Filosofia ikasi bai, baina bizimodua argazkiak egitetik
Gaztaroan liluratu egiten ninduen argazkigintza teknikak, denbora alkimiaz lantzen den gela iluneko munduak. Familiak karrera bai baina nik egin nahi nuen bizimodu lasaia ezin ordain ziezadakeenez, baliabide ekonomiko egokia argazkiak egitea izango nuela konturatu nintzen. Horrela hasi nintzen argitaletxe batean lanean, antropologiara hurbilduko ninduten ikasketak amaitu arte: horixe izan da, zalantzarik gabe, ene lanarekiko lokarria. Dena den, lanbide honetara zuzenean ekarri nauena irakurketa izan da. Irakurle porrokatua bai baina, izpirituz, abenturazalea ez naizenez, ez dut uste bidaiari izan nintekeenik; dena den, liburuek jakin mina piztu zidaten eta hori asetzeko kilometro asko egin behar izaten dut.
Zure obrak kolorea du ezaugarri nabarmena. Zer dela eta?
Zuri-beltza, berez, errealitatearen abstrakzio bat da. Mundua koloretakoa da. Nolanahi ere, baldintza tekniko batek aginduta -aresti arte kolorea zail eta deserosoa zen lanerako-, argazkigintzaren historia grisetan idatzi da eta, horrenbestez, niretzat bederen, koloretan bada zeresan asko oraino. Ene ustez pintoreak koloreari ihes egin behar badio ere, ikusmenezko pertzepzioak formari baino lehenago koloreari errepararazten digun erreflexu horretatik aldenduz, argazkigintzan alderantziz gertatzen da. Irudi bat, seko arrunta bada ere, zuri-beltzean kontatua badago, badirudi zerbait dela. Dena den, pinturan marrazkirik izan behar ote den eztabaidan ipintzen ez den bezala, argazkigintzako dikotomia hori ere gainditu egingo da.
Aurrerakada handia, dudarik gabe, irudiari aplikatzen zaizkion teknologia berriek ondorioztatu dutena. Zein eragin izan du argazkigintzan kamera digitala sartzeak?
Alor guztietan, argazkiak egiteko kontzeptua bestelakoa da orain. Nik neuk euskailu kimikoz baliatuz segituko omen dut, ene postprodukzioa digitala izanagatik. Nolanahi ere, gogoan izan dezagun garrantzitsuena irudia dela eta, beraz, irudi hori hartzeko moduak ez duela sekulako garrantzia. Baina, ia-ia ikusi gabe, zerbait baztertzeko aukera ematen digun horri esker, gure egungo bizitzaz hausnarketa egiteko aukera ematen digu. Konturatu gabe ere, lasterka bizian gabiltza, zertan ari garen pentsatzeko betarik hartzeke.
Jose Manuel Navia El Pais-eko erredaktore grafikoa izan zen baina, argazki bakar bat ere egin gabe urtebetea pasa zela konturatu zenean, postua utzi zuen. Orain, egunkari horrekiko harremana freelance gisa mantentzen du eta, Italia eta Frantziako egunkarietan ez ezik, National Geographic aldizkari ospetsuan ere erreportajeak publikatzen ditu. Argazkigintzako Godó sariaren irabazle honek bere burua lanak liluraturik ikusten du: horri esker portugesez egiteko paradaz gozatzen du tarteka hizkuntza hori erabiltzen den herrialdeetara noizean behin joanaz. Bakarrik, beti bakarrik.
Nola prestatu behar da bidaia, bidaia bat?
Irakurriz. Lanera Marokora joatekoa banaiz, aurrenik bertako literaturan murgilduko naiz, dokumentatu, eskualdea kartografiatu… Gerora, bertan naizela, ez dut antolatua nuena egin ohi, argazkigintzan asmoak berehala hautematen baitira: prestakuntza ez da alferrikakoa. Baina, hori bai, norberak bakarrik egin behar ditu bidaiak; bi lagun taldea da eta… ez da komeni bustitzea.
Kazetaria eta argazkilaria ez al doaz elkarrekin?
Ni neu, behin ere ez. Ene iritziz, askozaz ere aberasgarriagoa da elkarren osagarriak diren bi obra egitea, elkarren esplikatzaileak izan daitezen ahalegindu gabe. Lana aldibereko murgilaldi baten ondorio balitz, nortasun sendoenak besteari gaina hartzeko arriskua legoke, eskarmentuak irakatsi didan bezala. Idazlea edo kazetaria arras indartsua baldin bada argazkilariak testua ilustratuko du, irudien bidez gauzak kontatu ordez; alderantziz gertatzen bada, argazki oin hutsak izan litezke testuak. Julio Llamazaresek “Tras-os-Montes (Un viaje portugués)” lana idatzi zuenean eskuizkribua entregatu zidan. Hura irakurri eta Portugalera txango bat egin nuen baina ez testu haren euskailua egiteko esperantzaz, ene asmoa ez baitzen hura aberastea. Izan ere, fikzioa uztailean gertatzen da eta ni urtarrilean hurbildu nintzen hara.
