Nola iragartzen da eguraldia?
Joan den udan jasandako tenperatura altuen ondorioz, inoiz baino gehiago, meteorologia herritarren interesgune nagusi bihurtu da. Egunez egun, albistegiek termometroek adierazten zituzten balio historikoen berri ematen zuten. Eguraldia iragartzeko erakusten den zehaztasunak garbi utzi du meteorologiari buruz gero eta ezagutza handiagoa dagoela, eta telebistetako albistegietako espazioaren %7 betetzen du dagoeneko. Hala ere, meteorologoek ez dute beti iragarpena bete-betean asmatzen, bereziki udazkena eta udaberria bezalako sasoietan, horietan izaten baita eguraldia aldakorren. Iragarpenak teknologiarik puntakoena erabiliz lortutako datu ugaritan oinarrituta egiten badira ere (sateliteak, behatokiak…), gerta daitezkeen aldaketa klimatikoen mende egongo dira beti.
Informazio iturriak
Iragarpen bat egin ahal izateko lurrean eta atmosferan dauden egoerei buruzko informazio handia lortu beharra dago. Meteosat sateliteek lurraren diskoari buruzko irudi osoak ematen dituzte gauez eta egunez, ordu erdiro, espektruko hiru kanalek transmitituta, eta itsasoratzen diren ontziek eta aerolinea komertzialek ere neurketak egiten dituzte. Datuak lortzeko beste modu bat da mundu osoko meteorologi estazioek egunean bitan goi atmosferara jaurtikitzen dituzten zunda globoak erabiltzea, baita ozeanoan sakon-sakonean dagoen tenperatura neurtzen dituzten buia finkoak erabiltzea ere.
Meteorologoak, beraz, hainbat iturri dauzka eskueran iragarpena egiteko, eta iturri horien arabera bere ondorioak aterako ditu. Barometroak milibaretan neurtzen duen presio atmosferikoa ezagutu beharko du. Anemometroak haizeari buruz zer dioen jakin beharko du, batez ere sentsazio termikoa kalkulatu ahal izateko, izan ere, hori haizearen abiaduraren araberakoa da. Psikrometroa erabiliz hezetasun atmosferikoa aurkituko du, eta hori ezinbestekoa du hurrengo orduetako iragarpena egin ahal izateko. Meteorologia aeronautikoak emandako klabeak deszifratu beharko ditu, baita itsas meteorologiako buletinak hartu ere, Beaufort eta Douglas eskaletan adieraziak. Horiez gainera, hainbat produktu berezi erabili beharko ditu (buletin agrometeorologikoa, balantze hidrikoa, irradiazio ultramorea, etab.).
Datuak interpretatu
Behin datuak lortu eta gero, esperientzian oinarrituta, interpretazioa egiten da, edo, nahi bada, iragarpena. Aurrerapen teknologikoak asko diren arren, horien artean oso sistema informatiko sofistikatuak, egun gutxi batzuk lehenago baino ezin da eguraldia gutxieneko zehaztasun batez iragarri, izan ere, tenperatura eta egoera atmosferikoak baldintzatzen dituzten faktore ugariak aldatzeko aukera handia dago.
Meteorologiak hiru informazio mota eskaintzen ditu. Alde batetik, egoera klimatiko jakin bat eragin duten kausen azalpena eta egoera horren beraren deskribapena ematen ditu; beste alde batetik, atmosfera etengabe behatzeko eta zaintzeko sistemei eskerrak (estazio eta tresna meteorologikoak, sateliteak, radarrak…), oraingo eta duela gutxiko eguraldiari buruzko argibideak ematen ditu. Azkenik, epe motzean, ertainean eta luzean eguraldiak seguruenik izango duen bilakaerari buruzko informazioa ematen du (egun bat eta hamar bitartekoa), betiere ezagutza zientifikoaren gaitasunaren eta mugen arabera, bitarteko tekniko aurreratuenetan eta meteorologo kualifikatuen esperientzia eta profesionaltasunean oinarrituta.
Azken informazio horren barruan, balio jakin batzuk gainditzen dituzten fenomeno atmosferikoak hautematen edo aurreikusten direnean, iragarpen meteorologikoak oso garrantzitsuak eta lehentasunezkoak dira, herritarren bizitza edo ondasunak arriskuan egon daitezkeelako. Iragarpen horiek prebentzio neurriak hartzeaz arduratzen diren Babes Zibileko eta beste erakunde batzuetako agintariei ematen zaizkie, baita komunikabideei ere, jendearen artean heda ditzaten.
Eguraldiaren iragarlea baino zerbait gehiago
Eguraldiaren berri ematen duten profesionalak Zientzia Zehatzetan lizentziatuak dira, Atmosferako Zientzien adarrean, nahiz eta Batxilergoan bitarteko titulu bat ere ematen den, hiru urtekoa, Atmosferako Zientziei buruzkoa. Formazio horrek jarduera garatu ahal izateko gaitasuna ematen du a priori, baina meteorologiako Institutu Nazionaleko meteorologo, diplomatu edo behatzaileen multzo ofizialean sartu ahal izateko nahitaezkoa da ikastaro selektiboa egitea, ikastaro horretako gaiak eta mailak Munduko Meteorologi Erakundeak zehazten ditu (MME).
Meteorologiaren oinarrizko glosategi
Goi presioa edo antizikloia. Atmosferak egiten duen indarra (presioa) inguruan altuera berean dagoena baino handiagoa da; horrek esan nahi du eremu horretan eguraldi egonkorra dagoela.
Behe presioa. Eremu batean presio atmosferikoa inguruan dagoena baino txikiagoa da. Fenomeno honen ondorioz egoera aldakorrak sortzen dira, eta hodei ugari eta euria ekartzen du.
- Zaparrada. Prezipitazioa, zeinean kumulu-ninbo motako hodei batetik ur tantak erortzen diren. Bere ezaugarri nagusiak dira: bat-batean hastea eta bukatzea, intentsitatea bat-batean aldatzea, eta zeruan ostarteak azaltzea eta egoera oso azkar aldatzea.
- Fronte beroa. Aire masa bero bat latitude handiagoetara doanean eta aurreko ertza aire hotzagoaren gainetik igotzen denean gertatzen da. Behar beste hezetasuna baldin badago, etengabeko prezipitazioak sortzen dituzten hodei mota guztiak ikus daitezke.
- Fronte hotza. Aire masa hotza bat beheko latitudeetarantz doanean eta aurreko ertza, ziri baten moduan, lurraren eta aire beroaren artean sartzen denean gertatzen da. Sistema hau igarotzen ari dela zaparradak edo, tenperatura oso baxua bada, elurra ekarriko duten hodeiak ikus daitezke. Desplazatzean aire beroa ere desplazatzen duen masa hotz honek igarotzen ari den lurraldean tenperaturak azkar jaistea ekartzen du.
- Isobara. Mapa baten gainean egindako irudizko lerro bat da, presio atmosferikoa balio berdina duten puntuak lotzen dituena.
- Azaleko mapa. Lurraren azaleko egoera meteorologikoa erakusten du. Nazioarteko konbentzioari jarraituz, azaleko maila adierazteko itsasoaren batez besteko maila hartzen da; ondorioz, gorago edo beherago dauden behatokiek beren irakurketak egokitu beharko dituzte, datuak azaleko mapakoak izan daitezen.
- Aire masa. Atmosferako bolumen zabala zeinean ezaugarri fisikoen artean, batez ere tenperaturari eta hezetasunari dagokienez, desberdintasun horizontal gutxi agertzen den, eta horiek gradualak izan ohi dira. Masa batek milioika kilometro karratu dituen hedadura bat estal dezake, eta hainbat kilometroko lodiera izan dezake.
- Giro tenperatura. Irakurketa egin denean airean erregistratu den tenperatura da.
- Tenperatura maximoa. Egun batean erregistratu den tenperaturarik altuena da, eta 14:00etatik 16:00etara agertzen da.
- Tenperatura minimoa. Egun batean erregistratu den tenperaturarik baxuena da, eta 06:00etatik 08:00etara agertzen da.