Zenbat laguni eragiten die bularreko minbiziak Espainiako Estatuan?
2012. urtean 22.000 pazienteri antzeman zieten bularreko minbizia. Ehun emakume bakoitzeko, gizon bat gaixotzen da. Emakumeek dute gaitz hori pairatzeko arrisku gehien, eta handitu egiten da adinean aurrera joan ahala.
Zenbat tumore antzematen dira hasierako fasean mamografiei esker?
Tumoreen %75 oso hasierako fasean antzematen dira, eta bularreko minbizi-diagnostikoen %50 lehen fasean egiten dira Espainian; hori da faserik goiztiarrena eta sendatzeko aukera gehien izaten dena, baina ezin da esan mamografiengatik soilik dela. Arrakasta hori iristen da konbinatu egiten direlako screening mamografikoak, ondoretasunez gaixotasuna pairatzeko arrisku handia duten emakumeen kontrola eta autoazterketa, zeina lehen ez baitzen egiten.
Zer-nolako abantailak dituzte bularreko minbizia mamografien bidez antzemateko programek?
Oso fase goiztiarrean antzematen denean, nahiko eraginkorra izaten da. Arbuio-tasa, koloneko minbizia antzemateko probaren aldean (kolonoskopia bidez), txikia da eta ezezko faltsuak ere gutxi izaten dira. Bularreko minbizia eragiten duten lesio gaiztoen %70 gaitza garaiz antzemateko programetan aurkitzen dira. Hala ere, mamografia programatuek ez dituzte antzematen lesioen %30 inguru edo gutxiago; bitarteko tumoreak esaten zaie horiei, eta mamografia baten eta hurrengoaren artean antzematen dira. Eta tumoreen %20-25 isilak izaten dira, ez dira ikusten azterketa horietan. Hori dela eta, mamografiena ez da sistema perfektua, ezin baitu bermatu tumoreen %100 antzemango dituela.
Baina mamografiek bizitzak salbatzen dituzte, ezta?
Laguntzen du, zalantzarik gabe. Ikerketen arabera, screeningari edo diagnostiko azkarrari zor zaio zati bat, eta bestea, kimioterapiak, erradioterapiak eta kirurgiak egin dituzten hobekuntzei. Erdi eta erdi daude, baina bai esan dezakegu bularreko minbiziagatiko hilkortasunak izan duen murrizketaren erdia gaitza mamografia bidez garaiz antzemateko programek eragin dutela.
Gaitza garaiz antzemanda, luzatu egin al da kaltetuen biziraupena?
Espainiako Estatuan, gaitza antzeman eta handik bost urtera %82-83koa da biziraupen-tasa. Eta hobetzen ari da gainera. AEBen azpitik gaude, puntu batera, eta Frantziaren pare. 1997. urtetik apaldu egin da bularreko minbiziaren hilkortasuna, gehiago emakume gazteen artean 65etik gorakoen artean baino, tratamendua hobea delako eta mamografia bidezko proben eraginez ere bai.
Zer-nolako profila eta adina duten emakumeei egiten diete mesede gehien mamografiek?
Komunitate zientifiko guztiak onartzen du 50 urtetik aurrera duela eraginkortasun gehien, 65 urte arte. Baina zenbait herrialdetan, Espainian adibidez, autonomia erkidego batzuek zabaldu egin dute tartea: 45 urtetan hasi eta 70 arte. Nik Ibilgailuen Azterketa Teknikoarekin alderatzen dut programa hori: autoari egiten zaio dagokion azterketa, eta hurrengo azterketa bitartean zerbaitek huts egiten badu, tailerrera eramaten da konpontzera. Bada, mamografia baten eta hurrengoaren artean emakumea ohartzen bada koskor bat duela bularrean, haren morfologia aldatu egin dela, oinazea sumatzen badu edo ezohiko odol-jarioren bat, medikutara joan behar du.
Ohiko mamografiak hobeak al dira irudi bidez diagnostikoa egiten duten beste proba batzuk baino?
Ziur egoteko, erresonantzia magnetikoa da eraginkorrena, baina ezein herrialdetan ez du balio bahetzea egiteko, oso garestia delako eta denbora asko behar delako (ordubete). Beste batzuk, ekografia edo mamografia digitala, adibidez, finagoak dira, baina horiekin gauza gehiegi ikusten dira, positibo faltsu gehiegi ematen dituzte. Ekografiarekin zerbait ikusten denean, biopsia bat egin behar izaten da, eta hori gehiegizkoa da osasuntsu dauden emakumeentzat, zeren patologia onbera bat antzematen bazaie, estresatu egiten baitira, beldurtu, eta utzi egiten diote azterketak egiteari.
Luzaroan erabiliko dira ohiko mamografiak bularreko minbizia antzemateko?
Mamografiak baditu bere mugak, baina, orain artean, ez dago deus hoberik. Lan handia ari gara egiten adierazpen apaleko proteinekin, tumore-markatzaileak izan baitaitezke, baina oraindik ez dute balio diagnostiko goiztiar bat egiteko. Etorkizunean izan liteke, eta badago interesa odol-analisi baten antzeko proba bihurtzeko, baina urruti gaude horretatik.