Bizi-berme ñimiñoa
Intsektuak desagertuko balira bizia ere berehala suntsituko litzateke planeta honetan. Senez edo, animalia horiek ñimiño, ezdeus, higuingarritzat jotzen ditugun arren, gure ekosistemetan bizi-prozesuen jarraikortasuna horien presentziak bermatzen du: horregatik, harrigarria gertatzen bada ere, intsektuak aldez edo moldez babesteko hamaikatxo arau moldatu dituzte legegileek.
Animalia multzo honen alde egin duen Europar Batasunaren arteztarau nagusia “Habitat naturalak, fauna eta flora kontserbatzeko 92/43/CEE)” izenekoa den arren, Espainian dauden 50.000 intsektu espezieetatik testuak 21 baizik ez du jasotzen. Espainiako Ingurugiro Ministerioak, Natura Babesteko 4/89 Legeak xedatutakoarekin bat, babesturiko espezieen katalogoa eman du argitara; bertan 28 motatako intsektuak biltzen dira, lau amenazo-mailaren arabera sailkatuak. Autonomi erkidego zenbaitek, bere aldetik, fauna babesteko beren katalogoetan hainbat intsektu espezie jaso dituzte edo jasotzen ari dira.
Legeria, eskas
Egon, berariazko legeria badagoen arren, intsektuen babespena ez da oraingoz inondik ere asebetetzeko modukoa, ingurugiro politikez ari garela, Espainiako Entomologia Elkarteak (AeE) eta Alacanteko Unibertsitateko Bioaniztasunaren Zentro Iberoamerikarrak adierazi duten bezala: erakunde horien arabera, alferrikako neurria da espezie bat babestea berak bizitoki duen habitata kutsatzen edo suntsitzen segitzen dugun bitartean.
Aipatu europar arteztarau horrek babespen-alorrean ez du intsektu polinizatzaile bakar bat ere jaso (nahiz horrelakoak funtsezkoak diren lore eta landareen hedapen prozesuetan), ezta urtero-urtero Europa eta Afrikaren arteko bidaia egiten duten milioika intsektu horiek, ezta ekosistema mediterraneoaren bereizgarri diren intsektu guztietatik bat bera ere… Nolanahi ere, Europako herrialde zenbaitek osatu dituzten intsektu-multzo nabarmen -tximeletak, burruntziak- batzuen zerrendetan babestu beharreko espezie asko jaso dituzte.
27.000 espezie, suntsituta
Zientifikoek dagoeneko milioi bat espezietik gora identifikatu eta sailkatu dituzte, hots, ezagun ditugun izaki bizidun guztien %75, gutxi gorabehera. Egiazko aniztasuna, dena den, dezente handiagoa da. Zientifikoen komunitatearen iritziz, 10 – 30 milioi intsektu espezie dira munduan katalogatzeko, oraino zona tropikal askotako bioaniztasun ugari-ugaria hein handi batean ezagun ez delako. Animalia espezie berrien aurkikuntzaren erritmoa, egun, 15.000 inguruan dabil; horien %62 intsektuak dira eta horien laurden bat, gutxienez, koleopteroak (kakalardoak). Espainian, arreta handiz aztertu eta jorraturiko herrialdea den arren, entomologoek hogei bat espezie berri aurkitzen dituzte urtero.
Intsektu mota berrien agerpena etengabea den arren, suntsipen erritmoa harik eta biziagoa da, arras biziagoa ere: gaur egun hiru intsektu mota desagertzen ari da orduko, hots, 27.000 espezie urtearen buruan. Hori dela eta, AeE elkarteak ezinbestekotzat jo du pentsamoldez aldatzea eta erakundeek alor horretara aurrekontu-atalik bideratzea, aniztasun entomologikoa aztertu eta artatzeko ardura duten pertsonei beharrezkoak diren bitartekoak eskaintzeko.
Zergatik dira horren garrantzitsuak?
Planetan honetan bizi diren animalia zaharrenak izaki, egun forma gehien dituen animali multzoa intsektuek osatzen dute. Horrek, bistan da, intsektuek gainerako animaliek baina ingurunera eraginkortasun handiagoz egokitzen asmatu dutela esan nahi du. Lurreko ez ezik, laku eta ur-latsetako ekosistemetan gertatzen diren prozesu ekologiko gehien-gehienetan parte hartzen dute intsektuek. Intsektuen esku hartze horretan datza, hain zuzen, Lurreko landare-biomasaren %20aren birziklatzea; intsektua, era berean, hildako animalien eta gorotzen desintegratzaile behinena da. Ez dezagun ahantz, noski, landareen %60ren polinizazioa (bizirik irauteko ezinbestekoa) intsektuen ardurapekoa dela.
Espainiak Europako bioaniztasunik ugariena dauka, baita intsektuei dagokienean ere: herrialde horretan bizi diren espezieen kopurua Mediterranear Arro osoko aberastasunaren %30eraino iristen da, hots, 50.000 intsektu espezie bizi dira iberiar penintsulan, Balear eta Kanariar uharteetan eta, gainera, espezie horietatik asko eta asko ekosistema espainiarretan bakarrik dira. Espainiakoak diren intsektu espezie babestuetatik pinu gorri eta larizioetan bizi den Graellsia isabelae tximeleta gautarra nabarmendu beharra dago. Aspaldiko partez AeE, CIBIO eta Espainiako Ingurugiro Ministerioko Bioaniztasunaren Zuzendaritza Nagusia elkarlanean dabiltza, natur ondare garrantzitsu horren defentsan. Elkarlan horretatik jalgi da, adibidez, “Espainiar ornogabeen liburu gorria”. Idazlan horretan, Espainian babespen zorrotza izan beharko luketen 142 artropodo (horietatik, 135 intsektu) agertzen dira. CIBIO erakundearen iritziz, intsektu horien etorkizuneko babespena Ministerio horren eta autonomi erkidegoen ekimenak baldintzatuko du.