Energia berriztagarriak

Ezarpen eskasa eta gorabehera handikoa, alde batetik bestera

Energia berriztagarrietan oin harturik, Nafarroan instalaturiko potentzia elektrikoa Murtziakoaren 20 halakoa da, Valentziakoaren 10 halakoa, EAE eta Errioxakoaren 7 halakoa eta Madrilgoaren 5 halakoa.
1 abendua de 2000
Img informe listado 102

Ezarpen eskasa eta gorabehera handikoa, alde batetik bestera

Gasolinen eta petrolio-eratorrien bat-bateko garestitze itzelak agerian utzi du, egundo baino nabarmenago oraino, erregai fosil horrekiko herrialde gehienek nozitzen duten menpekotasuna. Begi guztiak energia berriztagarrietara bihurtu dira orain, hauek -petrolioa, ikatza, gas naturala eta uranioa ez bezala- agortezinak baitira, eguzkia, haizea edo giza jarduerak sortarazten hondakinak dituztelako iturri. Estatu espainiarrean, energia berriztagarriak guztirako kontsumoaren %6,3ra bakarrik iristen dira; ezarpen hori Europar Batasuneko batez bestekoaren (%5,8) berdintsua bada ere, duela hiru urte Kioton egin zen Klimaren Gailurrean 2010 urterako helburutzat hartu zen %12 hartatik arrunt urruti dago. Estatuari dagokionez, energia berriztagarrietarako azpiegituren (eguzki-plakak, haize-errotak, hondakinen errauskailuak, etab.) ezarpenaren erritmo mantsoa, adituen iritziz behintzat, gaiari buruz dagoen informazio praktiko urriaren ondorio da, batik bat, eta ingurumenari kalte handiegirik egiten ez dioten energia agortezin hauek ekoizten dituzten instalazioek bete behar dituzten baldintzei buruz legezko arauteria zehatzik ez izateagatik. Berriztagarriak etorkizuneko energiak dira: batetik, ez dute poluziorik sortzen (edo konbentzionalek baino askoz ere gutxiago sortzen dute) eta, bestetik, horrenbesteko defizit komertziala sortzen duen morrontza ekonomiko horretatik -hein batean, gutxienez- askatasunerako ateak zabalduko lizkieke petrolioa eta gas naturala inportatzen dituzten herrialdeei. Energia hauek pairatzen duten oztopo nagusia, energia berriztagarrien auzitan jarritako errentagarritasuna eta, honekin batera, kostuetan, tradizionalekin kostu-lehian aritzeko balizko ezintasuna.

Energia Iturriak Dibertsifikatu eta Ugaltzeko Institutuak (IDEA) eta autonomietako hainbat administraziok emaniko informazioa aztertu ondoren, energia berriztagarriak bultzatzeari dagokionez, bederatzi autonomia erkidegok (Madril, Katalunia, Nafarroa, Euskadi, Valentziar erkidegoa, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Errioxa eta Murtzia) eginiko ahaleginak erkatu ditu CONSUMERek. Energia berriztagarrien alde eginiko apustua balioesteko unean, bi baremo baliatu dira: lehendabizi, honelako energiekin 1999 urtean autonomia erkidego urtean gehienez ere sortu ahal izan zuen elektrizitate- edo bero-kantitatea, betekizun horretarako berariaz sortu dituen azpiegiturekin (honi “potentzia instalatua” deritzo); bigarrenik, horrelako energietara bideratzen den finantzaketa pribatua eta publikoa. Bestela esatearren, ekoizteko ahalmena, alde batetik, eta inbertsioa, bestetik. Elektrizitatea sortzen duten energia berriztagarriei (eguzki-energia, eolikoa, hondakinen errausketa, zentral minihidraulikoak, biomasa -basozaintza eta nekazaritzako berezko hondakinak-) dagokienez, Nafarroa agertzen da lehen postuan, 1999an 473 megawatteko potentzia instalatua zuelako, eolikoa eta minihidraulikoa iturri behinenak izaki. Datu hau Nafarroako Foru Erkidegoaren azalera eta biztanleria kontuan izanik erlatibizatzen badugu, aitzindaritza are eta nabarmenago gertatzen da. Ondoren datozkio Andaluzia (375 mW: aski ratio kaskarrak dira, biztanleria eta azaleraren aldean), Gaztela eta Leon (364 mW: hoberenen artean, biztanleria kontuan izaki, baina dezente beherago, azalerarekiko) eta Katalunia (319 mW; hiri-hondakin solidoak eta energia hidraulikoa baliatzean, nabarmen). Energia berriztagarrien ezarpena azaltzen duen zerrendaren beste muturrean, Valentzia (46 mW instalatu) eta Murtzia (24 mW) doaz: hauek dira datu absolutu zein erlatiboetan atzerapen nabarmena nozitzen duten biak. Euskadi ere (70 mW), elektrizitatea sortzeko biomasareen kontsumoan eta minihidraulikoan bakarrik iristen delako ozta-ozta, amaiera aldean agertzen da, azalera eta biztanleriarekin erkatu ondoren, erkidego honen posizioa hobexea bada ere. Madrilek (89 mW) erdi pareko tokietan agertzen da, datu pattalekin, dena den: ekoizpen hori azaleraren arabera ona den arren, biztanleriaren eskerga gogoan izaki arrunt eskasa da. Errioxa (68 mW baizik ez) absolutuki legokiokeen baino toki hobean agertzen da, biztanleria (Nafarroaren gibelean, bigarren hoberena baita: 0,25 kW biztanle bakoitzeko) eta azalera (honetan ere, bigarren onena: 13,5 kW kilometro karratuko) kontuan baditugu.

Hona hemen Estatu espainoleko energia berriztagarri nagusiak: minihidraulikoa (azterturiko bederatzi erkidegoetan elektrizitatea sortzen duen potentzia instalatuaren %53raino iristen da) eta eolikoa (%36a hartzen duena). Eguzki-energiaren ezarpen eskas-eskasa dugu benetako datu kezkagarria, energia berriztagarriek sortzen duten potentzia osoaren %0,3an geratu delako. Hiri-hondakin solidoen agerpena %4koa da eta biomasaren kontsumoarena, azkenik, %7koa. Beroa sortzen duten energia berriztagarriez ari garela, azpimarratzekoa dugu Andaluzia (ia 800.000 petrolio-tonen baliokidea edo “ptb”) lehenik, ondoren Gaztela eta Leon (421.000 ptb) eta Katalunia (302.000 ptb) biomasa-kontsumoan datozkiola; eguzki-kolektoretan ere Andaluzia (ia 100.000 metro karratu kolektore) agertzen da lehena, ondotik Madril (ia 39.000 metro karratu) eta Valentzia (ia 36.000) doazela. Beroa sortzen duten energia berriztagarri horietan atzeneko tokietan, termino absolutuetan (biztanleriaren eta azaleraren araberako datuak “Beroa sortzen duten energia berriztagarriak” taulan ikus daitezke) Errioxa (bai biomasa-kontsumoan, bai eguzki-kolektoretan) eta Euskadi (eguzki-kolektoretan): 1.000 metro karratu baino gutxiago.

Egiten den inbertsioa

Eskuartean 1999 urteko datuak dauzkagula, Gaztela eta Leon eta Errioxa izan ziren energia berriztagarrietan gehien inbertitu zutenak (guztirako inbertsioa: pribatua, publikoa gehi dirulaguntzak), bertako biztanleria gogoan izaki: 2.611 eta 2.048 pezeta biztanleko, hain zuzen. Gutxien inbertitu zutenak, aldiz, Murtzia (80 pezeta biztanleko) eta Madril (146 pezeta). Hona inbertsio txikia egin zuten beste hainbat erkidego: Nafarroa (275 pezeta biztanleko), Euskadi eta Valentzia (biak ere, biztanleko 500 pezeta inguru). Informazio hau emateari uko egin zioten Andaluzia eta Kataluniako Administrazioek. Botere publikoek honelako energia berriztagarriekin bereganaturiko konpromisoa zertan den ikusi nahi badugu, energia horietan ekimen pribatuak eginiko inbertsioei emaniko dirulaguntza publikoaren portzentajea izan daiteke adierazle bat. Denen aurretik doaz Murtzia (bertan inbertitu zen guztirako muntaren %44 lagundu zuen Administrazioak) eta Nafarroa (guztiaren %34 dirulaguntzaz finantzatu zen). Horrelako energiak ezartzeko dirulaguntza txikienak bideratu zituztenak Euskadi eta Errioxa izan ziren (%4 baizik ez). Diru publikoa horren eskas agertzearen arrazoia, energia hauetan izaniko ekimen enpresariala izan daiteke. Euskadiren kasuan, esate baterako, 1999an eginiko inbertsioaren %90etik gora zentral minihidraulikoetara (laguntza publikorik gabeak, beraz) bideratu zen.

