Txikientzat beti segurtasun sistemak erabiltzea, funtsezkoa
Trafiko istripuak dira haurrei gertatzen zaizkien lesio eta heriotzaren arrazoi nagusia. Haurraren gorputza oso da ahula eta bereziki istripuen aurrean, lehen urteetan batez ere. Horrela, bada, funtsezkoa da arreta berezia jartzea eta errepidean zein herri barruko bidaietan, auto barruan ongi eserita eta lotuta joan behar lukete haurrek. Haurrentzat bereziki diseinaturiko segurtasun sistemak egoki erabiltzeak haurren heriotzaren %75 eta trafiko istripuen ondorioz gertatutako kalte larrien %90 saihestuko luke.
- 12 urtetik beherakoek autoaren atzeko aldean joan behar dute, Zirkulazioko Araudi Orokorrak agintzen duenez.
- Arreta berezia jarri. 50 km/h-ko abiaduran gertatuko talka batean 25 kiloko haur batek hartzen duen kolpearen indarra 40 aldiz biderkatzen da.
- Sekula ez eraman haurra besoetan. Zaila da haur bati besoetan ongi eustea, 5 km/h abiaduran gertaturiko kolpe txikienetan ere.
- Leiho irekiak arriskua dira haurrarentzat; autoa martxan badago, itxi leihoak.
- Auto gehienek segurtasun krisketak izaten dituzte atzeko ateetan, umeek barruko aldetik atea ireki ez dezaten. Ez ahaztu krisketa erabiltzea.
- Haurra nekatuta dagoela konturatzen bazara, saiatu abesti, ipuin, hitz-joko edo arreta-jokoekin denbora pasatzen. Baina beti bere jarlekuan egon dadila.
- Izan zaitez eredugarri haurren aurrean eta jarri zeuk ere segurtasun-uhala.
Aparteko segurtasun neurria. Eusteko sistemak
- Aukeratu beti Europako Batasunak homologaturiko sistema.
- Segurtasun-gailua erostean, probatu beti haurrarekin; adina baino, haurraren tamaina eta pisua dira garrantzitsuagoak erabakia hartzerakoan.
- Haurraren aulkia atzera begira (autoaren norantzaren kontrako aldera) jarrita %90 gutxitzen da zauriak izateko arriskua.
- Gidariaren alboan airbag sistema duten autoetan atzeko jarlekuan joan behar dute haurrek, eta erdiko aldean jarri behar da haurraren jarlekua ¿beti martxaren aurkako norantzan- haurra alboko kolpeetatik hobeto babesteko.
- Ez utzi sekula bere aulkitik altxatzen, ezta bidaia motzetan ere.
- Autoaren segurtasun-uhalak ez du sekula haurraren aulkia edo bestelako sistema egokiren bat ordezkatu behar. Lesioak eragin diezazkioke sabelean, lepoan etab.
- Istripurik izanez gero, jarri segurtasun jarleku berria, edo gutxienez, fabrikatzaileak egiazta dezala garantia osoz erabil daitekeela. Adin bakoitzerako sistema onena – 9 hilabete arte (0-10 kg). Jaio-berriarentzako saskia: atzeko jarlekuan zeharka jarri eta segurtasun-uhalez lotzen den kapazu zurruna da. Aulki-saskia: aurreko nahiz atzeko jarlekuan autoaren norantzaren alderantzizko zentzuan jartzen den jarleku etzana.
- 2 urte arte (0-13 kg). Segurtasun jarlekua: Segurtasun-uhalarekin lotzen da, autoaren martxaren alderantzizko aldera.
- 9 hilabete eta 3 urte artean (9-18 kg). Segurtasun jarlekua: segurtasun-uhalari lotzen zaio atzeko jarlekuaren erdian.
- 3 eta 6 urte bitartean (15-25 kg). Bizkardun kuxina: atzeko eserlekuan jartzen da, aurrera begira; saiatu “urpekari efektua” (haurrak segurtasun-uhalaren azpitik irtetea) saihesten eta erantsi gida bat uhala hanka-artean pasa edo haurrari sabeletik heldu beharrean mokorretatik heltzeko, bizkar-hezurreko zauririk izan ez dezan. Doitzeko gerrikoa duten jarlekuak: arnesik gabeko kuxin eta bizkarra, autoaren segurtasun-uhala behar den altueran doituta erabiltzen duena.
- 6 eta 12 urte bitartean (22-36 kg). Altuera erregulagarria duen kuxina: autoaren segurtasun-uhala haurraren lepauztaira ongi egokitzeko aukera ematen du. Arnes bereziak: autokoaren ordezkoak, lehiaketetako gidarienen antzekoak.