Zortzi motatako saltsak

Batzuek besteek baino dezente gatz eta kaloria gehiago

Allioli edota maionesak ketchup edo barbakoa saltsak baino zazpi aldiz kaloria gehiago dituzte; mostazak ketchuparen halako bi gatz
1 martxoa de 2006

Batzuek besteek baino dezente gatz eta kaloria gehiago

Patata frijitu, saltxitxa, hanburgesa, xerra, arrain, ore, entsalada edo barazki egokiak gure aurrean, zain ditugula, halako edo bestelako saltsarekin jateko erabakia hartzen dugunean, maizen ezagunenak baizik ez zaizkigu burura etortzen: maionesa, mostaza, ketchup. Kito. Merkatuak, ordea, bestelako aukera asko ere ematen ditu hala nola allioli, cocktail, roquefort, barbakoa edota curry motakoak. CONSUMER EROSKI-k saltsa horietako bakoitzetik bina lagin -16 produktu, alegia- aztertu ditu laborategian, bata eta bestearen artean aukeratzeko garaian lagungarri izango ditugun alderdiak – zaporea, usaina, kolorea, eta gainontzeko ezaugarri organoleptikoez gainera- nabarmendu ahal izan ditzagun.

Hona azterketan ateratako ondoriorik azpimarragarriena: saltsa batetik bestera alde handi-handiak daude: maionesak eta allioliak ketchup edo barbakoa saltsek baino askozaz ere gantz gehiago daukate eta, hortaz, zazpi aldiz kaloria gehiagoz hornitzen gaituzte; mostazak, berriz, barbakoa edo ketchupak baino gatz gehiago dauka (bi halako) eta maionesak edo cocktail saltsak baino zazpi aldiz gehiago; ketchupak allioliak baino bi halako gatz dauka eta maionesak baino hiru halako. Horien gaineko informazioa jasotzea komeni izaten da, une jakin batean saltsa bat edo bestea aukeratzeko ez ezik, kaloria eta gatz gehien daukaten saltsetatik platerean gutxiago jartzeko ere bai.

/imgs/20060301/salsas01.jpgNolanahi ere, den-denak zapore bizi eta sakonekoak direnez, pittinka-pittinka kontsumitzea da zentzuzkoa, horiek laguntzen duten elikagai nagusiaren berezko zaporea gehiegi ez ezkutatzeko eta, bide batez, zapore bizi horiekin ohi ez gaitezen. Gastronomia eta nutrizioan zangalatrau dabilen iradokizun horren ondotik, ia sanitario hutsa den aholkua darraikio: pertsona diabetikoek, hipertentsoek eta dieta hipokalorikoa egiten dutenek saltsa horien kontsumoa dezente mugatu behar dute edo, areago, horrelakorik ez kontsumitu.

Etxekoa hobea ote?

Horrelako kontsumitzaileek beste aukera polita dute, hala ere: saltsak beraiek etxean moldatzea: izan ere, dilema ez da halako edo bestelako saltsa industriala aukeratzea soilik, ahal izanez gero, etxean eginiko saltsak kontsumitzea baizik, saltsa industrialek, aitortu beharra dago, hamaikatxo aditibo baitauzkate (kontserbatzaile, egonkortzaile eta emultsionatzaileak -denetan erabilienak-, lurrin emaileak, koloratzaileak, etc., etc.), etxean eginikoek ez bezala; hauek, eskuarki, ez dira industrialak bezain gaziak, komertzializatzen direnek gatza lurringarri eta kontserbatzaile gisa ere baliatzen dutelako. Saltsa industrial gehienek produktuaren zapore eta ukitua eraldatzeko aditibo ugari ezartzen dizkiote lehengaiari: horrek adierazten du, bide batez, saltsa etxean egingo balu, kontsumitzaileak eskuzabal ipiniko lituzkeen osagai horiek industriak dezente urriago baliatu dituela.

Mota berdineko saltsen artean berebiziko aldeak hauteman dira, beste aldetik: Calvé maionesak Ybarrak baino bi halako ur dauka eta, noski, ehun gramoko, 117 kaloria gutxiago; Gautschi roquefort saltsa Ybarra saltsa mota bera baino 13 euro gehiago kostatzen da, kiloko, baina badauka gazta gehiago ere; Calvé barbakoa saltsak ez darabil kontserbatzaile gisa azido bentzoikorik baina Ybarra markakoak aditibo horretatik 466 zati milioiko du; gehiegi ez luzatzeko, Devos Lemmens allioli saltsak baratxuri-aroma baino ez du erabili, berakatzik ez baitio erantsi saltsari baina Ybarra saltsan, berriz, baratxuria hirugarren osagai garrantzitsuena da, edukiz.

