Beharrezkoak XXI. mendean?
Presa handiak -15etik gora metroko altuera dutenak edo 100.000tik gora metro kubiko biltzen dituztenak- eraikitzea polemikarako motibo izan da beti. Zenbait pertsonaren arabera aurrerabide-iturri eta uraren arrazoizko banaketarako bide, ingurunearen gaineko eraginagatik eta sortaraz litzaketen segurtasun arazoengatik kaltegarriak bestetzuen arabera, obra handi hauen beharra gai eztabaidatsua da oraindik.
Espainia, tamaina horretako 1.200 presa dituela, munduko bigarren herrialdea da Estatu Batuen atzetik presa kopuruari dagokionez. Haien erdiek 40tik gora urte dituzte eta, zenbait iturriren arabera, %80k ez dituzte Presa Handien Proiekturako, Eraikuntzarako eta Ustiapenerako Instrukzio arauak betetzen, hala egiteak daramatzan kostu handiak direla eta.
Espainiako urtegien edukiera 53.000 milioi metro kubokoa da, eta haien %65 bete ziren 2002 urtean. Betetzerik handiena Ipar (%88) eta Ebroko arroetan (%77) izan zen. Segurako eta Jucarko urtegiek izan zuten betetzerik txikiena, nekez iritsi baitziren beren edukieraren %20ra.
Presa handiek energia hidroelektrikoz hornitzen dituzte 140 herrialde inguru, energia horren zeregina funtsezkoa baita berotegi-efektuko gas igorpenak murrizteko, eta ureztatzeko uraz ere hornitzen dituzte, munduko janarien ia %16 ematen dituzten lurrak bustitzen baitituzte. Hala ere basoak, fauna aberatseko habitatak eta biodibertsitate urtarra ezabatzea ere eragin dute. Urtegi horien aurkakoek badiote haietako gehienak eraikitzeko ez dela egin lekualdatu eta berrezarritako komunitateen gaineko eragin kaltegarriaren ebaluaziorik. Haien ustez, 80 milioi gora pertsonak jasaten dituzten aurreikusi gabeko efektuak eta uretan behera zuten bizimodua galdu izana arintzeko ahaleginak hutsalak eta eraginkortasunik gabekoak dira.
Presen Munduko Batzordearen arabera, presa handiak desager litezke, minizentral hidroelektrikoak eraikitzeak, merkeagoa izateaz gain, uraren -bereziki ureztaketa-sistemen- kudeaketa hobea ahalbidetzen duela frogatu baita.
Presa handien onurak
- Munduko elektrizitatearen %20 eta energia guztiaren %7 ekoizten dute, ozono geruzarentzako eragin kaltegarririk gabe. Energia hidroelektriko izenekoa da, garbia eta berriztagarria, eta eguratsera bidaltzen diren eragile kutsatzaileak murriztea (%13) ahalbidetzen du.
- Edateko ura kontrolatu eta hartaz hornitzeko balio dute, ibai eta erreken ibilbidea erregulatuz. Urtaro euritsuan ur soberakinak pilatu eta eskasia-sasoietan askatu besterik ez da egin behar.
- Uraren kalitatea hobetu egiten dute eta eskualde idorretara eramatea ahalbidetzen dute.
- Uholdeak kontrolatu eta haiek eragindako kalteak gutxitu egiten dituzte.
- Laborantza-lurrak ureztatzea ahalbidetzen dute. Nazio Batuen Ingurunerako Programaren arabera (NBIP), ureztapena herri garatuetako ur kontsumoaren %75etik gorakoa da. Herrialde horietako zenbaitetan ehuneko horrek %90 ere gainditzen du.
- Gaur egun munduan ekoiztutako janarien herena ureztapen lurretarik dator. Aurreikusita dago hemendik 2025era bitartean janarien %80 lur haietatik etorriko dela, eta uste denez ureztapenak bazik ezin izango du janari eskariaren emendatzeari erantzuten lagundu.
Presa handien kalteak
- Ibaien Nazioarteko Sarea (IRN) GKEaren arabera, ureztaketa-erretenek eutrofizazioa (uretako oxigenoa murriztea) eta, uraren emaria nahikoa ez bada, uren gazitzea eragiten dute.
- Ureztapen sistemek, lan daitezkeen lurrak zingira bihur ditzakete, Indian lan zitezkeen eremuen %3rekin gertatu zen bezala.
