Istripuei stop

Helburua: garaiz gelditzea

Nahitaezkoa da galgen azterketa urtean behin, gutxienez, egitea
1 martxoa de 2008
Img motor listado

Helburua: garaiz gelditzea

Galgak dira autoaren segurtasun aktiboaren sistema behinena eta funtsezko ataletako bat baina, halaz ere, gidari askok ez omen dute aintzat hartzen hori; estatistikek diotenez, ibilgailuen azterketa teknikoan atzematen diren akatsen %40 inguru galgei dagozkie. Zerbait gaizki dabilenean autoa tailerrera eramatea ez da aski: segurantzi elementu nagusi hori tarteko, arreta-neurri guztiak gutxi dira.

Ibilgailua gelditzean eragina duten kanpo-elementuak

  • Eduki egoera on-onean motelgailuak: autoa gelditzeko beharrezko distantzia %10 luzatzearen ardura egoera txarrean dagoen moteltze-sistemarena da.
  • Begira pneumatikoen egoera eta presioa, horiek gelditzearen eraginkortasuna baldintzatzen dutelako, gurpilen eginkizunetako bat ibilgailua azkartzeko eta gelditzeko indarra transmititzea baita.
  • Izan kontuan errepidearen egoera: zoru batzuei ibilgailuak hobeki “heltzen die”; eguraldiak ere autoa gelditzeko gaitasun eta eraginkortasunean eragin handia du. Hartu neurri guzti-guztiak elurra ari badu, jela baldin badago (itsaspena hutsaren hurrengoa baita) edota lehen euri-tantoak azaldu badira: hauek, errepidean datzan hautsarekin, zorua patinaje-pista bihurtzen dute.
  • Ibilbide luzeetan geldi zaitez bi orduz behin: hortik aurrera, ibilgailua gelditu behar baduzu, erreakzionatzeko denbora bikoiztu egiten da: 120 kilometro orduko zoazela, gelditzen hasi aurretik egiten duzun distantzia 33 metrotik 66,5 metrora igarotzen da eta, ibilgailua erabat gelditu aurretik, ibilitako distantzia 162 metrotik 195,6 metrora.

Galga-sistema mantentzea

  • Ahal duzun denetan, egiazta ezazu frenometroaren bidez, lau gurpiletako bakoitzaren galgatze-ahalmena. Egiaztatu, halaber, zirkuituaren eraginkortasuna.
  • Eduki galga-likidoa maila egokian. Begira ezazu maiz eta aldatu bi urtean behin edo 50.000 kilometro eginikoan.
  • Ez ahantzi: aztertu aldian behin pastillen egoera. Batez beste 25.000 kilometro irauten duten arren, gidatzeko moduaren eta materialaren arabera, baliteke lehenago ere higatzea.
  • Pastillak lau aldiz aldatutakoan (hor, nonbait) galga-diskoak aldatu behar dituzu.
  • Ez aldarazi jatorrizko galga-sistema. Bete itzazu fabrikatzaileak adierazitako denborak.

Zerbait ongi ez doan seinale

  • Autoa gaizki motelegi gelditzea galga-likido gutxi edukitzearen, pastillak higatuak (karranka antzekoa adituko duzu, horrelakorik bada) edo diskoak higatuak egotearen ondorio izan daiteke.
  • Galga gogor atzematen duzunean, servoaren arazoa izan daiteke.
  • Autoa gaizki gelditu eta likidoa galtzen badu, baliteke galga-punpa gaizki egotea.
  • Autoa gelditzean albo batera egiten badu, azter itzazu pneumatikoen presioa, higadura eta lerrokadura. Horiek ondo baldin badaude baliteke galga-pastillak gaizki kokatuak egotea edo galgak gaizki doiturik egotea. Oso litekeena da, era berean, pastillaren eta diskoaren artean koiperik sartu izana izatea, edo likidoa galtzea edo moteltze bigunegia izatea.
  • Galgatzeko pedala biguna badago, baliteke zirkuituan airerik sartu izana edo galga-likidoa urriegi egotea.

Nola gelditu autoa

Galga konbentzionalekin

  • Ez sakatu pedala hondoraino: horrela, gurpilak blokeatu eta geldiera luzatzeaz gainera, autoa kontrola galtzeko arriskua nozituko duzu.
  • Ez egin “geldiketak”. Ibilgailua behar bezala geldiarazteko eragin beti presio berdina pedalean, beheraino gabe, gurpilak blokea ez daitezen. Blokeatuz gero, arindu ezazu presioa galga-pedalean, gurpilak berriro biratzen ari direla sentitu arte, eta sakatu ostera pixkanaka.

ABS sistemarekin

  • ABS (Anti-lock Braking System ) sistemari esker, ibilgailua geldiaraztean gurpilak ez dira blokeatzen eta, hortaz, biraka segitzen dute; horrela, bolanteak agintzen dien norabide-aldaketa egin dezakete.
  • Sistema horrek galga-pedala indarrez zapaltzen denean bakarrik dihardu.
  • Sistema honekin gelditze eraginkorra erdiesteko, sakatu pedala indarrez hasieratik, enbragea ere sakatzen duzun bitartean. Horrela jardunez gero, autoak maniobra obeditu eta distantzia laburragoan geldituko zaizu ibilgailua.

Abiadura-aldagailuarekin

  • Autoa geldiarazteko aldagailua erabiltzea biziki eraginkorra gerta daiteke goitik beherako aldapa luzeetan, hala nola mendateetan, etab.
  • Erregaia aurreztea dela eta, ez jaitsi behin ere loka-puntuan.
  • Abiadura laburrago batera aldatu aurretik, ibilgailuak abiadura moteldu beharko zuen; bestela, enbragea askatzean baliteke motorra birez pasatzea.

Gelditzen laguntzen duten sistemak

  • Maniobra kritikoetan, hala nola bihurguneetan zein galtzada busti edo jelatuan gelditzean, gurpil batek gainerakoek baino abiadura handiagoa hartuko duen unea detektatzen dute trakzioa kontrolatzeko sistema elektroniko zenbaitek (ASR/TMC): hauek gurpil hori galgatu, transmitituriko indarra ahuldu edo bi egintzak konbinatzen dituzte.
  • Kontrol dinamikoko sistemak (ESP/FDR) ibilgailua alboka mugitzea saihesten duenez, bihurguneetan autoak bere ibilbideari heltzea bideratzen du eta lerratzeak ekiditen ditu.
  • ABS sistemarekin loturiko bihurgunetako galgatze-kontrolak (CBC) ardatzaren ibilbide normala nahas dezakeen zeinahi mugimendu konpentsatzen du bihurguneetan galgatzean, gurpil bakoitzean galgatze-presioaren erregulazio sentsitibo jakin bat eraginez.

Beste hainbat sistema

  • BAS (Brake Assistance System), DBC (Dynamic Brake Control), NBA (Nissan Brake Assistance): sigla horien bitartez bataiatu dituzte automobilgintza alorreko enpresek beren galgatze-sistemak. Funtsean, zanpaketa bortitz bat detektatzean, galga-pedalean eraginiko presioa indartzean oinarritzen dira denak. ABS sistemaren eraginkortasuna areagotu eta gelditze-distantzia laburtzen dute.
  • EBD (Electronic Brake Control): galgatze-indarraren banaketa elektronikoa. Segurtasun aktiboko sistema honek ardatz bakoitzaren gainera eraginiko galgatze-indarra banatzen du ibilgailuak daraman kargaren edo galtzadaren egoeraren arabera.
  • EBV (Electronic Brake-force Variable): galgatzea banatzeko sistema aldakor honen funtzionamendua EBDren antzekoa da.
  • HDL (Hill Descend Control): maldak jaisteko kontrola. ABS sistemarekin batera dihardu, noranahiko ibilgailueek trakzio-galerarik nozi ez dezaten goitik beherako luzeetan.