Zer prozesu egiten duzu idazterakoan, obra literario bat planteatzerakoan?
Idazlearen lanbidea iraunkorra eta etenik gabea da, bizitzan gertatzen zaion zerbait idazteko modukoa izan daitekeela pentsatzen du idazleak une oro. Ni koaderno txiki batekin joaten naiz kaletik eta eleberri baterako, adibidez, baliagarri izan daitekeela iruditzen zaidana, idatzi egiten dut. Bat-batean, iristen da une bat eta zenbait ideia, norberak zergatik ongi ez dakiela, buruan ezarrita geratzen dira. La sonrisa etrusca eleberrirako ideia sortu zitzaidanean, nire alabarenean nengoen Estrasburg-en, eguberriak pasatzen eta bederatzi hilabeteko haurtxoa zuen; gau batez, Europa erdialdeko gau hotz horietako batean, haurtxoa negarrez hasi zen eta nik, betidanik oso goiz altxa izan naizenez, besoetan hartu nuen, ama eta amona jaiki ez zitezen. Haurra besoetan nuela gelan zehar nenbilela, ilargia elurretan islatu eta argia leihotik barrura sartzen zen. Zoragarria izan zen. Ordu laurden hura amaigabea izan zen niretzat eta pentsatzen jarri nintzen, haur hark zenbat gauza bizi beharko zituen, ni ezagutzera iritsiko ote zen, nolako bizitza izango ote zuen etab. Eta “Aitona” izenburua izango zuen ipuintxo bat idatziko nuela pentsatuz oheratu nintzen; berrehun orrialdetik gorako eleberria idatzi nuen azkenean. Horrek esan nahi du eleberri bateabiapuntua non aurki dezakegun ez dela jakiten. Gero, idazle bakoitzak bere modua du istorioaren bilbea garatzeko eta horri bizirik eusteko laguntzak bilatzeko. Nik denbora dezente behar izaten dut eleberri bat idazteko eta dokumentazio-lan handia egiten dut. “La vieja sirena” idazten bost urte eman nituen, baina ez erudizioa erakusteagatik, nire idazle lanbidean ideia nagusi bat dudalako baizik: kontatzen ari naizena neuk sinesten ez badut, irakurleak ez du sinetsiko. Horregatik egiten dut lan handia dokumentatzen.
Egia da idazteko argitasuna egunero aurkitzeko estimulagarriak behar izaten direla?
Idazle batzuek kafea, whiskya edo bestelako estimulatzaileak behar izaten dituzte, baina nik ez dut horrelako ezer hartzen. Oso goiz jaikitzen naiz, (orain goizeko bostak eta erdietan eta lehen goizeko lauretan). Goizeko ordu horietan oso esna egoten naiz eta orduantxe izaten dut burua argien; eguna aurrera doan heinean, nekatu egiten naiz. Goizeko lehen ordu hori, inork deitzen ez didanez, telefonorik gabe, zaratarik gabe, etenik gabe… niretzat funtsezkoa da. Ordu horretan eraikitzen ditut eleberrietako korapiloak. Gero goizean zehar idazten jarraitzen dut eta arratsaldean zinera edo ibiltzera joaten naiz.
Nola dago gaur egun Espainiako literatura?
Nik ongi ikusten dut, duela 30 urte baino hobeto bai behintzat. Asko eta ongi idazten da. Gainera, askoz gehiago irakurtzen da, emakumeek batez ere. Baina Europa guztian ez dut ikusten Bigarren Mundu Gerraren aurretik idazten zutenek baino -Malraux, Sartre… eta abarrek baino- hobeto idazten denik. Eta gainera, idazleek pisua galdu dute intelektualen artean eta ez dira intelektual gisa tratatzen.
Nola ikusten duzu zuk Hirugarren Adinaren gaia, gaur egun asko aipatzen baita.
