Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Ingurumen arazoa baino gehiago

Ingurumenean ez ezik, sistema sozial eta ekonomikoetan ere badu eragina

  Desertizazio terminoa 1949an asmatu zuen Afrika mendebaldean lan egiten zuen basozain frantziar batek, Saharako basamortuaren alboan gertatzen zen gune hezeetako basoetan hondamen graduala deskribatzeko. Landarea azkenean desagertu egiten zela ikusi zuen eta ingurua gero eta basamortuago bihurtzen zela. Hala ere, 70eko hamarkadaren hasierara arte itxoin behar izan zen, hain zuzen ere Saharatik hegoaldera dagoen gune bateko lehorte izugarriaren ondorioz 200.000 pertsona baino gehiago goseak hil ziren arte, erakunde ofizialek fenomeno horri berehala era bateratuan aurre egiteko beharra bere gain hartu arte. Beraz, era globalean kontuan hartuko zen lehen ingurumen arazoa izateko "ohorea" izan zuen desertizazioak . Ordutik aurrera gero eta arrisku handiagoa dago eta konponbideak zailagoak dira. Tragedia haren ondorioz, 1977an Desertizazioaren Aurkako Nazio Batuen Nazioarteko Lehen Konferentzia antolatu zen Nairobin (Kenian) eta Desertizazioaren Aurka egiteko Ekintza Planaren ildo nagusiak finkatu ziren, mundu mailako eremu batean ekintzak egitea helburu harturik. Neurri gutxi hartu zen eta 1994an, Nazio Batuen Ingurumenari buruzko Konferentzia egin eta urtebetera, Batzar Orokorrak Desertizazioari aurre egiteko Nazio Batuen Erakundearen Konbentzioaren arauak onartu zituen, 18 hilabeteko lanaren ondoren. 1996ko abenduaren 26an sartu zen indarrean eta 50 herrialdek berretsi zuten, Espainiako estatuak tartean; gaur egun 100 herrialdek onartu dute dagoeneko.

Mundu guztian du eragina

Akordioaren lehen puntuak desertizazio, edo desertifikazio edo basamortutzearen definizioa jasotzen du, hau da, eskualde idor, erdi idor eta hezetasun gutxikoetan lurrak jasaten duen degradazioa, hainbat faktorek eragina, klimaren gorabeherek eta gizakiaren jarduerek besteak beste. Lurraren degradrenazioa barruan lurzoruaren degradazioa, ur-baliabideena, landaretzarena eta bertako biztanleriaren bizitza kalitatea txartzea sartzen dira. Azken batean, mundu guztiko lur idorretan eragina duten prozesuei egin behar litzaieke aurre eta prozesu horien barruan sartzen dira urak eta haizeak eragindako erosioa, agente bi horiek sortutako sedimentazioa, epe luzera berezko landaretzaren aniztasuna gutxitzea eta lurzorua gazitzea.

Lurraren azaleraren %30 baino gehiago desertizazioa jasateko arriskua duten guneek osatzen dute. Horietan mila milioi pertsona inguru bizi dira, baina kalterik handiena Afrikako herrialdeek, Asia ekialde eta hegoaldeko zenbait gunek eta Hego Amerikak jasaten dute. Europan badirudi garrantzi gutxi duela arazoak eta mediterraneo aldeko gune batzuetara (Italia eta Espainia), Kaspiar itsasoaren iparraldea eta Kanariar irletara mugatzen dela; baina ez da ahaztu behar latitude altuagoetan ere gertatzen dela, nekazaritza intentsiborako lursaila gehiegi erabiltzearen eta turismoaren eraginez batez ere. Kontuan izan behar da basamortutzeak ingurumenarekin ez ezik, sistema sozial eta ekonomikoetan ere baduela eragina. Ingurumenean duen eragin nagusia fauna eta landaretza suntsitzea den arren, ur-baliabideak nabarmen gutxitzeak eta lurraren hondamen fisiko eta kimikoak produkzio gaitasuna dezente galtzea dakar eta horrek aldaketa sozialak eragiten ditu (migrazioak esaterako), eta ondorioz familiak desegituratu eta hiri-guneetan eragin larriak izaten dira, pertsonak hirietara joaten baitira bizi-baldintza hobeen bila.

