“Emakumeak mundua aldaraziko duela sinesten dut etsi-etsian” diozu, baina ez dirudi gaur bertan egiaztatuko denik zure baieztapen hori.
Nazio Batuetako Erakundean emakume batek departamentu baten buruzagitza hartzean, berehala hasten dira kontsultak egin eta iritziak lantzeko bilerak, emakumea ez da bere boterea partekatzearen beldur agintaritzari uko egin gabe. Familian antzeko zerbait egiten du amak: aitaren agintaritza agertzean, txitak bildu eta nori bere balioa eman beste konponbiderik ez baitu. Horrela definituko nuke nik boterea bera eta boterea egikaritzeko modua. Begira zure ingurura (elkarrizketa Madrilgo Palace hotelean egin da): toki honetan laneko gosariak ohikoak dira. Gizonezkoak bakarrik dabiltza hemen, finantzariak inondik inora, eskoltarik ez baita ikusten. Hemen dugun hau ez da oraino aldatu, Espainian ez ezik, Europa osoan ere. Ez gaitzaten engaina, emakumea biziki urruti dago egun boteretik. Berdintasun eskubidea auzitan ez jartzea lortu dugu -teorian, behintzat-, baina aitortza hori ez dugu aski, gauza publikoaren banaketan eta kudeaketan ere esku hartu nahi dugu emakumeok. Feministok betidanik esan dugu kontsulta, kontsensua, eragile sozialen baietza eta erabakiak hartzeko sarbidea bilatuko dugula.
Diskurtso horrek atzera eginarazten dit denboran: feminista terminoa gainditutzat jotzen omen zen…
Behin ere baino gehiago erabili beharko genuke, ordea, harrotasunez erabili ere. Duela berrogei bat urte, mugimendu feministak hasi ziren garaietan, feminista eta iraultzaile gauza bera zen baina, horrez gainera, halako aire subertsiboa ematen zitzaion hitzari: bazirudien boltxebike ginela eta boterea kosta ahala kosta hautsi nahi genuela. Gaur, ordea, bilatzen duguna berdintasuna dela ulertu ez ezik, jarrera hori justiziazkotzat jotzen dute. Aurrera egin dugu, dudarik gabe, baina gogoan izan 1993. urtean hitz egin zela estreinakoz emakumeen eskubideez, Giza Eskubideen Bigarren Konferentzia Vienan egin zenean.
Duela 30 urte, 1975ean, Nazio Batuen Erakundeak Emakumearen Lehen Konferentzia egin zuen Mexikon. Ondoren, Kopenhage, Nairobi eta Pekingoak etorri ziren. Zer aldatu da geroztik?
Pekingo Konferentziatik hona atzera baizik ez dugu egin. Lehenago hartutako erantzukizun batzuk zokoratu egin dituzte gobernuek eta, haiek gabe, gizarteak lorturiko aurrerakuntza ñimiñoengatik beren buruari laudorioka jardun zaizkio. Egiaz dugun errealitatea latza da: emakume gehiago lanean baina gutxiago irabaziz; amatasuna berariaz laguntzeko diruak, gerora zuzen zehazten ez diren arren; aukerak, baina ez berdintasuna. Hutsa da hori. Botere zentroak arakatzean aise ikusten da emakumea ez dela inondik ere gailurrera iritsi, eta politikan ere oso presentzia urria duela oraino.
Zer egin beharko da panorama aldatzeko?
Argi dago boterea daukanak ez duela utzi nahi izaten. Ezta behin ere. Eta boterea maskulinoa dela. Kontua da gizartean funtsezko aldaketa eragitea: bertan, emakumeak bere inklusioa galdu duen bitartean beste alderdiak, gizonezkoenak alegia, esklusioan oinarritu du bere boterea. Horrela, baina, munduan gauzak ez doaz oso ongi, begira: geroz eta arma gehiago eta sofistikatuagoak, gizarte osoaren lepotik, gerra nozitzen duena ez ezik, behatzaile huts diharduten herrialdeak ere galtzaile gertatzen baitira. Gizasemeak duen fantasia horrek (bere aurrekoa belauniko jarri behar duela, alegia) ez garamatza babestoki egokira. Ingurugiroan gauzak ez doaz hobeki: egiari zor, klimaren aldaketa gertatu da. Giza eskubideak aintzat dituen, ongizatera bideratutako baliabideak dituen gizarte horretarako norabidean, behintzat, ez goaz aurrera. Aldaketaren eragilea inklusioaren aldeko mezua izatea lortu behar dugu. Feministak ez ezik, beste gainerako emakumeek ere, emazteki diren heinean, gizasemeak ez bezala ulertzen du boterea. Gizonezkoak konbentzitu beharko ditugu, aldaketaren onuradun gertatuko baitira haiek ere.
Emakumea ere konbentzitu behar dugu, aldaketan esku har dezan.
Emakumearen presentzia beti negoziatu behar omen da; norvegiar emaztekiek aise ulertu zuten boterea beraien eskuetan izan ezean jai zegoela. Orduan, denak sartu ziren alderdi politiko aurrerazale eta kontserbadore guztietako zerrendetan. NBEn gobernuen delegazioekin lanetan ari ohi ginen emakumeok ere halako batean konturatu ginen: erabakiak tabernan hartzen ziren. Beraz, tabernan sartu ginen geu ere. Ohiturak bat-batean aldatuko ez genituela ederki genekienez, golfean jokatu behar zenean, golfean jardun ginen. Emakume askok osaturiko taldean zerrenda bat egin genuen: nork praktikatzen zuen halako kirola, nor zegoen libre afaltzera joateko, etc. paperak gure artean banatzeko.
Zerbait lortu al zenuten?
Ahaleginak egiteko modu bakarra genuen huraxe. Geroago, emakume exekutiboen bazkari eta bilerak sustatzen saiatu ginen eta hortxe hasi zen tradizio berria: orain emakume enbaxadoreak, Batzar Nagusia hastean, bazkaltzera biltzen dira. Baina sistemak lehengo lepotik burua: boterea dagoen tokian emakumerik ez. Segurtasun Kontseiluan, adibidez, emakume bakarra izan da. Desarme Batzordean, alerik ez. Baina iristeko ahaleginak egin behar ditugu.
Norvegia adibide jarri duzu. Centro Reina Sofía izenekoak eginiko azterketaren arabera, bikotekideek edo bikotekide ohiek hildako emakumeei dagokienez, zazpi herrialde europar doaz Espainiaren aurretik (Ipar Europakoak, tartean). Bertan berdintasun politikak biziki garatu diren arren badirudi hori ez dela aski izan bortizkeria matxistak ezarritako ereduak aldarazteko.
Botereak hil egiten du eta hil egingo du aurrerantzean ere, gure seme-alaben hezkuntza familiaren baitan, eskolan eta erakunde publikoetan funtsean aldatzen ez den bitartean. Ipar Europako emakumeak hezkuntza politika aldatzen ari dira eredu hori mundu zabalari hedarazteko. Kontua da berdintasunezko hezkuntza garatzea, rolak sexuaren arabera banatzen ez dituen hezkuntza garatzea: rolak partekatu behar dituzte bi sexuetako gizakiek. Familia askotan gizonezkoak ez du platerik garbitzen, gurasoek dikotomiazko rolak irakasten dituzte: “aitatxok hau egiten du, amatxok beste hori”. Patriarkatuak eraginiko boterepean gabiltza oraindik eta kostatuko zaigu egoerari buelta ematen.
Epe luzerako kontua, beraz. Bitartean?
Bortxakeriari amaiera emateko funtsezko elementua hezkuntza da. Gogoan izan irakiarrei eraginiko torturak. Kazetari batek torturatzaile haietako biri gozatzen al zuten galdeginik, gizasemeak egiten zutenaz jabeturik ere ez zeudela nabarmendu zen. Hor ere frogatzen da gizakia hezibidetik eramaten ez baduzu oso litekeena dela torturatzaile bilakatzea, adibidez. Bizitzan beste zernahi gisa, bortxakeria ere ikusi, ikasi eta imitatu egiten da. Kontsensu eta elkarrizketa giroan bizi bazara ez duzu zertan haratago joan pertsona onetsia zarela frogatzeko.
Noiz hasi ginen jabetzen emakumearen kontrako bortxakeria desagertu beharreko gaitza zela?
Bortizkeria matxista mahai gainean emakume kontserbadore batek ipini zuen estreina: Moulin Reagan-ek Kopenhage ozen esan zuen aurrerazaleok pasilloetan ahapeka genioena. Funtsezkoa izan zen kontserbadore batek mikrofonoa hartu eta goi-klaseetako emakumeek nozitzen dituzten tratu txarrak salatzea: “Nik dakidala, kasu askotan abusu sexual eta fisikoak jazotzen dira” berretsi zuen. Bortizkeria berdintasunera iristeko eragozpena dela orduantxe hasi zen jorratzen. Emakume hark, gainean, ordura arteko beste mito bat suntsitu zuen: jokamolde bortitza mozkor eta behartsuen kontua zela, alegia, herrialde garatu eta goi-klaseetan berdin-berdin gertatzen delako.
“Generozko biolentzia” esakunea ez darabilzu.
Ez dut gustuko eta, gainera, itzulpen txar baten emaitza da: ingelesez “gender violence” sexu konnotazioa du, argi eta garbi, baina espainolez zeharo bestelako adiera du. Bortizkeria patriarkalaz eta, nahi baduzu, “bortizkeria matxistaz” ari naiz ni. Nazio Batuen adierazpenak, gainera, ez du zalantzarako zirrikiturik utzi eta, areago, espainolezko bertsioan ere “emakumearen kontrako bortizkeria” aipatzen du.
Nola alda daitezke herentzian hartu (eta, seguruenik, utziko) ditugun ohiturak?
Begira bikoteak partekatzen dituen zereginetara. Emakumearen boterea etxeko lanetara mugatua zuenez, erabakiak hartu eta kudeaketa egiteko zuen esparru bakar hartan gizasemeak esku hartzea ez zuen gustuko. Orain, berriz, arazoa bestelakoa da. Emakumea lan merkatuan sartzean ez da denetara iristen; horretan ahalegintzea, gainera, eredu tradizionala betiereko bihurtzea litzateke. Eredua da aldatu beharrekoa: gizasemeak etxeko ardurak bereganatu behar ditu emakumeak, aukeren berdintasunez, lan munduan jardun dezan.
Hizkera ez sexistak egoeran laguntzeko edo barregarri uzteko balio du?
Duela hogeita hamar urte nazioarteko erakundeetan hartu ziren neurrietako bat hiztegia aztertu eta garrantzi handiko adierazpen eta agirietara aplikatzea izan zen. Ideia eta rol suntsitzaileak indartzen zituzten hitz eta esakuneak kendu ziren testuetatik. Ingelesez abantaila handia dugu, hitz asko ez baitira desberdinak generoaren arabera (batez ere karguak). Nolanahi ere, hizkeratik sexu-indar hori moteldu beharra dago, formak hondoa indartzen duen heinean.
Hizkeran, agian, bada eraginik egitea, baina publizitate sexistan, ezartzen ari diren emakume ereduetan, ordea…
Tamalezkoa. Gure ama Floridan bizi da eta printze-printzesen ezkontzaren irudiz hornituriko aldizkari bat eskatu zidan. Alea erosi eta, igorri aurretik, begiratu bat egin nion. Gaian sakondu gabe, zerbaitek harritu egin ninduen: moda diseinugileek gizasemeentzako galako jantzi, gorbata, zapata eta gainontzekoen ereduak sortzen dituzten arren, horren adierazpenik ez nuen topatu. Balizko aldizkari “femeninoetan” ere antzekoa gertatzen da: horietan agertzen diren ereduek emakumea esklabo bihurtzen dute, bere burua edertasun eta erakarpen sexualaren ikuspuntutik bakarrik juzkatzeko aukera ematen diotelako. Eta… emakumea bera da, hain zuzen, erostun nagusia!
Mendebaldeko emakumea liberatuago al dago?
Nairobiko Konbentzioan ateak zabaldu zitzaizkien Afrikako emakumeei hitz egin zezaten. Mendebaldekook baino militante feminista zorrotzagoak ziren; areago, guk alferrik galdutako aukerak egotzi zizkiguten. Esate baterako, Israelgo emakumeei dei egin zitzaien, bake mugimenduetan sakonago inplikatu ez zirelako. Era berean, ablazioaren kontra jende aurrean mintzatu zen lehenengo emakumea musulmana eta afrikarra zen.
Giza Eskubideak, protokoloak, konbentzioak… Horrenbesteko mugimenduren eraginkortasunaz duda ez al duzu egin inoiz?
Itunak berreskuratu eta, sinatu dituzten gobernuei, betearazteko garaia da hau. Bakarrik itun eta hitzarmenak idazten baditugu, egunero arrautza asmatzen ibiliko gara, alferrik ibili ere. Asko kostatu zen bortxakeriaren definizioak garbi azaldu zituen Emakumearen aurkako Bortizkeriari buruzko Ebazpena gorpuztea, nahiz eta agiria mundu osoko herrialde guztiek izenpetu zuten. Kontua bizia ematea da. Hitzarmen horietako konpromisoetako bat, gobernu erakundeen eta gobernuz kanpoko erakundeen bidez funtsak hedaraztea da, baina ez da horrela egiten. Nazioarteko itunek eskoletan ikasten diren testuliburuetako beste osagai didaktiko bat izan beharko lukete. Badira emakume funtzionarioak, zinegotziak, alorreko zuzendariak: berauek dira itun horiez baliatu behar dutenak, bertako edukiak indartu eta bultzatuko badira.
Isel Rivero Kubako eskubideen aldeko militantea da. Zure ideiak, ikusi dugun bezala, aurrerazaleak dira, inondik ere. Zer deritzozu, zure gertueneko zirkulu ideologikoetan nagusi den Castroren gaineko aburu amore-emaile horri?
Hamaika aldiz egin diot neure buruari galdera horixe. Demokraziaren aldeko naizela, alderdi politikoen aurrean kritiko eta zorrotz jokatzen dut, ene ustez pertsonaren pentsamendu askatasuna ikaragarri estekatzen dutelakoan nago eta. Ez dakit zergatik, ezkerrak uste du USA inperioaren kontrako independentziaren paradigma Kuba dela. Bost axola Castrok etxean egiten duenari, emakumea, homosexuala, aurkako politikoa… txikitu egin ditzake, baina ikur izango da, halaz ere. Castroren diskurtsoak irakurtzean, gauza askotan berarekin bat egon zaitezke eta, maiz, bera da askok pentsatzen dutena esatera ausartzen den bakarra baina, Kubak dena galdua duenez, rol hori jokatzen uzten diote. Lerrotu gabeko herrialdeak Castroren alde daude baina Estatu Batuei aurka egiteke. Eskuinak ere egin du diskurtso dogmatizatua, egoeraz baliatuz eta bere ideiak arbuiatzeko Castrok egiten duen guztian babesa hartuz. Ene iritziz bada isiltasun itun antzekoa Castroren eta bertako interes ekonomikoen kontrako kritikarik ez egiteko. Gogoan izan Kubako kapital turistikoa ez dela kubatarra, frantses, espainol, kanadarra… baizik. Baina herria ikaragarri ari da nozitzen egoera, guk ezikusiarena egiten dugun bitartean. Ez bakarrik Kubakoaren aurrean. Guantanamon Estatu Batuak Genevako ituna egunero urratzen ari dira: horren aurka mundu osoak altxatu egin beharko luke.