Azterturiko zazpi parkeetatik lau eskas segurtasunean eta beste hirurak “onargarri” bakarrik
Aisialdi eta zerbitzuen eskaintza ona, baina segurtasunean akatsak
Ia zazpi milioi pertsonak bisitatuko dituzte aurten Espainiako estatuan dauden hiru parke tematikoak: Port Aventura (Tarragona), Isla Mágica (Sevilla) eta Terra Mítica (Alacant). Denbora pasa mota honek, erakarpen parkeak eta ur-parkeak barne hartuta, 35.735 milioi pezetako irabaziak sortu zituen 1999an eta Espainiako estatuko aisialdiaren sektorearen ardatzetako bat bihurtu da: aurten % 35 haziko dela uste da. Parke tematikoek eragin dute sektore hori sendotu eta haztea; 50eko hamarkadan arrakasta izugarria izan zuten Estatu Batuetan, baina Espainiara duela sei urte iritsi ziren, Port Aventura ireki zenean. Zaharragoak dira aquapark eta jolas-parkeak, eta horiek ere zipriztindu ditu parke tematikoen arrakastak: 1999an %10 gehitu zituzten irabaziak aurreko urteen aldean.
Familia giroko aisialdi horrek gero eta zale gehiago du eta ongi pasatzeko jendeak gogokoen duen aukera gisa finkatu da, gazteen artean batez ere. Baina kontsumitzailearen ikuspuntutik, galdera batzuk egin beharra dago: zein egoeratan daude parke horiek? Jolas eta ikuskizunen eskaintza behar bezain zabala eta ugaria ote da, egun baterako sarrera leku batzuetan ia 5.000 pezeta ordaindu behar dela kontuan izanda? Eta, erabiltzaile asko oso gazteak izaten direla eta ongi pasatzeko sortutako instalazio horietan sortzen den lasaitasun giroa kontuan izanda, behar adinako segurtasun bermea eskaintzen ote da?
CONSUMER aldizkariko teknikariek bisitak egin dituzte estatuko hiru parke tematikoetara (Port Aventura, Terra Mítica eta Isla Mágica), bi jolas-parketara (Tibidabo eta Madrilgo Jolas-parkera) eta aquapark izeneko bi parketara (Mijaseko Acuático eta Benidormeko Aqualandiara) aurtengo maiatza bukaera eta ekaina hasierako asteburuetan. 100 aldagai baino gehiago aztertu zituzten, gune mota bakoitzera berariaz egokituta eta aisialdiaren kudeaketan eta era horretako instalazioen segurtasun arloko adituen laguntzaz. Ondorioak oso desberdinak dira: nabarmendu egin behar dira zerbitzu eta mantentze-lanetan (parkearen eta jolasen garbitasun eta zainketa, komun eta aldagelen garbitasuna, pertsona ezinduentzako egokitzea, osasun zerbitzuak…), aisialdirako zerbitzu ona eta zabala eskaintzen dutela eta ongi antolaturik daudela (jolas eta ikuskizun kopurua, takilak, planoak), baina guztietan ere akatsak antzeman dira segurtasunean eta zazpi parkeetatik lau eskas agertu dira eta beste hirurak, berriz, “onargarri” besterik ez.
Zerbitzuak eta mantentze-lanak
CONSUMERek era honetako parkeetako segurtasunean aditu direnen aholkularitzaz eta haiek ezarritako parametroetatik abiatuta aztertu dute atal hau eta 30 aldagai baino gehiago aztertu dituzte, parke horiek erabiltzaileari segurtasun kontuetan eskaintzen diotena neurtzeko. Beste ñabardura garrantzitsu bat: jolasen segurtasuna ez da aztertu (jolas horien ingeniaritzaren konplexutasun eta aniztasunagatik eta horien egituretara sartzea zaila delako); hau da, ez da aztertu jolas horietan begirada hutsez antzematen ez den egitura edo mantentzearen ondoriozko istripu arriskurik.
