Ehorzketarik merkeenak ere garestiak dira
Pertsona bat hil eta ondorengo ordu eta egunak bereziki zailak eta hunkigarriak dira hildakoaren inguruko guztientzat. Ehorzketa etxeek ezbeharrari buruzko gestio guztiak egiteko duten eragingarritasunak eta azkartasunak lagundu egiten dute doluari adorez aurre egiten, heriotzari lotutako erabaki praktikoak hartzen eta etxekoak eta adiskideak modu onean hartzen. Baina bada alderdi bat hain une mingarrietan ere alde batera ezin utzizkoa dena: alderdi ekonomikoa. Hileta antolatzeak, edo, gauza bera dena, ehorzketa etxe bat kontratatzeak oso gastu handia esan nahi du, familia askoren etxeko ekonomia desorekatu ere egin dezakeena. CONSUMER-ek Estatuko 13 hiriburu eta horien probintzietako ehunen bat ehorzketa etxeren tarifak aztertu eta konparatu ditu, eta horretarako, -kontuan hartuta hileta batean oro har ematen den zerbitzua oso maila handikoa dela-, hipotesi bat erabili du, hau da, ehorzketa etxe bakoitzaren hiletarik merkeena aztertu da, elementu hauek hartzen dituena: hilkutxarik merkeena, gorpua sanitarioki prestatzea, gorpua hileta autoan eramatea, zerbitzu erlijiosorik arruntena, lore koroa xume bat, espedientea kudeatzeko eta tramitatzeko gastuak, heriotza ziurtagiria, probintzian zabalkunderik handiena daukan egunkarian ohiko eskela eta lur emateko tasa.
Batez beste ia 1.500 euro, duela bost urte baino %54 gehiago
Lehenengo ondorioa da hileta apal batek oso gastu handia esan nahi duela. CONSUMER-ek aztertu duen hipotesiari dagokionez, gastu hori Espainian batez beste 1.449 eurokoa da. Zifra potolo horrek, gainera, azken bost urteetan %54 garestitu dela adierazten du, 1998ko azaroan aldizkari honek oso hipotesi berdintsu batekin egindako azterketaren arabera (kontuan hartutako hiri batzuk ez ziren orain hartu direnetakoak), Estatuan hileta moduzko bate egitearen gastua 156.000 pezetakoa zen, hau da, 940 euro. Bost urteotan KPI %17,1 igo dela kontuan hartuz gero, lur emateko zerbitzuen tarifa bizitzaren batez besteko kostua halako hiru baino gehiago igo dela ohartuko gara.
Hileta bat ordaintzeari dagokionez desberdintasunak oso handiak direla ere esan beharra dago, bai hiriburu eta probintzia bakoitzeko batez besteko tarifak kontuan hartuta (gure herrialdean hiru ehorzketa etxetik bi hiriburuetatik kanpo daude), bai alderaketa hiri edo probintzia bereko etxeen artean egiten bada. Probintziarik garestiena, betiere hiletarik xumeenaren arabera, Madril da, bertan hileta batek batez beste 1.808 euro balio baititu, eta merkeena, berriz, Bartzelona (hiriburuko ehorzketa etxeetatik bakar batek ere ez zion aldizkari honi informaziorik eman nahi izan eta, ondorioz, datua bakarrik hiriburutik kanpo daudenei dagokie), 880 eurorekin batez beste. Ehorzketa garestienen zerrendan hurrengo probintziak dira Murtzia (1.672 euro), Alacant (1.664 euro), Araba (1.615 euro) eta Valentzia (1.610 euro). Merkeenen artean, Bartzelonaz gainera, honako hauek aurkitu ditugu: Kantabria (978 euro), Nafarroa (1.127 euro) eta Malaga (1.199 euro).
