Elikadura eta minbizia

Prebentziorik hoberena, dieta orekatua

Minbizizko patologien %35 elikabidearekin lotzen direnez, berebiziko garrantzia du dieta zaintzeak
1 martxoa de 2006
Img alimentacion

Prebentziorik hoberena, dieta orekatua

Minbizia eta elikaduraren arteko lotura benetakoa da. Horien mugak oraino erabat zehatu gabe dauden arren laurogeigarrenetan argi geratu zen minbizien herenak elikadurarekin aldez edo moldez zerikusia zutela. Harrezkero gai horretako azterlanak ugaldu dira eta, horrela, Espainiako Minbiziaren Ikerkuntzarako Nazioarteko Fondoak eta Minbizia Ikertzeko Institutu Amerikarrak “Alimentos, nutrición y prevención del cáncer: una perspectiva global” ikerlan sakona eman zuten 1997an argitara. Bertan frogatu zenez, elikabide osasuntsuagoa egiteak mundu zabalean minbizi kasuen kopurua %30 – %40 jaits lezake. Erretzeari uztea horri eransten bazaio, murrizketa portzentaia %60 – %70eraino iritsiko lirateke.

Dieta eta minbiziaren arteko lotura

Elikadura eta minbiziaren arteko lotura zehatz-mehatz finkatzea ez da kontu erraza: elikabideak dezente aldatzen dira pertsona batetik bestera eta, elikabideak ez ezik, elikagaiak prestatu eta kontserbatzeko erak ere dezente aldatzen dira. Beste aldetik, minbiziaren jatorri edo garapenari dagozkion beste hainbat aldaki ere aintzat hartu behar izaten dira, hala nola tabakoa erretzea edo maiz pairatzen ditugun beste substantzia kaltegarriak, dela lantokian -soldadurako kea, pintura eta bernizen gasak, etc.-, dela etxean bertan -inguruneko kutsadura-, genetika gutxietsi gabe, noski. Horregatik, dieta eta minbiziaren arteko loturak ezartzean, gaur egun “sinesteko moduko”, “seguruenik izan litekeen” eta “agian izan litezkeen” lokarriak aipatzen dira.

Adibidez, barazkiak babesle rola betetzen dutela sinesteko modukotzat jotzen da, aho eta faringe, hestegorri, birika, urdail, kolon eta ondesteko minbiziaren aurka; seguruenik babeslea izan liteke laringe, pankreas, bular eta maskuriko minbizi kasuetan; eta barazkiak jatea baliteke babeslea izatea gibel, obario, endometrio, umetoki-lepo, prostata, tiroide eta giltzurrunetako minbizia denean. Kaloria edota gantz eta proteina askotako dietak, parrillan edo barbakoan erretako elikagaiak, alkohol edo haragi ugari, jangai keztatu edota gatz asko kontsumitzea eta, era berean, obesitatea, aldiz, minbizia nozitzeko arriskua areagotu egiten omen dute. Okela gehiegi hartzea, bereziki, kolon eta ondesteko minbiziaren arriskua seguruenik handitu egin dezake eta baliteke arrisku hori areagotzea pankreas, bular, prostata eta giltzurrunetako minbizietan.

Elikagaien osagai “babesleak”

Zuntza: fruta, barazki, ogi eta labore integral eta lekaleak kontsumituz gero, zuntz asko hartzea mesedegarria da, hormonekin loturiko -bularra, endometrio eta prostata- eta digestio aparatuko minbizien arriskua arindu egiten duelako.

/imgs/20060301/alimentacion.jpgBitaminak: fruta eta barazki desberdin ugariz osaturiko elikabidea funtsezkoa da. A bitamina, beta-karoteno eta bestelako karotenoideak -zenbaitetan, klorofila dela medio, gordean geratzen badira ere, landarezko elikagaiak kolore gorri, laranja eta horiz janzten dituzten substantzia naturalak- hartzea hainbat minbiziren kontrako babesle eraginkorra da. Esnea eta esnekiak, arrautza-gorringoa, gibela eta beste hainbat errai dira bitamina-iturri nagusiak; A pro-bitaminaren hornitzaileak, berriz, barazkiak eta frutak. C bitaminak bular, umetoki-lepo, heste, birika, aho, hestegorri eta urdaileko minbizi arriskua arintzen du. Zuzkitzaile behinenak frutak (zitrikoak, kiwia, marrubiak, meloia, etc.) eta barazkiak dira. E bitamina edo tokoferolak ere minbizi arriskua arintzen laguntzen du: lehen erauzpeneko landare-olioak eta horiekin eginiko produktuak, fruitu lehorrak, ale osoko laboreak eta galorratza dira iturri oparoenak.