Noraino iristen da argazkilariaren inplikazio sentimentala argazkian hartzen dituen pertsona, une edo tokiekiko?
Argazkiak ez du balio mundua salbatzeko. Eta mundua aldaraziko duela uste duen gerrako argazkilari konprometitua adoretsu eta eredugarria da, asmo ederrak dauzka, baina ez dut uste bere lanak testigantza uzteko baizik balioko duenik. Alderdi horretatik eszeptiko nago. Hori bai, argazkigintzari esker biziaren adierazteko zalantzak konpartitzeko aukerak izango dituzu, kamerak entregatzen dizun patua argazkilariak onartu behar duelako, hau da, berak ikusten duena eta ikusten ez duena hartzen du kamerak. Lisette Model argazkilari handiak zioenez, argazkiak ez du erantzunik emango baina berari esker galdetu egin dezakegu eta, areago, ondoren, galderaren baten erantzuna topatuko dugu akaso irudi horretan. Hortaz, argazkiak ateratzen ditudanean badakit lanean ari naizela, ez nau eramaten ezerk ere, gozatzen saiatzen banaiz ez ditut irudi onak jasoko; errealitatetik aldentzeko premia dut, bera hertsatu gabe.
Inor konturatzeke ere ibili beharko…
Atlasen lanean ari nintzela berberen jai pribatu batek harrapatu ninduen. Argazkiak egiteko baimena eskatu nien, haiek baietz, eta luze asko jardun nuen. Azkenean, emakumeei eta haurrei ere egin nizkien argazkiak. Halako batean, jaimako atea zabaldu eta hantxe azaldu zen lankide bat, ustekabean, sekulako aparatutzarrekin. Txintik esan gabe kamera lanean jarri zuen. Ia akabatu egin zuten. Nahi ez baduzu ere, argazkia oso agresiboa da. Umeak, esate baterako, erretratua egiten ari zaiela konturatzen badira, ez dira ume, berezko naturaltasun hori galdu egiten dute.
Egia ote da ordu jakin batzuetan bakarrik lan egiten duzula?
Horrek badu mitotik zerbait baina, nolanahi ere, argazkiak ateratzeko orduak hautatzea sen oneko kontua da. Guk asmatu dugun gizarte honetan jendea aldrebes samar bizi da. Zertan ote gara kale gorrian udamineko eguerdian? Gu baino dezente behartsuago baina, era berean, askozaz ere naturalagoak diren herrialde askotan uda partean goizeko seietan kale giroa pil-pilean dago. Eguzkia gora iristean, inor ez. Horixe da bidezkoa, bero gorian zerbait gerta dakizuke eta. Tira, begi-bistakoa dirudien horren parekoa da niretzat argazkiak ateratzeko unea aukeratzea, hau da, naturak agintzen didanari egokitzea.
Gaur egun, bere burua halakotzat daukan arte garaikideko zeinahi erakusketak argazkia agertu behar omen du. Argazkigintzaren une gozoa ote da hauxe?
Europan gertatzen hasia da hori, aitortza berandu iritsi baitzaio, baina Amerika osoan argazkigintza aspaldiko partean izan da aintzat hartua. Nolanahi ere, ene aburuz, arte honetan urte mordoa egin duten egiazko profesionalak eklipsatuta geratu dira argazkigintzari duen garrantzia aitortu zaionean. Beren obra garatzeko euskailu gisa argazkia baliatzen duten artista plastikoen uholde bortitz samar horren aurrean badirudi aspalditiko autoreak zaharkitu egin direla, lehen lerroan sekula ere izan gabe. Obra handiak denbora gutxian egin nahi izatea da oraingo joera. Horretan, noraino iristen ote da errealitatea eta noraino merkatua? Geroak esango.
Argazki baten erreprodukzioa zenbat diru kosta daiteke?
Zeinahi artetan legez, argazkigintzan ere balio intrintseko bat badela uste dut. Ez dut onartzen nik argazki baten kalitatea aukeratu duenaren, erakutsi den tokiaren, erosi duen pertsonaren eta ordaindu den prezioaren araberako elementutzat jotzerik. Irudiaren baitan bada argazkiaren kalitatearen berri gaztigatzen diguna, ene iritziz. Ez dut onartzen dena merkatu huts izaterik.
Argazkiaren eta hitzaren arteko lotura hertsia aldarrikatzen duzu: zer esan nahi du horrek?
Niretzat, bederen, argazkigintzak literaturarekin erlazio zuzenagoa du beste zeinahi arterekin baino. Egiari zor, pinturaren berezko garapen gisa sortua da baina argazkigintzaren lehengaia denbora da. Argazkia lipar batean egin da, giza begiak atzeman ezin izan duen une horretantxe. Argazkiak denbora geldiarazten, gelditu egiten du. Eta hori oroimenarekin estuki lotua dago. Literatura zer da, beraz, oroimenaren ariketa, joandako -are alferrik galdutako- denbora berreskuratzeko gaitasuna besterik?