Zer da maitemintzea, egoera emozional perfektua ala aldi baterako lilura, irauten duen bitartean “biktima” bere ametsetako pertsonarekiko erakarpena ez den beste ezer ikusteko ezgaituta uzten duena? Bi horiexek dira pertsona baten maitemintze egoeraren aurrean izan ditzakegun muturreko jarrerak.
Aldi baterako gaixotasuna ala egoerarik desiragarriena?
Erromantikoak egoera ideal gisa defendatuko du, beste ezer ez baita bere ustez maitasun-suak sortzen duen zorionarekin parekatzeko modukoa. Eszeptiko edo desengainatuak, baina, maitasuna gaixotasun iragankorra dela esango du eta arrastoak uzten dituen arren, gainditu daitekeela, pertsonak badituelako gauza garrantzitsuagoak: familia, zaletasunak, lana, lagunak… Zalantzarik gabe, maitasunaren aurrean bere pertzepzioa eta sentsibilitatea du bakoitzak. Maitemintzea adinik ez duen aldi baterako “eromen” gisa ere defini daiteke eta eragin nabarmena du maiteminduaren eguneroko bizitzan. Normalean, gainera, abisatu gabe iristen da, bizi-bizirik eta kolpetik sentitzen da eta normalean denbora pasa ahala ahuldu egingo da. Maitemintzeak hunkitu eta astindu egiten gaitu, eta egoera iragankor horretan mundua paradisu eta bizitza festa bihurtzen dira: elkarrizketa, magia bidez, agortezin bihurtzen da; denboraren zentzua desagertu egiten da eta “berarekin izatea” eta “berarentzat izatea” gure bizitzaren ardatz bihurtzen da. Maitasuna, bere lehen fase inpultsozko horretan, bizitzan egoteko era berri, argitsu eta desberdin bat da, gure zentzuaren oinarriak astindu eta beste perspektiba batetik bizi izatera eramaten gaituena.
Sintomak
Ironikoa badirudi ere, maitasuna patologia gisa har daiteke, bere sintoma bereziak dituen gorabehera iragankor den aldetik. Ikus ditzagun horietako hiru: beste pertsona idealizatzea, harekiko miresmena eta pertsona horri ezaugarri positibo eta onak jarri eta planteamendu kritikoak albora lagatzeko joera. Beste sintoma bat agresibitatea desagertzea da: pertsona maitearentzat, hitz gozo eta maitagarriak bakarrik izango ditugu. Arreta ere eraldatu egiten da nolabait: dena paregabea eta ia magikoa iruditzen zaigu. Horrela, bizitza oparia da eta ametsetarako gogoa ematen du. Maitearekiko komunikazioa komunio da beste ezer baino gehiago eta besteak erabat ulertzen gaituen sentimenduaren ondorioz, hitzen beharrik ez dela eta segurtasun osoa sentitzen du maiteminduak. “Beti maite izango zaitut”, esaten dugu, baikortasun itsuak jota eta iragan etsigarriagora begiratzeari uko eginez. “Bahiketa mentala” ere agertzen da: maiteminduaren bizitza bere maitasunaren jabearekin berriro elkartearen inguruan antolatuko da. Denborak erritmo desberdina hartzen du, pertsona maitearekin gauden ala ez. Sakrifizioak eta esfortzuak beste zentzu bat hartzen dute bestearengatik zerbait egiterakoan edo harekin egoteko aukera ematen badu. Sekula baino eskuzabalago eta prestuago gaude: bestea gogobetetzea, harritzea eta haren gustuko izatea bihurtzen da ilusiorik handiena. Horixe da arazoetako bat: inpultsoz eta baikortasunez beteriko fase honetan bigarren mailako kontua dela beste ulertzea.
Erabat maitasunak jota daudenengan nabarmenak izaten dira maitemindu berriak bizi dituen une ahaztezin horietako urduritasuna, takikardiak, izerditzea, nola jokatu ez jakitea eta baita nolabaiteko baretasuna edo negar edo barre egiteko joera ere. Aurreko hori guztia ikusita norbaitek pentsatuko du maitemintze kontu hori (neurrigabeko xalotasuna eta ilusioa eta bestearenganako konfiantza itsua den neurrian) gaztaroko edo, batez ere, nerabezaroko kontua dela. Ez dugu guztiok berdin bizi izaten maitasunaren esperientzia eta sintoma horien intentsitatea desberdina izan liteke; edo baliteke sintoma guztiak ez izatea, baina idealizazioa, komunikazio berezia, denboraren pertzepzioa, baretasuna eta gorputzeko manifestazioak pasiozko maitemintzearen ezaugarri dira.
Maitasuna komunikatzea eta partekatzea da
Maitatzea norbere burua bestearentzat eskaintzea da, komunikatzea, garen bezala elkar desio izan eta partekatzea. Esfortzua eta arreta eskatzen du, konfiantza, eta harreman horren proiektuarekiko baldintzarik gabeko leialtasuna. Amaierarik gabeko sentitzen da eta gehienetan betiko izan dadin nahi dugu, ez egoeraren araberako gauza. Baina maitemintze sakon eta pasiozkoa eztandazko gorakada da eta ez da abiatzen bakoitza errealitatean den pertsona horretatik abiatzen, erlazio bizi-bizi baten ondorioz elkar idealizatzetik baizik. Egoera idiliko horrek berez du iraungitze data, sortzen duen tentsio egoerak eta eskatzen duen dedikazio handiak ezin baitute urtez urte iraun.
