Sinusitisa

Sudur-barrunbeak aireztatzea funtsezkoa da sendatzeko

Sinusitisa sudurreko sinuen hantura da, matrailezurraren barruan eta sudurraren inguruan eta atzean ditugun barrunbeena.
1 abendua de 2000
Img salud listado 107

Sudur-barrunbeak aireztatzea funtsezkoa da sendatzeko

Sinu horiek berotu, hezetu eta iragazi egiten dute sudurretik sartzen den airea. Horixe da beren funtzio nagusia baina, kasu batzuetan, aireztapenak huts egiten du eta sudur-barrunbeak itxi egiten dira eta horrek sinusitisa sor dezake. Gehienetan goiko arnasbideen infekzioaren ondoren agertu ohi da sinusitisa, marranta (urte sasoi honetan oso ohikoa) dugunean esaterako. Sudurreko muki-mintz eta sinu paranasalak handitu egiten dira eta muki gehiago sortzen da. Hala ere, muki-jario handia eta sudurreko kongestioa eragiten duten alergiek ere itxi ditzakete sudur-zuloak. Sinusitisak sintoma minbera eta deserosoak eragiten ditu eta laneko baja ugari gertatzen da. Estatu Batuetan biztanleen %15ek gaitz hau izaten du gutxienez urtean behin.

Sintomak: desberdinak, sinusitis motaren arabera

Sinusitis akutuaren sintoma ohikoenak honako hauek dira: buruko mina, mukiak, batzuetan muki zornetsuak eta, inoiz, baita sukarra ere. Sudurretik odola ere botatzen da batzuetan (epistaxisa), eta eztula eta usaimenik eza (hiposmia, usaimena gutxitzea, edo anosmia, usaimena erabat galtzea) ere gertatu ohi da. Sinusitis akutuan mina begi inguruan, betzuloan edo bekokian kokatzen da eta min bizi-bizia ere izaten da zenbaitetan. Eta sinuen parean atzamarrez zanpatzean, mina sentitzen da kasu askotan.

Sinusitis kronikoan arinagoa izaten da mina edo baliteke minik ez sentitzea ere, baina zorne-jarioa edo muki zornetsuak eta sudurreko kongestioak iraun egiten du. Gaixoak ahoko gustu txarra ere sentitu ohi du eta ahoko usaina ere sarritan gertatzen da. Sudurreko kongestioak ahots sudurkaria ere eragiten du. Sinusitis kronikoa duten haurrek eztula izaten dute, eta sarritan horixe izaten da sintoma nagusia.

Diagnostikorako teknikak, hobetuz

Sinusitis akutuak diagnostiko erraza du. Kasuen %85an familiako medikuak antzematen du: aski dira historia klinikoa, sintomak eta miaketa fisikoa. Sinusitis akutuaren tratamenduak ere ez du arazorik sortzen: infekzioari aurre egin, mukosetako kongestioa sendatu eta sinuetako drenaje hobea lortzea dira helburu. Tratamenduak 10 edo 12 egun irauten du, sinusitisa berriro agertu ez dadin eta erabat sendatu dela ziurtatzeko. Gaur egun oso gutxitan gertatzen da gaitza okertzea, izan ere ez da izaten osteomielitis kasurik (hezurraren eta hezur-muinaren aldi bereko inflamazioa), zorne-zorrorik (zorne pilaketa) eta antzekorik.

Besterik da sinusitisa behin eta berriz agertzea. Kasu horretan alergia arazoa egon daitekeela pentsatu behar da eta alergiaren probak eginez diagnostiko zuzena egin, inmunoglobulinak zehaztu etab. Gehienetan rinitis alergikoari loturik egoten da sinusitis mota hau eta tratamendua konplexuagoa izaten da, antihistaminikoak, deskongestionatzaileak eta, kasu batzuetan, kortikosteroideak erabili behar baitira. Sinusitis kroniko errepikakorrean (urtean lau bider baino gehiago agertzen denean), tratamendua zailago bihurtzen da eta frustrazioa eragin dezake, gaitzak iraun egiten baitu tratamenduen aurrean. Horrelakoetan funtsezkoa izaten da sinuen eta muki-mintzen egoeraren diagnostikoa egitea.

