Edan, kopuru txikian eta beti janariarekin batera
Eguberrietan indartu egiten da alkoholdun edarien eta ospakizunaren arteko lotura: egun hauetan hain ohiko izaten diren familia eta lagunarteko bilkurak aukera paregabea dira normalean baino alkohol gehiago edateko. Abstemio ez direnek ere ez dute ezinbestean Eguberrietan laranja-zuku, alkoholik gabeko koktel, muztio edo urez topa egin beharrik, alkoholdun edariak ere osagarri bikaina baitira bazkari edo afari on batentzat, neurriz kontsumituz gero behintzat. Baina, edozein modutan ere, gogora ditzagun zenbait gomendio. Eta ez dezagun ahaztu larregi edanez gero alkoholak garraztu egingo diola jaia, edaten duenari eta inguruko guztiei.
Pauta
- Ez dezagun ahaztu alkohola toxikoa dela; gizarteak onarturiko droga da.
- Ez dezagun onartu haurrek eta adin txikikoek alkoholdun edariak hartzerik.
- Sabela hutsik dela ez da alkoholdun edaririk hartu behar. Sabela zenbat eta beteago, orduan eta denbora gehiago beharko du alkoholak odolera iristen.
- Edatekotan, gutxi eta beti janariarekin batera edan. Urdaila babesteko janari kaloriko eta koipetsuak hartzea komeni da: hestebeteak, gaztak edo fruitu lehorrak. Koipeak moteldu egiten du alkoholaren zurgapena.
- Alkoholdun edariekin batera, edan alkoholik gabeak: freskagarriak, zukuak edo ura.
- Neurriz edan. Ez edan egunean 300 zentilitro ardo baino gehiago, hau da, 35-40 gramo alkohol hutsaren pareko kopurua, ardoaren graduazioaren arabera. Kasurik onenean ere, gibelak orduko 25 gramo alkohol metabolizatzen ditu eta, horrenbestez, 125 gramo alkohol (botila bat ardo) hartzen badugu, gutxienez 5 orduz izango da gure odolean.
- Emakumeek arreta berezia jarri behar dute: pisu gutxiago eta gorputzean ur gutxiago izaten dutenez, alkoholak odolean kontzentrazio maila handiagoak hartzen ditu emakumearen gorputzean. Gainera, emakumearen gibelak astiroago metabolizatzen du alkohola.
- Ez da komeni edari gasdun eta alkoholdunen nahasketa larregi hartzerik. Burbuiladun freskagarrien erradikal karbonikoen eraginez alkoholak errazago zeharkatzen du barrera hematoentzefalikoa eta edariaren eragin toxikoa azkarrago eta nabarmenago egingo da.
- Kontuz “alkoholik gabeko” garagardoekin, %1 arteko alkohol kopurua izaten baitute, ohiko garagardoaren %4-%5aren aldean.
- Medikuak jarritako tratamenduren bat baldin badugu, kontuz ibili. Alkoholak aldatu egiten du zenbait botikaren eragina, batez ere lasaigarri, hipnogeno, neuroleptiko eta abarrena eta batak bestearen eragina handitu egiten dute.
- Edan baduzu, ez gidatu. Kopuru txikia edan arren, alkoholak efektu depresorea du nerbio sisteman. Gutxitu egiten ditu gidatzeko gaitasuna eta erreflexuak eta areagotu istripuak izateko arriskua.
- Kirola egin ondoren ez edan alkoholdun edaririk. Alkoholaren eraginak handitu egiten du jarduera fisikoaren berezko deshidratazioa eta basodilatazioa eragiten du.
- Larregi edanez gero, alkoholak loa galarazi eta efektu toxikoak izaten ditu eta biharamuna horietako bat baino ez da.
Biharamunaren aurka...
- Ajearen kontrako etxeko sendabideek sintomak arindu besterik ez dituzte egiten, ez baitute garbitzen odolean sartutako odol kopurua eta ordu luzez iraun dezake.
- Biharamuna arintzeko onena aspirina edo antzekoak, kafea eta B eta C taldeetako bitaminak izaten dira. Ur beroz hasi eta hotzez bukatutako dutxaren bidez estimulatu egingo da odolaren zirkulazioa eta toxinak botatzen lagunduko digu. Atseden hartu eta lo egin, ahalik eta gehien. Kanpoan ibiliz airea hartzea lagungarri izaten da zorabioen aurka.
- Ez da urdaila behartu behar; elikagai arinak kontsumitzea izaten da onena, arroza edo arrain egosia adibidez.
- Ajez gaudenean, etxean irakurtzen geratzeko gogoa izaten dugu. Ez da oso gomendagarria, buruko mina areagotu egiten baita. Distraitzea da onena (zinea primerakoa izaten da horrelakoetan) eta ariketa fisiko arina egitea, kanpoan.
- Eta, batez ere, ahaztu “biharamuna edanez sendatzen da” esaera. Ajea sendatzeko ez da sekula alkohol gehiago hartu behar. Urdailari kalte egin eta ez da ezer konpontzen.
- Ur asko edatea komeni da, alkoholdun edariak hartu ondoren oheratu aurretik eta ajea sentitzen denean. Eta azken alkohol tragoaren eta lotara joateko orduaren artean ordu batzuk pasatzen uzten baditugu, hobeto.