Aurrezteko aukera, ikaragarria
Prezioen arteko alde hori ez da soilik probintzia desberdinen artean azaltzen. Proposatutako hipotesirako, Madrilen bertan, hiletarik garestienak 2.227 euro balio du, eta merkeena, berriz, 647 eurotan geratzen da, hau da, heren bat baino gutxiago. Eta Malagan garestiena 1.873 euro kosta da, hori ere merkeena baino hiru aldiz gehiago, merkeenak 495 euro balio baitu. Murtzian garestienaren eta merkeenaren arteko aldea 1.203 euro da; Valentzian diferentzia 1160 eurokoa da; Bizkaian 970 eurokoa, eta Alacanten, azkenik, 925 euroren aldea dute. Begien bistakoa da aipatu hiriburuetan bururatzen zaigun edo ospitalean eskaintzen diguten lehendabiziko ehorzketa etxera jotzeak gainkostu nabarmena ekar diezagukeela. Eta fenomeno hori probintzia guztietan agertzen da: probintzia bakoitzeko ehorzketa etxerik garestienaren eta merkeenaren arteko desberdintasuna (gogora dezagun kasu guztietan ehorzketa etxe bakoitzaren hiletarik merkeenaren tarifa eskatu zela) 500 eurotik gorakoa izan zen azterketak hartu dituen 13 probintzietatik 10etan. Hipotesian planteatutako hileta egiteko gehien aurrezteko aukera ematen duen probintzia Almeria da, eta soilik horretan izan da txikia aldea, 71 euro, gainerakoetan ere alde handia baitago: Kantabrian 254 euro aurrezteko aukera aurkitu da, eta Nafarroan 416 euro dira aurrez daitezkeenak. Coruñan eta Gipuzkoan aldea 600 euroren ingurukoa zen.
Hildako pertsonaren familiak hiletako gastu ugarietatik baten batean aurreztu behar edo nahi baldin badu, mesedegarri gertatuko zaio jakitea zenbateko totalaren %75 hilkutxaren (%36), eskelaren (%19), hileta autoaren (%12) eta lore koroaren (%8) batuketa dela, eta, ondorioz, garestienak diren gastu horietakoren baten kostua murrizten edo kentzen saiatu behar lukeela. Azkenik, zoritxarrez, esan beharra dago oso zaila dela ehorzketa etxeen prezioen eta zerbitzuen arteko alderaketak egitea, horietako askok ez dutelako informazioa ematearen aldeko jarrerarik, edo oso modu ilunean ematen dutelako, beren tarifen barruan sartzen diren kontzeptuak zehaztu gabe. Gardentasun falta horren erakusle gisa aipa daiteke CONSUMER-ek 300 ehorzketa etxerekin baino gehiagorekin jarri behar izan zuela harremanetan, eta horietatik ehunetatik baino ez zuela daturik eskuratzerik izan. Antzeko zerbait gertatu zen 1998an egin zen azterketan ere, baina orduan erdiak izan ziren eskatutako datuak eman zituztenak. Bestela esanda, beste sektore batzuetan hain finkatuta dagoen prezioen lehia eta gardentasuna ez da oraindik ehorzketa etxeen zerbitzura iritsi, eta egoera hori kaltegarria da kontsumitzaileentzat, hileta bat kontratatzen dutenean ezin dutelako merkatuak eskaintzen dizkion aukera desberdinetan konparatu eta jakinaren gainean aukeratu.
Nola egin zen txostena?
