Positiboa, baina anbiguoa
Joan den irailaren 11n kontsumo ondasunen salmentaren bermeari buruzko uztailaren 10eko 23/2003 legea indarrean jarri zenetik, asko lege horren kontra azaldu dira. Lege horren arabera, kontsumo ondasun batzuen salmentaren legezko bermea bi urte arte luzatzen da, gaur egungo sei hilabeteren ordez; hala ere, bere formulazioa anbiguoa da eta kontsumitzaile elkarteak nahastu egiten ditu, izan ere uste dute egiten dituzten erosketak beti bi urtez babestuta egongo direla. Hainbat kontsumitzaile elkartek ohartarazi du lege berriak alderdi positiboak dituela baina kontsumitzaileentzat larriak diren tranpak gordetzen dituela. Era berean, uste dute kontsumitzaileei, lehen sei hilabeteak pasatzean, ondasunetan akatsak ote dauden erakusteko frogak jaso behar izateak “konpentsatu ezin daitekeen gastua eragingo diela”. Ibilgailuen sektoreak, esaterako, araudiaren alde azaldu dira, baina aitortzen dute hutsune eta termino “subjektibo” gehiegi daudela, eta ondorioz “auzi asko” eragin ditzakeela, Automobil eta Kamioi fabrikatzaileen Elkarte Nazionaleko arduradunek esanetan (ANFAC). Legearen aldarrikapen fasea luzea izan da eta dagoeneko automobilaren komertzioan inplikatutako alde guztiak aurrez aurre jarri ditu, fabrikatzailea, saltzailea, tailerra edota ordezko piezen denda. Jarritako pieza bat akastuna bada, tailerrek pieza aldatzea eskatzeaz gain, pieza horren muntatzean eta desmuntatzean aritutako laneskuaren prezioa ere erreklamatu dezake, baina ordezko piezen dendak horren kontra daude.
CONSUMER-ko legezko aholkularien taldeak Lege berria aztertu du, eta batez ere lege horren alderdi berri edo problematikoetan jarri du arreta.
Galderak eta erantzunak
Ze ondasun arautzen ditu lege honek?
Berme lege hau kontsumo pribatuko ondasun higigarriei aplikatzen zaie, kontsumo ondasunei, alegia: bai etxetresna elektrikoak bai ibilgailuak, bai eta ere altzariak, mota guztietako objektuak, edo arte obrak. Kanpoan gelditzen dira, jakina, zerbitzuak eta ondasun higiezinak.
Ze egunetan sartuko da indarrean?
Legea gure herrialdean 2003ko irailaren 11n sartu da indarrean, beraz, data hori baino lehen eskuratutako objektuek ez dute lege honen babesik.
Ze berrikuntza ditu?
Aurreko legearekiko desberdintasun nagusia produktuen bermearen epea eta bermeak irauten duen bitartean saltzaileak dituen betebeharrak dira. Horrela, kontsumo ondasun berrietan, bermea sei hilabetetik bi urtera luzatzen da, eta bigarren eskuko produktuetan, berriz, bermea urtebetekoa izango da. Produktu berri baten bermearen lehen sei hilabeteetan akatsa fabrikatik datorrela eta saltzaileak konponketa gastu guztiak (piezak, lekualdaketa, lan orduak) bere gain hartu behar dituela aurresuposatzen da. Bermearen epea eten egiten da produktua edo objektua konpontzen den bitartean.
Nola definitzen du legeak egoera onean dagoen produktu bat?
Legeak dio kontsumitzaile bat gustura sentitu behar dela eskuratu duen objektuarekin, baldin eta honako baldintza hauek betetzen baditu: produktua saltzaileak emandako deskribapenaren araberakoa izatea eta frogaketa edo modelo bidez azaldutako ezaugarriak izatea. Halaber, bat etorri behar du instrukzioen liburuan jasotakoarekin nahiz saltzaileak egin ahal izan dituen ahozko aipamenekin edo frogaketa bideo batekin. Publizitatearen edo etiketa batean jasotako oharren ohiko erabilera ere baliagarria da, bai eta produktuaren berezko ezaugarrietatik eratorritako erabilera ere. Halaber, kontsumitzaileak erabilera berezia eskatu badu eta saltzaileak eskuratutako ondasunak erabilera hori eskainiko diola ziurtatu badio, horrela izan behar du. Horrenbestez, presio eltze batek ohizko marmita batek baino azkarrago kozinatuko du.
Legeak nor behartzen du?
Legeak kontsumo ondasunen saltzaileak behartzen ditu batetik eta, azken jasotzaileak direnez, kontsumitzaileak bestetik. Hau da, lege honetatik kanpo geratzen dira partikularren arteko kontratuak, izan ere legeak saltzaile profesional baten eta kontsumitzaile baten arteko erosketa-salmenta aurreikusten du soilik.
