Une latzenetako makulu ekonomikoa
Espainiako aseguru merkatuaren bereizgarrietako bat, heriotza-polizaren kontratazio masiboa da, Europako beste zeinahi herrialdetakoa baino ere ugariago. Sektoreko patronalak (UNESPA) emaniko datuak erabatekoak dira: Espainian 2004 urtean zazpi milioi heriotza-aseguru baino gehiago ziren baina poliza horrek, eskuarki, senide bat baino gehiago estaltzen duenez, Espainiako heriotza-polizen onuradunen kopurua 26 milioi lagun inguru dabil. Hileta eta ehorzte gastuei aurre egiteko kontratatzen direlarik, horrelako aseguruek geroz eta bezero ugariagoak dituzte: 2004an, adibidez, aseguru horien kontratazio munta %9 igo zen, aurreko urtearen aldean. Gehikuntza hori, patronalaren iritziz, emigrazioaren igoeraren ondorio da: poliza-kontratuan gorpua aberriratzeko gastuak sartzen direlako egiten omen dute pertsona horiek asegurua, kasu gehien-gehienetan, kostu handi horri senideek ezin bailiezaiokete buru egin.
Heriotza-poliza edukitzeko aseguratuak hilean hiru bat euro ordaindu behar izaten duen arren, kopuru hau aldatu egiten da hainbat faktoreren arabera, hala nola kontratatutako zerbitzuak, aseguratua bizi den herria, onuradunen adina, etc. Poliza horien helburua, bistan da, gorpua ehortzi edo errausteak familiari ekartzen dizkion ordainketa handia arintzea da. Aseguru horiek titularrarentzakoa edo sendia osoarentzakoa izan daitekeen arren, ohikoena poliza familiarra da eta, nahiz eta populazio gehientsuaren baitan hedatua dagoen, horrelako aseguruek herrietan eta hiri inguruneetan agerpen handiagoa izaten dute.
Jarduteko eremua
Heriotza-asegurua indemnizazio gisakoa dela dirudien arren (hots, konpainiak onuradunari diru kopuru bat ematen dio, horrek hileta eta ehorzketaren ondoriozko gastuei aurre egin diezaien), aseguratzaile gehienen eskaintza zerbitzuak ematean oinarritzen dira. Pertsona zendu den unetik bertatik, heriotzaren eskutik agertzen diren arazoak konpontzeko tramite burokratikoak eta bestelako gestioak betetzea aseguratzailearen ardurakoa da. Bezeroak erakartzeko lehian, konpainia horietako askok beren polizetan bestelako estaldurak ere sartu dituzte. Esate baterako, Fiatc Seguros konpainiaren oinarrizko eskaintzan, hilotza garraiatu eta lurperatze zerbitzuez gainera, gestoria eta bidaiako artapena sartu dira; prima behar den proportzioan altxatuz gero, gainera, istripu indibidual, ebakuntza kirurgikoagatiko ospitaleratze eta erditzeagatiko indemnizazio zerbitzuak kontratatzeko aukera ematen du.
Ocaso konpainiak, bere aldetik, berme nagusien artean lege alorreko orientazio zerbitzua, etxetiko tele-artapena eta istripu aseguru osagarria ere eskaintzen ditu; aseguratuaren esku dago polizari gaixotasun asegurua eranstea, hots, ospitaleratzeagatiko eguneko diru-laguntza, anbulantzian eramatea, erditzeagatiko indemnizazioa, etc. Vitalicio Decesos aseguratzaileak eskola adineko onuradunei, aipaturiko berme horiez gainera, hamabost egun baino gehiago etxean geldiaraz liezaiokeen gaixotasun edota istripua gertatzekotan, laguntza pedagogikoa ere eskaintzen die. Seguros Santa Lucía konpainiak bere polizan istripu asegurua ere sartu du. Ceauto-k, bere aldetik, bidaiako artapen aseguruarekin osatzen du bere poliza.
