Bainu-lekuetako segurtasuna

Sekula ez da aski

1 uztaila de 2001
Img informe listado

Estatu espainiarrean urtero-urtero ehun bat haur baino gehiago hiltzen omen dira, hondartza, igerileku, erreka eta urtegietan itota.

Sekula ez da aski

Ehun erdi bat lesio muineko gertatzen dira urtero, pulunpa egitearen ondorio gisa, kopuru hori era guztietako lesioen %6 izaki. Kasu guztien %85 inguruan, uretan murgiltzeko unean behar bezalako neurriak hartu ez dituzten 15 urtetik 25 urte bitarteko gizonezkoek nozitzen dituzte. Itotzea, bestetik, haurren heriotza gehienen errudun nagusia da. Estatu espainiarrean urtero igerileku, hondartza, ibai eta urtegietan hiltzen diren haurrak 70etik 150 bitarte dira. Heriotza horien %80, berriz, etxeko igerilekuan gertatzen da, Espainiako Salbamendu Federazioaren arabera. Kopuru horiek udan hartzen dute are eta garrantzi handiagoa, beroa gainetik astintzeko jendeak orduantxe jotzen baitu uretara, bainu bat hartzera. Ezbehar horiei bestelako batzuk ere erantsi behar zaizkie, hala nola sorosleek hondartzetan egiten dituzten ondorio larriagorik gabeko erreskate ugariak, zaindu beharreko marmoken igurtziak edo itsas trikuen ziztadak, uretan jazo ohi diren digestio-etenak eta karranpak eta igerilekuetako kloroak sortaraz ditzakeen zoritxarreko dermatitisak.

Hurrengo lerroetan CONSUMERek behar bezalako informazio praktikoa eskura ipiniko digu, itsas bazter zein lehorreko igerilekuetan egokiera arriskutsurik ez izateko eta, era berean, larritasun handirik ez badu ere, amorragarri gerta daitezkeen paradetan ¿igerilekuan harrapatutako onddoei aurre egitea, adibidez¿ nola jardun behar dugun ikasteko.

Kontuz pulunpa egitean: bizkarrezurreko lesioa da horrelako tokietan jasan dezakegun ezbeharrik arriskutsuenetako bat, horren ondorioz mugitzeko gauza izan ez gaitezkeelako. Bizkarrezurreko lesioen zergati ohikoenetako bat, uhin batean pulunpa egitea da, bizkarrarekin edo garondoarekin hondoa jo ondoren; kasuen %10ean, berriz, tranpolin, plataforma garai edo behategietatik jauzi egitearen ondorio izaten dira.

Ur-sakonera handi edo txikiagoa kontuan edukitzeaz gainera, horrelako lesioak prebenitzeko funtsezkoa da uretan sartzeko teknika on-onaren jabe izatea. Oinarrizko bi arau daude alor horretan: uraren sakonera egiaztatzea eta aurreneko pulunpa zutik egitea eta, bestetik, beti ere besoak aurreraka luzaturik jauzi egitea. Horrelako murgilaldietan hartzen dugun abiadura handia dela medio, ezin izaten dugu hondoa ikusi, ezta ur aratz-aratzetan ere eta, sarri, erreakzionatzeko astirik ez dugu izaten. Osasunerako mundu Erakundearen (OME) arabera, sakonera txikiko uretan ¿metro eta erdi baino gutxiagokoetan¿ agitzen dira lesio gehienak.

Urpeko igerialdietan, kontuz deskonpresioarekin. Ohikoak baino presio handiagoak nozitu behar izateaz gainera, urpetako kiroletan sentimenen ahalmenak murrizturik jardun behar izaten dugu: urpean ikusmena galdu egiten dugu, soinuak bestela jasotzen dira, eta ukimena ere bestelakoa izaten da. Horrenbestez, urpetan taldeka edo binaka ibiltzea komeni izaten da, eskarmentu handirik gabeko igerilariak orientatzeko sena erraz gal baitezake. Prestakuntza fisiko ona izatea ere komeni da, bihotza eta birikak egoera onean edukitzea, murgilaldiak sistema kardiobaskularrean aldaketak eragiten ditu eta. Urpetako jarduerari egozten zaion arrisku gaitzena igoera azkarregi edo deskonpentsazio prozesuari dagokiona da: horren ondorez, goragalea, zorabioak, junturetako mina eta, areago, konortea galtzea ekar litzake.