306 ehorzketa etxerekin harremanetan jarri ginen (aztertu diren 13 probintzietan lanean ari diren guztiekin), baina bakarrik 100ek onartu zuten CONSUMER-eko teknikarien galdetegiari erantzutea, zeinek, CONSUMER-eko teknikari diren heinean identifikaturik, irailaren 11tik 21era etxe bakoitzaren tarifa minimoak eskatu zizkieten. Horrenbestez, Valentziako 11 ehorzketa etxeren prezioak alderatu ziren (4 hiriburuan eta 7 probintzian barrena), Kantabrian 5 (hiriburuan 1), Almerian 6 (hiriburuan 2), Gipuzkoan 8 aztertu ziren (hiriburuan 1), Bizkaian 10 (3 hiriburukoak), Madrilen 8 (hiriburuan 2), Bartzelonan 8 (horietatik bakar bat ere ez hiriburuan), Malagan 9 (hiriburuan 2), Nafarroan 5 (bat hiriburuan), Coruñan 12 (hiriburuan 4), Alacanten 7 (2 hiriburuan), Murtzian 7 (hiriburuan 4) eta Araban 4 (hiriburuan 3). Tarifak eskuratu eta gero, ehorzketa etxe bakoitzerako hiletarik merkeenaren kostua kalkulatu zen, horren baitan sartzen delarik hilkutxaren tasa, gorpua sanitarioki prestatzea, gorpua hileta autoan eramatea, erlijio zerbitzu, lore koroarik arruntena, espedientea kudeatzeko eta tramitatzeko gastuak, heriotza ziurtagiria, probintzian zabalkunderik handiena daukan egunkarian ohiko eskela eta lur emateko tasa.
Hilobiaren prezioa ere kontuan hartzea nahasgarria izan daitekeenez (hobia, nitxoa edo kolunbarioa), horren kostua aldatu egiten delako lagapena zenbat denboratarako egiten den begiratuta -ohikoena espazioak lagapenean izatea da, ez jabetzan-, eta hipotesian lur emateari begiratzea erabaki denez, eta ez errausteari, bi kontzeptu horiek ez dira konparazioa egiteko kontuan izan, nahiz eta prezioak berdin-berdin aztertu diren eta, horrenbestez, txostenak horietaz ere hitz egiten duen.
Hilkutxa eta autoa
Hilkutxarik merkeenaren batez besteko salneurria 517 euro da. Gai horri buruz probintziarik garestiena Murtzia da, batez beste 715 euroko kostuarekin, eta merkeena Bartzelona da, soilik 184 eurorekin. Atal hau garrantzitsuenetakoa da, eta berak azaltzen du ehorzketa etxe desberdinen eta probintzia desberdinetako hiletetan halako alde handiak izatea. Bigarren hilkutxarik garestiena Valentzian aurkitu genuen, (692 euro). Hain garestiak ez baziren ere, batez beste 550 eurotik gorakoak, Madril, Araba, Alacant eta Almeriako prezioak ere garestitxoak ziren. Pixka bat beheraxeago Gipuzkoa ageri da (549 euro batez beste). Bartzelonakoez gainera, hilkutxarik merkeenak Kantabrian (396 euro batez beste) eta Nafarroan (409 euro) aurkitu ziren. Beste probintzia batzuetan ere ez ziren hain garesti ateratzen, 500 euro baino gutxiago batez beste, esaterako Malagan, Bizkaian eta Coruñan. Etxe guztiak alderatuta hilkutxarik merkeena, betiere bakoitzak eskaintzen zituen merkeenei buruz hitz egiten ari garela, Bartzelonan aurkitu zen, 26 euro (bertako garestienak 461 balio zuen), eta hilkutxarik garestiena Valentzian agertu zen, 1.284 euro (bertako merkeenak 321 euro balio zuen).
Horrezaz gainera, gorpua hileta autoan garraiatzeko batez besteko prezioa 243 euro da (kontuan hartuta ehorzketa etxe bakoitzaren garraio merkeena). Bakarrik hiru probintzia daude zifra horretatik oso urruti: Murtzia (369 euro), Alacant (346 euro) eta Valentzia (310 euro). Eta garraiorik merkeenari erreparatuz gero, berriz, oso moduzkoak aurkitu dira: Kantabrian batez beste 65 euro baino ez du balio; Malagan, 138 euro, eta Bartzelonan 168 euro. Oro har, hileta autorik merkeena Coruñako ehorzketa etxe batean eskaintzen zen (46 euro), eta garestiena Alacanteko etxe batean (487 euro), hamar aldiz garestiago, beraz.