Azkenik, esan beharra dago azterketa oso zorrotza eta zehatza izan dela eta zenbait hutsune edo akats antzeman direla (adibidez, jolas batzuetan arduradunek ez dute ongi zaintzen jendearen sarrera eta, ondorioz, ez dituzte behar bezala egiaztatzen erabiltzaileak instalazioetara lotzeko segurtasun tresnak); akats horiek nahikoa izan dira zenbait parkek segurtasun arloko azterketa gaindi ez dezaten, batez besteko puntuazioa berez “eskasa” ez zen arren.
Hedabideek ere sarriegi ematen digute aisialdirako gune hauetako oker txiki, inprobisazio edo akatsen berri (azpiegiturak zein erabiltzaileek eragindakoak izan) eta horrelakoak istripu larri bihur litezke aisialdirako gune horietan. Horregatik, beste ezertan baino gehiago, segurtasunean ezinbestekoa da kontsumitzaileek zorrotz jokatu eta sentsibilizaturik egotea.
Ñabardura horiek egin ondoren, esan beharra dago zazpi parkeetatik hiruk (Port Aventura, Terra Mítica eta Mijaseko Acuáticok) bakarrik gainditu dutela, erdipurdiko “onargarri” batekin gainditu ere, segurtasun arloko azterketa.
Isla Mágicak, Tibidabo jolas parkeak eta Madrilgo Jolas Parkeak eta Benidormeko Aqualandiak ez dute gainditu segurtasun proba, akats edo hutsuneen garrantzi edo kopuruagatik.
Zazpi parke horietan, segurtasun aldetik onena suteak itzaltzeko sistema eta gune pribatuetako segurtasuna izan dira.
Txarrena jolasetan bertan ikusten den arriskua (sarrera-ateetako zuloak, nola-halako konponketak, zaintzaileek jendearen sarrera edo erabiltzaileak lotzeko segurtasun sistemak ez kontrolatzea, zigilurik gabeko su-itzalgailuak, egoera txarrean edozeinen eskura dauden entxufeak eta iltze irtenak), objektu arriskutsuak (kableak bistan eta jendeak ukitzeko moduan, estoldak egoera txarrean eta zatiak herdoilduta, lurrean burdinazko haga arriskutsuak), jolas batzuen hasierako segurtasun akatsak eta leku arriskutsuak ¿adibidez eskailerak apurtuta eta herdoilduta edo oso aldapatsuak eta esku-banda gabe, edo nahiko ur sakoneko guneetarako sarrera libre eta hesiekin babestu gabe egotea.
Parkerik gehienetan ez da segurtasun akats asko batera aurkitu, baina egia da, bestalde, akatsik gehienak oso erraz saihets daitezkeela, azpiegituren mantentze-lana egoki egiten ez delako edo langileek arriskua dagoen lekuan arriskurik ikusten ez delako; eta horretarako ez dago aitzakiarik.
Zerbitzuak eta mantentze-lanak
Atal honetan lortu dute parkeek puntuaziorik onena. Port Aventura eta Benidormeko Aqualandia “onargarri” notarekin; baina Terra Mítica, Parque de Atracciones de Madrid (PAM) eta Mijaseko Acuático parkeek “oso ongi” erdietsi dute. Isla Mágica “ongi” batekin geratu zen, aparkalekuaren antolaketa eskasagatik eta autoentzako plaza gutxi zegoelako eta banku-zerbitzuen eskaintza urriagatik. Tibidabok, bere aldetik, “onargarri” eskuratu zuen aparkalekuaren antolaketa eskasagatik, banku-zerbitzu gutxi dagoelako eta kontsignarik eta galduta dauden pertsonei arreta emateko edo galdutako gauzak jasotzeko zerbitzurik ez duelako.
