailerik hoberena gara une horretan. Onarpen pertsonal horretatik aurrera, balio-judiziorik gabe eta ondorezko zigorrik gabe, besteekiko berdintasunezko harreman helduak eraiki ahal izango ditugu. Auto-analisi arduratsuak beste pertsonen, beren ekintzen eta beren gorabeheren ikuskera eta interpretazioa eragiten du. Horrela asmatuko dugu nolako lokarri-gradua sortu nahi dugun; eta, edozein dela ere, segurtasuna izan beharko du funtsa. Harremanak baldintzatzen dituen oinarrizko euskailua da, geure buruarekin dugun konfiantza sendotu egiten duen aldetik. Eta ongizate hori geure harremanetan transmitituko dugu.
- Harremanari denbora, ahalegina, mimoa eta ardura eskaintzea.
- Garen bezala agertzea, jator.
- Beste pertsonari den bezala agertzeko aukera ematea, balio-judizioak saihestuz eta aditze arretatsua, irekia, positiboa, sustatuz.
- Oztopoei saihets egitea eta bateratze-lanak erraztea.
- Elkarrenganako errespetua eta konfiantza harremanaren funtsa bihurtzea.