Hirugarren Adina terminoa ez zait gustatzen. Ni zaharra naiz, Jainkoari eskerrak zahartzarora iritsi naiz eta zaharrarena egiten dut. Hirugarren Adina esaten denean iruditzen zait zaharra esatea kosta egiten dela. Niretzat Hirugarren Adina ATS edo EGB bezala da, bizi guztiko izenak ordezkatzen dituzte terminoak. Baldintza jakin batzuk izanez gero, zahartzaroa oso ongi bizi daiteke gauza txikiez gozatuz. Lehenik gutxieneko osasuna behar da, minez eta gaixo egonez gero okerrago eramaten baitira urteak; gero gutxieneko erosotasun ekonomikoa behar da (jateko eskatu beharrik ez izatea, adibidez) eta azkenik, oso gauza garrantzitsua da nolabaiteko kultura edukitzea. Bizitzan aurrera egiterik ez duen agure gizagaixoa izatea da txarrena, erretiroa ematen diotenean gainera datorkion denbora libre guztia nola bete ez dakiena. Batzuek ez dute jakiten bizitzan zer egin eta hil egiten dira azkenean. Niretzat zaharraren bizitza oso ona da. Zahartzaroaren gauza onetako bat askatasuna da, ez baitut ezer justifikatu beharrik, ez dut inor baino gehiago izan beharrik, nahi dudana esan dezaket ondorioen beldurrik gabe, ez dut familiako arazorik… azken batean, poz-pozik nago. Maitasun eta gai afektiboei dagokienez, argi dago 80 urterekin ezin dela 20rekin egiten zena egin, baina goxotasuna, afektua eta laztanak beti dira posible.
Eta gazteez, zer esango zeniguke?
Sarritan joaten naiz institutuetara hitzaldiak ematera eta gazte bikainak ikusten ditut, ekonomiaz edo literaturaz interesaturik. Gero litrona eta gainerakoen kontua dago, baina badaude GKEetan laguntzen duten gazteak ere eta Latinoamerikara joan eta behartsuenei laguntzen oporrak ematen dituztenak. Baina ez da ahaztu behar gaur egungo hezkuntza sistemak ez diela gazteei pentsatzen irakasten, mekanikoki egin eta berehala ahazten diren gauzez leporaino betetzen ditu. Botereari ez zaio interesatzen gazteek pentsa dezaten. Horregatik, gazte askori boladan dagoen kantaria eta neskarekin oheratzea besterik ez zaio ardura, eta bestalde logikoa da, eskaintzen diegun bandera bakarra dirua irabaztea baldin bada. Gure gizartearen ideala da, beraz, gero ez dezagun esan gazteei ez zaiela beste gairik interesatzen. Horrez gain, gizartea sekularizatu egin da, Elizaren eragina asko jaitsi da eta gazteek ez dute onartzen elizak dioena.
Amaitzera doan eta zuk ia osorik bizi izan duzun mende honetaz, nolako balantzea egiten duzu?
Niri inpresiorik handiena gizakien ergelkeria eta basakeriak egin dit, gizakiak ez baitu ezer ikasten. Mende hau garai baten amaieran kokatzen dit eta ez du ezer esaten, zientzian eta teknologian izan ezik, horietan aurrerapen ikaragarria izan baita. Gainerakoan, nik ez dut ideia nabarmenik ikusten. Ez dut uste oraingo eleberria XIX. mendekoa baino hobea denik, ez dut ikusten hobeto margotzen denik, edo XVIII edo XIX. mendeetan baino musika hobea egiten denik, edo pentsamendu filosofikoa Kant edo pentsalari handiena baino garrantzitsuagoa denik. Eta zer esanik ez ekonomian. Neoliberalismoa edo pentsamendu bakarra deitzen duten hori atzerapen hutsa da niretzat, XVIII. mendeko ideiak dira eta. pentsamendu bakarraren kontu horrek haserre jartzen nau, bakarra bada ez baita pentsamendua, gauza totalitarioa baizik. Pentsamendua hain zuzen guztiz bestelako zerbait da, barietatea, askatasuna, aniztasuna, azken batean, gauza desberdinak pentsatzea. Eta nik ez dut ideia berririk ikusten, denak iraganekoak dira. Zientzian, pentsaezinak dira datozen berrikuntzak: historian lehen aldiz, gizakia ez da bere geneen menpe izango. Giza geneak gizakiaren menpe izango dira, aldatu egin ahal izango baititugu. Lehen bizitzak bilakatzeko milaka eta milioika urteak behar zituen eta orain hori bera oso denbora laburrean egiten da. Horrek guztiak sekulako iraultzak eragingo ditu eta ideiarik ere ez dugu nora iritsiko garen. Eta horri aurrerapen teknologiko eta nuklear etengabea gehitzen badiogu, edozein ausartzen da ezer iragartzera! Horregatik, boterea zientzialari eta ikertzaileen eskuetara pasako da eta enpresa handientzat lan egingo dute, beti bezala.