Noiz aplikatzen da?
Lege berri hau kontsumo ondasun bat erosten den guztietan aplikatuko da, hau da, kontsumo pribatuko edozein objektu edo produktu erostean. Legea ez zaie aplikatuko auziko salerosketa batean eskuratutako ondasunei (konfiskatutako ondasunen enkantea); era berean, lege honetatik kanpo geratzen dira beren salmentarako enbasatu gabeko uraren edo gasaren banaketa.
Nora erreklama dezake kontsumitzaileak produktuak akatsa izanez gero?
Produktuaren lehen erantzulea saltzailea da. Nolanahi ere, kontsumitzaileak zuzenean jo dezake fabrikatzaile edo inportatzailearengana, saltzailearengana joatea zama bada beretzat. Adibidez, etxetik urrun izandako oporretan dendan eskainitakoari erantzuten ez dion argazki kamera digital bat eskuratu bada, kontsumitzailearentzat errazagoa da fabrikatzaile edo inportatzailearengana jotzea kamera erositako establezimendura joatea baino.
Produktuak akatsa izanez gero, ze aukera ditu kontsumitzaileak?
Produktuak adierazitako ezaugarriei erantzuten ez badie, kontsumitzaileak aukera du ondasunaren konponketaren edo bere ordezkatzearen artean aukeratzeko, hori ezinezkoa edo neurriz kanpokoa ez bada behintzat. Ordezkatzea edo aldatzea posible ez bada, edo neurriz kanpokoa bada, kontsumitzaileak prezioaren jaitsiera egokia edo kontratuaren suntsitzea (prezioa itzultzea, alegia) aukera ditzake. Kontsumitzaileak ezin izango du ondasunaren ordezkatzea eskatu bigarren eskuko ondasunen edo ordeztu ezin daitezkeen ondasunen kasuan. Esaterako, ezin da ordezkatzerik eskatu ondasuna jada fabrikatzen ez bada edo izakinik ez badago, edo bigarren eskuko ibilgailu bat eskuratzen bada; halaber, ezin da arte obra bat, antigoaleko gauza bat edo arropa diseinu esklusibo bat ordeztu, ezinezkoa delako. Ordezkatzea neurriz kanpokoa izango da objektuak erraz konpondu daitekeen akats txikia duenean.
Zenbat denbora du kontsumitzaileak erreklamazioa egiteko?
Kontsumitzaileak akatsa detektatzen duenetik bi hilabeteko epea izango du salaketa egiteko. Zentzu honetan, arazoa produktua erosi eta ondorengo sei hilabeteetan agertu bada, saltzaileak bermea gauzatu behar du, izan ere epealdi horretan segurutzat jotzen da arazoa fabrikatik datorrela. Nolanahi ere, sei hilabete horiek pasa badira, kontsumitzaileak berak frogatu behar du akatsa jatorrizkoa dela eta ez dela produktuaren erabilera okerraren ondorioa.
Zer pasatzen da konpondutako akatsa bermealdia igaro eta berriro agertzen bada?
Legeak xedatzen duenez, konpondutako ondasuna entregatu eta ondorengo sei hilabeteetan, saltzailea konponketak eragindako akatsez arduratuko da baldin eta horiek hasieran konpondutako akatsen jatorri berekoak badira. Konponketaren bermea gauzatzeko kontsumitzaileak konponketa ziurtagiria gorde behar du, bai eta bere garaian produktua konpondu zuen zerbitzu teknikoaren ziurtagiria ere.
Produktu bat konpondu edo ordezkatu ondoren berriro akatsa ematen bada, ze beste aukera ditu kontsumitzaileak?
Lege berriak aukera horiek jasotzen ditu: kontsumitzaileak produktu akastun bat horrelako beste batekin ordezkatzea eskatu bazuen, saltzaileari konponketa egitea (beti ere neurriz kanpokoa ez bada), prezioa jaistea edo dirua itzultzea eska diezaioke. Bestalde, produktu akastun baten aurrean konponketa egitea aukeratu bazen, kontsumitzaileak aldaketa, prezioa jaistea edo xahututako diru guztia itzultzea eska dezake. Hala ere Legeak ez du zehazten, aukera hori hautatzen bada, saltzaileak kontsumitzaileari zenbat diru itzuli behar dion eta prezioan ze murrizketa mota egingo dion. Horrela, salerosketan parte hartzen duten bi aldeak behartuta daude beren interesak asebeteko dituzten akordioetara iristea.
Zer egin bermatzaileak uko egiten badio konpontzeari, prezioa jaisteari edo dirua itzultzeari, baldin eta ondasunaren akatsa kontsumitzailearen erabilera okerraren ondorioa dela edo neurriz kanpoko exijentzia dela argudiatzen badu?
