Internet bidez atzerrian erosketak egiteaz
Merkataritza elektronikoa etorri eta gurean geratu da, betirako nonbait, urterik urte geroz eta azkarrago hazten ari baita: Espainian, 2005ean aurreko urtearen aldean, %16 handitu zen baina 2006an %30 hazi eta 2.800 milioi euro fakturatu zuen. Azterlarien iritziz, une hauetan Espainiako merkataritza nazional osoaren %1era iritsi da, Estatu Batuetan hartu duen mailara (%5) oraino gerturatu ez bada ere.
Datu horiek erraz egiaztatzen dira, Interneteko (Espainiako zein atzerriko) zerbitzuetako orrietara begiratu bat eginez gero. Geroz eta ohikoagoa da autoa online alokatzea, agentzia birtual batean hotelaren erreserba egitea edo Sarean nagusi dabiltzan operadore ugarietako batean hegaldia erostea.
Erosketa-ingurune segurua
Kontuan har dezagun, dena den, Internet merkatu globalizatua dela eta, halakotzat, tokian tokiko araudiak dituzten herrialde askotako enpresek agertzen direla bertan. Ustekabeko desatseginik ez nozitzeko, hoberena da zer eta non erosten dugun ongi erreparatzea. Ez da gauza bera Errusian dagoen online musika-denda batean abesti bat erostea edo produktu material bat erostea. Herrialde horretan, eta beste askotan, postaz bidali beharreko objektuak erosten dituen kontsumitzailearen arriskua horiek bere etxeraino behin ere ez iristea da.
Inguruneko segurtasuna, orokorki, lau mailatan ezar daiteke: lehena Espainia da, bertan kontsumitzailearen lege-babesa handiena baita. Bigarren mailan Europar Batasuna dago, honek ere gogor babesten baitu erostuna (dena den, oso litekeena da arauak herrialde batetik bestera aldatzea eta, horrela, bermea aintzat har dadin lortzea zailagoa da). Hirugarren segurtasun-mailan Estatu Batuak daude: bertan merkataritza elektronikoak eta posta bidezkoak biziki eraginkorrak diren arren, hainbat estatutan muga-zergen politikak desberdinak dira (Europar Batasunean aduana-askatasuna dugu) eta baliteke arazo bat baino gehiago sortzea produktu baten bermea erreklamatzeko unean. Laugarren tokian gainerako herrialdeak daude: horietako batean erosketarik egin aurretik hobe dugu buruari buelta batzuk ematea.
Argi aduanekin!
Areago, erosketa-ingurune seguru batean ari bagara ere, kontuan izan dezagun herrialde bakoitzak bete aduana-politika daukala. Amazon, Ebay eta antzeko webguneen arrimuan merkataritza elektronikoa mundu zabalean biderkatu egin da eta atari horietakoren batean zernahi aurkitzea erraz-erraza irudi dakiguke, baina? argi prezioarekin!. Beren orrian prezio bat ezartzean, ez Ebay-k ez Amazon-ek hartzen dute kontuan erosketa nondik egin den.
Hortaz, webgune horietan eskaintzen den prezioari, muga zeharkatzearren ordaindu beharreko aduana-zergak eta bidalketa-gastuak erantsi behar zaizkio. Amazon-en kasuan gastu horiek aintzat hartzen dira, sekulako hedapen logistikoa duelako enpresa horrek. Ebay-n, berriz, erosketa beste erabiltzaile bati egiten zaionez, azken prezioa baldintzatuko dute produktuaren prezioak, aduana-zergek eta saltzailea dagoen tokitik erostunaren helbideraino produktua igortzeko gastuek. Prezio apaleko objektu txikia erosten denean ez ohi dago arazorik. Erositakoaren tamaina handia denean edo berariazko zerga-mugak aplikatzen zaizkionean, aldiz, ez da beste horrenbeste gertatzen.
Estatu Batuetarako soilik
Gogoan hartu beharreko beste faktore bat, oraino: webgune zenbaitetan area geografiko baterako bakarrik saltzen da (Estatu Batuetarako, bereziki). Ohiko kontua da, hardwareren fabrikatzaile erraldoien online dendek (Apple-k, adibidez), Sarearen bitartez ez saltzea produktu jakin batzuk herrialde guztietara, produktu horiek bertako dendetan salgai ez badaude.
Dena den, Sarean zernahiren konponbidea badagoenez, web-zerbitzu berri batzuek erostunari Estatu Batuetan helbide postala saltzen diote: horri esker, erositako produktua helbide postal horretara igor dakioke erostunari eta zerbitzuak, bertatik, eroslearen egiazko bizilekura helaraziko dio. Enpresa horietako bat SkyBOX da. Zerbitzu horiek baliatzean, beharrezkoa balitz, bermea aintzat hartuko zaiola ziurtatu behar du erabiltzaileak, nolanahi ere.
Produktu jakin batzuen salmenta Estatu Batuetara soilik saltze horretan, besteak beste, enpresen prezio-politikek izaten dute eragin bizia. Apple-ko iTunes dendan erositako doinu bat 0,99 dolar (Estatu Batuetatik) eta 0,99 euro (1,485 dolar, Europatik) kostatzen dela jakinik, erraz ulertuko dugu Europako herritar batek Apple-n amerikar dendan erostean multinazionalak agertzen duen interes motelaren zergatia.
Eragozpen horiek ez dira bakarrak, ordea: segun eta non erosten diren, softwareko produktuek ez ezik etxetresna elektrikoek, audio aparatuek, telebistek, etc. berez dituzten bateraezintasunei ere arreta zuzendu behar zaie. Asia eta Ozeaniako bideojoko, DVDko film eta, areago, disko batzuek dituzten kode jakin batzuk direla medio, ezin funtziona dezakete Europa eta Estatu Batuetako bideo-kontsola eta erreproduzigailuetan.
Internet bidezko erosketaren ondorioz erabiltzaileak gorabeherarik ?dela erositako produktua iritsi ez zaiolako, dela prezioa aldatu delako, etab.? nozitzekotan, baldin eta Europar Batasuneko herrialdeetako establezimenduetan egin badu eragiketa, bezeroari zor zaizkion eskubideak legeak bermatzen dizkio.
Merkataritza Elektronikoari buruzko 2000/31/CE Zuzentarauaren jarraipen den 2002ko uztailean indarrean sartu zen Informazio eta Merkataritza Elektronikoaren Gizartearen Zerbitzuei buruzko Legearen (IMEGZL) arabera, erositakoarekiko adostasuna eta prezioa agertzen dituen ordainagiria jasotzeko erostunaren eskubidea da beti. Lege horrek espainiar establezimenduetan bakarrik du eragina baina Europar Batasuneko herrialde askotan antzeko arauak aplikatzen dira dagoeneko.
Paperean inprimagarri izan behar duen ordainagiri hori posta elektronikoz igorriko zaio. Bestetik, kontsumitzailearen kontuan prezioa ezingo da kargatu honek ordainagiria jaso arte. Agirian enpresaren datu guztiak, eragiketaren kostua eta ordaindutako zerbitzu guztiak agertu behar dira. Horrela eskuratuko du bezeroak balizko auzi batean bere burua defendatzeko legezko froga, kontratu-izaera duena.