Bainu-lekuetan ere, zuhur jokatzea

  • Bainatzen ari direlarik, zaindu haurrak beti. Ez utzi eginkizun hori soroslearen eskuetan.
  • Baina zaitez sorosleek zaintzen dituzten tokietan bakarrik.
  • Bete ezazu banderak agindutakoa. Gogoan izan gorriak uretan sartzea debekatzen duela.
  • Igerilari trebea ez bazara, ez sartu uretan gerriraino.
  • Flotagailu eta koltxoiak erabiltzeko unean, hartu neurri guztiak: tirainak itsas bazterrera eraman zaitzake eta.
  • Sakonera ezagutzen ez baduzu, ez egin pulunpa. Hondoarekin edo haitzekin talka egin zenezake eta.
  • Korronteak barrualdera eramaten bazaitu, igeri hondartzaren paraleloan: horrela uraren indarrari saihets egingo diozu eta bazterrera joan zaitezke.
  • Hotzikara latzak, goragalea, ikusmenean gorabeherak, belarrietan burrunba sentitu edota azala gorritzen zaizula ikusten baduzu, atera uretatik eta jantzi behar besteko arropa.
  • Igerilekuan ibili tentuz, tranpolinetik zein ertzetik buruz edo atzeraka pulunpa egitean, bizkarrezur, sorbalda edo zerbikaletan lesiorik nozitu nahi ez baduzu, behintzat.

Igerilekuak: dermatosiak eta onddoak.

Igerilekuetan egotearen arazo handienetako bat, bertako urek duten kobre-eduki handia jasatea izaten da. Koipea kentzeko unean kloroa eraginkortasun handiko elementua denez, xerosia edo larruazala lehortzea areagotzen du: horrelakoetan, azalean arraildurak eta ezkata txikiak agertzeaz gainera, hauskor egoten da, ezpainetan, besoetan eta zangoetan, batik bat. Hazkura ere sentitzen da eta, onddo edo bakterioek eraginiko infekzioak nozitzeko aukerak biderkatu egiten dira.

Mikosiek (onddoen bidezko infekzioak) beroa eta hezetasuna dute lagungarri. Gorputzeko larruazalak igerilekuko ertza, dutxak edo toailak ukitzean kutsatzen dira horrelakoak. Mikosiak oso kutsakor eta setatsuak direlarik, kroniko bilaka daitezke: horien bereizgarri, azalean agertzen diren orban zuriak (pitiriasis versicolor, alegia) ditugu. Bestelako onddo batzuek atletaren oin izenekoaren errudun dira, hots, zoldura mikotikorik ohikoenetako bat, erraztasun osoz kutsa daitekeena. Onddo horrek eragiten dituen lesioen bereizgarriak hauen dira: azalean ezkatak ateratzen dira, edo larruazala beratuta bezala agertzen da, behatzen tarteetan besikulak edo arrosa koloreko guneak ugaltzen dira eta sekulako hazkura eragiten dute maiz.

Oinzolako papiloma ere sor daiteke oinetan: mikroorganismo hori uretatik gertuko lekuetan oinutsik ibiltzean kutsatzen da eta, ondorioz, ibiltzean eragozpenak eragiten dituen garatxo lau bat azaltzen da oinzolan.

Bainua hartzeak baditu bestelako arriskuak ere: muineko lesioak, ziztada eta hozkadak, onddoak…

Pulunpa egitean muineko lesiorik izan ez dezagun, egiaztatu uraren sakonera eta egin jauzi besoak aurrera luzaturik.

Ziztadak, hozkadak...

Marmoka.

Gure azalarekin marmoka ukitzeak, berebiziko hazkura eragingo diguten edema edo hanpadura handiak eragiten dizkigu. Ondoren, more koloreko besikula txikiak osatuko dira, egiaz mingarriak. Igurtzi edo ziztada horiek erraz asko infektatzen direnez, behar bezalako arretaz zaindu behar izaten dira: eragindako atala amoniakoz edo alkoholez ikuzi ondoren, analgesiko batek baretuko du mina eta ukendu antihistaminikoak hazkura eta hanpadura jaitsiko ditu. Alergi agerpena larritu egiten bada, berehala sendagilearengana jotzea da bidezkoena.

Itsas trikuak.

Gure itsasertzekoak ez dira oso pozoitsuak. Itsas trikuak eragiten duen lesioaren eragozpen nagusia, arantza-muturren hauskortasunaren ondorio da: gure azalean sartuz gero hautsi egiten dira eta, bertan txertaturik geratu. Horrelako triku batek eraginiko lesioa baduzu, ez dugu oina lurrean ipini behar, arantza zati txikiagotan ez hausteko (dagoeneko puskatu ez bada), mingarriago gerta ez dakigun. Atala desinfektatu ondoren, arantzak mutur zorrotzeko pintzekin erauziko ditugu; bestela, eragindako larruazalean infekzioa eragin lezake eta. Hori gertatu bada, egokiena sendagilearengana jotzea da, zauria behar bezala zain dezan eta, bidezkoa bada, antibiotikoak eman diezazkigun.

