Gutxieneko diferentziak prezioan eta kalitatean
Sei lanpara fluoreszente trinko aztertu dira (kontsumo txikikoak ere deitzen direnak); euren kostua Osram Dulux Loglife-ren 16,50 eurotik Cegasaren 3 euro bitartean dago. Hala ere, prezio diferentzia ikaragarri hori ez da hain handia, kontuan hartzen badugu hamabi urteko erabilera etenaren ondoren (15.000 ordu), kostu osoa (hamabi urte horietan ordeztutako bonbillak gehi kontsumitutako energia) oso antzekoa dela kasu guztietan: Cegasa da berriro merkeena (27,59 euro hamabi urtean) eta Silvana Mini-lynx Economy garestiena (30,67 euro hamabi urtean). Horrela, hamabi urteren ondoren garestienaren eta merkeenaren arteko gastuaren diferentzia osoa hiru eurokoa da justu-justu. Kalitate eta prezio aldetik lanpara merkeena da hoberena (Cegasa), izan ere elektrizitate gutxien kontsumitzen duena eta errendimendu handiagoa eskaintzen duena da.
Sei bonbilla horiek batez beste 7.500 ordu irauten dute (sei bat urte, erabilera etenarekin); horri duten kontsumo elektriko txikia gehitzen badiogu, bonbilla konbentzionalekin (goriak) alderatuz gero hasieran egiten den ordainketa handiagoa konpentsatu egiten da. Lanpara fluoreszente trinko horiek gorien antzeko neurria dute eta, lanpara fluoreszenteetan bezala, beren barnean gas nahasketak eragindako erreakzio kimikoen bidez sortzen dute argia.
Bonbillen arteko diferentzia handienetakoa beren batez besteko bizi ziklo nominalean eman zen, piztuta egon daitezkeen orduetan, hain zuzen. Cegasa moldatzen da hemen okerren, 3.000 ordurekin. Sylvania eta Philips-ek bikoitza irauten dute (6.000 ordu), eta General Electric-ek, heren bat gehiago (8.000 ordu). Garestiena den Osram-ek du bizi iraupen handiena -gainerakoak baino dezente handiagoa- 15 orduko argi emisioarekin (Cegasak baino bost aldiz gehiago irauten du). Electro DH-k ez zuen etiketan datu hori adierazi eta, beraz, neurketa honetatik kanpo geratu zen.
Bonbilla bakoitzaren zahartzea ebaluatzeko, 360 ziklo egin zituzten bi ordu piztuta eta hamar minutu itzalduta, 38 eta 42 gradu zentigradu arteko tenperaturarekin. Tenperatura handi horrek higadura prozesua areagotzen du eta lanparak behar baino lehenago zahartzea lortzen du. Proba egin aurretik eta ondoren bonbilla bakoitzaren argi fluxua neurtu zen, zahartzeak eragindako argi galeraren portzentajea jakiteko. Emaitza guztiak positiboak izan ziren eta Philips izan zen arlo honetan hoberena, argi emisioa soilik %1,7 gutxitu baitzuen. Okerrenak Silvana (%5,5) eta Cegasa (%5,4) izan ziren.
Sei lanparatan idatzitako oharrak irakurterrazak eta ezabaezinak izan ziren. Era berean, alde eroaleen eta material isolatzailearen isolamenduaren erresistentzia neurtu zen, bai eta beren zurruntasun dielektrikoa ere (produktuaren alde desberdinen arteko isolamendua). Guztiek gainditu zituzten proba hauek. Material isolatzaileak beroarekiko aski erresistentea dela erakutsi zuen.
Bonbilletan hari gori bat jarri zen hogeita hamar segundoz; horrela, material ez metalikoetan eta bonbillaren estalduran ignizioaren eta suaren zabaltzearen erresistentzia neurtu ahal izan zen. Lanpara batean ere ez zen surik edo kerik agertu eta ez zen arauak zehaztutako mugetatik kanpoko kalte eta beroketarik sortu. Lanparak berriro berotu ziren kaskilloko tenperatura igoera arauak zehaztutako gehieneko balioa gainditzen ez zuela frogatzeko. Azterketa honetan, gainerakoetan bezala, emaitzak positiboak izan ziren.
Lanpara guztietako etiketek diote 11 watt-eko potentzia elektrikoa kontsumitzen dutela, baina Philips (10,9 watt), Electro DH (10,2 watt) eta Cegasak (9,4 watt) kontsumo txikiagoa dute. Silvana, Osram eta General Electric-en adierazitako potentzia (11 watt) eta benetakoa oso antzekoak dira.
