3 urtetik gorako haurrentzako jostailuak
Oinarrizkoa da, era berean, jostailua seguru izatea eta erabiltzaileari arazo edo istripurik ez sortaraztea. Jostailuen segurtasuna, bere ezaugarri fisiko, mekaniko eta kimikoak ez ezik, agertu behar duten informazioa eta markatua xedatzen dituen arauak bermatua dago.
Halaz ere, legeriak adierazten duen moduan, “segurtasuna dela eta, arauzko galdakizunek ez dituzte gurasoak salbuesten jolasten ari den haurra zaintzeko arduratik”. Halaber, jostailuarekin ibili behar ez duten haurrek erabiltzean eta aurreikusia zegoen erabileraz bestela baliatzean istripu asko jazotzen direla hauteman da. Gogoan hartzekoa da, hortaz, jostailu batzuk berez direla arriskutsuak: horrela gertatzen da patinete edo jostotzara batekin, esate baterako. Hiru urtez gorako haurrentzako hogei jostailu aztertu dira oraingoan (adin horretatik beherako umeentzako jostailuei galdatzen zaizkien ezaugarriak bestelakoak dira eta), horien prezioak 1.495 pezetatik 5.975 pezetaraino doazela.
Horietako bakoitzak eskaintzen duen informazioa (markatuari dagokion europar CE araua betetzeaz, fabrikatzaileari edo inportatzaileari buruzko datuak, elektrizitate-kontuak, erabiltzeko argibideak eta balizko arriskuak, bermea, ordezko piezak, zerbitzu teknikoak, etiketan adierazitakoa eta segurtasuneko markatuari buruzko arauak betetzen diren, alegia), segurtasun mekaniko eta elektrikoa eta berariazko eginkizun edo betekizunerako egokitasuna aztertu da (taxuera eta bukaeraren kalitatea, energi kontsumoa -pilekin dabiltzan jostailuen kasuan-, eta egiten duten hotsa).
Azkenean, ludoteketako adituek eta jolasaren psikopedagogiako jardunek, jostailuaren ezaugarri ludikoak xehekapenez agertu eta jostailuak igortzen dituen balioak (elkartasuna, komunikazioa, partaidetza, ingurumenarekiko errespetua, etab.) eta kontrabalioak (sexismoa, arrazakeria, bortxakeriarako nahiz kontsumismorako joerak, etab.) aplikatu dizkiote jostailu bakoitzari; era berean, haren alderdi onuragarriak (ontzia, umeentzat erakargarri izatea, etab.) eta kaltegarriak edo hobetzeko modukoak ere jaso dituzte, jostailu bakoitza erabiltzeko adin egokia zein den adierazteaz gainera. Beste aldetik, hogei laginak jolas-motaren (imitazioa, ariketa, eraikuntza eta arauak) arabera sailkatu dira, eta bakoitzak hainbat maila edo alorretan (motorean, kognitiboan, sozialean eta afektiboan) nolako ekarpena egiten duen aztertu dute. Azken puntuazioak, jostailu bakoitzak agertzen duen alderdi onuragarri eta kaltegarrien arteko erlazioa edo konpromisoa islatzen du, ikuspegi pedagogiko eta ludikotik.
Okerrena, informazioa
Jostailu horietako alderdirik pattalena, ematen duten informazioa da. Hamar jostagarri elektrikoetatik, bakarrak (Pokémon Squirtle) ematen du arauaren araberako berme osoa. Pilaz ez dabiltzanetatik, era berean, bakarrak (Barbie “Actriz”) betetzen du alderdi hori. Ikus ditzagun jarraian hautemaniko irregulartasunak: osagaiei eta aginteei buruzko informazioa edo bestelako argibideak ingelesez bakarrik ematen dituzte askok.
Beste hainbatetan erabiltzeko jarraibideak, piletako tentsio-adierazleak eta pilen erabilerari buruzko prebentziozko neurriak bezalako informaziorik ez dago. Bi laginetan, aldiz, jostailua erabili behar duen haurraren adina inkoherentziaz aholkatzen da. Izan ere, bost jostailutan (“Distingo con el Tacto”, “La Peque Granja”, “Conector-Juego y Relaciono con la Voz”, “La Foquita Divertida” eta “Sesame Street” izenekoetan, hain zuzen) bakarrik adierazten da era egokian erabiltzaileak izan behar duen adina. Maiz antzean, adierazpen hori (3 urtetik aurrera) segurtasun-irizpideei jarraiki egiten da, arrazoi pedagogikoak eta jostailu horrek haurrarengan susper dezakeen interesaren aurrean ez ikusiarena eginez.