Biomasa, lehen mailako energi iturria

Nekazaritzako eta basogintzako hondakinak erregai hobezinak dira. Biomasa, biogasa eta bioerregaiak dira gaur egungo teknologiaren bitartez aprobetxa daitekeen baliabide-iturri oparoenak, ur beroa eta elektrizitatea atera ditzakegulako horiei esker. Andaluzia (56 megawatt), Euskadi (22 mW) eta Madril (14 mW) dira biomasaren bitartez elektrizitatea sortzeko potentzia gehien instalatu duten erkidegoak. Hona prozesuaren funtsa: hondakinak erretzen dira lurrina ekoizteko; lurrin horrek presio altuan, turbina bat eragiteari esker, elektrizitatea sortuko du. Hondakineko lurrinak presiorik galdu badu ere, bero-bero dagoenez, kalefakziorako balio du oraindik. Hondakinak gas ere bihur daitezke: tenperatura garaietara iritsita, metanoa darie; gas hau berariazko turbina batean erretzen bada, elektrizitatea sortzen du. Estatu espainiarrean biomasaren kontsumoa bost urtez behin kontabilizatzen da, baserri-giroko zonetan eta industrietan inkestak eginez. Azken zundaketak dioenez, Andaluzia omen da biomasa gehien kontsumitzen duen autonomi erkidegoa. Petrolio-tonen baliokidean (ptb) kalkulaturik ia-ia 787.000 inguruko multa dugu. Ondotik Gaztela eta Leon datorkio, (421.000 ptb) eta atzean Katalunia (302.000 ptb). Azalera kontuan hartzen badugu, lehen tokian Euskadi agertzen da (28 ptb kilometro karratuko), azken postuan Gaztela eta Leon dagoela: 0,22 ptb/km2, hau da, Estatu osoko batez bestekoa (8 ptb/km2) baino 36 aldiz gutxiago.

Energia eolikoan, ereduzkoa

Espainiar Estatua nazioarteko erreferentzia bilakatu da energia eolikoan erdietsitako garapenari esker: haizea aprobetxatzeak 840.000 familiaren elektrizitate-kontsumoaren parekoa ekoizten du, urtearen buruan; 1999an potentzia instalatua %90ean areagotu zen, aurreko urtearekiko. Energia hori merkea da eta ikatz edota petrolio bidez dabiltzan zentral elektrikoen lehiakide izan daiteke, errentagarritasunez ari garela. Joan den urtearen kondarrean Nafarroako potentzia instalatua 318 megawattera iristen zen. Ondotik zeuden Andaluzia (127 mW) eta Gaztela eta Leon (122 mW). Biztanleko eta kilometro karratuko instalatutako kilowattak kontuan izanik, energia eolikoaren ekoizle hoberenen artean Errioxa azaltzen den arren, Nafarroa dezente aurrerago dago, biztanle bakoitzeko 0,6 kW produzitzen baitu, hau da, Espainia osoko batez bestekoa baino 30 bider gehiago.

Eguzki-energia. bi prozesu desberdinak

Eguzki-energia fotovoltaiko deritzo elektrizitatea sortzen duen energiari; beroa sortzen duenari, berriz, eguzki-energia termiko esaten zaio. Eguzkitatik harturiko elektrizitatea etxeko edo leku isolatuetako nekazaritza-ustiapen txikietako kontsumoa asetzen du. Inoiz edo behin baizik ez da lotzen horrelakorik elektrizitate-banakuntzako sarean. Eguzki-plakek ez dute mantentze-lan handirik eskatzen eta hogeita hamar bat urte irauten dute. Honelako energian Andaluziak du potentzia instalatu handiena baina, halaz ere, 3 megawatt baizik ez du ekoizten. Urrutian datozkio atzetik Gaztela eta Leon eta Katalunia. Eguzki-energia termikoa eguzkiak berotutako ura daukaten kolektoreen bidez sortzen da. Nahi dugun tenperaturaraino iritsita, ur hori etxebizitza, hotel, ospitale edota igerilekuetan erabil daiteke. Andaluzia da alor honetan beroa sortzeko horrelako energia gehien baliatzen duena. Une hauetan dituen kolektoreek 98.190 metro karratuko azalera okupatzen dute. Dezente urruti datorkio Madril eta Valentzia. Euskadiri eta Errioxari geratzen zaie tarterik luzeena eguzki-energia termikoaren bidean.

Hiri-hondakin solidoak, errausketaren bidez

Hondakin hauetan ez dira sartzen industriak sortzen dituenak. Hiri-hondakin solidoak etengabe ekoizten direlako eta daukaten balio energetiko handiagatik, energia-iturri berriztagarritzat jotzen dira. Elektrizitatea sortzeko hondakinak erraustea da prozesu erabiliena. Errausketaren teknologiak aurrerakuntza handia egin du denbora-tarte txikian, jaulkipenen kontrolari eta osasunarentzat kaltegarriak diren partikulak suntsitzeko sistemen eraginkortasunari esker. Dena den, oraindik ere hondakinak errausteari muzin egiten diote ekologista-elkarte askok, ezagun dugun alternatiba hirukoitza aldarrikatzen dutelarik: kontsumoa gutxitzea, gauzak berriro erabiltzea eta birziklatzea. Aztertu diren autonomia erkidegoetan, 1999 urtean hiri-hondakin solidoetatik elektrizitaterik Katalunian (potentzia instalatua: 40 megawatt) eta Madrilen (29 mW) bakarrik ekoizten zen.

Minihidraulikoa, naturako desmailak baliatzeko

Energia minihidraulikoko zentralek 10 megawatteko potentzia dute, gehienez ere, eta naturan dauden desmailez baliatzen dira askotan. Horrelako zentral txikiekin potentzia gehien instalaturik duten erkidegoak dira Gaztela eta Leon (232 megawatt), Katalunia eta Andaluzia. Nolanahi ere, datu absolutuak biztanleria edo azalerarekin lotzen badira, Nafarroa eta Errioxa agertzen dira zerrenda-buruan. Murtzia eta Valentzia dira, aldiz, energia minihidrauliko gutxien ekoizten duten erkidegoak.

Hiri-hondakin solidoak, errausketa bidezko energi sortzaile

Hondakin hauetan ez dira sartzen industriak sortzen dituenak. Hiri-hondakin solidoak etengabe ekoizten direlako eta daukaten balio energetiko handiagatik, energia-iturri beriztagarritzat jotzen dira. Elektrizitatea sortzeko hondakinak erraustea da balioztapen-prozesu erabiliena, baina ez bakarra. Errausketaren teknologiak aurrerakuntza handia egin du denbora-tarte txikian, jaulkipenen kontrolari eta osasunarentzat kaltegarriak diren partikulak (dioxina polemikoak gogoan dauzkagu denok) suntsitzeko sistemen eraginkortasunari esker. Dena den, oraindik ere hondakinak errausteari muzin egiten diote ekologista-elkarteek, ezagun dugun alternatiba hirukoitza aldarrikatzen dutelarik: kontsumoa -horrenbestez, hondakinak- gutxitzea, gauzak berriro erabiltzea eta konpostaje integrala praktikatzea. Aztertu diren bederatzi autonomia erkidegoetan, 1999 urtean hiri-hondakin solidoetatik elektrizitaterik Katalunian (potentzia instalatua: 40 megawatt) eta Madrilen (29 mW) bakarrik ekoizten zen. Nolanahi ere, beste erkidego batzuek hurrengo urteetan errausketa-plantak instalatzea aurreikusi dute.

Energia berriztagarrietan inbertitzea, etorkizunaren aldeko apustua

Energi banakuntzaren sisteman epe laburrera energia berriztagarriek iturri konbentzionalek okupatzen duten nagusigotik kenduko dituztela espero izatea ez da jarrera errealista baina, edonola ere, horien sustapena eta garapena ezinbestekotzat ikusten dira energi sektoreak bidezko era egonkorrean aurrera egingo badu, gizarteak ingurugiroaz egiten dituen galdakizunei erantzunez. Arestiko azterketa baten arabera, energia konbentzionalek ingurunean eragiten duten inpaktua berriztagarriek egiten dutena baino 31 aldiz handiagoa da. Duela 40 urte kontsumitzen genuen energiaren lau halako kontsumitzen dugu gaur egun, baina kontua ez da hori bakarrik: garapen bidean datozen herrialdeak ere jokaera horretan sartzen ari dira, pixkanaka. Mundu-Baliabideen Institutuaren arabera, 2001 urterako garapen bidean datozen herrialdeek munduko energiaren erabilera %40an biderkatuko dutela diote aurreikuspenek, biomasaren erabilera erregai fosilenak ordezkatuko duelarik. Espainiak kontsumitzen duen petrolioaren %99,5 inportatu egiten du eta joan den urtean kontsumo hori %4,5 igo zen. Halaz ere, hazkuntzarik handiena gas naturalak ezagutu zuen %15, alegia. Egungo joerak segitzen baldin badu, petrolio guzti-guztia agortzeko 50 urte baizik ez du gizateriak, zundaketa- eta erauzketa-teknologia berriei esker epe hori zerbait luzatu ahal izango den arren. Gas naturalaren erreserbek gehixeago iraungo omen dute: 80 bat urte, nonbait. Estatu espainiarreko Energia Berriztagarriak Sustatzeko Planak 1,6 bilioi pezeta mugiarazi nahi ditu 1999-2006 epean, munta horren %13 laguntza publiko estatal eta komunitarioak izango direlarik. Espainiako Gobernuaren arabera, energia berriztagarriak baliatu ahal izateko, 2006 urtera arte Estatuan 1.000 enpresa baino gehiago sortuko dira. Espainiak kontsumitzen duen lehen energiaren %70 inportatu egiten du eta azken 25 urteotan energia elektrikoaren kontsumoa bikoiztu egin da. Beraz, berriztagarriak sustatzea nahitaezkoa da.

Eguzki-energia fotovoltaikoa

Plaka solarren bitartez pertsona partikularrak erdiesten duen energia guztia tentsio apaleko sarean sal dezake. Hona eman beharreko urratsak:

  • Instalatzaile batekin harremanetan jarri.
  • Industriako lurralde-bulegora joan, elektrizitate-ekoizleen erregimen berezian sartu ahal izateko.
  • Erkidego horretan diharduen elektrizitate-banakuntzako konpainiara joan eta elektrizitate-sarean lotune bat eskatzea.
  • Erkidego horretan energiaz arduratzen den erakundera joan eta dirulaguntza eskatzea; Estatuko Aldizkari Ofizialaren arabera, laguntza horrek gastu osoaren %35etik %40ra bitarte ordainduko du (BEZ kanpo).
  • Konpainia banatzailetik elektrizitatearen salerosketako kontratua lortzea gutxienez 5 urtetarako, legeak xedatua duen bezala.
  • Enpresa instalatzaileak emaniko buletinarekin eta salerosketaren kontratuarekin elektrizitateaz hornitzen duen konpainiara joan behar da, sarerako egiazko lotura tramitatzeko.