Lore koroa, gastu garrantzitsua
Lore koroa arruntenaren batez besteko salneurria 112 euroan dago. Preziorik garestiena Arabako ehorzketa etxeetan aurkitu da (148 euro batez beste), eta merkeena Murtziakoetan (83 euro batez beste). Nafarroan eta Bartzelonan ere batez besteko kostua garesti samarra zen (135 euro eta 130 euro hurrenez hurren). Murtziakoez gainera, koroarik moduzkoenak, batez beste 100 euro baino merkeagoak, Madril, Malaga eta Almeriako ehorzketa etxeetan aurkitu dira. Guztietan merkeena Murtziako ehorzketa etxe batean atzeman genuen, 58 euroko prezioan, eta garestiena (ez dezagun ahantz ehorzketa etxe bakoitzeko koroarik merkeenaz ari garela) Arabako batean aurkitu genuen, 203 eurotan. Probintzia horretan bertan, beste etxe batek 102 eurotan saltzen ditu koroak.
Kudeaketa gastuak aldatu egiten dira, bai prezioari dagokionez, bai hori kalkulatzeko moduari dagokionez, izan ere, etxe batzuetan hiletaren aurrekontuaren ehuneko baten araberako tasa bat kobratzen dute (%5aren ingurukoa). Kostu hori, batez beste, 89 euro da, baina alde handiak agertu dira batetik bestera. Garestienak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan daude, eta batez beste 120 euro kobratzen dute; Malaga, Coruña eta Madrilen 100 euro inguru kobratzen dute; eta Kantabria, Valentzia eta Nafarroan batez beste 80 euro gutxi gorabehera. Batez bestekorik merkeenak Murtzian (57 euro) eta Bartzelona, Alacant eta Almerian aurkitu dira (azken horietan 65 euroren bueltan).
Heriotza ziurtagiria lortzeko sortzen diren gastuetatik zati bat agiriari berari dagokio, eta bestea medikuak zerbitzua egiteagatik kobratzen duenari. Agiriaren salneurria bakarra da eta finkoa, 3,48 euro. Medikuak ez badu modu pribatuan jarduten, ziurtagiri hori betetzeak ez du kostu gehigarririk ekarri behar. Agiria ematen duena eta medikuaren zerbitzua eskatzen duena ehorztetxea baldin bada, seguruenik zerbitzu hori bereiz kobratuko da. Aztertutako 100 etxeen batez bestekoa 5,67 euro da, eta horrek erakusten du agiriaren salneurria handitu egiten dela baldin eta zerbitzu pribatuetara jotzen badugu. Gestio horiek egitearen truke ordaindu behar den preziorik garestiena Malagan agertu zen, ia 14 euro, eta ondoren Nafarroan, 12,5 euro.
Gorpuaren egokitzapen sanitarioari dagokionez, ehorzketa etxe batzuek hilkutxaren prezioaren barruan sartzen dute. Hala eta guztiz ere, batez bestekoa 75 eurokoa da, eta probintzia batzuetan zeregin hori gastu garrantzitsua da: Araba (139 euro), Alacant (112 euro), Gipuzkoa (104 euro) eta Valentzia (95 euro). Batez beste merkeenak Kantabrian (44 euro) eta Bartzelonan (40 euro) aurkitu dira.
Eskela nahitaezkoa da?
Egunkarian eskela jartzeak oso gastu handia dakarkio familiari. Zabalkunderik handieneko egunkarian neurriari buruz argitaratzen den arruntenak (betiere egunkari bakoitzaren arabera, guztietan ez baita berdina) batez beste 260 euro balio du. Eskelaren salneurria, logikoa denez, egunkariek beraiek ezartzen dute, ez ehorzketa etxeek. Neurririk ohikoena bi zutabekoa da, baina egunkari batzuetan salneurria moduluka zehazten da. Ehorzketa etxeek zabalkunderik handieneko egunkariei gehien eskatzen dizkieten eskelei buruz emandako informazioaren arabera, preziorik garestiena Madrilen ordaintzen da (519 euro eskelako batez beste), Alacanten (344 euro), Coruñan (316 euro), Bizkaian (312 euro) eta Murtzian (278 euro). Merkeenak, berriz, Nafarroako (175 euro), Kantabriako (174) eta Malagako (112 euro) zabalkunderik handieneko egunkarietan argitaratzen dira. Aurreztu beharra baldin badugu, gastu hori egin beharrari buruz gogoeta egitea komeniko litzateke, hau da, beste aukera batzuk plantea daitezke pertsona hurbileko eta ezagunei heriotzaren berri emateko.