Mineralak: kolon, ondeste, birika, bular eta obarioko minbizia eta leuzemia nozitzeko arriskua arintzen omen du selenioak. Ikerlan batzuetan agertu denez, zink-maila apalak hestegorri eta birikako minbizi-intzidentzia ugariagoarekin lotu izan da. Iodoaren gabeziak, berriz, tiroide eta bularreko minbizien agerpenarekin lotura du. Nutriente horien premia dieta orekatu eta zabala eginez betetzen da.

/imgs/20060301/ajo.jpgAgente fitokimikoak: lekale, labore, barazki eta frutetan -aza, piper, tomate, azenario, baratxuri, tipula, anana, basa-fruta eta zitrikoetan, bereziki- dautza eta, noski, landareek berezkoak dituzte substantzia hauek. Sojak isoflabona edo fitoestrogenoak dauzka, bularreko minbiziaren kontrako eginkizun babeslea dutenak.

Minbizia prebenitzeko hamar aholku

Minbiziaren prebentzioaz egundaino sortu diren aholku dietetikoek elikadura orekatua dute oinarria; elikabide horrek, beste aldetik, populazio osoaren bizi kalitatea hobetzen laguntzen du.

  • Dieta lagun, pisu osasuntsura iritsi eta bertan mantentzea.
  • Egunean gutxienez 400 gramo barazki eta fruta hartzea (mota askotakoak). Janarietako sarrera edo jakien hornikuntza gisa, barazkiren bat, entsalada eta hiru fruta ale egunean.
  • Egunero laboreak (hobe integralak), lekaleak eta patatak hartzea, azukre arrunt edo zuriaren kontsumoa mugatzea. Gari-zahia hartzea ere aholkatzen da.
  • Astean hiruzpalautan arrain edo hegaztiak hartzea eta haragi anoak eta hartualdi kopuruak murriztea: astean hiruzpalautan, 120-130 gramo.
  • Gantz gutxiko esne eta esnekiak (gaingabetu edo erdi gaingabetuak) hartzea.
  • Alkohol gutxiago hartzea. Emakumeei dagokienez, alkohol gradu apaleko edarien eguneko kontsumoa (garagardoa, sagardoa, ardoa) baxoerdi pare bat edo botilatxo txiki batera ekartzea; gizonezkoek, bi halakora. Alkohol gehi tabakoaren konbinazioak ahoko, laringeko eta hestegorriko minbizia nozitzeko arriskua areagotu egiten du.
  • Haragi gantzatsuenen eta haragizkoen (hestekiak, fianbreak, pateak…) kontsumoa jaistea.
  • Ez kontsumitu elikagai keztatu eta gazitu gehiegi; urritu gatzaren erabilera, bai sukaldean, baita mahaian ere. Guztira, egunean sei gramotik behera kontsumitu behar da.
  • Etxean ondu eta keztaturiko elikagaiak neurriz kontsumitzea. Kezkatze naturalak substantzia kantzerigenoak sorrarazten ditu. Nazioarte mailako ikerlan epidemiologiko zenbaitek adierazten dutenez, keztatu, gazitu eta onduriko jangai asko kontsumitzen dituzten populazioek hestegorri eta urdaileko minbizien intzidentzia handiagoa agertzen dute.
  • Prestatu elikagaiak egospen metodo egokien bidez.
    1. Frijitu jakiak behar den tenperaturan, baztertu gehiegi edo gehiegitan beroturiko olioa, ez erabili gehiagotan. Oliba olioa baliatzea aholkatzen da, bera baita tenperatura garaiak hobekien pairatzen dituena, kaltegarri bihurtzeke.
    2. Ez kontsumitu parrillan edo barbakoan erretako jangai gehiegi: gantza txingarretan urtu eta sutara erortzean substantzia kantzerigenoak osatzen dira.