Lehenengo sei hilabeteen barruan bagaude, konponketa exijitu eta erreklamazio orria eskatu behar da, eta horretan tematu epaiketa egin behar bada ere. Akatsa bazegoela suposatzen da. Baina lehen sei hilabeteak pasa badira, kontrako egoeran gaude: kontsumitzaileak produktua akatsarekin eskuratu zuela frogatu beharko du. Nolanahi ere, kontsumitzaileak negoziatu egin beharko du eta ez badago ados saltzaileak eskaintzen dion jaitsierarekin, tasatzaile batengana jo dezake konponketaren ondoren produktuaren prezioa erabakitzeko eta zentzu horretan prezioaren jaitsiera eskatzeko.
Instrukzioen liburuari eta instalazio oker bati buruzko nobedadeak.
Legearen beste nobedade bat honako hau da: kontsumitzaile batek produktu bat oker erabiltzen badu instrukzioen liburua zuzena ez delako, berme legeak kontsumitzailea babesten du eta konponketa edo ordezkatzea exijitu dezake. Era berean, akatsa instalazio oker batek eragiten badu eskuliburuko instrukzioak oker daudelako edo saltzaileak bidalitako teknikariek eragin dutelako, saltzailea bera ere akatsaren erantzulea da.
Zerbitzu tekniko batera eraman eta konponketa eginez gero, zer ordaindu behar du kontsumitzaileak?
Ezer ere ez. Bermeak irauten duen epean saltzailea edo produktugilea arduratu behar da desplazamenduen, piezen eta konponketa iraupenaren kostuaz. Gainera, produktua zerbitzu teknikoan dagoen bitartean eten egiten da bermealdia. Hau da, ez da denbora pasatzen. Bestalde, bermearen aplikazioaren eskaera alde batera utzita (konponketa, aldaketa, prezioaren jaitsiera edo diruaren itzulketa), kontsumitzaileak kalte ordaina eska dezake matxurak eta konpontzen emandako denborak eragindako kalteengatik. Adibidez, erabiltzaile batek hozkailu bat eskuratzen badu eta erosi eta aste betera izorratzen bada, bermea gauzatu dadin eskatzeaz gain, erabiltzaile horrek kalte ordaina eska dezake etxetresna elektrikoaren erabilera okerrak hondatutako elikagaiengatik.
Zer da berme komertziala?
Berme komertziala da fabrikatzaileak, banatzaileak edo saltzaileak ematen dutena eta beti legeak eskainitakoa gainditu behar duena, izan ere azken hau kontsumitzaileak exijitu dezakeen gutxieneko modura ulertzen da. Enpresen marketin tresna ere bada. Edonola ere, lege berriaren bidez, berme honek hainbat baldintza bete behar ditu, hala nola zeri aplikatzen zaion argi uztea, eta berme hori duen objektua edo produktua eta berau eskaintzen duenaren izena eta helbidea adieraztea.
Bigarren eskuko ibilgailuen eta konponketa tailerren kasu berezia
Lege honek eragiten al die bigarren eskuko ibilgailuei?
Bai, bigarren eskuko produktu guztiek berme epe bat daukate, urtebetekoa gutxienez, betiere salerosketa saltzaile profesional batekin egiten bada, eta ez partikularren artean. Bigarren eskuko automobilen sektorean izan daitezkeen arazoei erantzuteko, Ibilgailu Motordunen Saltzaileen, Konponketen eta Ordezko piezen Elkarte Nazionalak (GANVAM) erabilitako ibilgailuen salerosketaren kontratu eredua prestatu du. Bertan ibilgailuari buruzko datuak agertzen dira; halaber, bere identifikazioa, lehen matrikulazioaren data, egindako eta egiteke dituen Ibilgailuen Azterketa Teknikoen azterketak eta bere erabilerari buruzko datuak agertzen dira, kilometro kopurua eta neumatikoen higadura egoera, esaterako.
Lege honek eragiten al die ibilgailuak konpontzeko tailerrei?
Legearen beste anbiguotasun bat da hauxe. Madrilgo Tailerren Elkarteak dioenez, ibilgailuak konpontzeko tailerrak “kontsumo ondasunen bermeari buruzko legearen eskumenetik kanpo daude, eta tailerren jarduera arautzen duen dekretu nazionalaren eta autonomi erkidego bakoitzak dekretu honi egindako egokitzapenen menpe daude”. Hala ere, konponketa batek pieza bat aldatzea eskatzen badu (pneumatikoak, adibidez), produktu hori berme legeari atxikitzen zaio eta saltzaileak horien erantzukizuna izan behar du.