Bonbillen argi fluxua neurtu aurretik ehun orduko zahartzea jasan zuten ( bi ordu eta erdi piztuta eta hamar minutu itzalduta, zortzi aldiz egunean). Urrats hori eman ondoren guztiek gainditu zuten testa, baina desberdintasunak handiak izan ziren: Osram (599 lumen) eta General Electric-ek (577 lumen) beren etiketetan adierazitako 600 lumen baino argi gutxiago eman zuten (neurketa honek 30 lumeneko errore posiblea du gehiago edo gutxiago, beraz ezin daitezke gaizki baloratu atal honetan). Gainerakoek esaten zutena baino gehiago eman zuten: Silvana (609 lumen) eta Philips-ek (665 lumen) adierazitako 600 lumenak gainditu zituzten; Cegasak, halaber, 585 lumenekin adierazitako 550 lumenak gainditu zituen. Lumena argiaren neurri unitatea da, eta baldintza idealetan dagoen kandela baten argitasunaren parekoa da.
Bonbilla bakoitzaren errendimenduak kontsumitutako potentziari dagokionez eskaintzen duen argi fluxua adierazten du. Bonbillak errendimendu gero eta handiagoa izan, kontsumo elektriko txikiagoarekin argi gehiago egin ahal izango du. Errendimendu handiena duten lanparak Cegasa eta Philips dira (62,2 y 61, hurrenez hurren), eta gutxiena, emaitza onak izan arren, General Electric eta Osram dira (52,5 y 54,5, hurrenez hurren). Nolanahi ere, guztiek A multzoan daudela erakutsi dute (energi efizientzia gorena) ‘A’-tik ‘G’-ra doan eskalan.
Bonbilla horien gastu osoa hiru faktoreren araberakoa da: bonbillaren prezioa, bere batez besteko iraupena eta eragiten duen gastu elektrikoa. 15.000 orduko epea hartu da (12 urte funtzionamendu etenarekin) lanpara zenbat bider konpondu beharko litzatekeen neurtzeko eta kontsumitutako elektrizitatea jasotzeko (kilowatt-orduko 0,080401 euro direla aurresuposatuz); horrela, zehatzago konparatu ahal izango genuke kostu osoa. Cegasa izan da merkeena hamabi urteren ondoren (27,59 euro) baina bera izan da bonbilla gehien aldatu dituena (bost aldiz). Silvana eta Philips bonbillak hiru aldiz aldatu behar dira soilik, baina beren kostua unitateko handienetakoa izan ez arren (5,80 euro eta 5,77 euro, hurrenez hurren), beren kostu osoak (30,67 euro eta 30,46 euro) handienak dira elektrizitate gehien kontsumitzen dutelako. Osram (16,50 euro/unitatea) eta General Electric (8,25 euro/unitatea) garestienak dira, baina gehien irauten dutenez (15.000 ordu eta 8.000 ordu) beren azkeneko gastua 29,77 eurokoa da. Ez da posible Electro DH-ren kostu osoa kalkulatzea etiketan ez baitu adierazten bere batez besteko bizi ziklo nominala.
Etiketatze guztiak zuzenak dira, bi izan ezik: Electro DH-k ez zuen adierazi ez argi fluxua (argiaren intentsitatea) ez batez besteko bizi ziklo nominala (irauten duena, alegia); Sylvaniak, berriz, ez zuen fabrikatzailearen helbidea adierazi. Electro DH-ren etiketatzeak ere ez du “edukiontzi ezabatua” jasotzen (ez da beharrezkoa, baina gainerako bonbilletan adierazten da). Etiketa horrek adierazten du bonbilla edukiontzi egoki batera bota behar dela ondoren birziklatzeko, eta ez dela ohiko zaborretara bota behar. Arazoa da une honetan ez dagoela ia gune garbirik bonbillak jasotzeko (hondakin arriskutsu bezala katalogatua dago) eta, beraz, erabiltzaile kontzientziadunak ez du beste aukerarik horiek onartuko dituen bat aurkitzea baino, edo bestela pilatu egin beharko ditu bere ingurunean horrelako gune bat ezarri bitartean.
Thomas Alva Edison-ek lehen lanpara elektrikoa patentatu eta 124 urte geroago, merkatuak lau aukera eskaintzen ditu hautatzeko:
- Bonbilla goriak: ezagunenak eta erabilienak dira. Argia egiten dute korronte elektrikoa berotzen eta goritzen den harizpi mehe batetik pasatzen denean. Batez besteko iraupena: 1.000 ordu.
- Lanpara fluoreszenteak: gas deskarga eragiten dute (merkurio baporea presio baxuan eta gas geldo kopuru txikia), intentsitate baxuko erradiazio ultramorea sortzen duen hodi baten barruan. Erradiazioak fosforozko estaldura batean egiten du talka eta ikusgai egiten du argi ultramorea. Lanpara hauek ez dira berehala pizten, eta pizketa eta itzalketa bakoitzarekin “sufritu” egiten dute. Batez besteko iraupena: 8.000 ordu.
- Lanpara halogenoak: barrualdean gas halogenoa dute, argia sortzeko energia kopuru txikiagoa eskatzen duena. Garestiagoak dira, baina beren argia indartsu, zuri eta garbiagoa da eta goriek baino iraupen dezente handiagoa dute. Batez besteko iraupena: 2.000 ordu.
- Lanpara fluoreszente trinkoak edo kontsumo txikikoak: lanpara fluoreszenteen antzekoa dira, baina lanpara klasiko baten antzeko neurria dute. Ohiko lanpara batek baino gehiago iraun eta gutxiago kontsumitzen dute. Batez besteko iraupena: 7.500 ordu. (Konparatibo honen batez bestekoa).
Laburbilduz eta konparaketako taula
Laburbilduz
- Kontsumo txikiko 6 lanpara aztertu dira, hainbat preziotakoak: garestienak (Osram, 16,50 euro) merkeenak baino (Cegasa, 3,25 euro) bost aldiz gehiago balio du, eta, era berean, bost aldiz gehiago irauten du (15.000 ordu batak, 3.000 ordu besteak). Hamabi urteko erabilera etena kontuan hartuta, gastu osoari dagokionez (bonbillak gehi elektrizitatea) diferentzia murriztu egiten da: Cegasa da merkeena (27,59 euro) eta Sylvania garestiena (30,67 euro).
- Egunean ordu asko piztuta egongo diren tokietarako gomendatzen dira (bulegoak, pasilloak, dendak, etab.). Etxean probetxuzkoak dira argia egunean ordu asko piztuta egongo den tokietan, sukaldean edo egongelan, esaterako.
- Electro DH eta Sylvaniaren etiketatzea desegokia izan zen, lehenengoak argi fluxua eta batez besteko bizi ziklo nominala jaso ez zituelako eta bigarrenak fabrikatzailearen helbidea adierazi ez zuelako.
- Errendimenduari dagokionez (argi fluxua/kontsumitutako potentzia) guztiek emaitza onak izan dituzte, baina onenak Cegasa (62,2), Philips (61) eta Electro DH (60,6) dira; okerrenak, berriz, General Electric (52,5), Osram (54,5) eta Sylvania (55,4). Philips zahartze proban nabarmendu zen. Guztiek gainditu zituzten segurtasun test desberdinak.
- Cegasa da hoberena kalitate eta prezioari dagokionez, bonbilla merkeena delako, kostu global txikiena duelako, potentzia gutxien kontsumitzen duelako eta errendimendu hoberena ematen duelako (argi fluxua/kontsumitutako potentzia). Hala ere, iraupen laburra du eta gainerako bonbillak baino gehiagotan aldatu behar izaten da. Beste aukera on bat Philips Ecotone da.
Marka | CEGASA | PHILIPS | OSRAM | GENERAL ELECTRIC | SYLVANIA | ELCTRO DH |
---|---|---|---|---|---|---|
Modeloa | ECOTONE | DULUX LONGLIFE | BIAX ELECTRONIC | MINI-LYNX ECONOMY | ECONOMY | |
Prezioa (euro/unitatea) | 3,25 | 5,77 | 16,50 | 8,25 | 5,80 | 4,00 |
Etiketan adierazitako informazioa | ||||||
Kaskillo mota | E27 | E27 | E27 | E27 | E27 | E27 |
Klase energetikoa 1 | A | A | A | A | A | A |
Adierazitako kontsumitutako potentzia (W) | 11 | 11 | 11 | 11 | 11 | 11 |
Adierazitako potentzia baliokidetasuna (W) | 55 | 60 | 60 | 60 | 60 | 60 |
Adierazitako argi fluxua (lumenak) | 550 | 600 | 600 | 600 | 600A | Ez |
Batez besteko bizi ziklo Ezminala (orduak) 2 | 3000 | 6000 | 15000 | 8000 | 6000 | Ez |
EBren marka | Bai | Bai | Bai | Bai | Bai | Bai |
Ingurumena babesteko informazioa | Bai | Bai | Bai | Bai | Bai | Ez |
BALORAZIOA GUZTIRA | Zuzena | Zuzena | Zuzena | Zuzena | Ez zuzena | Ez zuzena |
Emaitza analitikoak | ||||||
Neurtutako kontsumitutako potentzia (W) | 9,4 | 10,9 | 11 | 11 | 11 | 10,2 |
Neurtutako argi fluxua (lumenak) | 585 | 665 | 599 | 577 | 609 | 618 |
Errendimendua 3 | 62,2 | 61,0 | 54,5 | 52,5 | 55,4 | 60,6 |
Kontsumitutako potentzia 15000 h (kW) 4 | 141 | 164 | 165 | 165 | 165 | 153 |
Klase energetikoa 1 | A | A | A | A | A | A |
Elektrizitate kostua 15000 h (euroak) 5 | 11,34 | 13,15 | 13,27 | 13,27 | 13,27 | 12,30 |
Kostu osoa 15000 h (euroak) 6 | 27,59 | 30,46 | 29,77 | 29,77 | 30,67 | |
Zahartzea 7 | ||||||
Argi fluxua gutxitzea (%) | 5,4 | 1,7 | 4,3 | 3,6 | 5,5 | 3,1 |
Segurtasuna | Zuzena | Zuzena | Zuzena | Zuzena | Zuzena | Zuzena |
Kalitatea guztira | Oso ondo | Oso ondo | Ondo | Ondo | Ondo | Ondo |
(1) Klase energetikoa: lanpararen energi efizientzia maila. A-tik (gehienezko efizientzia) G-ra (gutxieneko efizientzia) bitartekoa da.
