Zer esan nahi du globalizazioak herritarrarentzat eta zeintzuk ditu aktore nagusi?
Gaur egungo dinamikan, gero eta herrialde gehiagok gero eta produktu, zerbitzu eta jarduera gehiago trukatzen du komertzialki. Mugak ireki egin zaizkie atzerriko produktuei, produktu horiek integratu egin dira merkatu lokalean eta horren ondorioz, truke librea areagotzen duen mugimendua bihurtu da globalizazioa. Baina hori teorian baino ez da gertatzen, zeren errealitatean, indarrik handiena merkatu finantzarioek baitute eta horixe da globalizazioaren benetako motorra. Finantzen arloko globalizazioa da globalizazio ekonomikoa baino gehiago eta finantza merkatuak daude erdian eta, beraz, agente finantzarioak: multinazional handiak, Burtsa, Mundu Bankua, 7 indartsuenen Taldea, Merkataritzaren Mundu mailako Erakundea …
Globalizazioak uzten du zirrikiturik planetako herrialde pobreenak ekonomikoki eta sozialki gara daitezen?
Teorian bai, baina globalizazioak merkatuaren logikaren arabera funtzionatzen du. Moral aldetik, hori ez da ez txarra ez ona, baina merkatuak solaskide kaudimendunekin bakarrik funtzionatzen du eta kaudimenik ez dutenak ez dira integratzen. Merkatuari egoera hori ez zaio axola. Horixe da arazoa. Azkenean, daukatenen eta ez daukaten artean bereiztu da gizartea eta horrela, garatzen diren herrialdeei begira dago merkatua eta garatzen ez direnak ahaztu egiten ditu. Horren ondorioz, merkatuaren etsai handia Estatua dela dioen ideia atzera geratzen da eta Estatuak gero eta aukera gutxiago du ahalmen ekonomikorik ez duten pertsonei arreta eskaintzeko. Merkatuak ahalegin berezia egiten du Estatua gero eta txikiagoa izan dadin, aurrekontu txikiagoa izan dezan eta funtzionario gutxiago izan ditzan. Horrela, gero eta lan gutxiago egin ahal izango du ospitaleak, eskolak eta ezer ez dutenentzako azpiegiturak sortzen; beste hitz batzuekin esanda, definizioz errentagarri izan ezin diren sistemak dira horiek, merkatuan ez daudenen beharrak asetzera zuzentzen direlako. Herrialde pobreetan bitartekoak dituzten pertsonekin funtzionatzen du merkatuak, gutxiengoarekin beraz, eta horrek esan nahi du gero eta pobre gehiago dagoela. Horregatik, aurrerapena benetan non dagoen galde diezaiokegu geure buruari.
Kanpo zorra zenbateraino da harlauza astun bat garapen bidean diren herrialdeentzat eta nola konpon liteke zor hori barkatzea?
Kanpo zorraren arazoa ondorengoa da: Zuk etxebizitza bat erosteko 10 milioiko mailegua eskatzen duzu, %5eko interesarekin, baina handik hiru hilabetera interesa %8ra igo dizula esaten dizu banketxeak eta zuk ez duzu kexatzeko aukerarik. 6 hilabetera, %20ra igotzen dira interesak eta, beraz, eskatu zenuen mailegua ordain zenezakeen, baina hau dagoeneko ezin duzu ordaindu. Horrela, bizi guztian ere ordaindu ezinik geratzen zara. Horixe gertatu da kanpo zorrarekin ere. Mailegu-tasa aldakorrekin egin da eta indizeak etengabe hazi dira; eta, beraz, harlauza baino gehiago, panteoia dute gainean herrialde pobreek. Kanpo zorra barkatzea oso onuragarri litzateke herrialde horientzat. Orain beharturik daude esportatzera, kanpo zorraren interesak ordaintzeko dibisak lortu ahal izateko. Era horretan erabat kanpoko merkataritzara begira dago herrialde hori eta ezinezko du barne merkatuaz arduratzea. Zorra ordaindu beharra duenez eta presazkoena horixe denez, aurrekontu orokorren %80 edo %100ekoa baino zor handiagoa duten herrialde horietan Estatuak ezin du herriarentzat lan egin. Azken batean, gizateriaren erdia zorpean dauden herrialdeetan bizi da eta, beraz, 3.000 milioi pertsona ez dira pobrezia egoera horretatik aterako kanpo zorra kitatzen ez duen bitartean.