Kanposantuan gaudela
Lur emateko edo ehorzteko tasa kanposantu publikoak daudeneko udalek zehazten dute. Prezioak aztertzeko gorpua non lurperatzen den begiratu behar da: ez da gauza bera hobi batean lurperatzea edo nitxo batean ehorztea, edo panteoi batean, nahiz eta udal batzuek kostu finko bat ezartzea erabaki duten, ehorzketa zein leku zehatzetan egiten den kontuan hartu gabe. Ehorzketaren batez besteko tasa garestiena Gipuzkoan erregistratu da (160 euro), eta merkeena Alacanten (41 euro); batez bestekoa 80 euro inguruan dabil. Bigarren garestiena, betiere batez beste, Madrilen aurki daiteke (157 euro), eta atzetik dago Malaga (150 euro). Valentzian hilobiratzea merkeagoa da Valentzian (43 euro batez beste), baita Nafarroan (52 euro), Araban eta Almerian ere (56 euro).
CONSUMER-ek planteatutako ehorzketaren azken prestazioa erlijio zerbitzu arrunta da. Gaur egun ehorzketa etxe askok areto multikonfesionalak eskaintzen dituzte zeregin horietarako. Erlijio zerbitzua ehorztetxeak kobratutako totalaren beste atalen batean ere egon daiteke sartuta. Zerbitzu erlijiosoaren kostua, batez beste, Nafarroako 13 euroetatik Coruñako 132 euroetara joan daiteke, baina batez beste 65 euroren bueltan dabil. Dena dela ere, Coruñan bakarrik gainditzen da 65 euroen batez besteko hori. Gipuzkoan ehorztetxe batzuek beste kontzeptu baten barruan sartzen zuten kontzeptu hori, edo ez zuten horri buruzko informaziorik ematen. Zerbitzu horretarako kosturik moduzkoenak, Nafarroaz gainera, Kantabrian (33 euro), Bartzelonan (37 euro), Bizkaian (39 euro) eta Madrilen aurkitu ziren.
Tanatorioak gora
CONSUMER-en hipotesian sartu gabeko zerbitzuak eskatzen baldin badira, hala nola tanatorioa edota sinadurak biltzeko mahaia, gastuak handitu egiten dira. Eta lagapeneko hobi, nitxo edo panteoirik ez baldin badago, ehorzketa hor egitearen gaineko gastua ere gehitu behar da. Errausketaren aldeko erabakia hartzen bada, aldiz, hipotesian kontuan hartu ez den beste gastu batez ari gara, izan ere, lurperatzeko gastua saihesten bada ere, errausketa bera eta errautsak eramateko ontziaren gastua ordaindu egin behar dira.
Pixkana-pixkana tanatorioak gorpua beilatzeko leku gisa finkatzen ari dira. Erosoagoa eta praktikoagoa da denontzat, baina beste gastu bat da, lehenago aipatutakoei gehitu beharrekoa. Zerbitzu honen prezioa, gure herrialdean batez beste 243 eurokoa, oso-oso aldakorra da leku batetik bestera: Murtzian kontsultatutako ehorzketa etxeen batez bestekoa 370 eurokoa zen, eta Kantabrian, berriz, 64 euro kosta da batez beste. Malagan ere merke antzean dabil, (139 euro), baita Coruñan eta Bartzelonan ere (178 euro eta 168 euro hurrenez hurren). Garesti, berriz, Murtziaz gainera, Almerian ateratzen da (303 euro), eta batez ere Valentzian (311 euro batez beste) eta are gehiago Alacanten (347 euro).
Beste alde batetik, errausketaren eta ontziaren kostua halabeharrez lotuta daude, eta horregatik eskaintzen zaizkio batera erabiltzaileari. Batez besteko kostua 417 euro da. Tarifarik altuenak Kantabrian aurkitu dira (510 euro), Murtzian (501 euro), Malagan (476 euro), Alacanten (444 euro), eta Almerian eta Madrilen (439 euro eta 433 euro hurrenez hurren). Merkeenak, berriz, Valentzian (226 euro batez beste), Coruñan (332 euro) eta Bizkaian (338 euro) aurkitu dira.
Bi aukeren artean bat hartzeari begira, lurperatzeak eta errausteak guztira duen kostua konparatzea ia gauza ezinezkoa da, kontuan behar litzatekeelako, lurperatu edo ehortziz gero, nitxoa, hobia edo panteoia erostearen edo lagapenean hartzearen prezioa, eta hori asko aldatzen da probintzia batetik bestera eta, ondorioz, zaila da errealitate desberdinak homologatzeko eredu-tipo bat ezartzea. Beste gauza bat da, jakina, egoera jakin bakoitzean, erabiltzaileak bai egin dezakeela konparazio hori. Sinadurak biltzeko mahaiari dagokionez, Bartzelonan kontsultatu diren ehorztetxe batzuetan zerbitzu hori beste atal baten barruan sartuta agertzen zen, eta beste batzuek ez zuten prezioa eman nahi izan. Sinadurak biltzeko mahairik garestienak Malagan aurkitu dira, batez beste 70 euro, eta merkeenak Madrilen jartzen dira, 12 euroren truke. Valentzian ere garestiak dira, 64 euro batez beste, eta beste horrenbeste esan daiteke Alacantekoez (59 euro), eta Nafarroa eta Gipuzkoakoez (51 euro). Madrilekin batera, merkeenak Coruña (19 euro), Kantabria (28 euro) eta Almeria dira (30 euro).
Gomendioak eta konparaketako taula
- Ez kontratatu zerbitzua agertzen den lehenengo konpainiari.
- Aurrekontua ehorzketa etxe bati baino gehiagori eskatu. Helburuak bi dira, ehorztetxe desberdinen arteko prezioak eta zerbitzuak konparatzea, eta hileta egiteko bakoitzak eskaintzen dituen aukera desberdinak aztertzea.
- Beti dago senide edo lagunen bat, bere izaeragatik, gestio horiek efikazago egiteko gaitasuna duena. Utz diezaiogun lan egiten. Hildakoaren hurkoei aurrezten lagunduko die.
- Joan zaigun pertsonaren heriotza aurretiaz aurreikus baldin badaiteke, has gaitezen gestioak garaiz egiten. Kalitate-prezio erlaziorik onena aurkitzea errazagoa izango da, eta jasangarriagoa emozioei dagokienez.
- Eskatzen diegun informazioa ukatzen diguten ehorztetxeak alde batera utzi. Beste batzuek eman egingo digute; joan gaitezen horietara. Beharbada, hori izango da modurik egokiena oraingoz egiten ez duten ehorztetxeek bezeroak hobeto tratatzen ikas dezaten.
- Gogora dezagun udal ehorztetxeak ez duela beti prezio hobea edo kalitate hobeko zerbitzua esan nahi.
- Hileta zerbitzuek sortzen dituzten gastuak ordaintzeko heriotzagatiko aseguru bat ordaintzen denean, kontratatzen dena zerbitzu prestazio bat da, eta ez konpainia jakin baten zerbitzuak. Bezeroak askatasun osoa dauka berak nahi duen ehorztetxea aukeratzeko (baita aseguratzaileak zerbitzuak hileta enpresa jakin batekin kontratatuta dituenean ere).
- Sektorearen liberalizazioa, hiri batzuetan egin berria, ez da oraindik guztiz osatu, eta horrek erabiltzaileari kalte egiten dio. Hala eta guztiz ere, exiji dezagun tarifei eta prezioei buruzko informazioa, eta aukeratu gehien komeni zaiguna.