Internetek ustekabe handiak ematen jarraituko al du?
Bai, jakina. Duela 10 urte bilera batean nintzen Interneten gurasotzat jotzen ziren hogeita hamar aditurekin eta 2000. urtean sarera konektaturik zenbat pertsona izango ote ziren galdetu genion geure buruari. 10 milioi inguru izango zirela erantzun zuten eta nik esan nien 2000. urtean gutxienez 1.000 milioi pertsona izango zirela Interneten nabigatzen. Harrituta eta errukiz begiratu zidaten, nire buruan torlojuren bat askatuko zelakoan. Baina asmatu egin nuen: aurtengo urtearen amaierarako 1.000 milioi pertsona inguru izango gara Sarearen bidez konektaturik.
Asko hitz egiten da merkataritza elektronikoaz. Zer zifra aipa genezake, gutxi gorabehera, erosteko modu berri horretan?
Horretan ere gustu guztietako aurreikuspenak egiten dira. Duela urte batzuk zenbait adituk iragarri zuen 2003. urtean merkataritza elektronikoaren salmenta bolumena 327.000 milioi dolarretakoa izango zela. Haserretu egin nintzen eta 27.000 milioiko koska hori nondik atera zuten galdetu nien. Iragarpen bat egiten dugun bakoitzean huts egiten dugu, baina bat botako dut nik: 2002an 2 bilioi dolarrekoa izango da mundu mailako merkataritza elektronikoa. Aurreikuspenen arabera, hiru urte barru merkataritza elektronikoaren %50 Estatu Batuetan egingo da, %40 Europan, %5 Japonia, Korea eta Taiwanen eta gainerako %5a gainerako herrialdeen artean. Baina nire ustez bost urte barru on line merkataritza hori nagusi izango da garapen bidean diren herrialdeetan, Latinoamerikan batez ere. Gutxieneko azpiegitura teknologiko bat edukiz gero, kultura digital bat edukitzea da funtsezkoena, intuiziozkoa. 20 urte gutxiago banitu, Latinoamerikan inbertituko nuke nire dirua. Bi hizkuntza (espainiera eta portugesa) besterik hitz egiten ez diren gune zabal bat da eta horrek erraztu egiten du Interneten garapena eta biztanleen erdia 22 urtetik beherakoa da. Gainera, telekomunikazioetako azpiegiturak hobetu eta zabaldu egin dira eta munduko 50 herrialde pobreenetako bat ere ez dago Iberoamerikan. Samba dantzatzen badute, nola ez dute Interneten nabigatuko?
Nola gaindi daiteke herrialde pobreek teknologia berrietara sartzeko bizi duten bazterkeria?
Desberdintasuna ez da hainbeste aberats eta pobreen artekoa, Internetera sarbidea dutenen eta ez dutenen artekoa baizik. Sarerako sarbiderik ez dutenei sarbidea ematea da konponbidea. Eta horrek ez du esan nahi haur bakoitzari ordenagailu bat erosi behar zaionik. Ekialde Urruneko herrialde batzuetan Interneterako sarbidea kafetegi batean izaten du pertsona askok eta guztiek dute posta elektronikoko helbidea. Nondik etorri zen I Love You birusa? Filipinetatik, eta ez da kasualitatea. Hala ere, badira zenbait gertaera garapen bidean diren herrialdeetan Interneten etorkizuna beltz bihurtzen dutenak. Afrikan, gobernuen ustelkeriak eta pobreziak garapenaren aurka egiten dute eta baita Interneten ezarpenaren aurka ere. Europa Iparraldeko herrialdeetan pertsona bakoitzeko telefono bat dago, baina Afrikan bakarra dago 50 lagunentzat. Komunikaziorako ekipamendu eta azpiegituren urritasun hori kontra dute, baina egoera soziopolitikoa da herrialde horren garapenerako oztopo nagusia.
Nola dago gaur Internet Europan?
Europa hiru zatitan bana dezakegu. Herrialde eskandinaviarren egoera da bat; Internet Estatu Batuetan baino sartuago dago han; beste bat herrialderik aberatsenena da (Frantzia, Erresuma Batua, Alemania, Suitza…) eta bestea hegoaldeko herrialdeena (Espainia, Portugal, Italia eta Greziarena). Azken horietan azpiegitura ez da hain ona, baina hobetuz doa egunetik egunera. Eta oraindik bizirik dago ordukako lanaren kultura, ekonomia murgilduarena, bizimodua aurrera ateratzearena, autoritatea ez errespetatzeko joera sanoa… eta hori ezin hobea da Internet eta merkataritza elektronikorako. Bizimodu latinoa, malguagoa, arau gutxiagokoa eta bat-batekoagoa da eta Japonia edo Alemaniako mentalitatea baino hurbilago dago kultura digitaletik. Interneteko kontsumitzailea ondo egokitzen da “lurpeko” ekonomiara. Izan ere, ekimen txikiz elikatzen da Sarea, sarritan gaizki antolatuak edo arautu gabeak izan arren eta bizkorrenek probetxua atera dezakete hortik. Eta horrek esan nahi du arlo askotan berrikusi egin beharko dela legeria, besteak beste zerga, tasa eta muga-zergen arloan. Herrialde askotako legeak ez daude prestaturik eta egokitu egin beharko dira Interneteko ekonomiara.
Inolako oztoporik ikusten diozu Interneten garapen geldiezinari?
Arazorik latzena -eta aurreikusi egin beharko da, denboran ez baitago hain urruti- hauxe da: asko erabiltzen denez, Sarea kongestionatu eta gutxieneko abiadura eta kalitaterik ez izatea. Konexioak prest izan behar du edozein unetan, bestela tresna alferrikako bihurtuko litzateke eta. Sareetako kolapso hori ekidin egin behar dugu, telekomunikazioetako azpiegiturak ahalik eta gehien hobetuz.
Nolakoa izango da etorkizun hurbilean Interneteko kontsumitzailea?
Nire iragarpen harrigarri horietako bat egingo dizut: bost edo hamar urte barru, pertsonak baino tresna gehiago izango da Internetera konektaturik, batez ere etxeetan, jostailuak eta etxetresnak. Jostailuen kontsumoa hain da handia, ezen laster pertsonak baino Barbie-ak izango dira Sarera konektaturik (USAn, neskatila bakoitzak batez beste honelako sei panpin baino gehiago ditu) eta mundu guztiko Barbie panpinek isilpekoak kontatuko dizkiote elkarri, hainbat hizkuntzatan. Ikuzgailuak oparitu egingo dizkigu fabrikatzaileak, eta Internetera konektaturik izango direnez, tresna horiek funtzionatzeko behar duten programa informatikoa eguneratzeagatik eta garbitu bakoitzagatik kobratuko digute. Gainera, zirkuituen ordez barra-kodeak jarriko dira produktuetan eta elkarrekin hitz egiteko aukera emango die horrek: alkandora batek, adibidez, bere ehun eta kolorearentzat zein programa erabili jakinaraziko dio ikuzgailuari. Pertsona bakoitzak 5.000 eta 10.000 mikroprozesatzaile artean izango ditu elkarrekin komunikaturik eta gaur egun irudika ezinak diren industria mota ugari sortuko da.
Zer iritzi duzu hacker edo pirata informatikoez?
Positiboa ikusten dut gazte autodidaktak izatea, goranahia izan eta jakinmina eta ezagutza batzen jakitea. Etorkizuna gazteena da eta teknologia berriak sortzen garatzen laguntzen duten ikertzaile gisa ikusi behar genituzke hacker-ak.
Zer diozu eskuko telefonoetako Internetaz? Arlo horretan Europak abantaila izaten jarraituko al du Estatu Batuen aldean?
Europak telefonia mugikorraren arloan Estatu Batuekiko zuen abantaila gutxitu egingo da, UMTS telefoniako lizentzietan duela gutxi egin diren enkanteek diru irabazi handiak ekarri dizkiete Europako gobernuei eta gainprezio horrek eragina izango du kontsumitzaileen poltsikoetan. Erabiltzaile bakoitzeko mila dolarretako kostuak, operatzaileek egin duten inbertsioak hain zuzen, hirugarren belaunaldiko eskuko telefono horien porrota dakar zuzenean, Internetara konektatzeko aukera balio erantsi gisa zutenena, alegia. Horrela, desagertu egingo da telefonia mugikorrean Europak Estatu Batuekiko zuen abantaila eta ez gobernuen diru-gosearen erruz bakarrik; oinarrian duen UMTS teknologia ere ez da behar bezain aurreratua. Haririk gabeko beste komunikazio sistema batzuek aukerak kenduko dizkiote hirugarren belaunaldiko telefoniari. GPRS delakoa, UMTS sistemaren antzekoa baina Internetera abiadura handiagoan konektatzeko aukera ematen duena eta Peer-to-Peer (berdinetik berdinera) izeneko sareak UMTS sistemarekin lehian sartuko dira.
Eta zer gertatuko da telebistekin?
Telebista bitarteko bikaina da Internetera konektatzeko. Bost urte barru, batera izango dira kable bidezko telebista, plataforma digitalak eta bitarteko berrietara egokitutako telebista tradizionalak. Baina oso antzeko programazioa eskainiko dute guztiek.
Estatu Batuak zergatik da Europa baino aktiboagoa “ekonomia berrian” negozioak eratzerakoan?
Europan oso mentalitate kontserbatzailea dago. Arriskurik ez izatea eta bizitza guztirako lanpostu finkoa izateko helburua nagusitu dira; segurtasuna da nagusi. Eta horrez gain, porrot egiteko beldurra dago; proiektu berri bat aurrera ateratzea lortzen ez duen gaztea estigmatizatu egiten da. Europan Interneteko enpresa berri bat abiarazteko sei hilabete behar badira, Estatu Batuetan bi egunetan egiten da eta negozioak aurrera egiten ez badu, ez da ezer gertatzen. Proiektu handi eta arriskatu batean porrot eginez gero gerta dakizukeen gauzarik txarrena gauza berriren bat ikastea da. Estatu Batuetan, inguruak bultzatu egiten du arriskatzera. Gizartean asko baloratzen da arriskatu eta garaile ateratzen den pertsona. Ekonomia berriaren alderdi garrantzitsuenetakoa da eta gazteei entzun eta euren ekimenak baloratu egin behar dira.