Nolanahi ere, formula horrek ez zuen berebiziko arrakasta lortu baina gaur egun finantza-erakunderik gehientsuenek eskaintzen duten zerbitzu berriaren aitzindari izan zen: on-line bankuarena, alegia.
Banku eta aurrezki-kutxak Sarean
Oraingoz behintzat, banku eta aurrezki-kutxek hiru aukera hartzen dituzte merkatura begiratzeko unean: Internet, bulego eta telefono bidezko banku-zerbitzuekin batera, beste kanaletako bat dela onartzea; Sarean bakarrik lehiatzeko berariazko bankuak sortzea; edo hirugarren bidetik, bien aldeko apustua egitea.
Une honetan bertan banku elektronikoek Estatu espainiarrean 644.000 bezero dituzte, hau da, Interneten erabiltzaileen %18 eta guztirako biztanleriaren %1,6, Arthur Andersen Consulting eta BSCH Investment erakundeek plazaratutako azterketetan bildu diren datuen arabera. Ratio hauek eta Estatu Batuetako bezero-kopurua elkarren aldean jarriz gero, oraino ibili beharreko bidea luze dela ikusiko dugu, aise ikusi gainera: Estatu Batuetan, izan ere, horrelako zerbitzuak 14,2 milioi erabiltzailek baliatzen dituzte, hau da, zibernauten %18,2k edo, nahiago bada, guztirako populazioaren %5,2k.
On-line bankua: erraz eta azkar
On-line banku edo kutxan sartzeko sistema soil-soila da, benetan. Aski dugu bezero garen ohiko sukurtsal edo bulegoan zerbitzu horretarako irispidea eskatzea. Era horretan, dagokion password edo pasahitza emango digute eta, pribatutasun-berme osoarekin, toki seguruan sartzeko moduko klabea zehaztuko zaigu, pasahitz horri esker.
Bertan, bankuko bezeroari bere kontu korrontea edo beste zeinahi produktu erakutsiko zaio (zor- zein kreditu-txartelak, gordailuak, etab.). Orrian sartu nahi duen guztietan eskatuko zaizkio erabiltzaileari kasuan kasuko pasahitzak eta, bertan izanez gero, banku-sukurtsal tradizionaleko leihatilan edo kutxazain automatikoan arituko litzatekeen konfiantza berberarekin egin ahal izango ditu gestioak. On-line zerbitzuen bidez konplexutasun-maila altu samarreko finantza-eragiketak egin daitezkeen arren (Burtsako akzioak erosi, gordailuetan dirua inbertitu, herri-zorra harpidetu, etab.), aukera horretaz balia daiteke bezeroa leihatilako ohiko kontsultategia bailitzan, transferentzia soilak egin ahal izateko.
Hauxe dauka, bada, Sareko bankuak abantaila handia: horrelaxe diseinatua izateari esker eskaintzen du erabiltzeko erraztasuna eta baliagarritasuna (usability), hain zuzen ere. Orri pertsonalaren barruan kontuen saldoak eta mugimenduak gainbegira daitezke, orokorki nahiz banan-banan, egun jakin batez geroztik sarrerak edo irteerak hautatuz, adibidez. Era berean, argi-erreziboa kobratu diguten, kreditu-txartelen gastua kontrolpean daukagun edo etxebizitzaren letra ordaindu dugun egiaztatu ahal izango dugu. Kontsultategi baliodun zerbitzua baliatzeaz gainera, bankuari aginduak eman ere egin daiteke, hala nola errezibo bat itzultzea edo, areago, beste norbaiten kontu korrontean ordainketa egitea, adibidez.
Sarean bakarrik diharduten bankuei dagokienez, on-line motako kontuak egunetik egunera ugaltzen ari dira. Horrelako gordailuak Interneten bakarrik ireki daitezke eta %5erainoko interesak eskaintzen dituzte, hau da, dezente altuagoak zeinahi kontu korronte tradizionaletako ohikoak baino.
Erakunde birtual zenbaitek dirua galdu ere egiten du, finantza-formula berri honetarako bezeroak atzemateko lehia gorriak hala aginduta, oso-oso interes erakargarriak eskaini behar dituztelako denek. Oraingoz behintzat, honelako kontuek gordailutzat funtzionatzen dute batik bat, eskaintzen duten emaitza gutiziagarria dela medio. Sarean bakarrik diharduten bankuetan alta emateko aski da dagokion web orrian sartu eta haiek ezarritako jarraibideak betetzea. Titularraren datuak (izen-abizenak, helbidea, lanbidea, etab.) jaso ondoren, aurrerantzean bezero izango den horri eskatzen diote etorkizunean pasahitza izango duen klabea era dezan, kontu horretan banku-trantsakzio eta gestioak berak bakarrik egin ahal izan ditzan.
Sinadura elektronikoa, segurtasunaren berme
On-line bankuetako bezero edo erabiltzaileak duen kezka latzena, bere kontuen eta bere datuen transmisioaren segurantzia da. Hori dela eta, zerbitzuak oraindik sinesgarritasun handiagoaz janzten dituzten babes-sistemak egituratu dituzte finantza-erakundeek. Banku-trantsakzioen segurtasunak duen erronka nagusia, jakina, eragiketen atzean den egilea benetan bezero titularra dela bermatzea da. Proba hori gainditu ahal izateko sinadura elektronikoa ezarri da indarrean oraindik orain. Legeak onetsitako sistema honek, Interneten diharduen pertsona edo enpresaren sinadura egiaztatu egiten du: erosketa, salmenta edo banku-trantsakzioak egin dituena, esate baterako, kontuaren titularra bera dela frogatu ahal izango da horrela.