Gastu eta tramiteak, eginik
Heriotza gertatzean, hiltzeak ondorioztatzen dituen hileten, istripuan hildako gorpuaren garraioaren eta tramite burokratikoengatiko gastuak ordaindu behar izaten dituzte zendutakoaren senitartekoek: heriotza-agiri medikoa eskuratzea, heriotzaren berri Erregistro Zibilean ematea -tramite hau pertsona hil eta hurrengo 24 orduetan egin behar izaten da-, hilotza lurperatu edo errausteko lizentzia, etc. Une larri horietan gastu, molestia, joan-etorri eta gainerakoei saihets egiteko aukera bermatzea da hainbat eta hainbat heriotza-asegururen arrakastaren arrazoia.
Hileta zerbitzuengatiko gastuak bakarrik 1.000 eurotik gora doaz baina, zerbitzua “hobetu” (hilkutxa hobea aukeratzearren, adibidez) nahi izanez gero, kostua ikaragarri igo daiteke. Oinarrizko prezio horretan zerraldoa, hilotza egokitzea, lore koroa soil bat, apaiz baten zerbitzuak kontratatzea, gorpua hilerriraino hil-autoan eroatea, heriotza-agiria eskuratu eta bestelako kudeaketen gastuak sartzen dira.
Gorpua ehortzi edo errausteak familiari sekulako gastua ekartzen dio baina heriotza-polizek arindu egiten dute, poliza ordura arte ordaindua baldin badago. Horien prezioak aldatu egiten dira, jakina: 30 urteko gazteak hilean hiru bat euro ordainduko lituzke eta 50 urteko pertsonak, berriz, sei euro inguru. Poliza horri buru egiteko formula hedatuena urtero-urtero prima berriztatzea da: hasieran adierazitako diru-kopuru hori, titularra adinean aurrera egin eta KPIren arabera goraka joango da. Nolanahi ere, Mapfre eta beste aseguru-konpainia batzuek, poliza kontratatzeko unean ordainketa bakarra egiteko aukera ematen diote bezeroari, baldin eta titularraren adina 71 eta 80 urte artekoa bada. Badago poliza bost urtekotan ordaintzeko aukera ere, baldin eta titularraren adina 61 eta 70 urte artekoa bada. Hona laugarren aukera: 65 urte bete arterainokoa bakarrik ordaintzea, titularraren adina 0 eta 60 urte artekoa denean.
Ohitura hispanoa
Espainiako aseguruen merkatuan heriotza espezialitatea antzinako eta berariazkoenetako bat da. Horrelako aseguruak Espainian bakarrik komertzializatzen dira masiboki: gauzak horrela izatearen ondorioz eta Bruselako teknikariek horrelako polizen berri ez zutenez, Europako arau zenbait eraldatu behar izan ziren.
Aholkuak
- Diruz ongi bazabiltza edo zure heriotzaren ondoren zeure senideak babestuko dituen bizi-asegurua kontratatua baldin baduzu seguruenik ez zaizu interesatuko heriotza-asegururik kontratatzea.
- Hartu arkatza eta papera, egin zenbakiak: ez larritu heriotza-asegururik 40 urteak bete aurretik kontratatzeko. Hortik aurrera eta hilean batez beste 6 euro ordainduz gero, 80 urte betetzerako 2.880 euro ordainduak izango dituzu, hots, duintasun osoko hileta egiteko bestekoa. Hori bai, ez utzi kontu horiek azkenerako, pertsonak 65 edo 70 urteak betetakoan aseguru konpainiak ez baitio alta eman nahi izango.
- Eskatu aurrekontua hainbat konpainiatan. Alderatu kalitatea, estaldura eta prezioaren ateko erlazioak, hartu aintzat konpainia bakoitzeko alderdi onuragarri eta kaltegarriak.
- Aztertu, sakon, konpainia bakoitzak eskaintzen dizuna, irakurri arretaz letra txikia. Zeinahi motatako zalantza izanez gero, galde ezazu.
- Zehatz ezazu poliza prima naturalekoa den -horren prezioa goraka doa, aseguratuak urteak bete ahala, hiltzeko arriskua ere handiagoa baita- ala prima egonkorrekoa den -kontratua indarrean dagoen bitartean, mugiezin irauten du-.