Eskuarki, adinari ez zaizkio eragozpenak ezartzen (goiko mugen aldetik) eta ez da okerreko argibide edo adierazpenik ematen. Baina komeniko litzateke adin-muga finkoak ezartzea (“3 eta 5 urte bitartekoentzat”, adibidez), helduak jostagarria hautatzean zeri eutsi behar zaion ongi jakinik, zazpi urteko haurrarentzat pelutxezko Pokémon edo antzekorik (jostailu horrek “3 – 5 urte” adierazi beharko luke, espainieraz bakarrik erakusten duen “3 urtetik gora” horren ordez) eros ez dezan: adin horretako umeentzat soilegia da, hau da, 5 urtetik gorako haurrari jolas sinbolikoa kitzikagarri eta erakargarri gerta dakion, pelutxe horrek iradokitzen duena baino konplexuagoa izan behar baitu. Aurrera goaz: jostailu batzuk, Barbie “Actriz” kasu, 5 urte baino gehiago duten erabiltzaileei hobeki egokitzen zaie: hiruzpalau urterekin, gertuko munduko egintzak imitatzea baitute umeek jolasa, hau da, panpina horrek proposatzen duen moda- eta zinema-mundutik aski urrun.
Segurtasunaz ari garela, desadostasunak elektrizitate-alorrari dagozkio, gehienbat (gehientsuak, goian aipatu ditugunak). Kasu bakar batean aurkitu zen erresistentzia mekaniko edo eraikuntza-alorreko akatsik: “Dino Hunt” izeneko mahai-jolas motordunaren kasua da, hain zuzen, horren kartoizko oinarriak ez baitzuen inpaktu-proba behar bezala gainditu, zati mugikor arriskutsuak eskura utzi zituelako. Segurtasun mekanikoko probei (ezaugarri fisikoak, suharberatasuna eta hainbat osagairen migrazioa) goazkiela, arauaren araberakoak gertatu ziren jostailu guztiak.
Jolasteko balio dute
Jostailu elektrikoetatik, bati ez zaio eman balorazio ona, eginkizunerako egokitzapenari dagokionez. “Dino Hunt” da jostailu horren izena eta arrazoia, berriz, goian aipatu berri dugun horixe: kartoizko oinarriaren hauskortasuna, hain zuzen. Pilen iraupenean eta ordezkapen-erritmoan zuzeneko eragina izango duen energi kontsumoari dagokionez, ohikoa agertu zuten denek, bik izan ezik: Foquita Divertida eta Conector Juego y Relaciono izenekoek kontsumo altua dute. City Force anbulantzia, Telefono funtzionala eta Pokémon Squirtle izan ziren zaratatsuenak (110 dezibelio), baina burrunda hori onartzeko modukotzat kalifikatu zen.
Eginkizun edo betekizunerako egokitzapenari dagokion atal honetako balorazioa ona izan zen, oro har, salbuespen batekin: Teletubbies Lite-ups jostailuaren nota “erdipurdikoa” baizik ez zen izan, diseinuaren soilegia medio. Elektriko ez direnetan, berriz, Pokémon pelutxeak bakarrik eraman zuen gaitzespena, burualdeko zerrenda testil itsaskorrak errazegi askatzen zirelako.
Jostailuetan aditu direnen azterketa
Jostailuen ezaugarri psikopedagogiko eta ludikoei zegozkien probetako emaitzak erdipurdikoak izanik, jostagarrien %30ek suspentsoa eraman zuten. Balioztapen hoberena erdietsi zutenak izan ziren La Peque Granja (9,5 puntu), Mi Pequeño Pony eta La Fábrica Loca (8,5 puntu) eta Foquita Divertida, Juego y Relaciono eta Distingo con el Tacto (8na puntu). Zerrendaz beste muturrean, hona suspentsoa etxeratu zutenak: Alien Blaster (jokamolde agresiboak agerrarazten dituen suntsigailu estralurtarra), Action Man (akats berbera daukan gizakiloa), Teletubbies Lite-Ups (ludikoa baino areago, apaingarriagoa), Fun Time Telephone (eskasa, neskatxentzat bakarrik), Pokémon Squirtle (ludikoa baino areago, apaingarriago) eta Pokémon pelutxea (agresibitatezko sentimenduak piztu ditzake haurrengan, telebistan eskainitako serieko irudiekiko asoziazioagatik). Aurreneko bostek 0 puntuko kalifikazioa lortzeko motiboak agertu zituzten, Pokémon pelutxeak 4 puntu irabazi zituen bitartean.
Jostailuak hainbat motatan sailka ditzakegu: batzuk imitaziozkoak dira (City Force anbulantzia, Alien Blaster suntsigailua, Action Man, Barbie, La Hora de Comer/Kooshie Babies, Pokémon pelutxea eta Mi Pequeño Pony izenekoak, esate baterako), bizi izaniko edo ikusitako gertakariak birgertatzeko aukera emango dizkien rol jakin batzuez janztea bideratzen baitie haurrei, gaiari dagozkion sentsazioak, sentimenduak eta hunkipenak agerraraziz. Maila kognitiboan, jolas horiek mintzamena landu ez ezik, jostailuak proposatzen duen gaiari buruzko hitz mordoa eskuratzen ere laguntza ematen diete. Motrizitate alorrean, salbuespenak salbuespen, alderdi hori eta koordinazioa hobetzen laguntzen dute. Ez dira, ordea, denak maila berean gomendatzeko modukoak.