(2) Batez besteko bizi zikloa: lanpararen funtzionamendu orduak, fabrikatzailearen araberakoak.
(3) Errendimendua: neurtutako argi fluxua/kontsumitutako potentzia. Errendimendu gero eta handiagoa, potentzia gutxiagorekin argi gehiago egingo du.
(4) Kontsumitutako potentzia 15.000 ordutan: kW x 15.000 ordu.
(5) Elektrizitate kostua 15.000 ordutan: 15.000 orduko potentzia X 0,080401 euro.
(6) Kostu osoa 15.000 ordurekin: elektrizitate kostua gehi lanparen prezioa.
(7) Zahartzea: argi fluxuaren aldaketa zahartzea baiEz lehen eta ondoren.
Banan-banan
Banan-banan
Cegasa
- 3,25 euro/unitatea
- Kalitatea guztira: Oso ongi
- Kalitatea eta prezioa kontuan hartuta, hoberena. Merkeena eta bizitza laburrena duena, etiketaren arabera: 3.000 ordu. Elektrizitate gutxien kontsumitzen duena (9,4 W) eta errendimendu hoberena eskaintzen duena (62,2). Zahartzea, egokia izan arren, altuenetakoa du (%5,4ko argi fluxu galera). 15.000 orduko erabileraren ondoren, kostu osoa (bonbillak gehi elektrizitatea) merkeena da: 27,59 euro.
Philips Ecotone
- 5,77 euro/unitatea
- Kalitatea guztira: Oso ongi
- Beste aukera on bat. 6.000 orduko iraupena du, etiketaren arabera. Argitsuena da (665 lumen) eta bere errendimendua bigarren altuena da (61). Zahartze txikiena du (%1,7ko argi fluxu galera). 15.000 orduko erabileraren ondoren (bonbillak gehi elektrizitatea), bigarren garestiena da: 30,46 euro.
Osram Dulux Longlife
- 16,50 euro/unitatea
- Kalitatea guztira: Ongi
- Garestiena. Gehien irauten duena, etiketaren arabera: 15.000 ordu. Elektrizitate gehien kontsumitzen duena
- (11 W) eta bigarren errendimendu txikiena duena (54,5). 15.000 orduko erabileraren ondoren, kostu osoa (bonbillak gehi elektrizitatea) tartekoa da: 29,77 euro.
General Electric. Biax Electronic
- 8,25 euro/unitatea
- Kalitatea guztira: Ongi
- Bigarren garestiena. 8.000 orduko iraupena du, etiketaren arabera. Elektrizitate gehien kontsumitzen duena (11W), argi gutxien ematen duena (577 lumen) eta, beraz, errendimendu eskasena duena (52,5). 15.000 ordu erabili ondoren, kostu osoa (bonbillak gehi elektrizitatea) tartekoa da: 29,77 euro.
Sylvania. Mini-Lynx Economy
- 5,80 euro/unitatea
- Kalitatea guztira: Ongi
- Etiketatze desegokia, ez du fabrikatzailearen helbidea adierazten. 6.000 orduko iraupena du, etiketaren arabera. Elektrizitate gehien kontsumitzen duena (11 W). Zahartze handiena du, baina egokia (%5,5eko argi fluxu galera). 15.000 ordu erabili ondoren, kostu osoa (bonbillak gehi elektrizitatea) garestiena da: 30,67 euro.
Electro DH. Economy
- 4,00 euro/unitatea
- Kalitatea guztira: Ongi
- Bigarren merkeena. Etiketatze desegokia, batez besteko bizi ziklo nominala eta argi fluxua adierazten ez dituelako. Bigarren hoberena kontsumitutako elektrizitatean (10,2 W), argitasunean (618 lumen) eta, beraz, errendimenduan (60,6). Ezin da kostu osoa kalkulatu ez duelako adierazten funtzionamenduan dagoenean zenbat ordu irauten duen.