Saltsa komertzial horiek maiz kontsumitzen dituztenen ikuspegitik, elementu behinena prezioa izan daiteke: saltsa merkeenak ketchup eta mostaza dira (kiloko bi euro inguru kostatzen dira); garestienak, berriz, roquefort (azterturiko bietatik merkeena, kiloko, 4,3 euro kostatzen da eta garestiena 17 euro), curry eta barbakoa saltsak 5 euro inguruan dabiltza.

Azterketan irregulartasun larri bakarra hauteman da: Musa cocktail saltsak araudia urratu egiten du, osagaien zerrendan adierazi gabeko aditibo bat (bentzoikoa, kopuru txiki-txikian, egiari zor) daukalako. Bestetik, saltsa “bataiatzen” duen osagaia ez da ageri zerrenda-buru lagin askotan. Azterketa mikrobiologikoak eta transgenikoak atzemateko eginiko probek erakutsi dutenez, 16 saltsak egoera higieniko-sanitario egokian daude eta genetikoki eraldaturiko organismorik ez daukate. Era berean, laginotan gluten aztarnarik hauteman ez denez (bazitekeen-eta glutena erabiltzea saltsa hauek dauzkaten osagaietakoren batean) pertsona zeliakoek lasai asko kontsumi ditzakete. Olioa osagai nagusi duten lagin denetan landarezkoak baliatu dira, gantz-azido asegabeak gehiengo izaki (gantzaren %80tik gora), hau da, bestelako gantzak erabili balituzte baino osasuntsuagoak dira horrela.

Hiru multzo

Azterturiko zortzi saltsa mota horiek hiru multzotan sailka daitezke: lehenean maionesa eta allioli datoz, berauek baitira gantz gehien daukatenak (produktu osoaren %66 – %82 koipea izaki) eta energetikoenak (607 – 748 kaloria, ehun gramoko). Bigarren multzoan ditugu cocktail, roquefort eta curry saltsek osatutakoak; produktu osoaren ia erdia ura denez, hauen gantz edukia (%25 – %43) eta ekarpen energetikoa (286 430 kaloria ehun gramoko) txikiagoak dira. Hirugarrenean ketchup, mostaza eta barbakoa saltsak daude: hauek oliorik baliatu ez dutenez, beren gantz edukia (%0,5 – %4 artekoa) eta ekarpen energetikoa (sail honetako lagin bakar bat ez da iristen 100 kalorietara, ehun gramoko) apal-apala da. Ketchup, mostaza eta barbakoa saltsa, beraz, kaloria urrienekoak dira eta, noski, pisua zaintzapean daukatenek lasaien kontsumi ditzakeenak.

Saltsa hitzak sal oinarri?

/imgs/20060301/salsas02.jpgBaliteke, produktu hauetako gehienek gatz ugari daukate eta. Gatz gehiegi kontsumitzea (hipertentsioarekin zuzeneko lotura daukana; hipertentsioa, berriz, infartu eta gaitz kardiobaskularrak nozitzeko arrisku larriagoarekin lotu ohi da) elikatzeko azturek eraginiko osasun arazo behinenetako bat da. Kontsumitzen duen gatz kopurua zorrotz zaindu behar duenak, honelako saltsak gustukoak baditu (sodio-edukiari dagozkion datuak bibliografikoak dira) jakin beharko du mostaza saltsa (2.200 mg sodio, ehun gramoko), roquefort eta ketchup saltsak (biek ere, 900 mg 100 gramoko), barbakoa saltsa (800 mg) eta curry saltsa (720 mg) dituela kontrakoenak, beroriek baitira gazienak; lasaien kontsumi ditzakeenak, aldiz, maionesa eta cocktail saltsa dira; hauek, dena den, 300 mg sodio dituzte, ehun gramoko. Erdi parean alliolia (500 mg 100 gramoko) agertzen da. Nutrizio alorreko adituek aholkatzen dute egunean gehienez ere 6 gramo gatz hartzea (2 gramo sodio, alegia). Bestela adierazteko, 50 gramo ketchup edo 20 gramo mostaza kontsumitu duenak egun osoan gehienez ere har lezakeen kopuruaren laurdena irentsi duela, saltsa hori bakar-bakarrik kontuan izanik.