- Irakurri arretaz poliza osoa, galde ezazu ezezagun dituzun kontratuko alderdiez, eska iezaiezu ulertzen ez dituzun klausulen esanahia azal diezazuten.
- Exiji ezazu aseguru kontratuaren eraldaketa edota eransketa guztiak idatziz formaliza daitezen Poliza sinatu ondoren ez onartu kaltegarri gerta dakizukeen kontratuaren aldebakarreko aldaketarik.
- Gogoan izan: hileta zerbitzuen gastuak estaltzeko heriotza-asegurua hartzen duzunean kontratatu duzuna zerbitzua da, ez konpainia jakin bateko zerbitzua; beraz, zure aukerako hileta-agentzia hautatu ahal izango duzu, aseguru konpainiak zerbitzuak enpresa jakin batekin kontratatuak baditu ere.
- Exiji ezazu aseguraturiko kapitalak bizi zaren herrian horrelako zerbitzuak emateagatiko prezioen araberakoak izan daitezen.
- Egiazta ezazu kontratuan aseguraturiko kapitalak urtero berriztatzeko konpromisoa bereganatua duela aseguratzaileak. Era horretan, senide baten heriotza osteko une larrietan ustekabe garratzik ez duzu nozitu beharko.
- Zendutakoaren adiskide edo senitartekoek, hildakoak berariaz nahi duena adierazi balu, zerbitzua osatzen duten elementuak hautatu ahal izango dituzte, aseguraturiko kapital mugetaraino.
- Segurta ezazu: zeinahi arrazoi dela medio, zerbitzuaren kostua heriotza-bermeetan aseguratutako kapitala baino txikiagoa balitz, soberako alde hori onuradunei itzuliko zaiela dioen klausula jaso dadin.
- Heriotza-asegurua baldin badaukazu, jakinaraz iezazkiezu senideei poliza zenbakia, konpainia eta, zu hil ezkero, deitu beharreko telefono zenbakia.
- Heriotza jazo bezain laster jarri harremanetan aseguru konpainiarekin (24 orduko zerbitzua dute denek), lehen tramiteez ardura dadin.
- Gorde ezazu polizaren kopia eta primaren azken ordainketa-agiria.
Berme nagusiak
- Hilkutxa
- Errauts-ontzia, bidezkoa bada
- Lurperatzea edo erraustea
- Etxeko eta egunkarietako eskelak
- Gorpua hil-autoan eroatea
- Hildakoa, mundu zabaleko zeinahi tokitatik hilerriraino edo senideek aukeratutako Espainiako errausketa-plantara eroateko beharrezkoak diren gestio eta gastuak
- Lore koroa
- Gorpuaren egokipen sanitarioa
- Tanatorioa
- Liturgi zerbitzua
- Sinadura mahaia
- Kudeaketa gastuak
Oinarrizko heriotza-asegurua * (Ehorzte, garraio eta gestoria zerbitzua)
Hiria | A familia (euro urtean) | B familia (euro urtean) |
---|---|---|
Madril | 221 | 113 |
A Coruña | 208 | 107 |
Alacant | 202 | 104 |
Oviedo | 190 | 97 |
Santander | 190 | 97 |
Almería | 177 | 91 |
Bartzelona | 177 | 91 |
Valentzia | 171 | 91 |
Mallorca | 171 | 88 |
Sevilla | 165 | 85 |
Logroño | 159 | 82 |
Zaragoza | 159 | 82 |
Málaga | 159 | 82 |
Bilbo | 152 | 79 |
Iruñea | 152 | 79 |
*Koadro honetako prezioak orientazio gisakoak dira eta hiriz hiri sailkaturik agertzen dira, aseguru-erakundeak alboan, horrelako polizen estaldurak eskaini ahal izateko aseguru-konpainiek bezeroa bizi den eskualdeko enpresen zerbitzuak kontratatzen dituzte eta.
Bi kasutarako aurrekontuak eskatu dira:
- A familia: 50 urteko aita, 45 urteko ama, 15 urteko semea, 10 urteko alaba.
- B familia: 40 urteko aita, 35 urteko ama eta 2 urteko alaba.