Belaunaldi bakoitzak utopia baten alde borroka egin behar izaten du. Globalizazioaren aurkako gaur egungo protesta ekintzak parekatu ote daitezke 68ko Maiatza, hippiak, arrazakeriaren aurkako aldarrikapenak, Vietnameko gerraren aurkako kritika edo Pragako Udaberriarekin?
Kritika-ekintzak dira, baina beste oinarri batzuen gainean eginak. 68ko Maiatzekoa gainprodukzioaren aurkako kritika izan zen, lan gehiegiaren aurkakoa eta gizabanakoa eta gizartea berreskuratu nahi zituen botere politikoaren aurrean. Orain, botere ekonomikoaren aurka egin behar dute mugimenduek. Globalizazioaren aurka dagoenak onartzen ditu merkatu globalaren ezaugarriak, baina gizartearen zati handi bat baztertzen ari garela gogorarazten du: herrialde aberatsetan pobreak oso estatutu baztertzaileekin integratzen direlako, eta Hegoaldeko herrialdeetan, merkatuak ahaztu egiten baititu interesatzen ez zaizkionak, adibidez gutxiengo etnikoak, analfabetoak, nekazariak, indigenak…. Eta aldarrikapen horiek izaera ekologikoa dutenekin batera egiten dira, izan ere, gaur egungo sistemak duen garapen mailarekin, planeta suntsitu egiten da kontsumoari begira larregi ustiatuz eta aldi berean, kontsumitzaileak kutsatu edo pozoitu egiten ditu azkenean. Bi kritika horiek berriak dira eta duela denbora gutxi arte kritika intelektual hutsa izan dira. Baina orain protesta egiten da eta politikaren erantzukizuna dutenen aurrean antolatzen diren taldeen oinarriaren gainean egiten dira kritikak; baina erantzuleak ez dira gobernuak. Globalizazioaren aurka daudenak ez doaz Estatuen aurka, globalizazioaren ardura duten nazioarteko erakundeen aurka baizik: Munduko Bankua, Merkataritzaren Mundu mailako Erakundea…
Ekintza horiek, eta Bidezko Merkataritza, kooperazio kanpainak edo garapenerako GKEen lana, eraginkorrak dira herrialde pobreetan garapena bultzatzeko?
Erakunde asko ekintza zuzentzaileak egiten ari da eta ukaezina den justizia sentimendu batetik abiatzen dira. Batzuen politika beste batzuena baino egoistagoa da, baina Hirugarren Munduan lan erreala eta positiboa egiten dute eta baita herrialde garatuetan ere, desberdintasun handiak baitaude oraindik lehen munduan ere.
Ekintza kolektiboez hitz egin dugu; baina nola definituko zenuke herrialde garatu bateko herritarra konpromiso, askatasun edo kontsumismoa bezalako parametroetan edo norbere iritziei eusteari dagokionez?
Protesta taldeak herrialde garatuetan jaiotzen dira. 1999ko abenduan Seattle-eko bilera egin zenetik, gero eta pertsona gehiagok sentitzen du bere kontzientzian gauzak aldatzeko beharra. Eta itxura guztien arabera, hazi egingo da talde hori. Gure gizartean kontzientzia handia hartu da, uste dugun baino gehiago.
Hedabideak dira zure tesi eta ikerketen ardatz nagusienetako bat. Zenbaterainoko botere erreala dute hedabideek gure gizartean?
Hedabideek gero eta garrantzi handiagoa dute. Lehenik industria gisa, mass media baita gaur egungo industria astuna. Hein handi batean, komunikaziorako teknologien mutazioak, gizartearen informatizazioak eta informazioaren autopistak sortu dituen iraultza teknologikoak eragin dute globalizazioa. Bistan denez, komunikazioarekin lotutako jarduerek sekulako eraldakuntza izan dute. Gaur egun iada ez dago sektore espezializaturik; komunikazio idatziarekin, irudiarekin eat hitzezkoarekin zerikusirik duen guztia enpresa handietan kontzentratu da eta enpresa horiek industria tradizionalarekin lotura handiagoa duten jarduerak batzen dizkiote irudiari, testuari eta soinuari, adibidez telefonia, elektrizitatea edo informatika eta, beraz, dena integratu egiten da azkenean. Horrek munstro enpresarialak sortzea eragiten du, botere ekonomiko eta mediatikoaren arteko itunetatik sortutako munstroak, hedabideen boterea botere-eskaleren barruan sartu baitute. Globalizazioaren markoan, botere ekonomikoa da lehen boterea, finantzarioa bereziki, baina mediatiko edo hedabideena da bigarrena.
Internet ere ohiko gaia da zure saiakeretan. Zer eragin du Sareak iritzi publikoa sortzeko?
Internetek oso leku garrantzitsua du informazio, kultura eta ezagutzaren elkartrukean. Abantaila ukaezinak eskaintzen ditu, adibidez teknologia berriak edozeinen eskura izatea, oso erraz erabiltzea eta Sarea erabiltzea nahiko merkea baita. Gainera, munduko edozein bazterretako informazio-hobietara iristeko aukera ematen digu eta iturriak izugarriak dira. Baina hori herrialde garatuei bakarrik aplika dakieke. Ponderaziorako bi gogoeta egitea komeni da. Lehena: Internetek oso azkar informazio asko jasotzeko aukera ematen du, baina Internet erabiltzeko behar den ekipamendua moteltzen ari da, bereziki Hegoaldeko herrialdeetan. UNESCOren arabera, Interneten erabiltzaileak ez dira planetan bizi diren gizakien %5 baino gehiago. Horrek ez du zerikusirik Internetekin berarekin, baina Interneten onurez baliatu ahal izateko irakurtzen eta idazten jakin behar da lehenik eta munduan 1.000 milioi pertsona analfabetoak dira oraindik. Garatzeko, Internetek elektrizitatea behar du eta gizadiaren heren batek ez du argindarrik; eta telefonoa, eta gizadiaren erdiak ez du telefono-linearik. Azken batean, aurreko iraultza gozatu zutenei bakarrik egingo die mesede Internetek, aurreko iraultzak azpiegiturak ekarri baitzizkien. Herrialde gehienak ez daude prestaturik onura horiek aprobetxatzeko. Eta esan egin behar da, azpiegitura horiek eraiki egin behar baitira, eta ikusi egin beharko da nor dagoen prest instalazioa ordaindu ezin duen herrialde batean elektrizitatea jartzeko.
Eta Lehen Munduko herrialdeei dagokienez?
Bigarren gogoetari loturik daude. Kontrakulturaren, liberazioaren sinbolo gisa aurkezten da Internet eta neurri batean lortu du. Baina gaur egun beste bide batean sartzen hasi da eta globalizazioari, liberalizazioari eta errentagarritasunari loturiko ideia nagusiak bereganatu beharraren eraginez, bere hasierako ezaugarriak desitxuratzen ari dira. Internetek doakotasunaren kultura aldarrikatzen du, baina nola ordaintzen da doakotasun hori? Bada, doakoa den zerbait kontsultatzeko publizitatea kontsumituz eta hortxe dago askatasunarekiko lehen kontraesana. Interneten bigarren eraldakuntza agertzen da hemen, merkataritzako zentro handi bihurtu baita. Internetek, doakoa izanik, era guztietako gauzak saldu nahi ditu: bidaiak, zerbitzuak, kultura produktuak, arropa… Eta nik ez dakit oso libreak garen merkataritza zentro batera sartzen garenean. Hirugarren gogoeta da zainketarako bitarteko gisa izan duen eraldakuntza; zaindu zentzu komertzialean, ez derrigorrez politikoki. Web gune bat kontsultatu edo zerbait erosten dudan bakoitzean aztarnak uzten ditut eta norbaitek horiek berreskuratzen baditu, niri buruzko marketing errobota egin ahal izango du eta era guztietako eskaintza komertzialak egingo dizkit bihar, zehaztasun handiz gainera, oso ongi jakingo baitu nor naizen. Orduan, mundua ikusteko erabiltzen dudan pantaila handi horrek ni ikus nazaten ere balio du. Ez du esan nahi hori denik garrantzitsuena, baina horri buruz ere gogoeta egin dezagun komeni da.
Anaia Handiaren aukera horren aurrean, zer zeregin dute kontsumitzaileek eta kontsumo elkarteek, Euroa bereganatzeko erronkaren aurrean?
Oso zeregin garrantzitsua dute, behi eroen edo dioxinadun oilaskoen krisien aurrean argi geratu denez. Kontsumitzaileak salatu egin dezake nekazaritzaren industrializazio handiegia eta horrek sortu dituen ondorio suntsitzaileak. Garrantzitsua da kontsumitzaileak antolaturik egotea; hainbat adibidek erakusten digu nola kontsumitzaileek elkarturik zorrotz erantzun duten merkatuaren hainbat gehiegikeriaren aurrean. Esanguratsuena da kontsumitzaileek gizarteko protagonista gisa parte hartu nahi dutela, zirkuitu komertzialeko aktore garrantzitsu gisa. Zuzentzeko eta moralizatzeko, kontsumoaren munduan etikaren espiritua sortzeko duten gaitasun handiaz ohartzen hasi behar dute kontsumitzaileek.