Helburua: desgrabatzea
Bi urte eskas geratzen dira urte amaitzeko eta, ondorioz, errentaren gaineko aitorpena prestatzen hasteko. Lehenengo zeregina 2003an egindako diru sarrerak eta irteerak justifikatzen dituzten eta deklarazioan garrantzitsuak diren ordainagiri eta faktura guztiak biltzea izango da, erositako ondasunak, lortutako gainbalioak, ordaindutako zergak, etxebizitzarena bezalako zergen ordainketak eta, batez ere, bankuko produktuei buruzko agiriak, hala nola etxebizitzarako aurrezki kontuei, pentsio planei edota erretirorako aseguru pribatuei buruzkoak.
Are gehiago kontuan hartuta iazko urtarrilaren 1az geroztik indarrean dagoen PFEZen erreformak kasu jakin batzuetarako zergak jaistea aurreikusten duela; horien artean daude pertsona ezinduak eta hiru urte baino gutxiagoko seme-alabak dituzten gurasoak. Bide batez, kontuak ateratzeko garai ona da hau, abenduaren 31ra arte denbora badugulako zergen faktura orekatzeko eta herri altxorrera gutxiago ordaintzeko. Nola egin hori? Ikus ditzagun aukeretako batzuk, guztiak ere indarrean dagoen legediarekin bateragarriak.
Lehenik eta behin, gauza jakina denez, hainbat pertsonak ez dute errentaren gaineko aitorpena egiteko obligaziorik: 7.515 eurora arteko urteko soldata duten pertsona ezkongabeek, ezkontidea beren kargura eta bi seme-alaba dituzten eta 13.1345 eurora arte irabazten duten pertsonek, eta ezkontidea beren kargura duten eta urtean 10.600 euro baino gehiago irabazten ez duten pentsiodunek.
Etxebizitza
Elementu honi ematen dio lege berriak zerga beherapenik handiena.
- Erosi. Aurten etxebizitza bat erosi baduzu edo erostekotan bazaude, desgrabatzeko zehaztu den kopurua hori ordaintzeko aukeratu duzun moduaren araberakoa izango da: eskura ematea eta bi ordainketatan egitea erabaki baduzu, aurten soilik zati bat desgrabatuko duzu, eta bestea datorren urtean. Eskura eta dena batera edo hipoteka kreditu baten bidez ordaintzea aukeratu baduzu, berriz, gehienez ere desgrabatu ahal izango duzun diru kopurua 1.352,28 euro izango da. Erregistroko eta notariotzako gastuak kopuru horretatik kanpo daude, eta horiek ere desgrabatzen dira.
- Zaharberritu edo konpondu. Ohiko etxebizitzan egin diren eta justifika daitezkeen obrek baino ez dute desgrabatzen: “etxebizitzaren erabilera normalari eusteko helburua dutenek, baita berogailuak, igogailua eta horrelako ondasunak aldatzeak ere”. Desgraba daitekeen diru kopurua inbertitutakoaren %15 da, 9.015,18 euroko mugaraino. Konponketa horiek etxe barruan, fatxadan, hoditeriak konpontzeko, teilatuan, etab. egin daitezke. Azken kasu horretan gastuak %3ko kenkaria izateko eskubidea ematen duten gastuen artean sartuko dira, higiezina amortizatzearen kontzeptuan. Lurraren balioa ez da kontuan hartzen.
- Alokairua. Lege berriaren nobedadeetakoa da, alokairua sustatzeko helburua duena. Etxe bat hutsik izan eta alokatu egiten duenak maizterrari urteko kobratutako zenbatekoaren %50i dagokiona baino ez du ordainduko. Lehenagotik alokatuta zeuden etxeen jabeek %75i dagokiona ordaindu beharko dute.
- Hipoteka kredituak. Kenkaririk handienak mailegua gutxienez etxebizitzaren %50 denean eta lehenengo hiru urteetan kapitalaren %40 baino gehiago ez dela amortizatzen egiaztatzen denerako aurreikusten dira. Kenkariak honako hauek dira:
- Maileguaren lehenengo bi urteetan: lehenengo 4.507,59 euroen gainean %25, eta gainerakoaren gainean %15, 9.015,18 euroko mugaraino. Hirugarren urtetik aurrerako kenkaria: %20 lehenengo 4.507,59 euroen gainean, eta %15 gainerakoaren gainean, 9.015,18 euroko mugaraino. Ez bada 9.000 eurora iritsi, falta den dirua beste kreditu baten bitartez jar daiteke.
- Euskal Autonomia Erkidegoan interesak ordaintzeagatik ezartzen den kenkaria %20koa da, eta %30 arte handi daiteke 35 urte baino gutxiago dutenentzat eta familia ugarientzat, bi kasuetan ordaindutako kantitatea kontuan hartu gabe. Dagoen muga bakarra interesen ondorioz ezartzen den kenkaria eta ohiko etxebizitzan egindako inbertsioagatik ezartzen dena zerga oinarriaren %60 baino gehiagoa ez izatea da. Eta bizi bitarteko muga edo zerga kreditu bat dago, zeinaren arabera, Bizkaian eta Gipuzkoan, pertsona batek bere bizitza osoan ohiko etxebizitzagatik kendu ahal izango duena gehienez ere 30.000 euro izango den, eta 27.045,54 euro Araban. Pertsona batek Bizkaian edo Gipuzkoan 200.000 euro baino gehiago edo Araban 180.303 euro baino gehiago balio duen etxebizitza bat erosten badu, kenkaria soilik bi kantitate horiei egotzi ahal izango zaie.
Etxebizitzarako aurrezki kontua
Urtean jarritakoaren %15 ken badaiteke ere, legeak etxe bat erosteagatik lortutako kantitatea 5 edo 6 urte baino lehenago inbertitzera behartzen du, kontratua egin den erkidego autonomoaren arabera. Epea iragan eta gero, ez bada etxebizitzarik erosten, zergen kenkariak eta berandutzeagatiko interesak ordainduko dira. Gehienez ere etxebizitzarako aurrezki kontu batean sar daitekeen diru kopurua 9.015,18 euro da aitorpen bakoitzeko. EAEn etxebizitzarako aurrezki kontu bategatik gehienez ere ken daitekeen kopurua ezin da oinarri zergaren %60 baino handiagoa izan.
Herentziak.
Oinordetza eta Dohaintza Zergaren arabera arautzen dira, eta 1997tik aurrera erkidego autonomoen eskumena dira. Kantabrian %99ra arteko kenketak daude zuzeneko oinordekoentzat, eta 2004an Errioxan ere izango dituzte. Generalitateak 21 urte baino gutxiago dutenentzat horiek erabat desagertzea erabaki du.
Ama langileak seme-alabekin.
1.200 euroko kenkaria hiru urte arteko ume bakoitzeko.
Pentsio planak (EAEn Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeak)
Errentaren gaineko aitorpenean gehienez ere jar daitekeena 8.000 euro da, eta beste 1.200 euro gehiago zergadunak 52tik gora daukan urte bakoitzeko. 65 urte edo gehiago dutenentzat, kenkarirako eskubidearekin gehienez ere jar daitekeena 24.250 euro da.
Euskal Autonomia Erkidegoa:
- Ondorengoengatik emandako kenkariak handitu egin dira: urte baino gutxiagokoen kenkaria 6 urte baino gutxiagoetara zabaldu da, eta 250 eurokoa da ume bakoitzeko. Asabagatiko kenkaria asaba egoitza batean bizi denean eta zergadunak hori ordaintzen laguntzen duenean ezarriko da. Ken daitezkeen kantitateak 200 euro dira 65 urte baino gehiagokoentzat eta 400 euro 75 urtetik gorakoentzat.
- Alokairuagatiko kenkaria sinplifikatu egin da: %25 urtean 1.500 euroko mugarekin 35 urtetik beherakoentzat eta familia ugarientzat, eta %20 urteko 1.200 euroko mugarekin eta 35 urtetik gorakoentzat.
- Etxebizitzarako aurrezki kontua 6 urtera luzatu da, baina abenduaren 31 baino lehenago bueltatuz gero, dirua atera egin daiteke.
Nafarroa:
- Hirugarren seme-alabatik aurrera ondorengo bakoitzeko dagoen minimoa handitu egin da. 3 urte baino gutxiagoko haurrak izanez gero, kenkaria 1.200 eurokoa da.
- Ohiko etxebizitza erosteagatiko kenkaria %18koa da bi ume dituzten familientzat eta %30ekoa familia ugarientzat.
- 900 euro arteko kenkari berri bat sortu da 2.700 euro baino gutxiagoko alargun pentsioa jasotzen dutenentzat.