Egunero azterketa, 12 puntuz
Abiatzeko, eskarmentuko gidariak 12 puntu izango ditu eta hasberriak (errepidean 3 urte baino gutxiago egin duenak), zortzi. Hasierako puntuak agortzearren baimena galdu eta, azterketak gaindituz gero, berreskuratua duten gidariei ere zortzi puntu emango zaizkie. Lege-hauste larri edo oso larririk egitearren isuna jasoko duten bakoitzean punturen bat galduko du gidariak. Sistema honek baimenaren titularraren jokabide oker errepikatuak zorrotz zigortuko ditu, auto-kontrol eta ardura handiagoak sustatzeko xedez.
Puntuak nola galtzen diren
Gidariari 6 puntu kenduko zaizkio…
- 0,5 miligramotik gorako alkohol-tasarekin gidatzearren (0,3 mg, berriz, gidaria profesionala denean edo gidabaimenaren aspaldikotasuna bi urtetik beherakoa denean).
- Estupefaziente eta antzeko ondorioak dituzten substantzien efektupean gidatzearren.
- Estupefaziente eta antzeko ondorioak dituzten substantziak edota alkoholemia atzemateko probak egin nahi ez izatearren.
- Ausarkeriaz gidatzearren, ezarritako norabidez kontra zirkulatzearren edota ibilgailua baimendu gabeko lehia eta lasterketetan gidatzearren.
- Baimendutako gehieneko abiaduraren %150ez gidatzearren, hori egitean gehieneko muga hori 30 kilometro ordukoz, bederen, gainditzen bada. Adibidez: herriko kalea 100 kilometro orduko abiaduran zeharkatzen bada, bertan zirkulatzeko gehieneko lastertasuna 50 kilometro orduko izaki, %50 hori ez ezik, gehieneko muga ere 30 kilometro ordukoz gainditu da.
- Lehorreko garraioari buruzko legerian xedaturiko gidatzeko denbora %50etik gora luzatzea edo atseden tarteak %50etik behera murriztea.
4 puntu kenduko zaizkio…
- 0,25 miligramotik gorako alkohol-tasarekin gidatzearren (0,15 mg, berriz, gidaria profesionala denean edo gidabaimenaren aspaldikotasuna bi urtetik beherakoa denean).
- Igarotzea debekatua duten ibilgailuekin (ziklomotorrak, bizikletak, animaliek eroaniko ibilgailuak, traktoreak eta 60 kilometro orduko abiadura gainditzen ez duten ibilgailu bereziak) autopista edo autobietatik zirkulatzeagatik.
- Gidaria kanpo, baimendutako gehieneko plaza-kopuruaren %50 edo pertsona gehiago daraman ibilgailua gidatzearren.
- Legearen aginduz paralelo zirkulatzea berariaz debekatua duen ibilgailuan horrela ibiltzearren.
- Gidatzen den ibilgailuarentzako balio duen gidabaimenik gabe ibiltzearren.
- Suteak edo trafiko-ezbeharrak sortaraz ditzaketen gauzak bide edo inguruneetara botatzearren.
- Axolagabekeriaz gidatzearren, gainerako bide-erabiltzaileei arrisku nabarmena sorraraziz.
- Ezarritako abiadura muga orduko 40 kilometrotik gora gainditzeagatik.
- Igarotzeko lehentasunaz legeak xedatuak dituen ebazpenak (eman bidea, stop eta lehentasunezko erreia) ez betetzearren.
- Stop seinaleak agindutako gelditzeko obligazioa ez betetzearren.
/imgs/20060301/miscelanea01.jpg - Beste ibilgailuak aurreratzeko arau orokorrak ez betetzeagatik, kontrako norabidean datozenak arriskutan jarriz edo horien bidea eragotziz.
- Beste ibilgailuak aurreratzearren, kontrako norabidean datozen txirrindulariak arriskutan jarriz edo horien bidea eragotziz.
- Autopista eta autobietan atzeraka ibiltzeagatik.
- Abiadura azkartzea edo aurreratua izango den ibilgailuaren aurreratzea eragotziko duen maniobrarik egiteagatik.
- Ikusgarritasun urriko bihurguneetan, aldapa-gainaldeetan edo ikusgarritasuna eskasa denean beste ibilgailuak aurreratzearren, kontrako norabidean datozen ibilgailuen tokia inbadituz.
- Zirkulazioa erregulatzen ari diren agenteen seinale edo aginduak ez betetzeagatik.
- Semaforo gorria ez errespetatzeagatik.
3 puntu kenduko zaizkio…
- Ezarritako abiadura muga orduko 30 – 40 kilometroz gainditzearren.
- Legean jasotako xedapenak urratuz, norabide aldaketa egitearren.
- Segurtasun tartea ez gordetzearren.
- Gidatzean, telefono mugikorra, aurikularrak, kaskoak edo betebeharrekoa den arretarekin gidatzea galaraz dezakeen beste zeinahi dispositibo eskuz maneiatzearren.
2 puntu kenduko zaizkio…
- Ezarritako abiadura muga orduko 20 – 30 kilometroz gainditzearren.
- Bihurgune, aldapa-gainalde, tunel, azpiko pasabide, gurutzeetan edo zirkulazioari zein oinezkoei arrisku sor liezaiekeen beste zeinahi tokitan gelditzeagatik.
- Hiri-garraio publikoarentzat berariaz erreserbaturiko karriletan gelditzearren.
- Trafiko-agenteen zaintza saihesteko mekanismoak dauzkaten edo helburu bera duten tresnak daramatzaten ibilgailuak gidatzearren; era berean, radarrak atzemateko mekanismoak erabiltzearren.
- Obligaziozkoa denean, argiak piztu gabe zirkulatzearren edo argiak arauz xedatua dagoenari egokitu gabe erabiltzearren.
- Segurtasun-uhala, kaskoa eta gainerako segurtasun-dispositibo edo elementuak ipini gabe zirkulatzearren.
- Motozikleta edo ziklomotorretan 12 urtez beherako pertsonak eramatearren, Araudiak adierazitako salbuespenekin.
Gidariari ezarritako isunaren arabera, bi motatako ikastaroak emango dira. Puntuak eskuratzea baldin bada helburua, trafiko-hezkuntza eta sentsibilizatze ikastaroak 12 ordu iraungo du eta, 170 euro ordainduta, gehienez ere 4 puntu eskuratu ahal izango ditu gidariak. Puntu guztiak galtzearen ondorioz kendutako gidabaimena berreskuratzea nahi badu, ordea, gidariak 24 orduko iraupeneko ikastaroa egin beharko du (14 orduko prestakuntza, 2 orduko gogoeta eta 8 orduko trafiko-hezkuntza). Horren kostua 320 euro da, ikasleak dagokion Trafiko Zuzendaritzan ordaindu beharko dituen azterketa-tasak kontatu gabe; bestela esateko, guztirako prezioa 700 eurotik gora joan daiteke.
Bestetik, hamabi puntuak (denak galdu ez badira) automatikoki berreskuratuko dira baldin eta bi urteko epean gidariak lege-hausterik egiten ez badu. Puntuen galera lege-hauste oso larriagatik gertatu bada, bi urteko epe hori hiru urtera luzatzen da. Puntu guztiak agortu eta, hortaz, gidabaimena ere galdu baldin bada, estreinakoz gertatzen zaionean gidariak sei hilabete itxoin beharko du berreskuratze prozedurari hasiera eman aurretik. Lehenago ere horrelakorik gertatu baldin bazaio, hamabi hilabete itxaron beharko du zigorturiko gidariak.