Parkeen mantentze egoera eta garbitasun egoera eta eskaintzen dituzten zerbitzuak (erabiltzailearentzako informazio bulegoa, atseden guneak, ostatu zerbitzuak, banketxe zerbitzuak eta instalazioak pertsona ezinduentzako egokituta izatea) funtsezkoak dira; parkera bisita egitean ez baita jolasetan ibili, ikuskizunez gozatu eta aquapark-etan igerilekuetan ibiltzea bakarrik bilatzen. Erabiltzaileak barruan ordu luzez ibiltzen direnez, zerbitzu orokorra eskaini behar diete parke horiek, oinarrizko jotzen diren prestazio eta zerbitzu guztiak barne: komunak, gosea ase edo freskatzeko tabernak eta atsedenerako lekuak. Gainera, ez dugu ahaztu behar erabiltzaile asko haur eta gaztetxoak izaten direla eta oso erraz galtzen direla eta pertsona helduek baino ur-behar handiagoak izaten dituztela eta, beraz, parkeak behartuta daudela zerbitzu eta mantentze-lanetan mailari eusten. Hobetu daitekeenak, berriz, honako hauek: Isla Mágica eta Tibidabo parkeetako informazio zerbitzuak, Tibidabon eta Mijaseko Acuático parkean ezinduentzako egokitzapena, Isla Mágicako jatetxe zerbitzuak eta atseden guneak, eta Madrilgo Jolas Parkean (PAM), Mijaseko Acuáticon eta Benidormeko Aqualandian kontserbazio egoera eta garbitasuna. PAMeko komunak ere hobetu daitezke.
Aisialdirako eskaintza eta antolaketa
Aisialdirako duten eskaintzagatik joaten da jendea parke horietara. Parke tematikoak, adibidez Port Aventura, Terra Mítica eta Isla Mágica (normalean gai baten inguruak izaten dira), jolasetan eta ikuskizunetan oinarritzen dira, jolas parkeetan bezala, baina azken horiek ez dute besteek adinako ikuskizun aukerarik izaten. Aquapark izenekoak, berriz, beroari ihes egiteko aukeratzen dira, uretan egiten diren jolas eta kirolen bitartez, besteak beste igerileku, txirrista, hondartza artifizial eta abarren bitartez.
Port Aventura nabarmendu egiten da eta “bikain” nota eskuratu du, jolas eta ikuskizun zabalak eta anitzak dituelako; atzetik bi ur-parkeak, Mijasekoa eta Benidormekoa, “oso ongi” puntuazioarekin (aquapark izenekoei ez zitzaien besteei adina baldintza eskatu, atal honetan). Terra Mítica, Isla Mágica, Tibidabo eta PAM parkeek “onargarri” lortu dute aisialdiko eskaintzan.
Ordena eta seinaleak zaintzen dira ondoen parke hauetan. Gehienek ongi gainditzen dute azterketa (informazio orriak, planoak eta azalpenak parke guztian zehar izaten dituzte), baina Mijaseko Acuáticok “ongi” besterik ez du lortu (ez du gezi eta adierazlerik) eta Tibidabok “onargarri” (ez du informazio orririk edo gidarik eskaintzen eta zaila da erabiltzailearentzat jartzen diren oharrak jarraituz parkean zehar mugitzea); gainerakoek “oso ongi” erdietsi dute, PAMek izan ezik, “bikain” atera baitu.
Bestalde, CONSUMERek parkeetako langileei egin zizkien kontsulten emaitzak desberdinak izan dira. Isla Mágica eta PAMeko langileek bost galderatatik lauri erantzun zioten zuzen (jolasen kokapenari eta ikuskizunen ordutegiari buruzkoak ziren) eta “oso ongi” lortu dute; Terra Míticako langileak ez dira oso fin ibili, bost galderatatik bati bakarrik erantzun baitzioten. Gainerako parkeak erdibidean geratu ziren eta “onargarri” bat lortu zuten beren bi erantzun zuzenengatik.
Arropa eta gainerako gauzak gordetzeko erabiltzaileen eskura dagoen takila kopuruan, Tibidabok lortu zuen puntuaziorik onena, takila kopuru handia baitu parkearen zabalera kontuan izanda; Port Aventura eta Terra Míticak ez zuten atal hau gainditu.
Azkenik, Mijas eta Benidormeko ur-parkeek ez dute proba gainditu jolasen antolaketari dagokionez; jende-ilaren antolaketa, zenbat denboran itxoin behar den adierazten den eta antzekoak baloratu dira atal horretan.