- Presa batek bere lehenengo watt edo ureztatzeko lehenengo ur tanta ekoiztu baino lehen, milaka pertsona lekualdatu behar dira. IRNaren arabera, munduan hogeita hamarreko hamarkadatik milioika pertsona beren lurrak eta etxeak utzi behar izan zituzten arrazoi horregatik.
- Urak hartutako inguruetako nekazaritzako bizimodua galdu egiten da.
- Problema ia atzeraezinak sortarazten dituzte, hala nola biodibertsitate-galera eta prozesu ekologikoen gaineko eragin kaltegarria (ibai- eta urtar ekosistemen, uraren kalitatearen, lurzoruen… gaineko eragin kaltegarriak).
- Lurzorua higatu eta ekosistemak degradatu egiten dituzte.
- Beren uren azpian herriak, aztarna historiko eta kulturalak uzten dituzte eta paisaia naturalaren itxurari ere erasaten diote.
- Urtegien muturrean sedimentu-jalkitzea eragiten dutenez, uraren kalitateak okerrera egiten du.
Txinako Hiru Arroiletako Urtegia, azken presa handia
Jangtse ibaiaren ibilbidearen erdialdean dagoen Hiru Ataken presa ikaragarria, ekainean hasi zen bere urtegia betetzen. Urtegia edukiera betean dagoenean, 2009. urtean (hasi eta 17 urte geroago), munduko hirugarren laku artifiziala izango da, Egiptoko Asuangoaren eta Zambiako Zanbezekoaren atzetik. Urte horretan presaren ekoizpenak orduko 18.200 milioi metro kubo iritsiko ditu, eta haren edukierak, 39,3 milioi metro kubokoa, ibai horren portaera erregulatzea ahalbidetuko du. Jangtse ibaia, Nilo bezala, estu loturik dago zibilizazio bati.
Txina, ibairik handiena duen Jangtseren uholdeekin bizi izan da bere historian. Azken bi mila urteetan, Jangtse hamarkada bakoitzean behin egin du gainezka batez beste. Hori dela kausa, XX. mendean 300.000 hildakotik gora eta milioika etxe galdu izan dira.
Presa handiarekin hori guztia bukatuko da, baina hura maiseatzen dutenek ingurugiro-kalte ugari aipatzen dituzte, are gehiago lekualdatu dituen milioi bat pertsonak, gastu erraldoia (ia 22.000 milioi euro) eta urpean desagertutako 140 hiriguneak kontuan hartu gabe.
- Planetako 6.000 milioi biztanleak ibaietan, lakuetan eta lur azpiko akuiferoetan dagoen ur gezaren %54ren jabe dira dagoeneko.
- Gizakiak, 2025ean, dagoen ur gezaren %70 kontsumituko du.
- Baliabide hidrikoen per capita kontsumoak oraingo erritmoan emendatzen jarraitzen badu, 25 urte barru dagoen ur gezaren %90 erabiltzera irits liteke gizakia, planetan diren gainerako espezieentzat %10 besterik utzi gabe.
- Urteko giza-erabilerarako ur-erauzketaren %69 nekazaritzara zuzentzen da, batez ere ureztatzeko; industriak %23 erabiltzen du, eta etxeko kontsumoak (etxea, edateko ura, saneamendua…) %8.
- Afrikan, nekazaritzak giza-erabilerarako erauzitako ur guztiaren %88 hartzen du beretzat, etxeko kontsumoak %7 darama eta industriak %5.
- Europan ur gehiena industriarako erabiltzen da, %54 hain zuzen; nekazaritzarako, berriz, %33, eta etxeko kontsumoak %13 gastatzen du.
- Munduko ur guztia txanbil batean sartuko balitz, ur geza mahaiko koilara batean sartzen dena baino ez litzateke izango, hots, guztiaren %1en erdia baino gutxiago.
- Espainiako lurraldeko emari guztiaren %70 Iparraldean dago.
- Uste denez, teorian behintzat, 20.000 milioi pertsona hornitzeko adina ur geza dago.
- Erauzitako uraren %50 eta 70 bitartean lurrinketa eta ihesak direla-eta alferrik galtzen da.
- Gaizki itxi eta tantak isurtzen zaizkion kanila batengatik 30 litro ur galtzen dira eguneko.