Horretarako, tomografia axial konputarizatua (TAC) erabiltzen dute gaur egun espezialistek. Tresna horrek aukera ematen du sinuen edukia eta anatomia ikusteko, muki eta zorne pilaketak baloratu eta drenajerako zuloen egoera eta gaitza zein sinutan dauden ikusteko, alderdi horiek nekez antzeman baitaitezke erradiografia arrunt batean. Diagnostikoa konfirmaturik dagoenean, tratamenduak gutxienez lau astez iraun behar du, antibiotiko egokiekin. Gainera, antibiograma bat egitea eta kongestioaren aurkako botikak, hantura-kontrakoak eta abar hartzea komeni da. Sinuen drenaje ona lortzen bada, agian gaitza erabat sendatzea lortuko da, baina batzuetan ez da hala gertatzen eta orduan kirurgiara jo behar izaten da.

Aerosolak eta kirurgia, kasurik zailenetan
  • Kirofanora joatea erabaki aurretik, eta ebakuntza egiteko pisuzko arrazoirik ez baldin badago behintzat, beste konponbide errazago bat proba daiteke: aerosol bidezko sendaketa, komeni baino gutxiago erabiltzen den teknika. Izan ere, aerosolak erabiliz, botikak sudurreko sinuetara iritsi eta deskongestioa eragiten dute eta kasurik gehienetan zuloak ireki eta sinuak ondo drenatu eta aireztatzea lortzen da. Aerosolekin 15 eta 25 saio bitarte egitea -egunean pare bat aldiz batez beste- terapia ona da eta arazoak amaitu egin daitezke. Aerosolak hartzeko gailuak alokatu edo erosi egiten dira.
  • Gainera, etxean bertan egin daitezke, gailua erabiltzea eta botiken nahasketa prestatzea erraza izaten baita. Ebakuntzaren aukera, beraz, gainerako sendabide guztiek huts egin dutenean, azterketa erradiologikoak aldaketa anatomikoak agertzen dituenean edo konplikazioak sortzen direnean baino ez da egin behar. Sinuak garbitzeko hainbat teknika erabiltzen da, besteak beste zuloak zabaltzea, drenaje eraginkorra eta sinuen aireztatzea hobetzea eta muki-mintz hipertrofiatu eta gaixoak lehortzea. Gehienetan botika bidezko tratamendua egin behar izaten da ebakuntzaren ondoren.
  • Sudurretako dutxa edo ur gazi bidezko garbiketa oso metodo arrunta da hotzeria dagoenean sudur-zuloak libratzeko. Metodo hori erabili ondoren, arnasa hobeto hartzen da, sinuen drenajea hobetu egiten da eta muki-mintza deskongestionatu egiten da; beraz, sinusitis akutuaren prebentzioa lortzen da..
  • Sudurreko dutxa egiteko ontzi batean ur epela jartzen da, gatza bota eta sudurra uretan sartu. Astiro-astiro arnasa hartzen da, ura nola sartzen den sentituz, sudur-zuloetan zehar faringera iritsi dela sentitu arte..
  • Orduan, poliki-poliki ura bota, sudurretik. Prozesua hainbat aldiz errepikatu behar da. Berehala muki ugari ateratzen da sudurretik, baina arindu handia hartu eta arnasa errazago hartzen da. 4-5 egunetan zehar egunean saio pare bat egitea aski izaten da hotzeriaren kasuan. Sinusitis arrunta baldin badaukagu, medikuari galdetu behar zaio garbiketa mota hau egitea komeni den ala ez, baina gehienetan ez du arazorik sortzen. Udan itsasoan bainatzean ura sudurrean sartzen denean sentitzen dugun efektu berbera egiten du metodo honek, izan ere sudurreko dutxa horixe baino ez da eta jogiek antzina-antzinatik erabiltzen dute.