Atzera begira gabe bizitzea
Onartu beharko, ordea: hartu ditugun erabaki batzuetan ez dugu bete-betean asmatu eta, gainera, horiexek baldintzatzen digute gure bizitza, neurri batean. Izan ere, orain garen hau egin genuena eta egin ez genuenaren ondorio da eta horrek alor akademikoan, profesionalean, emozionalean eta beste hainbatetan du eragina. Ulertzekoa da, adibidez, egongaiztasun edo gabezia-une emozionalik egokitzean, halako trebezia eskuratu ez izatearren edo mesede baizik egiten ez zigun pertsona hura uxatzeagatik geure burua deitoratzea. Horiek nolabaiteko nostalgiaz gogora ekartzea ez dugu kaltegarri, baldin eta geure orainaldia onartu eta atseginez bizi badugu. Asebetetzean oinarrituriko onarpen horretatik abiatu ordez, behin eta berriro atzera begira eta izan zitekeen baina izan ez zen harekin oroituz bizi nahi badugu, ostera, gainditu beharreko ikasgairik ez ote dugun aztertu beharko dugu.
Gainditu beharreko ikasgai izan daitezkeenak
- Hainbat ikasketa egin ez izana min eta sentimenduz gogoratzea.
- Maite genuen pertsona hura gugandik urrundu zuen gaizki ulertua argitu ez izana.
- Maite genuen arren, alde gugandik urrundu zen pertsona hori despeditu ez izana edo geure maitasuna adierazi ez izana.
- Norbaitengatik behar zen guztia egin ez genuela pentsatu eta, pertsona horri ez ezik, geure buruari ere huts egin diogula sinestea.
- Geure inguruan gertatu zen ezbeharra jazo ez zedin zerbait egin genezakeela sinestea.
- Kontu garrantzitsu haren ondorioek gure bizitzan izan duten eraginak direla eta, hartutako erabakiaz edo, bestela, erabakirik hartu ez izanaz geure burua errudun jotzea.
Gainditu beharreko bizipen horiek iraganeko egoerei dagozkie eta gure eguneroko bizitzan izan duten eragina handitzeko joera nozitzen dugu maiz. Gaur egunetik begiratuta, porrot, ezintasun eta, areago, errudun-sentimendua barneraturik, horiek izan ez balira edo guk bestela gestionatu bagenitu gure bizitza zer izan litekeen idealiza dezakegu. Dena den, atzerako martxarik ez dago; ez dakigu eta ezin dezakegu jakin, gainditu beharreko horiek gabe nola biziko ginatekeen.
Zergatik suspertzen dira orainaldian iraganaldiko gainditu beharreko kontuak?
- Gure bizitza, den bezala, ez zaigulako gustatzen, ez dugulako onartzen.
- “Mundu perfektua” erdietsi nahi dugunez, egin genuen edo egin ez genuen hura gure zoritxarraren klabetzat jotzen dugulako.
- Beste batzuek daukatenarekin konparatzen dugu geure burua eta, lehia horretan, iraganean hartutako erabakiez damutu egiten gara.
- Norbaiti huts egin izatearen errudun ikusten dugu geure burua.
- Aukera apartak alferrik galdu ditugula uste dugu.
- Erantzuna eman beharreko arazoren bati, beldurragatik edo ezgaitasunagatik, heltzen asmatu ez genuela uste dugu.
- Konpondu gabe utzi dugun kontu horri ihes egiten diogula uste dugu.
- Arduragabeak izan ginela eta, ahaleginik eta diziplinarik ez izatearren, behar zena egin ez genuela deitoratzen dugu.
- Zerbait egin ahal izateko aukerak edo egokierak huts egin zigula uste dugu.
Ikusten dugunez, gainditu beharreko ikasgai edo bizigai horietan hainbat alorretako sentimenduak nahasirik agertzen dira: atsekabea, norberaren ezgaitasuna, adore edo konfiantzarik eza, arduragabekeria, perfekzionista izan nahi izatea, biktimismoa, beldurra eta errua. Eta mantendu egiten ditugu horiek, akatsak izatea balio ez izatearen pareko direla sinestetik abiatzen direlako, gauzak horrela sinestea okerrekoa bada ere. Orduan, iraganeko okerrak ez dira jotzen zeinahi ikasketaren funtsezko osagaitzat, porrot pertsonal gisa baizik, komeni zaiguna edo kalte egiten diguna bereizteko balio dutela kontuan hartu ordez. Iraganeko oker horiek geure burua zigortzeko erabiltzeak, berez daukaten baliagarritasuna erauzteaz gainera, beste akats batean eroraraziko gaituzte: geure burua zigortzean.
Geure oraingo unea eta geure gainditu beharreko gaia zein den arabera, oker egin omen genuen hura konpondu, egin gabe utzi genuena egin, gaizki ulertuak argitu, esan ez genuena esan, barkamenak eskatu edota eskerrak eman ahal izango dugu, agian. Baina, garrantzi handiko kontua, hori egitekotan, zoriontsuago bihurtuko gaituelako egin behar da, iraganeko akatsetik ikasi egin dugulako. Hutsuneak betetzeko eta izan zena ukatzeko xedez jardutea orainaldia ez bizitzea da.
- Bizitzak ezin du funtzionatu BEHAR izatearen kontzeptuaren arabera bakarrik; NAHI izateari ere tokia egin behar zaio.
- Konparazioa, lehiakortasuna eta asebetetasunik eza bidaide eskasak dira: ez gaituzte lagunduko geure bizitzako inongo kapitulutan puntua eta aparte jartzen.
- Ardura geure bizitzarekin izan behar dugu, ez gainerakoen bizitzarekin.
- Beldurra ezinbestekoa da ausarkerian ez amiltzeko baina ez digu geure jokabidea geldiarazi edo galarazi behar.
- Errudun-sentimenduak gidari ditugun balioen urraketaren berri jakinarazi eta geure jokamoldea azter dezagun bultzatzen digu; horrek ez du esan nahi geure buruari irain edo gaitzespenez eraso behar diogunik.
- Geure akatsak ez du bide izan behar geure burua ezgai, alferrikako edo apalago ikus dezagun, hurrengoan ikasteko baizik.