Xabiroiak.

Hainbat motatakoak daude gure itsas bazterretan, baina gehientsuenak txikiak dira. Horien arriskua denok ezagutzen dugu: hondarra zapaltzen duen bainu-hartzaileari zizta egiten dio, konturatu ordurako. Xabiroiaren pozoiak nerbio sistemari erasotzen dio eta eragindako gunean sekulako mina eragiteaz gainera, ziztatu duen atal (beso edo hanka) osoan barrena hedatzen den hanpadura handia erakutsiko du hainbat egunetan. Minik handiena, ziztada egin denetik ordubetera edo ordu eta erdira hasten da sentitzen. Baliteke ziztaturik gertatu den gunea nekrosatzea (azala hiltzea) eta germenen bidez zoltzea ere.

Xabiroiaren pozoia termolabila da, hau da, beroa aplikatuz desegin egiten da. Horrenbestez, tratamendurik egokiena, eragindako atala ur bero-berotan ordubetez edo ordu eta erdiz murgiltzea izaten da. Horrez gainera, mina kentzeko analgesikoak, hazkura baretzeko antihistaminikoak eta hanpadura jaisteko kortikoideak hartzea dira.

Anfibioak: arrabioak eta apoak.

Arrabio arrunta eta hainbat apo-barietate (apo berdea, apo arrunta, San Antonio igela, etab), ohikoak ditugu hemen. Narrasti horiei larrutik substantzia toxiko eta biziki narritatzailea darienez, horietako bat ukitu ondoren eskuak garbitu behar ditugu. Larruazala edo mukosak ukitzean, horien zoldura eta hanpadura gertatzen da edo, bestela, konjuntibitisa, begiko konjuntiba eragin baldin badu. Halabeharrez substantzia hori irensten badugu, agertzen den koadroaren ezaugarriak hauek dira: goragalea, sabeleko mina eta, kasu larrietan, hipotentsioa, bradikardia eta sindrome konfusionala.

Sintomak baretzeko aplikatu beharreko tratamendua erraza da: ukitutako gunea ur ugarirekin garbitzea. Pozoi horrek badu antidotorik ere, hala nola atripona.

Uretako arazoak

Digestio-etena.

Pertsonaren gorputzeko eta itsaso, ibai edo igerilekuetako uren tenperatura hotzen arteko alde termikoak eraginiko shock mota bat da. Bainua hartu baino lehentxeago ariketa gogorrak egitea, izerdi patsetan aritzea edo eguzkitan etzatea dira, noski, digestio-etenduraren arriskua biderkatzen duten faktoreak. Digestioa gertatzen ari den bitartean, ordea, prozesua are eta larriago bihurtzen da, odol asko baitabil une horietan urdail eta hesteen inguruetan, bestelako organoen odol-fluxuaren kaltetan. Etendura hori ez gertatzeko, beraz, janarien ondoko ordubete edo ordu pare bat baino lehenago ez hartu bainua, sartu uretan pixkanaka, organismoa tenperatura berrira egokitzeko eta, bainatu aurretik, ez hartu edari hotz-hotzik eta ez egin ariketa gogorregirik.

Ura irenstea.

Itsasoan, ibaian edo igerilekuan norbaitek ur asko irensten duenean, lagundu nahi baldin badiogu, ahuspez etzan ondoren, bizkarrean kolpetxo batzuk emango dizkiogu. Eztulka egin edo goragalea sentitzen badu, okada probokatzea komeni izaten da, irentsitako likido guztia atera dezan. Eragindakoak erreakziorik egiten ez badu, eraman dezagun lehenbailehen soroslekura.

Karranpak.

Igerilariaren benetako arrisku gorria, espasmo mingarriak eragindako muskulua kontrolik gabe uzten dionez, ur azalean mantentzea nekezago gertatzen zaiolako. Aurreneko sintoma sentitzean lehorrera jo behar dugu, muskulua bortxatu gabe eta eragindako atalean beste hanka edo eskuarekin presioa eraginez, espasmoa galarazten ahaleginduz.

Karranpak arintzeko moduetako bat da muskulua aurrerantz luzatzea, igerilaria hildakoarena eginez ur azalean gelditzea, eraginiko besoa edo hanka bere bururantz eramanez.

Karranpak maiz nozitzen dituenari, gatza eta magnesioa sarri hartzea aholkatzen zaio.