Lagundu ezazu segurtasuna zaintzen
- Egiazta itzazu erabiltzen dituzun jolasetako segurtasun uhalak eta eserlekuetako segurtasun-barrak.
- Eskuak beti jolaserako gailuko autoaren barruan eduki eta ez saiatu sekula martxan den bitartean tramankuluaren egiturari edo beste elementuren bati heltzen.
- Jolasen batean zabiltzan bitartean zerbait galdu edo erortzen bazaizu, ez saiatu zeure kasa berreskuratzen eta gutxiago tresna martxan den bitartean. Eskatu laguntza langileren bati.
- Zure haurrak jolas batean ibiltzeko eskatzen den gutxieneko altuera ez baldin badu, ez eztabaidatu edo negoziatzen saiatu. Agindu horiek jolasaren segurtasun sistemen eta euskailuen tamainan eta jartzeko moduan oinarritzen dira.
- Errespetatu ezarritako muga guztiak. Zenbait lekutan ez zaie sartzen uzten emakume haurdunei eta bihotzeko arazoak dituzten pertsonei. Gehienetan, abiadura handiko eta bihurgune eta mugimendu bortitzak dituzten tramankuluak izaten dira, azaldura handia sortzen dute eta osasunik onena dutenengan ere eragina izaten dute. Zuk edo zure seme-alabek horrelakoetan ez ibiltzeko arrazoiren bat baldin baduzue, ez zaitezte ibili.
- Eserita ibili beharreko lekuan ez zutitu.
- Edozein akats antzematen baduzu, jakinarazi parkeko arduradunei.
Aisialdiko parkean gozatzeko gomendioak
- Antolatu ezazu bisita aurretiaz: parke batean oso erraza da lehen egunean galtzea eta horrela, jolas asko ikusi gabe geratuko zaizkigu. Aurrez informazio orriak lortu edo web gunean nabigatzeak asko lagunduko dizu parkearen eskaintza gainetik bada ere ezagutzeko.
- Ilarak saihesteko, ez joan parke hauetara asteburu edo jai egunetan.
- Arropa erosoa eraman eta bereziki ibiltzeko eta ilara luzeetan zain egoteko oinetako egokiak. Oso azkar lehortzen diren arropak eraman edo aldatzeko arropa autoan edo bustitzen ez den motxila batean, barrukoa urarekin busti ez dadin.
- Parkera joan aurretik gosaldu ondo; horrela, sabela ongi beteta izango duzu tramankulurik mugituenak gozatzeko unean. Gainera beranduago bazkaldu eta eguerdian jatetxeetan sortzen diren jende pilaketak saihestuko dituzu.
- Erosi sarrerak aurrez, Internet, bidai agentzia edo inguruko hotelen bitartez.
- Parkera sartu bezain laster eskuratu ezazu plano bat. Begiratu gehien interesatzen zaizkizun ikuskizunen ordutegiak eta antolatu eguna. Horietakoren bat ikusi nahi ez baduzu, aprobetxatu une hori jende gehien izaten duten jolasak ilararik gabe gozatzeko.
- Ez saiatu parke guztia egun bakarrean ikusten. Aukeratu gehien interesatzen zaizkizun ikuskizun eta jolasak eta gozatu lasai, baina ez obsesionatu parke guztia egun bakarrean ikustearekin.
- Parke askotan ez dute uzten janari edo edaririk sartzen. Bertako jatetxeetako prezio garestien aurrean janaria eta edariak autoan eramatea izan daiteke aukera bat; baina egiaztatu beti egun berean sarrera berriro ordaindu beharrik gabe irten eta sartu daitekeela.
Hobe da prebenitzea…
- Erabili larruazala babesteko kremak eta egiaztatu ez direla urarekin joaten. Ez ahaztu ordu asko emango duzula eguzki galdatan.
- Babestu burua intsolaziorik ez izateko. Erabili txano, kapela edo txapel ongi aireztatuak.
- Ur asko edan. Parke batzuetan iturriak izaten dira zerbitzu-guneetatik hurbil; erabil itzazu horiek, parke mota honetan oso garesti saltzen baitira edariak.