Kaltea eragiteko diseinatuak
Izaki bizidunen tankeratsukoak izan zitezkeen programak sortzeko xedez, programatzaileen arteko erronka gisa hasi zen kontu hau: bere ekosisteman (kasu honetan, ordenagailu bateko siliziozko xafletan) libre utzi ondoren, aplikazio horiek hazi, ugaldu eta denbora tarte batez bizirik irauteko gauza izan beharko zuketen. Hurrengo urratsa, ikusi bezala, eskrupulurik gabeko programatzaileek “izaki” horietako bat manipulatzea izan zen, esparruetako jolasa gainditurik, mundu zabalean zehar heda zedin, besteren sistemak kaltetzeko helburuz. Horra hor birusen sorrera.
Kalterik txikiena eragiten duten birus informatikoek bere presentzia sisteman nabarmenki agertu baizik egiten ez duten arren, badira makinan dagoen informazio guztia zeharo hondatu dezaketenak eta, areago, ordenagailuan bertan arazoak eragiten dituzte bakarren batzuek, disko gogorrean ezin egin daitezkeen irakurketa eta idazketak egitera behartzen dutelako. Gutxi batzuk baino ez dira horrelakoak, halaz ere. Ohikoena, ekipoan dauden datuak aldatu edo ezabatzea izaten da, baina hala eta guztiz, hori ere ez da txantxa.
Elektronikoak, baina ez biologikoak
Zehaztapen bat egin dezagun: maltzurkeriaz dabiltzan programa hauetaz ari garela, hitz metaforiko larregi baliatzen diren arren (infekzioa, epidemia, txertoa, etab.), ez dezagun ahantzi biologikotik deus ez dutela. Izaeraz elektroniko hutsak direnez, Interneten eztandak eskaini die mundu zabaleko programatzaileei hazitegi ezin hobea birus berriak sortu eta hedatzeko. Aspaldiko kontuak dira batez ere disketeen bidez ugaltzen ziren behinolako birus zaharrak; baita, hein txikiago batean, pribilegiatu bakan batzuek baizik erabiltzen ez zituzten antzinako konexio telematikoak ere. Egungo birusa, zeinahi erabiltzaileren baitan eragin kaltegarria izan dezakeen arazoa denez, funtsezkoa da horrelakoen aurrean babesteko eta defenditzeko biderik eraginkorrenak ezagutzea.
Birus motak
Hainbat motatako birusak dauden arren, zabalduenak makrokoak dira orain. Eta oso-oso kaltegarriak ez badira ere ¿sisteman dauden datu kritikoak galtzeko zorian ezartzen ez dizkigute eta¿, biziki gogaikarri gerta daitezke askotan. Makroak, berez, bere baitan Word edota horrelako programak eduki ditzaketen funtzioak dira eta horien eginkizuna, ondo dakigun bezala, atazak automatizatzea da, erabiltzaileak prozesu mekanikoak etengabe errepikatuz mugagabe luza ez dadin. Horrelako birusak funtzionaltasun horretaz baliatzen dira errutina kaltegarriak sortzeko. Horren adibide ezaguna dugu, erasoa izan duenaren posta-liburuko helbide guztietara posta elektronikoaren bitartez beren burua bidaltzen duten birusak: era horretan, kutsatze mugagabeko katea bihurtzen dute, praktikan. Horrelakoetan, babesteko oinarrizko neurrietako bat, dokumentu guztiak makrorik gabe irekitzea izango da. Aspaldi honetan, horrelako dokumentuak ireki aurretik arriskua iragarri egiten digute programek. Beraz, “dokumentua makrorik gabe ireki” aukeratzea aski izango dugu horrelakoetan.
Beste birus batzuek, berriz, aktibaturik dihardutenean, disko gogorreko informazioa ezabatu edo aldatu egiten dutenez, sisteman era guztietako disfuntzioak eragiten dituzte. Kasu hauetan ere, babes-neurriak soil-soilak izaten dira eta hitz pare batean bil ditzakegu: argi ibili. Erabiltzaileak atea zabaltzen ez dien bitartean birusek ordenagailuan ezer eragingo ez dutenez, biziki erne ibili beharko da, nolako programak exekutatzen ditugun eta nolako dokumentuak zabaltzen ditugun kontuan harturik, konputagailua behar bezain babestua izan dezagun. Egiazko salbuespenetan izan ezik, posta elektronikoz bidalitako mezu bat irakurtzeak ezin PC-a kutsa dezake baina, e-mailetan doazen artxibo erantsiak, ordea, kutsatzeko bide arrunta ohi dira. Horrenbestez, igorlea nor den ezagutuz gero eta artxibo horren zain baldin bagaude bakar-bakarrik ireki behar diogu atea.