Aditiboak, ugari-ugari

Aztertu diren hamasei saltsek, honelako produktuetan maiz erabiltzen diren bi produktu (azido askorbikoa eta azido bentzoikoa) ote dauzkaten bilatu da, bestelako aditibo asko eta asko erabiltzen badira ere. Azido sorbikoa (eta bere gatzak: E-200etik E-203ra artekoak) eta azido bentzoikoa (eta bere gatzak: E-210etik E-213ra artekoak) elikagaiei, erabat hondatu arte, erasotzen dieten mikroorganismo gehientsuen hazkuntza galarazi egite duten kontserbagarriak dira. Sorbikoak lizun eta legamien hazkuntza eragozten du eta bentzoikoa, berriz, bakterio eta onddoen aurkako borrokan baliatzen da. Ohiko kontua da bai bata eta bai bestea edari, saltsa, gazta, hesteki eta arrautzazkoetan agertzea. Legeak azido hori -gehieneko muga 1.000 zati milioiko izaki, sorbikoa bakarrik baliatzekotan- erabiltzea onartzen du %60tik gora gantza daukaten saltsa emultsionatuetan; bentzoikoa soilik baliatuz gero, muga 500 zm da eta biak konbinaturik agertzen badira, 1.000 zm.

Gantz kopurua %60tik beherakoa denean, ostera, gehieneko mugak altuagoak dira: 2.000 zm, sorbikoa bakarrik baliatuz gero; 1.000 zm bentzoikoa soilik daukala; eta 2.000 zm, bi aditiboak erabili baditu. Emultsionatu gabeko saltsetan eta mostazan onartutakoa 1.000 zm da, bentzoiko gehi sorbikoaren baturaz ari garelarik. Gure azterketak erakutsi duenez, hamasei laginetatik seik baino ez zeukaten ez askorbikorik, ezta bentzoikorik ere (bi maionesek, Devos Lemmens all-i-oli saltsak, Gautsi roquefortezkoak, Calvé curry saltsak eta Prima mostazak). Sorbikoa baizik ez diote ipini produktuari Ybarra all-i-olik, cocktailek, roquefortezkoak eta curry saltsak, Calvé barbakoak eta Musa mostazak; bi aditiboak atzeman ziren Musa cocktailean, Ybarra barbakoan eta Orlando eta Prima ketchup saltsetan. Horrelako kontserbagarriak erantsi dituzten fabrikatzaileek legeak agindutako mugetan jokatu duten arren, Musa cocktail saltsak legeria urratzen du, bentzoikoa erantsita, etiketan horrelakorik adierazten ez baitu.

Laburbildduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Zortzi saltsa tipotako bina lagin aztertu dira. Horietako gehienak beirazko flaskoan komertzializatzen dira eta merkeenak ketchup eta mostaza saltsak dira (pare bat euro, kiloko); garestienak, berriz, roquefort (bata, 4,3 euro kiloko; bestea, 17 euro), curry eta barbakoa saltsak, azken bi hauek bost euro inguru kostatzen direnak. Maionesa, eta cocktail eta alliolien prezioa tartean dabil.
  • Etxean eginikoak baino gaziagoak izaki, saltsa bakoitzak berezkoak beharko lituzkeen osagaien -kontsumitzaileak saltsa hauek etxean egitean eskuzabal baliatzen dituen horiexek- ordezko agertzen diren aditibo ugari dituzte.
  • Batetik bestera sekulako aldeak daude: maionesak eta allioliak ketchup edo barbakoa saltsek baino zazpi aldiz kaloria gehiago dauzkate; mostazak, berriz, barbakoa edo ketchupak baino gatz gehiago dauka (bi halako). Areago, saltsa mota bereko lagin batetik bestera ere alde nabariak agertzen dira.
  • Hobe da kopuru txikitan kontsumitzea, gatz eta kaloria ugariengatik ez ezik, horiek laguntzen duten elikagai nagusiaren berezko zaporea gehiegi ez ezkutatzeko eta, bide batez, zapore bizi horiekin ohi ez gaitezen.
  • Olioa osagai nagusi duten lagin denetan landarezkoak baliatu dira, hau da, bestelako gantzak erabili balituzte baino osasuntsuagoak dira horrela.
  • Diabetesa edo hipertentsioa nozitzen dutenek eta dieta hipokalorikoa egiten dutenek honelako saltsen kontsumoa urritu egin beharko dute edo, areago, ez kontsumitu.
Saltsa mota Maionesa All-i-oli Cocktail
Marka Ybarra Calvé Devos&Lemmens Ybarra Ybarra Musa
Prezioa (euro kiloko) 3,68 3,11 4,06 4,24 3,33 2,98
Formatua (ml) 225 225 300 225 225 225
Hezetasuna (%) 15,7 29,3 13,5 23,1 41,7 43,8
Proteina (%) 1,2 0,6 1,1 1,5 1,1 1,1
Gantza (%) 78,6 65,7 81,5 68,8 38,5 42,9
Aseak (%) 11,6 16,4 8 11,6 12 16,4
Asegabeak (%) 88,4 83,6 92 88,4 88 83,6
Karbohidratoak (%) 3 3,3 2,4 4,5 15,9 9,7
Balio kalorikoa (Kcal/100 g) 724 607 748 643 415 429
Olio mota Ekilorea Soja Landare olioak Ekilorea Ekilorea Soja
Sodioa (mg/100g) 300 300 500 500 300 300
Azido sorbikoa (zm) Ez da ageri Ez da ageri Ez da ageri 797 890 868
Azido bentzoikoa (zm) Ez da ageri Ez da ageri Ez da ageri Ez da ageri Ez da ageri 424
Glutena Negatiboa Negatiboa Negatiboa Negatiboa Negatiboa Negatiboa
GEO Ez da ageri Ez da ageri Ez da ageri Ez da ageri Ez da ageri Ez da ageri
Egoera mikrobio- logikoa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Saltsa mota Roquefort Curry
Marka Gautschi Ybarra Gautschi Ybarra
Prezioa (euro kiloko) 17,04 4,24 5,41 4,96
Formatua (ml) 125 225 225 250
Hezetasuna (%) 51,8 23,1 50,6 58,2
Proteina (%) 3,6 1,5 1,7 0,4
Gantza (%) 32,8 68,8 36,3 25,2
Aseak(%) 19,2 11,6 11,2 8
Asegabeak(%) 80,8 88,4 88,8 92
Karbohidratoak (%) 8,7 4,5 8,9 14,5
Balio kalorikoa (Kcal/100 g) 344 643 369 286
Olio mota Ekilorea Ekilorea Ekilorea Landare olioak
Sodioa (mg/100g) 900 900 720 720
Azido sorbikoa (zm) Ez da ageri 1599 1419 Ez da ageri
Azido bentzoikoa (zm) Ez da ageri Ez da ageri Ez da ageri Ez da ageri
Glutena Negatiboa Negatiboa Negatiboa Negatiboa
GEO Ez da ageri Ez da ageri Ez da ageri Ez da ageri
Egoera mikrobio- logikoa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Saltsa mota Barbakoa Mostaza Ketchup
Marka Ybarra Calvé Prima Musa Orlando Prima
Prezioa (euro kiloko) 4,77 5,05 2,33 2,03 1,96 2,10
Formatua (ml) 225 250 300 320 300 340
Hezetasuna (%) 81,3 76,3 80,3 81,4 75,4 72,4
Proteina (%) 1,4 1,2 4 3,4 1,1 1,4
Gantza (%) 0,7 0,5 3,9 4 0,4 0,4
Karbohidratoak (%) 13,8 19,7 7,2 8,3 19,6 21,9
Balio kalorikoa (Kcal/100 g) 67 88 80 83 86 97
Olio mota Non se engade Non se engade Non se engade Non se engade Non se engade Non se engade
Sodioa (mg/100g) 800 800 2200 2200 900 900
Azido sorbikoa (zm) 376 949 Ez da ageri 559 155 405
Azido bentzoikoa (zm) 466 Ez da ageri Ez da ageri Ez da ageri 720 493
Glutena Negatiboa Negatiboa Negatiboa Negatiboa Negatiboa Negatiboa
GEO Ez da ageri Ez da ageri Ez da ageri Ez da ageri Ez da ageri Ez da ageri
Egoera mikrobio- logikoa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen