Lau ikastetxetik batek ez du segurtasun proba gainditu
Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako (DBH) sei milioi eskolaume doaz ikasturte honetan Espainiako 17.000 ikastegietara; horien %70ek irakaskuntza publikoak dihardu, %25ek hitzarturiko ikastegietan eta %5 inguruk, berriz, hitzartu gabeko pribatuetan. Arriskuen prebentzioa eta segurtasun-neurri eraginkorrak hartzea ezinbestekoak dira haur eta nerabeek beren ikastetxeetan nozi ditzaketen ezbehar txikien (erorikoak, kolpeak, talkak) eta larrien eragina arintzeko. Zenbaitetan, ezbeharrak gaztetxoen bihurrikeria saihestezinen eta horiek arriskuaz duten pertzepzio urriaren ondorio dira, baina bestetan erantzukizun osoa ikastetxeena da, bertan istripurik gerta ez dadin beharrezko neurriak hartzen ez dituztelako. Errealitatea horrela izaki, hona galdera behinena: gure seme-alaben ikastetxeetako segurtasuna egokia da edo, besterik ez bada, arauteriak agintzen duena betetzen al du?
CONSUMER EROSKI-k eginiko txosten honetan, haur-, lehen eta bigarren hezkuntzako 208 ikastetxetako (159 publiko, 13 pribatu eta 36 pribatu itundu) segurtasuna aztertzen da, Espainiako 18 hiritan: 15 ikastegi Madril eta Bartzelonan, 12 Alacant, Bilbo, Kordoba, Malaga, Murtzia, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragozan, eta 10 A Coruña, Almeria, Granada, Oviedo, Iruñea, Donostia eta Gasteizen. Aldizkari honetako teknikariek ikastegi bakoitzera bisita bat egin zuten joan den urtarrilean, ikastegiak izendaturiko arduradun banarekin; honek zona guztietarako sarbidea erraztu zuen: patio, ikasgela, komun, gimnasio, jantoki, sukalde eta gainerakoetara. Azterketa bi zatitan banatu zen: alde batetik, esparruko barne aldeko eta kanpo aldeko instalazioen egoera; bestetik, prebentzio neurriak, hots, larrialdietan jarduteko protokolo eta prozedurak, ikasle-irakasleak eta irakaskuntzan ez diharduten langileak prestatzeko planak, sute edo katastrofe kasuetarako larrialdien simulakroak egitea eta prebentzio sistemak. Zentro bakoitzera eginiko bisitaldian CONSUMER EROSKI-ko teknikariek arreta bideratu zuten ikastetxearen balizko ebakuazio baten kasuko segurtasunera eta, bestetik, eskolaumeen osotasun fisikoaren arriskuen prebentzioa higiezinaren edo higiezinen barrualdean eta ikastegiaren ardurapeko ingurunean.
Erdietsitako datuetatik bi ondorio nagusi atera dira: batetik, ikastegi asko-askotan segurtasuna hobetzeko modukoa da oraino: ikastegien %27k ez dute gainditu azterketa hau. Bestetik, ordea, azken bost urteotan izaniko hobekuntza ezin ukatuzkoa da: metodologia honekintxe 2003 urtean CONSUMER EROSKI-k eginiko ikerlan batean suspentsoen proportzioa %68 kezkagarriraino zihoan.
Aurrerapausorik latzenak segurtasunean egin dira, bai aire zabaleko tokienean (patioa, saskiak, langak), baita toki itxienekoan ere (ikasgela, komunak, jantokia, gimnasioa) eta, horregatik, “oso ongi” kalifikazio orokorra eraman dute (2003 urteko nota “hainbestean” edo suspentso altua baizik ez zen izan). Halaz ere, hamar ikastegitik batek ez du gainditu azterketa atal hauetan. Langa, saski eta gainerako kirol-elementuak gaizki kateaturik egotea da maiz ikastetxeetako istripu larrienen kausa baina oraingoan alderdi hori dezente hobetu da: 2003 urtean ikastetxeen %14etan gaizki kateaturiko elementuak zeuden eta aurten, aldiz, %1eraino jaitsi da proportzioa.
Ikastetxeko segurtasunean bertako langileen inplikazioa ere dezente hobetu da; duela bost urte “oso gaizki” zegoen eta aurtengoan, “ongi”; alderdi hau gainditu gabe utzi duten ikastegien proportzioa %14 da. Emaitzarik txarrenak sute eta larrialdien aurreko segurtasunak erakutsi ditu: batez besteko balorazioa “hainbestean” tristea baizik ez da eta, gainera, hiru zentrotik batek, suspentsoa atera du. Dena den, orain bost urteko egoeratik hobera egin da, 2003 urtean suteen eta bestelako larrialdien aurreko segurtasunari dagokion atal honek “oso gaizki” kalifikazioa eraman baitzuen.
Bisitaturiko hamazortzi hirietako bakoitzean jasotako batez besteko noten arteko aldeak esanguratsuak badira ere, kontuan izan dezagun ikerlanean parte hartzea onartu duten zentroak bakarrik aztertu direla. Zentro askok -pribatuek eta itunduek, bereziki- ikuskatuak izateari uko egin diote eta horrek, jakina, laginaren adierazgarritasuna moteldu egiten du eta egiazko egoera txosten honek agertzen duena bezain ona izango ez dela pentsatzeko bide ematen digu. Begi bistakoa ematen du gauzak ongi egin dituenak ikuskatua izateari eragozpenik ezarriko ez diola; areago, seguruenik, ikerlanarekin kolaboratzeko jarrera agertuko du, gabeziak identifikatzen dituen metodologia bat aplikatzeak hobetu beharreko parametroetan esku hartzeko aukera emango diolako eta, horrela, ikastetxeak ikasle-irakasle, irakaskuntzan ez diharduten langile eta gurasoei eskaintzen dien segurtasuna areagotu egingo da. Aldizkari honek, txostenean parte hartzeko aukera ematen dienean zentroei bermatzen die bisitatu dituen ikastegien zerrenda argitara emango ez duela eta eskola edo zentro bakoitzeko kudeatzaileei bertan jasoriko datuak entregatuko dizkiola. Honakoa argiturik, azpimarra dezagun segurtasun aldetik A Coruña, Bilbo, Oviedo, Iruñea, Donostia eta Gasteizen bisitatu diren ikastegiak nabarmendu direla eta batez beste “oso ongi” kalifikazioa irabazi dutela.
Zerrendaz beste aldera, ordea, Alacant, Almeria, Granada, Malaga, Sevilla eta Valencian aztertu diren ikastegiak ikusten ditugu; hauen azken balorazioa “hainbestean” urria baino ez da. Tarteko posizioetan agertzen dira Bartzelona, Madril, Valladolid eta Zaragozan bisitatutakoak (“ongi”, batez beste); Granada eta Murtziako ikastegiek “egoki” soila atera dute.
Konparazioa zentroen titulartasunaren arabera ezartzen bada emaitzak ez dira oso desberdinak, baina bada alderik batetik bestera. Zentroko segurtasunean langileen inplikazioaz ari garela, eskola publikoen jarrera pittin bat hobea da (“hainbestean – ongi” batzuek eta “hainbestean” besteek); aire zabaleko tokietako eta toki itxietako segurtasunean, berriz, pribatuak pixka bat goitik dabiltza: batez beste “oso ongi” eta publikoek “ongi – oso ongi”. Suteen kontrako segurtasun-proba ez dute gainditu ez publikoek, ezta pribatuek ere (“hainbestean”).