Antibirusa eguneraturik edukitzea, ezinbestekoa
Ez ahantzi birusen aurkako txertoa instalaturik edukitzea ez dela aski, eguneraturik izan behar duzu noiznahi. Antibirusak sortzen dituen Symantec konpainiaren arabera, egunero-egunero dozena bat infekzio berri jalgitzen dira baina sortu eta handik ordu gutxira konponbidea ematen zaie. Soluzio horiek, ordea, birus bakoitzarentzako adabaki hutsak baizik ez dira, denak suntsitzeko balio lezakeen konponbiderik aurkitzea ezinezkoa delako, oraino. Zorionez, ordea, kutsatzeko bide ohikoena izateaz gainera, aurrean izango duen etsaiaren ezaugarriak irakasteko aukerak ere ematen dizkio sistemari Internetek.
Kutsaturik baldin badago, ostera? Seguruenik jakinaren gainean egongo da, antibirus programa batek biztanle nardagarri horietakoren baten presentzia atzemango zuelako. Ez ikaratu, nolanahi ere. Ez da bidali behar posta elektronikoz mezurik, ezta sistemak ekoitzitako informazioa duen disketerik beste inori utzi ere. Orduan, salbatzea nahi dugun guztiaren segurantziazko kopia egingo dugu (nahiz ateratzen dugun guztia ere seguru asko kutsaturik egongo den). Instalatu edo eguneratu birusen kontrako programa eta exekutatu. Hortik aurrerakoan, berak egingo du dena.
Arriskurik ez dagoenean
E-mail bezain bereak ditu hoax izenekoak ere Internetek, hau da, erabiltzaileek, on beharrez, zabaltzen dituzten birusen iragarki faltsuak. Mezu elektroniko horiek beti-beti urrats berberak egiten dituzte: ondorio ikaragarriak dituen birus bat agertu dela iragartzen dute, informazio hori konpainia handi baten mezuek abalaturik dagoela onartzen dute eta, azkenean, adiskide eta ezagun guztiei arrisku izugarriaz jabe daitezela aholkatzen diote erabiltzaileari. Honek eta bere ingurukoek, arriskuaz jantzita, eragiketa bera egingo dutenez, ondorioztatzen den lehen kontua ezaguna dugu: posta elektronikoko zerbitzarien gehiegizko karga eta, kasurik larrienetan (enpresa handietan denek denei albistea jakinarazten diete eta) kolapso bihur daiteke alarma-pizte hori. Den-dena, sortu ere egin ez den birus baten eraginez.
Zergatik, ordea, iruzurrezko alerta-mezuak sortze hori? Lehen-lehenik, norberaren burua nabarmentzeko gogoak eraginik. Beste kasu asko eta askotan, aitzitik, dirua irabazteko helburua datza horren azpian. Mezuak, berriro errebotatzen direnez, zeharkatu dituzten posta elektronikoko helbideen katea luzea metatuak dituzte. Eskatu gabeko publizitatea mail bidez igortzea lanbide duenarentzat urre gorria dira helbide horiek. Horrela jarduteari spam deritzo eta, jakina, iragarkiak bidaltzeko baliatzen diren helbide elektronikoen zerrenda amaigabeak metatzea du xede.
Hoax horien aurkako babesa soil-soila da: horrelako mezu elektronikoak ikustean, etsi-etsian ez sinestea. Birusa benetan baldin badago, birusen aurkako programak egiten dituzten konpainia handiek agertuko zituzten ordurako alerta eta konponbideak beren web orrietan.
-
“Rompecadenas”
Leloak dioen bezala, kateak hausten ditu: “E-mailen bidez iristen zaizkigun hoax, spam, birus eta gainerako zaborrei buruzko informazio osoa”. Ez betetzekotan era guztietako ezbeharrak iragartzen zizkiguten antzinako katea haiek, mutazioa eraginik, Sarera egokitu dira. Babesteko laguntza eskaintzen du orri honek. -
Entziklopedia
Birus informatikoen zerrenda luzea. Ordena alfabetikoz sailkaturiko zerrendan aurkitu ahal izango du erabiltzaileak nolako birusa ari zaion erasoka eta, zenbaitetan, programa hori suntsitzeko konponbidea bera ere bai. -
Birusei buruzko monografikoa
Artikulu zabal horretan, teknizismo asko bazterrean utzirik, birusen inguruko alderdiak argitzen dituenez, horretan aditu ez direnei ulergarri gertatzen zaie. Epidemia horien genesia ederki dokumentaturik agertzen da. -
Core War
Programatzaile batzuek besteen kontra erasoka, sistema informatikoen barrunbean garatzen ziren gudetan, denbora-pasa modukoak baino ez ziren, hasiera-hasieran, birusak. Gerora sortu ziren birusek ez bezala, jolas honek ez du gaiztakeriarik ezkutuan eta, hortaz, bera praktikatzen dutenek xakearen tankerakoa dela diote.