Maitemintzeaz hitz egiten dugunean beste pertsona batekin lotzen dugu beti, baina maitasun era bat besterik ez da hori. Behar bada ikusmolde horrek adieraziko digu zergatik pertsona batzuk ez diren sekula maitemindu edo gaztetan bakarrik maitemindu diren. Izan ere, maitemindu ahal izateko larruazaleko poroak zabalik izan behar dira, paisaiak, inguruko pertsonak, sentimenduak…. ikusteko. Frustrazioaren eta sufrimenduaren aurrean erreakzionatzen dakiena hobeto prestaturik egongo da maitasuna ernetzeko behar den malgutasun eta buru-gogoetako irekitasunerako. Laburbilduz, maitemintzeko bizitza maitatu behar da, inguruan gertatzen denagatik interesa azaldu, jakiteko, sortzeko eta bizitzari heltzeko gogoa izan, egarri garenean azken ur tanta edaten dugun modu berean bizitza gozatu. Muturreko planteamendua izan daiteke, batzuetan maitasunak berak ematen baitigu ahaztuta genituen pertzepzio mordoa gogoratzeko aukera, baina pertsona asko damu izaten dira maitasuna atera iritsi zenean “prestaturik” ez zeudelako. Maitasunari erantzuteko jarrera emozional jakin bat behar baita, nolabaiteko ausardia, harremanak porrot egiteko arriskua aurrez onartzea.
Edozein unetan maitemin gaitezke, adina edo egoera emozionala gorabehera. Maitasun harremanetan hastea oso loturik dago pertsonen egitura afektiboarekin, emozionalki esanahi berezia izan duten pertsonekin bizi izandako afektu motaren arabera eraiki den egiturarekin, batez ere familia girokoarekin. Maitemintze bakoitzean, txiki-txikitatik bizi izan ditugun esperientzia afektiboetatik ditugun eredu eta itxaropenak izaten dira, ezkutuan bada ere. Harreman askok porrot egiten dute ohartu gabe lehen funtzionatu ez zuten harreman-ereduak errepikatzen direlako edo maite den pertsona horrek familiako harremanen edo beste maitasun harreman batzuetako esperientzia txarrek utzitako hutsuneak betetzea espero zelako. Zenbat aldiz entzun ote dugu “jakin izan banu, ez nintzen ezkonduko”. Baina, zer jakin behar genuen? Zakar samar esanda: beste pertsona ez dela maitasuna sortu zenean espero genuen printze urdina edo emakume-ama perfektua. Salbuespenak salbuespen, ia inork ez ditu asetzen maitemintze faseak iraun zuen artean bestearengan sortu zituen itxaropenak, gizakiak baikara eta, ondorioz, inperfektuak eta maitemintzean besteak bere buruan irudikatu zuen pertsona idealizatuagandik oso desberdinak.
Maitasuna gestionatu?
Zenbait pertsona oso sarri eta denbora gutxirako maitemintzen da; beste zenbaitek, berriz, sekula ez dela maitemindu aitortzen du, edo behin eta bizi guztirako maitemindu dela. Maitasuna sentimenduen esparruko kontua da, arrazoiaren argudioekin nekez esplika daitezkeen emozioen mundukoa. Maitasunak ulertezin bihurtzen du pertsona eta hortxe dago bere handitasuna: misterioa da oraindik, gizakiak mendeetan zehar maitasuna ulertzeko egin dituen ahalegin guztiengatik ere. Pertsona batek bere maiteari “nire bizitzako kuttuna” esaten dionean, bestea bere bizitza dela sentitzen du, bere itxaropen emozionalen bilduma. Baina hortxe dago arriskua: amets egitea ongi dago, baina pertsona maitearengandik dena espero izateak etsipenerako arriskua dakar. Eta hortxe dago bikote askoren porrotaren arrazoia.
Konpromiso formal bat hartu aurretik, gogoa apur bat lasaitu eta hoztea komeni da, errealitatera jaitsi eta beste pertsona aztertzea, maitea sakonago ezagutzeko aukera emango digun harremana probatzea, bere pentsaera eta eguneroko bizitzan portatzeko era ezagutzea, pertsona bezala nola ikusten gaituen eta gugandik zer espero duen eta zoriontsu egiteko eta gure bikote harremana sendotzeko zer eman diezaiokegun jakitea.
Maitemintze fasean zehar barkatu egiten ditugu zenbait “akats txiki” eta originaltasunaren adibideak iruditzen zaizkigu ia; baina beharbada denborarekin berezitasun eta ohitura horiek harri astun bihurtuko dira harremanean. Gogoeta egitea komeni da. Beharbada, bestearengan jarri ditugun itxaropenak noraino iristen diren egiaztatzeko elkarbizitza probatzea izango da onena. Gero ere hartu ahal izango ditugu erabakiak, baina beti aldaketa eta ustekabeentzat atea zabalik utzita, ustekabez beteriko kutxak baikara guztiok. Hitzarturiko zuhurtzia horretan egon liteke arrakastarako giltza: batera zabalduko ditugu, bakoitzak bere kutxa, bakoitzarenaren barruan zer dagoen ikusteko eta egoera erreala elkarrekin geure egiteko, bakoitzak ekintzarako eta erabakitzeko askatasuna galdu gabe.
Norbere burua eta norbere bizitzan eragina izan duten bizipenak ezagutzeak egoera baten aurrean modu jakin batean zergatik erreakzionatzen dugun jakiten laguntzen digu edo maitasun-harremana atsegina izan dadin zer aldatu behar dugun ikusten. Baina gure historia pertsonala ere ez da baldintza saihestezin gisa erabili behar eta arrakastatsu izan daitezkeen aukerei atea itxi. Etengabeko bilakaeran gauden gizaki inteligente eta emozionalak garen heinean, proiektu amaigabea baikara.