Mikrouhin laberako palomita arto gazituak

Kaloria asko eta koipe osasungarri gutxi

1 azaroa de 2003
Img listado analisisa

Kaloria asko eta koipe osasungarri gutxi

Everta artoa, palomero edo saltarin izenez ere ezaguna, arto subespezie bakarra da beroarekin lehertzen dena, horrela hain ezagunak diren arto palomitak sortuz. Artoa mundu osoan gehien lantzen eta kontsumitzen den zerealetako bat da; gramineoen familiakoa da eta Mays espezieari dagokio. Espezie horren barruan subespezie eta barietate asko daude beren erabileraren arabera sailkatzen direnak. Gehien erabilitakoak ale zuriko artoa (azukre eta proteina asko ditu eta berekin gosaritarako zerealak egiten dira) eta almidoi gehien duen artoa dira; palomita artoak egiteko erabiltzen da azken hau.

Laborategian kontsumitzaileek etxean prestatu ditzaketen mikrouhin laberako palomita arto gazituen zortzi lagin aztertu dira. Hiru laginei dagokienez, (Poppers, Pop Up eta Act II), bakoitza ehun gramoko hiru poltsaz osatutako zorroetan saltzen zen eta gainerako bost laginak ehun gramoko poltsa bakarrean. Prezioak asko aldatzen dira: kiloa lau euro azpitik (Tuxis eta Friper) edo zazpi euro baino gehiago (Pop Up eta Micro Pop Usa).

Osagaiak

Mikrouhin laberako palomita arto gazituek osagai hauek dituzte: artoa, koipea, gatza eta, gehienetan, antioxidatzaileak. Artoaren osaera nutrizionala, espezie bera erabiltzean, antzekoa da aztertutako produktu guztietan. Horregatik, erabilitako koipe mota, koipearen eduki osoa eta profil lipidikoa aztertu ziren; hau da, gantz azido saturatu (ez osasungarri), monoinsaturatu eta poliinsaturatuen (osasungarrienak) portzentajeak eta trans gantzenak ere bai. Trans gantzak gantz saturatuak baino txarragoak dira eta landare koipeen hidrogenazio prozesuan agertzen dira. Era berean, errautsen portzentajea eta gatz arruntaren edukia (sodio kloruroa) aztertu zen. Balioak etiketetako instrukzioak jarraituz produktua presatu ondoren lortu dira. Beraz, kopuruak produktua prestatu ondoren ahoratzen direnak dira; poltsan koipe eta gatz pixka bat gelditzen da.

Ehun gramo artok 65 gramo karbohidrato ditu (batez ere almidoia, hidrato konplexua dena) 9 bat gramo proteina eta 4 gramo lipido. Bitaminen kopurua ez da aipagarria. Mineraletan nagusi potasioa, fosforoa eta magnesioa dira; sodio kopuru txikia ere badute, handitu egiten dena, kasu honetan bezala, gatza botatzen zaienean. Irin errefinatuarekin eta azukre sinplearekin egindako bestelako aperitiboekin alderatuz gero, palomita artoek zuntz kopuru deigarria dute, %2,2 hain zuzen.

Baina palomita artoen osaera asko aldatzen da jatorrizko alearekin alderatuz gero. Gehitutako osagaiek dute errua: koipea, gatza eta aditiboak. Horrela, prestatuta dauden palomita arto gazituen ehun gramok 500 bat kaloria ematen dute, eta koipe edukia arto aleak zuen %4tik %19 eta %27raino igotzen da prestatuta jaten direnean. Landare koipea da, kasu guztietan.

Palomita arto gazituak direnez, gatz kopurua prestatutako produktuan handia da, %1,3koa Act II eta Poppers-en, eta %2,6koa Dedebó Snacks-en. Kontuan hartu behar dute hori arazo kardiobaskularrak edo hipertentsioa dutenek.

Aditiboei dagokienez, osagaien zerrenden arabera, Friper eta Act II dira horiek gehitzen ez dituzten bakarrak, beharbada beren landare koipe hidrogenatuek produktua hobeto kontserbatzen dutelako. Gainerako seiek antioxidatzaileak erabiltzen dituzte, horrela palomita artoak koipe garraztea eta kolore aldaketa posibleak saihesten ditu. Micro Pop Usa, Tuxis, Poppers, Pop Up eta Dedebó Snacks-ek bi antioxidatzaile erabiltzen dituzte: E-304 (gantz azido askorbikoko esterrak) eta E-306 (tokoferol asko duen estraktua); bitartean, Popitasek bakarra darabil: E-330 (azido zitrikoa).
Artoak ez du glutenik, horrela pertsona zeliakoek palomita artoak jan ditzakete.