Soil-soila da sistema, berez: eskaturiko sinadura elektronikoari dagozkion tramiteak enpresa jakin batek egiten ditu; titularrari, berak bakarrik jakingo duen pasahitzarekin batera beste klabe bat emango dio, gainontzeko bezeroek bera ezagut dezaten. Erabiltzaileak eragiketa batekiko adostasuna agertu nahi duenean, bere pasahitza (lehen bezain sekretua dena) sartzeari esker, bigarren pasahitza sartzeko aukera izango du: bigarren hau ikusita jakingo dute besteek erabiltzaile hori aurreneko pasahitzaren titularra dela. Sistema hauxe ezarri eta hedatuko da aurki, Interneten zeinahi agiri legalekin lanean aritu ahal izateko berme gisa.
Helbide baliagarriak, datozen egun berezietan elkartasuna zabaltzeko
Gainean ditugun ospakizunetako opariak modu erraz, erosoan, justizia eta elkartasunezko prezioan eskuratzeko aukera aurkeztuko dugu jarraian. Gobernuz kanpoko erakunde batzuek bere web orrian egituratu dituzten dendetan bueltaska bat egitea baizik ez dugu: horietan, xehetasun guztiekin azaltzen dira produktuak, aldamenean argazkia dutela. Horrelako dendetan erositako produktuak posta-igorpenaren bitartez, kreditu-txartelarekin edo errenboltsoz ordain daitezke. Igortze-gastuek ez dute gorabehera handirik: pakete txiki bat bidaltzearren 600 bat pezeta ordaintzen da eta 1.500 pezeta, berriz, pakete handia bada edo bat baino gehiago badira.
- Fundación ADSIS. Eguberrietako gastronomiari ukitu bitxi, jator eta justiziazkoa emateko denda gozagarri horretara jo behar da. Bertan, ohikoak diren produktuekin batera, 8.000 pezetaren truk denetik daukan Gabonetako lotea eskaintzen da, hara: turroia, marmeladak, gailetak, txokolateak, kafeak, rona eta hegoaldeko herrietan eskulangintzaz ekoitziriko beste hainbat produktu.
- Payasos sin fronteras.. Barre egitea baino ezer hoberik ba al da? Proposamen horrekin nornahi izan daiteke opari-ospakizuna alaituko duen komikoa. Denda horretan marrazki dibertigarriak dituzten elastikoak eta beste gauza asko daude, horietakoren bat Mariskal diseinatzaileak sortutakoa, oso moduz, gainera.
- Ayuda en acción. Panpina orijinal eta deigarrien bila dabilenak garapena kezka duen gobernuz kanpoko erakunde honen dendara jo beharko du, bertan, 2.500 pezeta bakarrik ordainduta, hamaika modeloren artean aukeratu ahal izango duelako. Panpinak ez ezik, bestelako produktu askoren zerrendan ere miatu bat egitea merezi du: motxiletatik hasita (kotoizkoa, 1.000 pezeta; trecking-ekoa, 3.000), hondartzarako toailak, erlojuak, katiluak… den-dena. Prezioak zuzen; diseinua, bikain.
- Intermón. Premia handiena duten haurren aldeko lanean dabil GKE hau. Dendan salgai dituen produktuen zerrenda oso zabala ez den arren, hainbat tamaina, kolore eta marrazkitako elastiko orijinalak eskaintzen ditu: paregabeko opari izan daitezke gure hurkoenentzat. Elkartasunezko opariak izango direnez, ukitu horrekin edertuko dute Eguberrietako ezohiko gastua.
- Asociación de España con ACNUR. Oraingoz behintzat, dendan salgai duten gauza bakarra “Un día tuvimos que huir” titulua duen erdarazko liburua da, Afrikako adarreko haurrei buruzko ipuinak biltzen dituena, hain zuzen”.
- Acción contra el hambre. Dendarik ez badu ere, Hirugarren Munduaren alde lanean diharduen erakunde honek enpresei eskaintzen die Gabonetako postalen diseinu-zerbitzua, oso prezio erakargarrietan. Txartel hauek ohiko “Zorionak” geza baino dezente gehiago adieraziko dute, ziur.
- WWF/Adena. Erakunde honen logotipoak, panda hartza alegia, naturaren alde jarduteko borondatea gogorarazten digu. Ideia hori da dendan salgai dagoen arropa (elastikoak eta kirol-jertseak) eta papertegiko artikuluak inspiratu dituen kontzeptua. Web orriko eskari-orria bete edo produktua telefonoz eska daiteke, aukeran.
- Greenpeace. Hauen denda birtualean makina bat jantzi (elastikoak, jertseak, poloak, bainu-batak, kirol-jertseak), jostailu, osagarri eta ekologia gai duten gidaliburu monografikoak eros daitezke. Amnistía Internacional(www.a-i.es).Dagokion web gunean, Amnistía Internacional erakundeak hainbat liburu, argazki-marko, kutxa, luma, CD, jantzi eta bestelakoak erosteko aukera ematen digu bere dendan, aholkatutako prezioan eta orijinaltasuna berme dela.