Zer ulertu behar dugu ekonomia berria esaten denean?
Gailurretan biltzen diren teoriko eta politikarientzat lehia, teknologia berriak eta globalizazioa da ekonomia berria. Begira, globalizazioaz hitz egitea eta gero globalizatu nahi duena sar ez dadin Tarifan poliziak jartzea erabateko zentzugabekeria iruditzen zait. Horrekin esan nahi dut globalizazioa gizateriaren zati txiki batentzat bakarrik dela, hau da, enpresa handientzat eta euren inguruarentzat, gainerako guztiak goikoek agintzen dutenaren arabera baitaude globalizaturik. Esaiozu Asiako edo Peruko nekazari bati globalizaturik dagoela. Globalizazioa deitzen dutena inperialismoaren, kolonialismoaren izen berria da, gutxiengo batek munduaren gainerako zatiaren etorkizuna erabakitzen baitu. Eta ekonomia berriak duen gauza berri bakarra Internet erabiltzea da. Zein da ekonomia berriaren helburua? Irabaziak handitzea. Bere jainkoa hori den artean, betiko ekonomia zaharra izaten jarraituko du. Machadok esaten zuen gizarteak ez direla aldatuko beste jainko bat hartzen ez duten artean, eta gizarte honetako benetako jainkoa dirua da.
Europarrok ohitu egin behar ote dugu inmigrazioaren fenomenoa eta eragiten dituen arazoak ohikotzat hartzera?
Inmigrazioa gertaera geldiezina da eta desberdintasunak jarraitzen duen artean horrela jarraituko du. Espainian ohitu egin behar dugu eta inmigrazioa Frantzian edo Ingalaterran askoz ere handiagoa dela ikusi eta, beraz, normala dela garatu gabeko herrialdeetatik etorritako pertsona kopuru horietara iristea. Eta ez dugu ahaztu behar lan esku gisa behar ditugulako daudela pertsona horiek hemen.
Ipar Amerikako hauteskundeekin gertatu dena ikusita, demokrazia krisian sar daiteke?
emokraziatzat herriak gobernatzea ulertzen badugu, munduan inon ez dago demokraziarik. Benetan demokrazia balego, jende askok ez luke armadentzako dirurik emango -zergen bidez-, ez baitute ezertarako balio eta benetan interesatzen zaizkion gauzetan erabiliko luke jendeak dirua: osasunean, hezkuntzan… Zientziak ere, adibidez, diru gehiago jasoko luke eta gure zientzialariek ez lukete hemendik alde egin beharrik izango. Baina, nork ematen dio benetan boterea jendeari bere zergetako dirua zertara bideratu nahi duen erabakitzeko? Herriak ez du inon agintzen.
Azkenik, garai berezi batean gaudenez, nola ikusten dituzu Eguberriak?
Gutxienez familiak elkartu daitezen laguntzen dute Eguberriek eta haurrek gozatzea positiboa iruditzen zait. Baina trikimailu komertzial izugarria dira eta erlijioaren publizitatea ere gehitu behar zaio horri. Alde horretatik, Eguberria ez zait axola eta ez nau bat ere hunkitzen. Festa sozial arrunt bat da niretzat.