Gizakiak ere eragiten du desertizazioa

Uraren galera ez da, beraz, klima aldaketen ondorioz bakarrik gertatzen, lursail bat basamortu bihurtzeko erarik zaharrena herrien biziraupenari loturik baitago eta gizakiak berak sortzen du. Gehiegizko larratzeak, hau da, larretarako erabiltzen den azalera batean ganadu larregi edukitzeak, espezie jangarriak galtzea eragiten du eta, ondorioz, jangarri ez diren espezieak haztea. Artzaintzaren larregiko presio horrek jarraitu egiten badu, landare-estalkia galtzeak lurraren erosioa ekar dezake. Arrazoi horri oso loturik dago larregizko ustiakuntza, nutrienteak galdu eta erosioaren ondorioz lurzorua agortzea eragiten duena. Lurrak lugorri uzten diren aldiak laburtzen badira, hau da, inolako landaketarik egin gabe denbora gutxiagoz uzten badira edo lurzorua orokorrean galtzea eragiten duten teknika mekanikoak larregi erabiltzen badira, lur antzuak eta lehorrak izango dira etorkizunean. Nekazaritzarako lurrak edo larreak egiteko edo, batez ere, su-egurra ateratzeko zuhaitz larregi botatzea ere lur lehorretako ezaugarria izaten da eta horren eraginez, garapen bidean diren herrialdeetan eskualde handietan (Sahel inguruan Afrikan adibidez) ez da zuhaitzik izaten hirien inguru guztian. Lurzorua gazitzea, berriz, garatu gabeko nekazaritzako teknikak eta praktika desegokiak erabiltzearen ondorio zuzena da eta horri ureztatzeko programen gestio txarra eransten bazaio, lurraren heriotza gertatzen da zuzenean. Faktore horiek guztiek lotura zuzena dute gizakia Lurrean egotearekin, baina azken mendean gizakiaren beste jarduera bat gehitu zaio, oso suntsitzailea: turismoa, eta batez ere turismoa hartzeko hirigintza aldetik egiten den prestakuntza. Ez da arraroa leku beroetan basamortuko oasia diruditen eraikin multzoak aurkitzea. Naturak lur hektarea asko hornitzeko bideratzen dituen urak (kasu askotan lurpekoak) metro karratu gutxi batzuetarako kanalizatzen dira, gainerako lurren kaltetan.

Konponbide bila

Azken hamarkadan mundu mailako biltzar eta bilera ugari egin da desertizazioaren ondorio suntsitzaileak arintzeko ekintzak bilatzeko. Azken ondorioetan aitortzen denez, itxaropen handiegia izan da desertizazio arazoentzat izango ziren konponbide teknikoengan eta horretaz ohartzean, azken urteotan ikusmolde berriak jarri dira lur lehorren degradazioari aurre egiteko. 90eko hamarkadan "basamortuen inguruko gune berdeak" eta antzeko proposamenak entzun baziren, gaur egun beste bide batzuk azpimarratzen dira, hala nola tokian tokiko komunitateen partehartzea, ingurumen arloko estresa (adibidez lehortea) bizi dugun garai hauetan estrategia tradizionalak berriro ezartzeko premia, eta gobernuek nekazaritza guneetan bizi den jendea baztertzeak dakartzan arazoez ohartzeko beharra, gobernuek hirietan izaten baitute egoitza. Arazoari aurre egiteko era berri bat da: lur lehorretako baliabideen erabilera jasangarria bultzatzerakoan fisikoak ez diren faktoreak kontuan izatea eta konponbideak itun teoriko eta basogintza eta nekazaritzako praktiketara ez mugatzea. Neurri horiekin erakunde ekologisten betiko eskaera bati erantzuten zaio: basogintza edo landaretza berreskuratzeko plan bat egitearekin batera, arazoa eskualde lehorretan edo laster herrialde lehor izan daitezkeenetan bizi diren herrien interesak ere kontuan har daitezela.

Kontsumitzaile baten ekintza txikiak

Desertizazioa bezain arazo larrietan ez dago herritarren esku konponbideak jartzea. 1998ko azaroan Bartzelonan bildu ziren Mediterraneoaren aldeko Gobernu Kanpoko Erakundeei ere zaila egin zitzaien mare nostrum-aren eta itsasertz guztien garapen jasangarria bultzatzeko ekimenak zehaztea. Topaketaren ondoren egin zuten Adierazpenean, bitan laburtu zituzten desertizazioaren aurka egiteko lehentasunezko ekintzak: lehena, "2002 urtea baino lehen mediterraneoko estatu bakoitzaren mailan erosoaren eta desertizazioaren aurkako estrategia bat onartzea, desertizazioari aurre egiteko Hitzarmenean oinarrituta, eta eskualde eta herri mailako programak egitea, inplikaturiko sektore guztien partaidetzarekin, GKEekin bereziki". Bigarrenak, berriz, erosio eta desertizazioaren aurkako ekintza planak gainerako programen barruan integraturik egotea lortu nahi zuen: elikadurako segurtasuna eta pobreziaren aurkako borroka, uraren gestio integratua, aniztasun biologikoa babesteko eta klimaren aldaketa bultzatzen duten programen barruan alegia. Baina herritarrarengandik hurbilago daude, Bioaniztasunaren eta ingurumenaren aldeko neurri jakinez gain, eta horiek elkarrekin harremanetan direla eta garapen jasangarriaren bila, erakunde ekologistak bat datoz honako hauek esatean: desertizazioa arintzea lortzeko ezinbestekoa dela uraren erabilera ona egitea eta, batez ere, zur tropikal eta exotikoen kontsumoa arrazionalizatzea eta produktu horiek erostean etiketan NBEaren Itunak eskaturiko kontrolak pasa direla egiaztatzen duten etiketa esigitzea. Premisa horrek urrutikoa dirudi, baina horrexek lotzen du gehien mendebaldeko mundua basamortu bihurtzeko arriskuan diren gune handietako arazoarekin.

Gai horri buruzko Consumerreko artikuluak:
Etorkizun gardenagorantz (99ko urria. Ingurugiroa)
Negutegi efektua (99ko azaroa. Ingurugiroa)
Zuhaitzak, zaindu beharreko altxorra (2000ko maiatza. Ingurugiroa)
Istingak. (2000ko urria. Ingurugiroa)
Bioaniztasuna (2001eko urtarrila. Ingurugiroa)



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto