Sasoiko fruta eta barazkiak
Horren ordainetan, noski, bertan bizi garen maizter eta ugazabok (dena batera), baldintza berrien araberako tratua eman beharko diogu. Udako egun luze eguzkitsuetan gozo eta baliagarri gertatzen zitzaigun elikabide hark ez du balio dagoeneko; ahulegia dugu negua behar bezala pasako badugu. Naturak, beti burutsu, beti jakintsu, negutea jasaten eta une-unekoak diren katarro, hotzeri, marranta eta hotzikarei buru egiten lagunduko gaituzten sasoiko elikagai osasuntsuekin mahaia betea digu jadanik. Udan izozki ahogozagarriak freskatzen gaituen heinean, neguan zopak girotuko dizkigu bazterrak. Udazken eta neguan, energi erreserbak pilatzen hasteko balioko duten sasoiko elikagai kalorikoak ditugu eskura, lekale eta patatak kasu. Garai honetan, tenperaturak behera egiten duenez, berotasuna mantendu ahal izateko kaloria gehiagoren premia du gure organismoak.
Neguko elikagaiak
Sasoiko elementuak hartzea komeni da hiru ikuspegitatik, gutxienez: nutrizioaren, ekonomiaren eta ekologiaren aldetik begiratuta. Elikagai batek dauzkan nutrienteen kopurua (bitamina eta mineral-gatzak, besteak beste), hazi den lurren oparotasunaren eta produktuak nozitu duen manipulazioaren araberakoa izango da, bestelako faktoreak gorabehera.
Bidezkoa da, inondik inora, barazkiek garapenik hoberena erdietsi eta nutrizio-ekarpenik egokiena eskaintzea hazkuntzarentzat mesedegarrien gerta daitekeen klima-baldintzetan, hau da, landarearen berezko egutegiak adierazitakoetan. Eskualde beroetako barazki eta fruta gehienen ezaugarri orokorrena da jangarri fruitua izatea: kuia, kalabazina, piperra, tomatea, meloia, sandia, pepinoa. Eskualde epel edo beroetakoen (sasoi honetako berezkoak) zati jangarriak, berriz, hostoak, erreboilak edo sustraiak dira: zerba, ziazerba edo espinaka, porrua, aza, azalorea, baratxuria, tipula, errefaua…
Sasoiko elikagaia da gehien-gehienetan kontsumitzailearentzat egokiena: eskuarki merkeagoa da eta haren ezaugarri organoleptikoak ere hobeak dira, gastronomian aditu direnek berresten digutenez. Horrez gainera, sasoiko produktuak kontsumitzen baditugu, ekoizpen-ziklo naturala errespetatzen lagunduko dugu, ingurugiroan ondorio onuragarriak eraginez, jakina den bezala.
Hotzeriaren kontra, neguko barazkia
Zerba eta ziazerbak, orburuak, kuiak, buru-aza edo orri-aza, azalore edo Brusela azak, txanpinoiak, ilar eta babak, porruak, gardua, erremolatxa, errefauak, letxuak (haritz-hostoa, erromatarra, lollo rosa, batabia, etab) berroak… neguko barazkiak ditugu. Hil hauetan oso jende gutxi ibiliko da arnasketa-gaitzetatik aske, neguburuan bakanak baizik ez dira izango bronkitis edo katarroak harrapatu gabeak. Arnas aparatuak maiz bezain nahigabe nozitzen dituen gaixotasunen sintomarik ohiko eta arruntena eztula da.
Gaitz higuingarri horien kontrako propietate zoragarriez jantziriko sasoiko landareak eskura ditugula aprobetxatu behar dugu. Barazki aliazeoek (tipula, baratxuria, porrua, etab) esate baterako, ezaugarri mukolitiko eta antiseptikoak dituzte: mukia samurturik, kanporatzea errazten dute eta, gainera, gaitza sortarazi edo larritu duten germenen (bakterioak edo birusak) kontrako borrokan dihardute. Tipula bati edo beste zeinahi barazki aliazeori darion esentzia inhalatu edo arnasteak mukiak kanporatu ez ezik, eztula bera ere eztitzen, gozatzen lagun dezake. Elikagai horien esentzi olioa osatzen duten sufredun konposatuak, urdailera iritsi bezain laster, odolera igarotzen dira eta biriketatik aldentzen dira berehala. Prozesuaren bereizgarri hauen erruz, tipula edo baratxuria jan eta handik minutu gutxitara hartuko du usain bereizgarri hori arnasatsak.
Sufredun konposatu horiek eragin antiespasmodiko, mukolitiko (mukiak kanporatzen laguntzen dute) eta antibiotikoak dituzte. Horrenbestez, berakatzaren familiako elikagai hauek -ahal dela, gordinik edo, gehienez ere, irakinaldi labur bat emanik- kontsumituz hobetzen dira arnas bideetako gaitzak (sinusitisa, bronkitisa, neumonia). Borrajak, berriz, arnas bideetako mukosak leundu eta bertako hanpadura apaldu egiten du. Barazki hau ere negutiarra da eta eragin leungarriko muzilagoak dauzka. Bere salda eta guzti, irakinik hartzea arnasketako gaitzen kontrako konponbide onuragarria da.
C eta A bitaminen garrantzia
C bitaminaren defizitak infekzioen aurreko erresistentzia murrizten duenez, gabezia horrek gure osasuna kolokan utz dezake hainbat egun edo astetan zehar. Azaren familiako barazkiak dira C bitamina eta beronen eragin mesedegarria areagotzen duen azido zitriko gehien dauzkatenak. Era berean, antioxidatzaile naturalen iturri oparotzat hartuak ditugu brasizeoak, antozianinak (more kolorekoak), beta-karotenoak (berez, kolore horista-laranja-gorriskakoak, klorofilak mozorrotzen baditu ere) eta sufredun konposatuak ugari dituztelako.
Egun bertan egiten ari den punta-puntako ikerkuntzak substantzia hauek tumoreen garapena galarazteko gaitasun handia dutela frogatu nahi du baina, oraingoz bederen, ez dago zientzialarien arteko kontsentsurik eta, hortaz, ibili beharreko bidea luze da oraino. Beste aldetik, barazkiok arrunt sufretsuak direnez, egosaldian zehar aireratzen diren usain bereziko sufredun konposatuak osatzen dira. Gure organismoak A bitamina premiazkoa du larruazala eta mukosak (bronkioen barrualdea estaltzen dutenak, besteak beste) egoera egokian mantentzeko eta arnasketari dagozkion gaitzen arriskua arintzeko. Azenarioa da betakaroteno ugarien daukan elikagaia. Betakaroteno izeneko antioxidatzailea, azkenean, hesteetan A bitamina bihurtzen da, organismoak horren premia nozitu ahala.
Arbi-orriek, C bitamina, E bitamina eta folatoez oparo agertzeaz gainera, betakaroteno ugari daukate. Sasoiko orridun barazkiek (zerba, ziazerba, endibia, borraia) folato asko eta zuntz ugari edukitzeaz gainera, betakarotenoak eta C bitamina (endibiak izan ezik) aportatzen dituzte: izan ere, barazki hauek laranja kolorekoak liratekeen arren klorofilaren pigmentuak aldarazi die janzkera. Gainerako barazkiek bezalaxe, kanpoko orriak dira bitamina gehien dauzkatenak. Beroak betakaroteno edo A probitamina desagertzen ez duenez, elikagaiak egostearen ondorioz substantzia hau ez da murrizten. Barazkiok franko kontsumituz gero, bronkioetako mukosaren egoera hobetu eta eztula gozatuko dugu.
A bitaminak ez bezala, C bitaminak beroaren eta oxidazioaren eragina biziki nozitzen du. Horregatik du garrantzi handia eguneroko otorduetan gordinik dauden edo irakinaldi labur-laburra bizik hartu ez duten barazkiak jateak, entsaladetan adibidez, nutriente horren galera ahalik eta modu egokienean orekatzeko.
Kiwia, limoia, mandarina, laranja, pomeloa, fruta tropikalak (papaia, txirimoia, anana…) eta lehortutakoak (pikuak, aranak, datilak…) sasoi-sasoiko fruta ditugu eta, horrenbestez, kontsumitzeko aukera hobezina dugu orain, gure bitamina-gordailua betetzeko. Izan ere, bitamina ugari izatea da zeinahi frutaren ezaugarri bereizgarrienetako bat, batzuek nagusiki dauzkaten bitaminak besteek ia ez dituzten arren. Neguko fruta guztiek daukate azido askorbiko edo C bitamina asko. Bitamina honen iturri oparoena zitrikoak dira, baina guaiaba eta kiwia bereziki, nutriente honen kopuru handiena daukate eta.
Dena den, egiazko altxorra den heinean beste hainbat azido organiko ere badauzkate frutek, hala nola zitrikoa: hauek nolabaiteko garraztasunez alaitzen dute fruitu hauen zaporea. Azido zitrikoak, jakina den bezala, C bitaminaren eragina areagotzen du.
C bitaminaz gainera, karotenoide -hau da, antioxidatzaile moduan aritzeko gaitasuna duen landare-pigmentua- asko dute neguko frutek. Bestetik, zuntz-edukia ere nabarmena dute, disolbagarria batik bat: pektina eta muzilagoak alegia. Zitrikoetan, zuntza (pektina) gehien mamia biltzen duen zuri koloreko geruzan dagoenez, ez da zertan azal hori baztertzerik. Laranja, mandarina eta pomeloen kolorea betakarotenoari zor zaio: nutriente horren ezaugarri mesedegarriez ere neguan izango gara onuradun. Neguko fruten balio energetikoa karbohidrato soilen (glukosa, sakarosa eta, berezi-bereziki, fruktosa) edukiak baldintzatzen du. Fruta batetik besterako aldea handia izango da, bai, baina espezie bereko aldakinetan ere topatzen dugu desmailarik. Azukre gehien dauzkatenak fruta lehortu, pasa edo melatuak dira (datilak, pikuak, aranak, etab), ondotik tropikalak datozkiela: txirimoia, mizpira heldua, kakia, mangoa eta anana tropikala.
Hobe osorik
Era guztietako fruten nutrizio-ezaugarriez baliatzeko modurik egokiena alea gordinik jatea da. Azala zuritzean ere sakonegitik jardutea ez ohi da komeni, kanpoko aldean, azalaren azpi horretan hain zuzen, bitamina gehien biltzen direlako. Azal eta guzti jatea deliberatu baduzu, ez ahantzi: bertan bildurik egon daitezkeen izurrilkarien eta bestelako produktu kutsatzaileen aztarnak suntsitzeko, alea zorrozki garbitu beharko duzu. Fruta pusketetan ebakitzean elikagaiaren azalera handiagoa jartzen dugu oxigenoarekin kontaktuan eta, horrenbestez, oxidazio bidezko bitaminen galera are eta larriagoa izango da. Hortaz, kontsumitu behar den unean ebakitzea duzu bidezkoena. Beste horrenbeste gertatzen da irabiaki eta pureekin: osagaien bitamina-ekarpenik handiena aprobetxatu nahi badugu, egin eta berehala kontsumitu behar ditugu.