Eguzki-energia termiko eta fotovoltaikoa, norberaren kontsumorako denean

  • Instalatzaile batekin harremanetan jartzea.
  • Instalatzaileak aurkeztu dion proiektua onetsiko dio bezeroak.
  • Erkidego horretako energiaz arduratzen den erakundera joango da, dirulaguntzaren eskean. laguntza horrek gastu osoaren %35etik %40ra bitarte ordainduko du (BEZ kanpo).
  • Instalazioa osatu ondoren, instalatzaileak erabiltzeko eta mantentzeko buletina entregatuko dio.

Hiri-hondakin solidoak

Bereizi etxean bertan hondakinak eta utzi bakoitza dagokion edukigailuan.

Biomasa

  • Mendian bizi bazara, energia berriztagarriez arduratzen diren enpresekin harremanetan jar zaitezke: pilatu duzun biomasa erosiko dizute horiek, hainbat urtetarako kontratua egingo dizutelarik.
  • Etxeko sua pizten duzunean, egurra edo ikatzaren ordez erabili biomasa bilduz osaturiko briketak.

Eragozpen baino abantaila gehiago

Eragozpenak

  1. Energia eolikoarenak:

    • Ikus-inpaktu saihestezina eta paisajearen aldakuntza nabarmena.
    • Biratzean, motoreak eta haizearen kontra jotzean, palek egiten duten hotsa.
    • Palen kontra jotzean, hegaztiak hiltzeko arriskua.
  2. Biomasarenak:

    • Nekazaritzako eta basogintzako hondakinak mendiko etxean metatu beharra, bertatik eraman arte.
  3. Hiri-hondakin solidoenak:

    • Erraustokietako ke-dorreek partikula kutsatzaileak (dioxina polemikoak) jaulkitzeaz gainera, ikus-inpaktua ere sortzen dute.
  4. Energia minihidraulikoarenak:

    • Lehenago birjinak ziren aldeak humanizatu egiten dira.
    • Presak, ezinbestez, estetika eta ingurugiroaren aurkako inpaktua sortzen du.
  5. Eguzki-energia termikoarenak:

    • Eguzki-plakaren alderdi aktiboa garbi mantentzeak lana eskatzen du.
  6. Eguzki-energia fotovoltaikoarenak:

    • Etxeko toki ez-biztangarri baina egurastu batean 4 metro karratuko metagailua kokatzea ez da lan samurra.
    • Metagailuak egoera onean mantendu ahal izateko, urtean behin gainbegiratu egin behar dira.
    • Azido sulfurikoa daukala, metagailuaren bizitza baliagarria amaitzen denean zer egin daiteke?

Abantailak

  • Erregai fosilak darabiltzaten teknologiek sortarazten dutena baino askozaz ere inpaktu txikiagoa ingurugiroan.
  • Energia berriztagarriak baliabide jasangarriak dira -ez direlako, erregai fosilak bezala, ondasun urriak-: atmosferara ez dute jaurtitzen karbono-dioxidorik (CO2) eta, hortaz, negutegi efektuaren ondoriozko lurraren berotze-prozesuari saihets egiten diote; ez dute euri azidoa sortzen laguntzen, ez dute nitrogeno-oxidoa (NOx) sortarazten, ia-ia ez dute segurtasun-neurririk eskatzen, nekez tratatu edo suntsitu litekeen hondakin toxikorik ez dute sortarazten, gerta daitezkeen inpaktuak tamaina txikia eta maila lokalekoak direnez, horiek zaintzea edo zuzentzea ez da oso garestia. Ingurugiro-alorreko ondorio horiek, gainera, ez dira iraunkorrak, energi iturriaren erabilerak baino gehiago irauten ez dutelako eta inpaktuak erabat suntsiturik gera daitezke kasurik gehienetan.
  • Beste aldetik, energia berriztagarrietara jotzeak tokian tokiko baliabideak erabiltzea esan nahi du: ondorioz, energiaren autohornikuntzan, energia-balantzan eta ordainketa-balantzan ere hobekuntzak erdiesten dira. Horiez gainera, herri edo eskualde-mailako ekoizpen-jarduerak garatzen direnez, inbertsioak egin eta lanpostuak sortzen dira horrela.