Alien Blaster eta Action Man izenekoek jokamolde oldarkor edo erasotzaileetarako jokaera pizten omen dute eta, hortaz, kontrabalioak ere sor ditzakete haurrarengan, hala nola suntsizaletasuna edota belizismoa. Aditu batzuen iritziz, dena den, arma bat edukitzeak haurrari nitasunaren berrespena eta botere-sentsazio onuragarria komunikatzen dio. Pokémon jostailuan, berriz, telebistako izen bereko serie horretako pertsonajeaz oroitzeak izaera bortitz eta erasotzaileko sentimenduak edo egintzak praktikan jartzera eraman dezake haurra. Barbie panpinaren norabide bakarreko izaera, azkenik, alderdi kaltegarritzat hartu zuten adituek.
Ideia-asoziazioetan eta arauetan oinarritutako jolasek osatzen dute beste multzo handi bat. Horien bitartez, era jostagarrian ezagutzaz janzten dira haurrak. Teletubbies Imágenes Opuestas izenekoarekin “beste alderako, aurkako” kontzeptuaz jabetzen dira. Distingo con el Tacto jostailuari esker, irudiak ukimenaren bitartez ezagutu eta, bide batez, irudiak eta kontzeptuak asoziatzen dituzte. Peque Granja-rekin, soinuak eta irudiak asoziatu eta aurrenekoak bereizten ikasten dute. La Foquita Divertida jostagarriaren eskutik errepikapena eta arau soilak ikastea bideratzen da. Beste aldetik, Tente Imagine, La Fábrica Loca eta Sésame Street eraikuntza-jolasak dira eta, hortaz, motrizitate-mailan koordinazioa, trebezia eta zehaztasuna garatzen laguntzen dute.
Formak eta koloreak bereizten, espazioa antolatzen, eraikuntzaren bidez irudimena garatzen irakasten dute eta, gainera, ahozko adierazpena eta hiztegiaren eskurapenaren mesedetan dihardute, konposaketa oso bat burutzean oin harturik, nahiz horretan jolas sinboliko gisa ere funtziona dezakeen. Mr. Potato Head, Fun Time Telephone eta Tele Tubbies Lite-Ups ariketa-jolasak diren arren, sinbolikoak edo maneiatzekoak ere badira. Motrizitate aldetik, begia-eskua koordinazioa eta trebezia garatzen laguntzen dute. Era berean, ahozko adierazpenak edota formak, koloreak eta soinuak bereizten lagungarri gerta daitezke. Bizipenen bidez, haurrek jaso dituzten sentimenduak eta sentsazioak agerrarazteko balio dezakete jostailu hauek guztiek: sekulako garrantzia izango du horrek gerora, umeen garapen afektiboan.
Jostailu baten funtsezko beste elementu bat alderdi soziala da: batzuek jolas indibiduala proposatzen duten (Action Man, Peluche Pokémon, Fun Time Telephone) bitartean, beste jostailu batzuk haur bakar batek zein taldeak erabil ditzake. Dino Hunt kolektiboa izanik, umeen arteko lehiakortasuna areagotzen laguntzen du, denetan azkarren eta zehatzen diharduenak irabaziko baitu.
Beste hainbatetan (Teletubbies Imágenes Opuestas, Distingo con el Tacto, Peque Granja, edota Juego y Relaciono con la Voz) helduaren rolak du garrantzi handia, jolasean esku hartu eta zuzendaritza eramateko unean; beraz, horri esker, belaunaldi arteko harremanak hobetu egin daitezke. Hogei jostailu hauetako bakar batek ez ditu argi eta garbi balio sozial onuragarriak transmititzen, baina horietako batzuek (Alien Blaster, Action Man eta Pokémon) bortizkeria edota agresibitatea bezalako kontrabalioen igorle izan daitezke.
Okerrena, etiketa
Hauxe da jostailu hauen alderdirik ahulena. Pilekin dabiltzan guztietatik bakar batek (Pokémon Squirtle) agertzen du bermea arauaren arabera: enbalajean, jostagarriak hiru hilabeteko bermea duela adierazten du. Elektriko ez direnetan, berriz, Barbie panpinak soilik du etiketa ongi.
Beste batzuetan, aginteak, piezak edo enbalajeko argibideak ingelesez bakarrik agertzen dira (Foquita Divertida, Alien Blaster, Peque Granja, Fun Time Telephone, Dino Hunt eta Pokémon Squirtle), edo ez daude espainolez datu elektrikoei dagozkien adierazpenak (Fun Time Telephone), edo pilen erabilera egokierari buruzko argibideak (Fun Time Telephone eta Pokémon Squirtle), adibidez. Hainbat jostailutan garrantzi handiko informaziorik ere ez da ematen: Alien Blaster, City Force anbulantzia, Sésame Street eta Tente Imagine izenekoetan argibideak falta dira eta, hori ez ezik, Alien Blaster jostagarriko piletan tentsio-adierazpenik ez dator. Dino Hunt-en ez da agertzen jostailuaren modeloa edo erreferentzia, horretarako nahikoa toki badagoen arren. Enbalajean baizik adierazten ez direnez, ohartarazpen bat (“ez bota” edo antzeko zerbait) jarri beharko luke.
Beste anomalia batzuk, gomendatzen den edo egokiena den adinari dagozkio: Conector Juego y Relaciono con la Voz izenekoaren argibideetan 4-8 urte bitartekoentzat agertzen den bitartean, enbalajekoak 3-6 urte bitartekoentzat erakusten du. Fábrica Loca jostailuko plastilina-poteetan ipintzen da 2 urtez gorako haurrentzakoa dela, jolasa 3 urte baino gehiago dutenentzat egokia izan arren. Dino Hunt eta City Force anbulantziak, azkenik, itotzeko arriskuaz inongo ohartarazpenik agertzen ez duen plastikozko poltsa bat dakarte. Poltsa-tamaina hauetan horrelako oharrak egitea nahitaezkoa ez den arren (360 mm-tik gorako diametrodunetan bete behar da derrigorrez baldintza hori, hauek 280 mm baino gutxiago dutela), horrelakoak azaltzea ez litzateke alferrikako xahukeria. Irregulartasunik larrienak, jostailua zuzen erabiltzeko argibideei, datu elektrikoei eta pilen erabilerarekin zerikusia duten prebentziozko neurriei dagozkienak dira. Kasu hauek, jakina, segurtasun elektrikoaren arauarekiko desadostasunak izango lirateke.
Segurtasuna: markatze-arazoak
Kasurik gehienetan atzemaniko hutsune eta akatsak, segurtasun elektrikoarekin zerikusia duten gaiekin loturiko markatzeari dagozkie. Alien Blaster jostailuak, esate baterako, pilen tentsio nominalik ez du adierazten. Hainbat jostailutan ez dira aipatzen pilen erabilera zuzenari dagozkion prebentziozko neurriak (Alien Blaster, City Force anbulantzia) edo enbalajean bakarrik agertzen dira (Dino Hunt), edo ingelesez bakarrik (Fun time Telephone). Beste alde batetik, hiru jostagarri elektrikotan (Conector juego y Relaciono, City Force anbulantzia eta Fun Time Telephone), enbalajean agertzen da jostailuentzako transformagailuaren ikurra, nahiz jostailua pilekin dabilen.
Dino Hunt mahai gaineko jolas motordunean hauteman zen arazoak ez zuen zerikusirik markatze edo informazioarekin, erresistentzia mekaniko edo eraikuntzarekin baizik: jostailuaren oinarria kartoizkoa da eta ez zuen gainditu inpaktu-proba, zati mugikor arriskutsuak aske utzi baitzituen. Segurtasun mekanikoko probei (ezaugarri fisikoak, suharberatasuna eta hainbat osagairen migrazioa) dagokiela, arauteriaren araberakoak dira azterturiko jostailu guztiak.
Jostailuetako pilen iraupena haurraren gurasoentzat buruhauste galant askoa da, segurtasun-alorrean kontuan hartu beharrekoez gainera, horrelako bateriek irauten dutenagatik ere. Jostailu hauetako gehienen kontsumoa ohikoa da, arrunta, La Foquita Divertida eta Conector Juego y Relaciono izenekoak salbuespen badira ere, energia dezente gastatzen baitute. Hots- edo soinu-mailaz ari garela, City Force anbulantzia, Teléfono Funcional eta Pokémon Squirtle dira zaratatsuenak (110 dezibelio), baina balio hauek onargarriak dira.
Jostagarri elektrikoen kanpoko itxuragatik, behintzat, bakarrari (Dino Hunt) eman zaio balorazio txarra, oinarria kartoizkoa du eta, haustean, zati mugikor arriskutsuak aske uzten baititu. Teletubbies Lite-up izenekoari emaniko balorazioa “erdipurdikoa” baino ez zen izan, eta gainerakoek nota ona jaso zuten. Elektriko ez direnetan, Pokémon pelutxeak bakarrik zituen gaitzesteko moduko alderdirik: burualdeko zerrenda testil itsaskorrak errazegi askatzen ziren.
Jostailu horietan batez besteko kostua 3.000 pezeta ingurukoa den arren, batzuen prezioa 1.495 pezeta (Distingo con el Tacto) da eta beste batzuek (Foquita Divertida, Conector Juego y Relaciono) 5.975 pezeta balio dute; elektrikoak garestiago dira (3.373 pezeta batenaz beste, pilarik ez duten jostailuen batez besteko 2.814 pezetaren aurrean). Pilekin ez dabiltzanetatik merkeena Distingo con el Tacto (1.495 pezeta) izan zen eta garestiena Barbie Actriz (4.600 pezeta). Elektrikoetan, berriz, merkeenak Peque Granja eta Dino Hunt (1.695 pezeta) diren bitartean, 5.975 pezeta kostatzen dira Foquita Divertida eta Conector Juego y Relaciono.
Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena adieraztea ez da kontu erraza, erabili behar duen haurraren nortasun eta izaerari egokitu behar zaiolako jostailua eta, horrenbestez, umeak ere esku har dezake jostagarria hautatzeko unean. Baina kontsumitzailea informatzeari, segurtasunari buruzko arauteria betetzeari buruzko irizpideak eta balorazio pedagogikoa konparatzen baldin badira jostailuaren prezioarekin, pilekin ez dabiltzan jostailuetan prezio-kalitate erlaziorik hoberena Distingo con el Tacto eta Mi Pequeño Pony dira. Elektrikoetan, ostera, La Pequeña Granja nabarmentzen da.
Laburbilduz eta konparaketako taula
Laburbilduz
- Gomendatzen den haurraren adinari dagokionez, jostailu batzuetan fabrikatzaileak “3 urtetik gorakoentzat” bakarrik adierazten du.
- Hobe litzateke adina goitik ere mugaturik agertzea (“3-5 urtekoentzat”, adibidez). Gomendaturiko adina bost jostailutan bakarrik adierazten da era egokian (Distingo con el Tacto, La Peque Granja, Conector-Juego y Relaciono con la Voz, La Foquita Divertida eta Sesame Street).
- Bi jostailuk bakarrik eskaintzen dute arauaren araberako bermea: Pokémon Squirtle eta Barbie “Actriz” izenekoek, hain zuzen. Jostailu askok ingelesez bakarrik ematen dute piezen, aginteen edo bestelakoen gaineko informazioa.
- Segurtasun elektrikoari dagokionez, markatzearen ingurukoak baizik ez dira arau-urraketak. Dino Hunt mahai-joko motordunean baizik ez zen hauteman erresistentzia mekanikoarekin edo egintzarekin zerikusia duen akatsa. Kartoizko oinarriak ez du gainditu inpaktu-proba, zati mugikor arriskutsuak aske utzi baitzituen.
- Segurtasun mekanikoaz ari garela (hainbat osagairen ezaugarri fisikoak, suharberatasuna eta migrazioa) jostailu guztiak arauaren araberakoak gertatu ziren.
- Ikuspegi psikopedagogiko eta ludikotik, sei jostailuk suspentsoa eraman dute. Hoberenak, berriz, hauek izan ziren, onenetik txarrenera: La Peque Granja, Mi Pequeño Pony eta La Fábrica Loca, Foquita Divertida, Juego y Relaciono, eta Distingo con el Tacto.
- Elektrikoak garestiago dira: 3.373 pezeta batez beste, pilarik kontsumitzen ez dutenak 2.814 pezeta kostatzen direlarik.
- Foquita Divertida eta Conector Juego y Relaciono jostailuen pila-kontsumoa handia da.
- Pilarik behar ez dutenetan kalitate-prezioaren arteko erlazio egokiena Distingo con el Tacto izenekoak agertzen du eta elektrikoetan, aldiz, La Peque Granja jostailuak.
Banan-banan
Jostailuak, banan-banan
Peque Granja (MB Juegos)
-
1.695 pezeta. Adierazitako adina: 3-6. CONSUMERek gomendatzen duen adina: hori bera, 3-6 urte. Dino Hunt-ekin batera, elektrikoetan merkeena. Kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena. Ez du bermerik. Piezei buruzko argibideak ez daude espainolez. Jolas-mota: arauak-asoziazioa. Balorazio pedagogiko-ludikorik hoberena: 9,5 puntu. Oso diseinu erakargarria eta kalitatezko gaiak. Begia-eskua koordinazioa eta entzumena hobetzen duen bitartean, hiztegiaren eskurapena eta oroimenaren garapena laguntzen du. Jolas kolektibo eta lehiakorra denez, helduak ere esku har dezake. Hobetzeko moduko alderdiak: soinu batzuk.
-
Foquita Divertida (MB Juegos)
5.975 pezeta. Adierazitako adina: 3-6. CONSUMERek gomendatzen duen adina: hori bera, 3-6 urte. Beste batekin batera, garestiena. Aginteetako argibideak ez daude espainolez. Bermerik ez. Pilen kontsumo handia. Jolas-mota: arauak. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 8 puntu. Diseinu erakargarri eta iradokitzailea. Begia-eskua koordinazioa, abilezia eta zehaztasuna, orientazio espaziala eta arau-mundurako sarbidea hobetzen laguntzen du. Jolas indibidual edo kolektiboa denez, helduak berdinetik berdinera har dezake esku. Hobetzeko moduko alderdiak: fokatxoaren bukaera eta eraztunak pieza bakarrekoak izatea. On/off letreroa alderantziz agertzen da, abiatzeko etengailuan.
-
Foquita Divertida (MB Juegos)
Conector Juego y Relaciono (Borrás)
-
5.975 pezeta. Adierazitako adina: 3-6 urte, enbalajean; 4-8 urte, argibideetan. CONSUMERek gomendatzen duen adina: 3-6 urte. Bi garestienetako bat. Bermerik ez. Ezaugarri elektrikoen markan transformagailuaren ikurra agertzen da, jostailuak pilekin bakarrik funtzionatzen badu ere. Jolas-mota: arauak. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 8 puntu. Irudietan aniztasun handia. Asmatzean nahiz erantzun okerra ematean, mezu onuragarriak. Argibideak, zehatz eta ugari, Estatuko lau hizkuntza ofizialetan. Begia-eskua koordinazioa, ideia-asoziazioaren bitartez kontzeptuen eskuraketa eta arrazonamendu logikoa, eta forma eta koloreen bereizketa hobetzen laguntzen du. Jolasa batez ere indibiduala denez, helduak jolasaren zuzendaritza hartuta esku har dezake.
-
Action Man Dr. X, de Hasbro
3.995 pezeta. Adierazitako adina: 3 urtetik gorakoentzat. CONSUMERek gomendatzen duen adina: 4-5 urte. Bermerik ez. Jolas-mota: imitazioa. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 3,5 puntu. Bere errealismoa eta bular aldean duen X sakatzean aditzen diren barre-algarak erakargarri dituen gizakiloa. Mintzamena hobetzen lagundu eta haurrari sentimenduak (sendoaren plantak egin, uxatzea, etab) agerrarazten dizkion arren, jostailuaren itxurak bortizkeriazko jokamolde erasotzaileak praktikan jartzea laguntzen du.
-
Action Man Dr. X, de Hasbro
Teletubbies Lite-Ups (Ragdoll Jocky Team)
-
2.675 pezeta Adierazitako adina: 3 urtetik gorakoentzat. CONSUMERek gomendatzen duen adina: bat ere ez, ludikoa baino areago apaingailu hutsa delako. Bermerik ez. Jolas-mota: sinbolikoa-ariketa. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 0 puntu. Argi eta kolore deigarriak. Telebistako seriean agertzen diren panpinen kopia zehatza. Jostailuaren goialdea hauskor gertatzen da. Begia-eskua koordinazioa eta mintzamena hobetzen eta, telebistan ikusiriko sekuentzietatik abiatuta, sentsazioak agerrarazten laguntzen du.
-
Pokémon Squirtle, de Trend Masters Nintendo Okeda
3.975 ptas Adierazitako adina: 3 urtez gorakoentzat. CONSUMERek gomendatzen duen adina: 5 urtez gorakoentzat. Pilen erabileran hartu beharreko neurriak ez datoz oso-osorik espainolez. Hauxe da elektrikoetan bermea eskaintzen duen bakarra. Jolas-mota: bat ere ez, ia apaingailu hutsa da. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 0 puntu, ludikoa baino areago, apaingarria da. Diseinu errealista, kalitate oneko gaiak, soinu ona dutenak. Begia-eskua koordinazioa eta mintzamena hobetzen lagun badezake ere, bortizkeria eta agresibitatea bezalako kontrabalioak ere piztu ditzake umearengan. Hobetzeko moduko alderdiak: gai gogorren ordez samurrak baleuzka, maneiaketa erraztu egingo litzateke. Aditzen den ahotsa ingelesez mintzo da.
-
Pokémon Squirtle, de Trend Masters Nintendo Okeda
City Force anbulantzia (Funrise)
-
1.995 pezeta. Adierazitako adina: 3 urtez gorakoentzat. CONSUMERek gomendatzen duen adina: 3-5 urte. Pilen erabilera zuzenari buruzko adierazpen batzuk ez dira agertzen (markatzeari dagokionez, segurtasun-araua ez du betetzen) eta ez dago inongo argibiderik. Transformagailuaren ikurra agertzen den arren, jostailua pilekin bakarrik dabil. Jolas-mota: imitazioa. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 5 puntu. Kopia zuzen eta erakargarria, argi eta soinu onekoa. Maneiatze errazekoa. Koordinazioa eta motrizitatea, mintzamena eta hiztegia eskuratzea hobetzen laguntzen du. Maila afektiboan, sentimendu eta sentsazioak agerraraztea errazten du. Hobetzeko moduko alderdiak: ateak zabaldu ahal izatea eta Rescue 18 eranskinaren ordez, Estatu espainiarreko larrialdietarako zenbakia jartzea. Aditzen den ahotsa ingelesez mintzo da.
-
Fun Time Telephone (Well Pioneer)
1.775 pezeta. Adierazitako adina: 3 urtez gorakoentzat. CONSUMERek gomendatzen duen adina: jolas-motagatik, 1-3 urtekoentzat; segurtasun-kontuak direla medio, 3-4 urtekoentzat egokiagoa dirudi. Informazioa eta segurtasun-markatzea, oker: argibideak ez daude espainolez. Bermerik ez. Transformagailuaren ikurra agertzen den arren, jostailua pilekin bakarrik dabil Jolas-mota: ariketa-manipulazioa. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 0 puntu. Diseinu, kolore eta soinuak, deigarri. Begia-eskua koordinazioa eta entzumenaren garapena hobetzen lagun dezake. Neskatxoentzat bakarrik izateak balorazio txarra merezi du. Hobetzeko moduko alderdiak: tekla desberdinak sakatzean, doinu berdinak aditzen dira.
-
Fun Time Telephone (Well Pioneer)
Alien Blaster (Weina)
-
3.975 pezeta. Adierazitako adina: 3 urtez gorakoentzat.CONSUMERek gomendatzen duen adina: 5-8 urte. Kontsumitzailearentzako informazioa eta segurtasun elektrikoko markatzea ez dira arauaren araberakoak (erabiltzeko argibiderik eta pilen tentsio-adierazpenik ez dakar). Bermerik ez. Jolas-mota: imitazioa. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 0 puntu. Diseinu, kolore, forma eta soinuak, erakargarri eta errealistak. Aditzen den mezua, ingelesez bakarrik. Motrizitatea eta koordinazioa hobetzen erraztu eta haurrari bere nortasuna finkatzen lagun diezaiokeen arren, kontrabalioak transmititzen ditu: suntsizaletasuna, belizismoa, agresibitatea eta bortizkeria. Mutikoentzat bakarrik eratua izatearren, balorazio txarra egin zaio.
-
Dino Hunt (Maple Toys)
1.695 pezeta. Adierazitako adina: 3 urtez gorakoentzat. CONSUMERek gomendatzen duen adina: 3-7 urte. Elektrikoetan merkeena, beste batekin batera. Enbalajea gorde dadin adierazten ez badu ere, bertan agertzen dira jostailuak ematen ez dituen argibideak. Bermerik ez. Markatzeari eta erresistentzia mekanikoari dagokienez, ez du segurtasun elektrikoaren araua betetzen. Pila-kontsumo handia. Jolas-mota: arauak. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 7 puntu. Oso jolasgarri eta erakargarria, adinaren araberako hiru jolas-maila eskaintzen ditu. Diseinu, mugimendu, soinu eta kolore deigarriak. Trebezia eta zehaztasuna hobetzen du, mugitzen ari diren koloreak bereizten laguntzen du. Lehiakortasuna pizten du. Helduak ere esku hartu ahal izateak belaunaldi arteko harremanak errazten ditu. Hobetzeko moduko alderdiak: pila kokatzeko sistema, haurra horretaraino iristea zailagoa izan dadin. Testuak espainieraz jartzean, ortografi akatsak zuzentzea.
-
Dino Hunt (Maple Toys)
PILARIK BEHAR EZ DUTENAK
-
Distingo con el Tacto (Diset)
1.495 pezeta. Adierazitako adina: 3-6. CONSUMERek gomendatzen duen adina: hori bera, 3-6 urte. Azterturiko 20 jostailuetan merkeena. Elektriko ez direnetan, kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Bermerik ez. Jolas-mota: arauak-asoziazioa. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 8 puntu. Argibideak, Estatuko 4 hizkuntza ofizialetan. Helduak ere jolasean esku har dezakeen laguntzen du. Jokalarien adinaren arabera, konplexutasun-maila desberdinetako jolasak eskaintzen ditu. Begia-eskua koordinazioa eta ukimenaren garapena, hiztegiaren eskurapena eta ukimenaren bitartez irudiak eta kontzeptu jakinak asoziatzea hobetzen laguntzen du.
-
Mi Pequeño Pony (Hasbro)
3.600 pezeta. Adierazitako adina: 3 urtez gorakoentzat. CONSUMERek gomendatzen duen adina: 3-8 urte. Bermerik ez. Jolas-mota: Imitazioa. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 8,5 puntu. Piezak ugari eta era askotakoak izateari esker, jolas sinboliko eta aberatsa osa daiteke. Oso diseinu erakargarria. Jostailu osoa erraz munta daiteke. Koordinazioa eta motrizitatea garatzearekin batera, hiztegia eta mintzamena, sentimenduak agertzea eta bizi izaniko eguneroko bizipenak haurrak ager ditzan errazten du. Hobetzeko moduko alderdiak: muntaje-urratsak hizkuntzaz hizkuntza bereiztea. Izaera sexistakoa da ontzia; hobe neskatxa eta mutikoa agertuko balira.
Fábrica Loca (Play-doh Tonka)
-
2.975 pezeta. Adierazitako adina: 3 urtez gorakoentzat. CONSUMERek gomendatzen duen adina: 3-8 urte Bermerik ez. Jolas-mota: eraikuntza. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 8,5 puntu. Kolore anitzeko diseinu erakargarria. Erabiltzeko argibideak, oso ulergarriak. Trebezia, zehaztasuna eta esku-koordinazioa laguntzen du. Irudimena eta adierazpen artistikoa eta ahozkoa garatzen errazten du. Hobetzeko moduko alderdiak: eraikitzeko hainbat modelo ager daitezke.
-
Mr. Potato Head (Play Skool Hasbro)
2.500 pezeta. Adierazitako adina: 3 urtez gorakoentzat. CONSUMERek gomendatzen duen adina: 3-7 urte. Bermerik ez. Jolas-mota: ariketa. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 7,5 puntu. Diseinu erakargarria, kalitateko materialez egina. Jolasa bukatutakoan, apaingailu atsegina da. Proposamen ludiko orijinal, atsegin eta aldakorra. Koordinazioa, presioa eta trebezia garatzen, hiztegia eskuratzen eta formak eta koloreak bereizten laguntzen du. Jolas sinboliko bezala ere balio du, bizipen edo sentimenduen agerpena bideratzen duelarik.
-
Mr. Potato Head (Play Skool Hasbro)
Tente Imagine (Borrás)
-
2.550 pezeta. Adierazitako adina: 3 urtez gorakoentzat. CONSUMERek gomendatzen duen adina: 4-7 urte. Bermerik ez. Jolas-mota: eraikuntza. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 7 puntu. Erresistentzia handiko gaiez eginiko piezak, kolore elkargarrietakoak. Ontzian agertzen diren osaketak erraz ulertu eta egiteko modukoak dira. Proposamen ludiko atsegina, motrizitate fina garatzen, forma eta koloreak bereizten, espazioaren antolakuntza eta irudimena eratzen laguntzen du. Eraikuntza jakin baten bitartez, jolas sinbolikotzat balio dezake, sentimendu eta sentsazioen adierazpena bideratuz. Hobetzeko moduko alderdiak: ontziak izan ditzake barrualdean, ordenuaren mesedetan eta piezarik gal ez dadin. Erabiltzailearen adina 4 urtera igotzea, 3 urteko haurrek piezak metatu eta koloreekin asoziatzeko gauza diren arren, modeloen berdinak eraikitzea eginkizun zaila dutelako.
-
Barbie Actriz de Moda (Mattel)
4.600 pezeta. Adierazitako adina: 3 urtez gorakoentzat. CONSUMERek gomendatzen duen adina: 5 urtetik gora. Elektriko ez diren jostailuetan garestiena. Badu bermea. Jolas-mota: imitazioa. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 7 puntu. Diseinu moderno erakargarria, kalitatezko gaiekin egina (jaka izan ezik, erraz askatzen baitira horren joskerak). Piezen ugaritasunari esker, jolas sinboliko aberats eta anitza egin daiteke. Koordinazioa eta motrizitatea, mintzamena eta hiztegia eskuratzea errazten du. Jolasaren bitartez sentsazioak agertzea errazten du. Hobetzeko moduko alderdiak: gomendaturiko adina 5 urtera igotzea, lehenago jolas sinbolikoa bertako inguruneko gaiei aplikatzen zaielako, panpina honen xedea moda eta zinea denez. Balorazio kaskarra eman zaio, neskatxei bakarrik zuzenduriko jostailua delako.
-
Barbie Actriz de Moda (Mattel)
La Hora de Comer/Kooshie Babies (Hasbro)
-
2.975 pezeta. Adierazitako adina: 3 urtez gorakoentzat. CONSUMERek gomendatzen duen adina: 3-8 urte. Bermerik ez. Jolas-mota: imitazioa. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 6,5 puntu. Ongi diseinaturiko panpina eta pieza erakargarriak, jolas sinboliko aberats eta osoa egitea bideratzen dutenak. Koordinazioa eta motrizitatea, mintzamena eta hiztegiaren eskurapena errazten du. Haurren zaintzan helduek gauzatzen dituzten egintzak imitatuz jolasten denak haien egoerak eta sentimenduak agerrarazten ditu. Hobetzeko moduko alderdiak: panpinen eta elikagaien tamainen proportzioa, aulki altuaren euskailuaren diseinua eta panpinaren marrubi-usaina.
-
Imágenes Opuestas Teletubbies (Ragdoll Diset)
1.875 pezeta. Adierazitako adina: 3 urtez gorakoentzat. CONSUMERek gomendatzen duen adina: 3-4 urte. Bermerik ez. Jolas-mota: arauak-asoziazioa. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 6 puntu. Diseinu erakargarria, errealista eta kalitate handiko gaiekin egina. Jostailuak ematen dituen aukerak eta ekarpen pedagogikoak ontziak adierazten ditu. Helduak jolasean esku hartzea bideratu ez ezik, sustatu ere egiten du. “Kontrakoa, beste aldekoa” kontzeptua ikasteko era atsegina da. Koordinazioa eta presioa, ideien asoziazioa eta kontzeptuak eta hiztegia eskuratzea laguntzen du. Hobetzeko moduko alderdiak: adierazitako kontrako batzuk ez daude zeharo argi.
-
Imágenes Opuestas Teletubbies (Ragdoll Diset)
Sésame Street Mega Blocks (Famosa)
-
2.195 pezeta. Adierazitako adina: 3-5. CONSUMERek gomendatzen duen adina: hori bera, 3-5 urte. Ez du argibiderik, ezta arauaren araberako bermerik ere. Jolas-mota: eraikuntza. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 6 puntu. Jostailuaren erabiltzaile izatekoak neskatoa eta mutikoa agertzea mesedegarria da. Piezen kopurua eta tamaina erabiltzailearen adinaren araberakoa da, egokia. Presioa, koordinazioa eta osakera espaziala eratzen laguntzen du. Irudimena, forma eta koloreen bereizketa, mintzamena eta sentimenduak agertzen laguntzen du, eraikuntza jakinen bitartez. Hobetzeko moduko alderdiak: ontziaren itxigailua.
-
Peluche Pokémon (Hasbro)
3.375 pezeta. Adierazitako adina: 3 urtez gorakoentzat. CONSUMERek gomendatzen duen adina: 3-5 urte. Bermerik ez. Jolas-mota: imitazioa. Balorazio pedagogiko-ludikoa: 4 puntu. Diseinu erakargarri eta atsegina, afektibitatea agerraraztea laguntzen duena. Ontzian, jostailuaren erabiltzaile izatekoak neskatoa eta mutikoa agertzea mesedegarria da. Mintzamena eta hiztegiaren eskurapena laguntzen du. Halaz ere, telebistako serieko irudiekin asoziazioz, bortizkeria eta agresibitatezko sentimenduak agerraraz ditzake haurrarengan.
-
Peluche Pokémon (Hasbro)