Landare koipea da, ez ordea osasungarria.

Palomita arto hauei koipea gehitzen zaie beren ezaugarri organoleptikoak hobetzeko, zaporea batez ere. Gehitze horrek, produktuak kaloria gehiago izatea bultzatzeaz gain, beste ondorio batzuk ere baditu. Jakin badakigu animali koipeak ez direla osasungarriak gehiegi hartzen badira, izan ere gantz azido saturatuak dituzte eta horiek gaixotasun kardiobaskularrak sortzen dituzte. Hala ere, badira landare koipe txarragoak (palma, palmistea, kokoa, koltza) gantz saturatu asko dutelako. Aztertutako laginetako bakar batek ere ez du animali koiperik erabiltzen, baina seik palma olioa darabilte; horrela, gantz saturatuak (koipe osoaren %50 gutxi gorabehera) maila osasungarria gainditzen du (%30-%35 artean). Beste bi laginek (Act II eta Friper) erabilitako koipea “landare olio hidrogenatua” da. Hidrogenazioaren bidez, giro tenperaturan likidoak diren oliba, ekilore eta soja landare olioak solidotu eta igurzteko moduan jarri daitezke. Prozesu fisiko-kimiko honek (hidrogenozko molekulak landare olioan sartzea) olioaren gantz insaturatuak saturatu bilakatzen ditu eta, gainera, trans izeneko beste gantz azidoak sortzen ditu; horiek gure organismoan antzeko eragina dute, baina gantz saturatuak baino kaltegarriagoak dira. “Koipe ona” eta “koipe txarra”ren arteko desberdintasuna odolean kolesterol maila aldatzeko duten gaitasunaren araberakoa da.

Mikrouhin laberako palomita arto hauen profil lipidikora (koipeen banaketa) gerturatzeko, hala zegokionean lagin bakoitzean gantz saturatuen eta trans gantz azidoen proportzioa gehitu da. Koipe osasungarrietan eskasenak Act II (saturatuen eta transen artean %69 osatzen dute) eta Friper (%57) dira; gainerakoetan, berriz, (ez dute trans izeneko gantzik hidrogenazioa eman ez delako) saturatuak %50 dira, gutxi gorabehera. Desberdintasun nabarmenak izan arren, zortzi laginen profil lipidikoa ez da osasungarria, izan ere ez da komenigarria gantz saturatuek koipe osoaren %35 gainditzea. Hala ere, palomita arto guztiek ez dute antzeko koipe kopurua. Hain zuzen, profil lipidiko txarrena duten biak dira koipetsuenak: Act II eta Friper-ek %26tik gora dute koipea, Dedebó Snacks, Micro Pop Usa eta Popitasek, ordea, ez dute %20 gainditzen.

Etiketatua asko hobetu daiteke

Zortzi laginen etiketatua aztertzerakoan (produktu honetarako araudi espezifikorik ez dagoenez orokorra aplikatu da), irregulartasunak somatu ziren. Micro Pop Usa eta Pop Up soilik egokitzen dira erabat araudira.
Poppers-ek ez du fabrikatzailearen helbidea adierazten; Popitas, Tuxis, Friper, Act II eta Dedebó Snacks-ek ez dute gatz kopurua adierazten horrela egin beharko luketenean, izan ere gatza gehitu dutela esaten dute; eta, azkenik, Friper eta Act II-k ikus eremu horretan ez dute adierazten salmenta izena, pisu garbia eta kontsumitzeko data egokia. Gainera, badira beharrezkoak ez diren beste ohar batzuk produktu horien informazioa hobetuko luketenak. Osagaien zerrendan, sei laginek “landare olioa” aipatzen dute soilik, eta kontsumitzaileari nahasgarri gerta dakioke, izan ere animali koipea ez denez landare koipe hori osasunarentzat ona dela pentsa dezake, eta ez da beti horrela izaten. Landare olioen artean monoinsaturatuak (oliba olioa) eta poliinsaturatuak (ekilorea) daude; biak dira osasungarriak, baina horiekin batera gantz saturatuak (palma, palmistea, kokoa eta koltza) eta hidrogenatuak daude, eta gehiegi hartuz gero osasunarentzat kaltegarri dira. Hori dela eta, komenigarria litzateke fabrikatzaileek erabilitako landare koipe mota adieraziko balute. Baina badira, halaber, alderdi positiboak: Friper izan ezik, osaera nutrizionalaren berri ematen dute (ez da beharrezkoa) eta etiketatu guztiek zorroen “puntu berdea” jasotzen dute, bere bilketa erraztu eta birziklatzeko gestio sistemarekin lotutakoa.

Palomita arto hauen osagaietan, genetikoki aldatzeko aukera gehiena dutenak artoa eta antioxidatzaileak dira. Zortzi laginei egindako azterketa espezifikoak erakutsitakoaren arabera, inork ez zuen osagai transgenikorik.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Mikrouhin laberako palomita arto gazituen zortzi lagin aztertu dira. Bost 100 gramoko banakako zorroetan saltzen dira eta hiru 3 zorroko kaxa batean, zorro bakoitza 100 gramokoa.
  • Merkeenak Tuxis eta Friper dira, kiloak 4 euro baino gutxiago balio du; garestienak, berriz, Pop Up eta Micro Pop Usa dira, kiloak 7 euro baino gehiago balio du.
  • Zortzi laginetatik bik bakarrik dute araudiaren araberako etiketatua.
  • Bakar batek ere ez du osagai transgenikorik.
  • Ohiko kontsumoa ez da gomendagarria: oso energetikoak dira (500 bat kaloria ehun gramoko), gatz dezente eta koipe asko dute (%19-%26); koipean, gainera, osasunarentzat onak ez diren gantz azidoak dira nagusi (saturatuak eta trans izenekoak).
  • Sei laginek palma olioa erabiltzen dute: landare olio saturatua da eta oliba olioa eta ekilore olioa baino txarragoa da. Beste biek (Friper eta Act II) “landare olio hidrogenatua” erabiltzen dute eta, horrenbestez, koipe ez osasungarriak (hidrogenazioan gantz saturatuak eta trans gantz azidoak sortzen dira, eta gure organismoan antzera jokatzen dute) gehiago dira gainerako laginetan baino.
  • Palomita artoak probatzerakoan, desberdintasunak txikiak izan ziren eta lagin bakar bat ere ez zen 5,8 puntutik jaitsi. Gustukoenak, Pop Up eta Micro Pop Usa, garestienak izan ziren eta 6,7 puntu lortu zuten.
  • Kalitate-prezioari dagokionez hoberena Tuxis izan zen, merkeena. Etiketatua hobetu beharrean dago.
Mikrouhin laberako palomita arto gazituak
Marka TUXIS POPPERS DEDEBÓ SNACKS POPITAS
Formatua (gramoak) 100 3 x 100 100 100
Prezioa (euro/kiloa) 3,2 4,57 4,7 7
Etiketatua Ez zuzena Ez zuzena Ez zuzena Ez zuzena
Koipea guztira (%) 20,9 23,9 18,9 20,0
Saturatuak + trans (%)1 50,2 50,4 49,5 52,2
Mono- insaturatuak (%) 2 39,7 39,4 40,0 38,4
Poli- insaturatuak (%) 2 10,1 10,1 10,5 9,4
Koipe mota3 Palma Palma Palma Palma
Errautsak (%)4 3 2,4 4,2 2,9
Gatz arrunta (%) 1,9 1,3 2,6 1,6
OGM 5 Ez Ez Ez Ez
Probaketa (1etik 9ra) 6,2 6,4 6,1 5,9
Marka POP UP MICRO POP USA ACT II FRIPER
Formatua (gramoak) 3 x 100 100 3 x 100 100
Prezioa (euro/kiloa) 7,4 8,4 7 3,9
Etiketatua Zuzena Zuzena Ez zuzena Ez zuzena
Koipea guztira (%) 23,4 19,3 26,8 26,4
Saturatuak + trans (%)1 50,0 49,7 69,1 57,1
Mono- insaturatuak (%) 2 39,8 39,8 30,9 42,9
Poli- insaturatuak (%) 2 10,2 10,5 Ez dauka Ez dauka
Koipe mota3 Palma Palma Landare olio hidrogenatua Landare olio hidrogenatua
Errautsak (%)4 3,6 3,2 2,7 3,1
Gatz arrunta (%) 1,9 1,8 1,3 1,9
OGM 5 Ez Ez Ez Ez
Probaketa (1etik 9ra) 6,7 6,7 5,9 5,8

(1) Koipe saturatuen eta transen batura. Molekula horiek kimikoki desberdinak izan arren, taulan sartu dira koipe saturatuak gehiegi hartuz gero osasunarentzat txarrak direlako eta trans koipeak kopuru txikietan ere gomendagarriak ez direlako.

(2) Koipe monoinsaturatuak eta poliinsaturatuak osasungarriak dira gure organismoarentzat.

(3) Koipe mota: lagin guztiek erabiltzen dute landare jatorriko koipea, baina palma eta olio hidrogenatuarena, biak ere gehiegi hartuz gero gure osasunari komeni ez zaizkionak.

