Etxebizitzarako zoruak

Zorua, azkenekoa, baina ez garrantzi txikienekoa

Bizitzeko zeinahi toki ez da amaiturik izaten zorua ipini arte. Mediterraneoko arrokoek aspaldi egin zuten zeramikaren alde eta material hori pittinka-pittinka beste eskualde askotan sartzen ari da, baina egurra da Iberiar Penintsulan jendeak nahien duen eraikuntzarako material noblea. Barnealdeak berotasun gozoaz janzteko gai aproposa izateaz gainera, isolatzaile eraginkorra da eta, gainera, luze irauteko bermea eskaintzen digulako.
1 otsaila de 2001

Bizitzeko zeinahi toki ez da amaiturik izaten zorua ipini arte. Mediterraneoko arrokoek aspaldi egin zuten zeramikaren alde eta material hori pittinka-pittinka beste eskualde askotan sartzen ari da, baina egurra da Iberiar Penintsulan jendeak nahien duen eraikuntzarako material noblea. Barnealdeak berotasun gozoaz janzteko gai aproposa izateaz gainera, isolatzaile eraginkorra da eta, gainera, luze irauteko bermea eskaintzen digulako.

Zorua, azkenekoa, baina ez garrantzi txikienekoa

Bizitzeko zeinahi toki ez da amaiturik izaten zorua ipini arte. Mediterraneoko arrokoek aspaldi egin zuten zeramikaren alde eta material hori pittinka-pittinka beste eskualde askotan sartzen ari da, baina egurra da Iberiar Penintsulan jendeak nahien duen eraikuntzarako material noblea. Barnealdeak berotasun gozoaz janzteko gai aproposa izateaz gainera, isolatzaile eraginkorra da eta, gainera, luze irauteko bermea eskaintzen digulako. Etxebizitzan, dendan edo bulegoan jarri behar den azkeneko elementua zorua izatea aholkatzen dute adituek, obretan diharduten langileek estreinatu aurretik honda ez dezaten.

Hizkera herritarrean, egurrezko zeinahi zoruri parket esaten bazaio ere, berezko ezaugarriak dituzten hiru multzo bereizi behar dira, batez ere: tarima, parket mugikorra eta parket josia. Gehien-gehientsuenak frantziar, piriniar edo suediar haritzez eginik daude eskuarki, azken urte hauetan merkatuak bestelako zur eta kolore batzuei ere ateak zabaldu dizkien arren: pagoa, gerezia, lizarra, astigarra, arkazia edo gaztaina sartu berriak dira horretan. Egituran eta prezioan datza zur batetik besterako aldea (sekulako aldeak daude atal honetan: egur batez eginiko metro karratua 4.000 pezeta kostatzen da eta beste egur batekin eginikoa, berriz, 12.000 pezetaraino igo daiteke, adibidez): faktore hauek, era berean, zoruaren iraupen labur edo luzeagoa bermatuko dute.

Tarima, klasikoa

Tariman, oholek ez dute zorua zuzenean ukitzen. Hauxe da tradizio zaharreneko egitura, aspaldikoena, eta baserri zaharretan ez ezik, hirietako eraikin dotoreetan ere topatzen dugu. Oholak, luze eta lodiak, arrasteletan josten dira iltzeekin, bata besteari alboko matxinbraren bidez loturik. Tarima kokatzea aski eragiketa neketsua da, oholek oinarri leun-leuna eta laua ezinbestekoa ez badute ere -zorua egokitu egiten da, den-dena erabat horizontal geratu arte- piezak banan-banan ezartzeko denbora asko behar delako.

Zoru-mota ezartzeko sistema honen abantaila nagusia iraupen luze-luzea da: oholak kalitate handikoak izaten dira beti eta, denboraren poderioz eginiko higadurak ezabatzeko zura lixatu behar izaten den arren, eragiketa horren ondoren eta oholen lodierari esker, ez da galerarik nabaritzen. Beste aldetik, lurra eta zoruaren artean geratzen den aire-tarteak egurastea hobetzeaz gainera, zura hondatzen duen gehiegizko hezetasuna biltzea galarazten du.

Parket josia

Duela hogeita hamar bat urteko etxegintzan nonahi erabili bazen ere, aspaldi honetan dezente jaitsi da parket josiaren salmenta. Izatez, zurezko lama txikiak dira, zimentuari harotz-kola bereziaren bitartez itsatsiak. Azken emaitza ona izango bada, zorua lau-lau prestatu behar da aurretiaz. Honelako egituraren estetika benetan erakargarria da, era askotako irudiak eratu eta koloreak tartekatzeko aukera ematen duelako. Jositako parketa kalitate onekoa baldin bada, behin eta berriz lixa daiteke, inolako txikiziorik nozitzeke. Hori bai, hezetasunarekin kontuz ibili behar da, parketak kalterik jasan ez dezan.

Parket mugikorra, kalitate eta akabera hobekoa

Hauxe da etxebizitza eraiki berrietan ugarien ezartzen den zorua. Egurrezko ohol luze hauek ez dira lurrean itsasten, ezta arrastelei josten ere: neoprenozko mintz baten gainean ezartzen dira. Matxinbrak elkarrekin itsatsi edo ohol batzuk besteekin lotuko dira, autotrabaketaz edo metalezko klipen bitartez. Parket mugikorrak kalitatea eta akabera ditu abantaila nagusi, xehetasun handiko teknologiari esker lantokitik barnizatu eta itsatsirik datozelako pieza guztiak. Zaharberritze-lanetan guztiz egokia gertatzen da, lehendik zeuden lurzoruen gainean antolatzeko, baita jende asko dabilen tokietan ere, gai hori erraz berreskuratzen baita. Egur-itxura duen parket mugikorra ere badago merkatuan, denda eta bulego askotan ikusten den bezala (horrelako tokietan etxebizitzan baino garrantzi apalagokoa da zorua). Erosteko merkeagoa bada ere, hondatuz gero ezin berrizta daiteke: zaharraren ordez berria ipintzea du irtenbide bakarra.

Jartzea eta prezioak

Lehengai hauen prezioa kalitatearen araberakoa izaten da eta kalitatea, berriz, egurraren hari politak, koloreak eta ehundurak adierazten dute. Zurak begi asko, hari irregularrak eta estetika, oro har, eskasa agertzen duenean (kolorez edo ehunduraz akatsak agerian dituelarik), hirugarren kalitatekotzat jotzen da. Gure oinen azpikoa bigarren kalitateko parketa dela jakinaraziko digute zuraren begi eta akats txiki batzuek. Lehen kategoriako parketa egur garbi eta erregularrak osatzen du, begirik gabekoak.

Tariman haritza da beti lehen kategoriakoa eta, hortaz, metro karratuko 10.000 pezeta kostatzen da. Prezioa jaisteko, eskuarki, pinu edo gaztainezko tarimak jartzen dira: arbola hauek begiak dituzte beti, zura kalitate handikoa bada ere. Parket itsatsia lehen kategoriakoa da lamak handi direnean eta 7.000 pezeta inguru kostatzen da, ezarrita (bernizatu eta lixatua barne), metro karratuko. Neurri txikiagotara bagoaz, bestelako kalitateak eta prezioak aurkituko ditugu (4.000 pezetaraino, metro karratuko).

Parket mugikorrean, aldiz, metro karratu bakoitzeko 6.000 pezeta ordaindu behar da gutxienez eta 12.000 pezetaraino iritsiko gara, kalitate on-oneko ohol luzeak erosi nahi baldin baditugu. Honelako parketa ez da etxean lixatzen, ezta bernizatzen ere, akabera lantokian eman diotelako.

Zeinahi parket ezartzeko behar den denbora, jakina, estali beharreko azaleraren eta aukeratutako lehengaiaren araberakoa izango da: ez da gauza bera parket mugikorra nahiz itsatsia ipintzea edo, are gutxiago, tarima kateatzea. Profesional batek lanegun osoa beharko du parket mugikorrarekin 60 metro karratu betetzeko, etxeko gela horretan altzaririk ez dagoela. Parket itsatsiaren kasuan, bi eguneko lana beharko du langileak eta azalera hori tarimaz betetzeko astebeteraino luza daiteke lanaldia.

Zoruak zaharberritu eta zaintzea

Produktu bizi eta naturala den heinean, denboraren karga ere nabaritzen du egurrak, baina oso-oso gutxitan izango da beharrezkoa zorua aldatzea, zahartu egin delako: uholde, sute edo antzeko ezbeharrik gertatu ezean, zorua zaharberritu egin daiteke eta jarri berritan zuen itxura eskainiko digu ostera. Adituek, egurra sei-zazpi urtez behin lixatzea aholkatzen dute, era horretan endakapena ez baita larria izango eta milimetro gutxiko lixaketa arin batekin aski izango du. Zura lixatu gabe hamarkada asko igaro baldin badira, sakonago sartu beharko da lantresna, azalera uniforme geratzea nahi badugu. Sakonago sartze hori, noski, lehengaiaren eta gure patrikaren kalterako izango da: ez baita gauza bera sei-zortzi urteko erabilerak hondaturiko zorua lixatzea edo berrogei urteko higadura jasaniko batean aritzea: bigarren hauetan lana astunagoa izaki, denbora eta ahalegin handiagoak eskatuko ditu.

Zoruaren zaharberritze onak duen beste urrats bat bernizatua da. Itxura polita erdietsi nahi bada, bi aldiz eman behar zaio berniza zurari, gutxienez. Poliuretano-motakoa kalitate onekoa da eta, hortaz, hezetasunari eta urari ederki egiten die aurre. Lehengaiak gorabehera, zorua lixatu eta bernizatzea prezio handi samarreko lana da: pare bat mila pezeta metro karratu bakoitzeko. Fabrikatzaileak eta jartzaileak bat datoz: egurrezko zoruek duten arrisku latzena aplikatzen zaizkien garbitze-sistemak eta garbikariak berak direla esaten dute. Zura garbitzeko gairik onena ura eta ozpinaren nahasketa da. Kontu handiz ibili behar da zura behin-behingoz distirante eta polit uzten duten produktu horiekin, epe luzera zorua zeharo honda dezaketelako.

Jokamolde etikoari dagokiola, basogintzak ingurugiroan nolabaiteko eragina izaten du, ezinbestez, baina oreka ekologikoarekin sentsibilizaturik dagoen kontsumitzaileak badu laguntza eskaintzeko aukerarik horretan ere: zoruan ipiniko duen zur hori ustiategi jasangarrietatik datorrela bermatzea eska diezaioke saltzaileari: baso eta oihanen sarraskia eta legez kanpoko zuraren komertzializazioa gertatuko ez den bermea kalitate-zigilu ofizialek ziurtatzen dute.

Zeramikazko zoruen aldekotasuna ugalduz doa, urteak pasa ahala. Esaten dutenez, Espainia eta Italia -munduan aitzindari- kopuru berdintsua ekoizten ari dira; kalitate handi-handiko gaien prezioak nabarmen jaitsi dira eta, gainera, toki txikietara ederki egokitzen diren portzelanazko zoruak serie urrietan ere fabrika daitezke, produktua pertsonalizatuta.

Zenbaitetan, elkarri itsatsitako txaletetako beheko pisuetan ezartzen da zeramika, jendea kaletik edo lorategitik etxera sartzean zorua gehiago zikintzen duelako; horietan, egurra goiko pisuetako logeletan bakarrik ipintzen da. Zeramikazko zoruek ez dute baldosarik, gresa baizik. Tradizio handikoena gres “rustikoa” da, era guztietako zoruetarako egokia; baina arestian portzelanazko bestelako gres-mota bat azaldu da merkatura: berri hau biziki erakargarria da, zeinahi eguraldi eta klima onartzen duen eta, hortaz, barnealde zein kanpoaldeetan jar daitekeen esmalte gabeko zeramikaz osatua dagoelako.

Prezio, marrazketa, tamaina eta kalitateen zerrenda amaigabea da: esan dezagun aukerarik merkeena, ezarritako metro karratuko 2.500 pezeta kostatzen dela eta gora joanez gero, 20.000 pezeta inguruan ere ibil gaitezkeela. Laurogei bat metro karratu ezartzeko bi egun beharko ditu langileak eta beste egun eta erdi beharko da, berriz, lan-azalera lehortzen. Ondoren, karesnea edo ur eta bestelako partikulak zabalduko dira zoru osoan, loturak estaltzeko. Horrek ondo lehortzeko beste egun bat eskatuko du oraino. Zeramikak ere abantaila handiak ditu: garbiketa erraz-erraza eta inolako mantentze-lanik ez, besteak beste.