(4) Errautsak: mineralen gutxi gorabeherako edukia adierazten dute.

(5) OGM: Genetikoki Eraldatutako Organismoak. Azterketa espezifiko bidez ikusi zen horrelakorik ba ote zegoen edo ez.

Banan-banan

Banan-banan, mikrouhin laberako palomita artoen zortzi lagin

TUXIS

  • Kiloa 3,2 eurotan dago.
  • Merkeenak dira. Kalitate-prezio hoberena du. Etiketatu desegokia. Landare olioa darabil baina palmarena (batez ere saturatua), gehiegi hartuz gero osasunarentzat kaltegarria dena. Antioxidatzaileak ere baditu (E-306 eta E-304). Probatzerakoan, 9 puntutik 6,2 lortu ditu: “gatz puntua” eta “zapore bizia”gatik goretsi dira.

POPPERS

  • 4,57 euro/kiloa. Beste aukera interesgarri bat.
  • Etiketatu desegokia. Landare olioa darabil baina palmarena (batez ere saturatua), gehiegi hartuz gero osasunarentzat kaltegarria dena. Gatz gutxien duena (%1,3). Antioxidatzaileak ditu.
  • Probatzerakoan, bigarren hoberena 6,4 punturekin: itxura goretsi da, baina “zapore urria” eta “gatz eskasia” kritikatu dira.

DEDEBO SNACKS

  • 4,70 euro/kiloa
  • Etiketatu desegokia. Landare olioa darabil baina palmarena (batez ere saturatua), gehiegi hartuz gero osasunarentzat kaltegarria dena. Koipe gutxien (%18,9) eta gatz gehien duena (%2,6). Antioxidatzaileak ditu.
  • Probatzerakoan 6,1 puntu lortu ditu: gatz gehien dute, eta hori kontsumitzaile batzuek gustuko dute eta beste batzuek ez.

POPITAS

  • 7 euro/kiloa.
  • Etiketatu desegokia. Landare olioa darabil baina palmarena (batez ere saturatua), gehiegi hartuz gero osasunarentzat kaltegarria dena. Gantz saturatu gehien duena (koipe osoaren %52,2). Antioxidatzaile bat du.
  • Probatzerakoan, bigarren txarrenak atera dira, 5,9 punturekin: itxura goresten zaio, baina “kurruska gutxi” egiten dutelako eta “bigunak” direlako kritikatu dira. Azken postuetan dago hondar zaporeari dagokionez.

POP UP

  • 7,4 euro/kiloa, bigarren garestienak. Landare olioa darabil baina palmarena (batez ere saturatua), gehiegi hartuz gero osasunarentzat kaltegarria dena. Antioxidatzaileak ditu.
  • Probatzerakoan, kalifikazio hoberena lortu du, 6,7 punturekin: “itxura” eta “gatz puntua” goresten zaio baina azken postuetan dago hondar zaporeari dagokionez.

MICRO POP USA

  • Albergue de pertusa
    8,4 euro/kiloa, garestienak.
  • Landare olioa darabil, baina palmarena (batez ere saturatua), gehiegi hartuz gero osasunarentzat kaltegarria dena. Koipe kopuru txikia (%19,3). Antioxidatzaileak ditu.
  • Probatzerakoan kalifikazio hoberena lortu du, 6,7 punturekin: itxura, “gatz puntua”, “zapore bizia” eta “testura kurruskaria” goretsi zaizkio.

ACT II

  • 7 euro/kiloa
  • Etiketatu desegokia. Koipe gehien dutenak (%26,8). Landare olio hidrogenatua erabiltzen du. Gantz azidoen profil txarrena duena, osasungarriak ez diren gantz azido gehien dituena baita: gantz saturatuak eta trans izenekoak batuz gero, koipe osoaren %69 osatzen dute. Gatz gutxien dutenak dira (%1,3). Probatzerakoan bigarren txarrenak atera dira, 5,9 punturekin: “gatz puntua” eta “zapore bizia” goretsi dira, baina azken postuetan dago hondar zaporeari dagokionez.

FRIPER

  • 3,9 euro/kiloa, bigarren merkeenak.
  • Etiketatu desegokia. Landare olioa erabiltzen du, baina hidrogenatua. Koipe gehien duten bigarrenak dira (%26,4). Bigarrena da osasungarriak ez diren gantz azidoen profilari dagokionez: saturatuak eta trans izenekoak batuz gero, koipe osoaren %57 osatzen dute.
  • Probatzerakoan txarrenak atera dira, 5,8 punturekin. “Hondar zaporea”n okerrena, baina itxura goretsi da.