Hobekuntzak hobekuntza, bisitatu diren zentroen erdiek (%53) baizik ez dituzte segurtasunari dagozkion lau atalak gainditu. Oviedo eta Donostian bakarrik gainditu dituzte lau atalak ikastegi denek; Bilbo eta Iruñean ere emaitza onak erdietsi dituzte (zentroen %80 inguruk gainditu dituzte la atalak) eta beste horrenbeste esan dezakegu A Coruña, Madril, Valladolid eta Gasteizko zentroez ere: %70 inguruk ez dute atal bakar bat gainditu gabe utzi, hau da, segurtasun kontuetako eskakizunak ongi samar betetzen dira, oro har. Egoera, aitzitik, ez da bat ere gogobetegarria Sevillan (azterturiko hamabi zentroetatik bakar batek gainditu zituen lau atalak), Valencia eta Granadan (zentroen %20k bakarrik gainditu zuen dena), Malaga edota Almerian (%30).
CONSUMER EROSKI-ko teknikariek, eginiko bisitan lagun izan zituzten ikastetxeetako arduradunengandik, ordea, Administrazioari (eskola eta ikastegietako segurtasun-arazoak konpontzeko baliabideak eman ziezazkien) eginiko eskariei bideratutako arreta urria edo arretarik ezaz hamaikatxo kexu jaso zituzten. Ikastegi zenbaitetako arduradunek, era berean, tokian tokiko segurtasun-maila hobetzeko premiazkoak diren erreformak egiteko aurrekontu-zuzkidurarik ez zutela argudiatu zuten. Ikastetxeetako kudeatzaileen beste eskakizun bat, Administrazioak dituen eskola-segurtasuneko teknikari espezialisten kolaborazioa erdiestea da, segurtasun-parametroak ikuska ditzaten eta hobekuntzaz orientazioak eman ditzaten.
Larrialdi plana eta simulakroak: gabeziak, oraino
Botikina zentro guztiek daukate baina erizaindegia %12k soilik dute (Bilbon bisitatu direnak, nabarmentzekoak: %92k du erizaindegia). Hori baino kezkagarriagoa, inondik ere: indarrean dagoen Araudiak xedaturiko segurtasun. larrialdi edota ebakuazio planik ere ikastetxeen %6k ez dutela aitortu dute (2003 urtean %21 izan zenez, hobetu egin da). Horren helburua, egoera arriskutsu bati (suteari, uholdeari, gas edo erregaien ihesari, etxearen eraispenari), aurre egiteko urratsak finkatzea da, gizakiek eta ondasunek ahalik eta kalte gutxien jasan dezaten. Plan horretan, alarma edo larrialdirik gertatzekotan nola jardun behar den finkatzen duten aginduak sartzen dira. Alacanten azterturiko lau ikastetxetik batean ez zegoen idatzirik larrialdi plan hori eta Valentzian proportzioa %17raino iristen zen.
Plana berrikusteari dagokiola, ikastegien %87k 2007 urtean egina zeukala esan zuen eta %6k, berriz, 2006 urtean. Dena den, zentroen %7k onartu zuen: azken hiru urteetan, gutxienez, ez zuen horrelakorik egin. Horri gehitu behar zaio zentroen %5ek (Iruñekoen hirutik batek, Kordobakoen %18k eta Madrilgoen %14k) diotenez, beren larrialdi plana zaharkitua dago eta ez dagokio egungo instalazio edo ezaugarriei. Segurtasun-politika zuzen batean sartzen da, ikasturtean behin, gutxienez, larrialdietako ebakuazio-ariketa bat egitea, tokia ebakuatzeko arauak eta bideak gogoratzeko eta, gainera, ikasturte bakoitzean zentro horretan larrialdi plana inondik ere ezagutzen ez duten ikasle eta irakasleak sartzen direlako. Horrenbestez, simulakroak lehen hiruhilekoan egitea komeni da.
Zentroen %13 onartu zuen sute eta bestelako larrialdien simulakrotik egiten ez dutela; egoera kezkagarria bada ere, 2003 urtekoaren aldean hobetu egin da: orduan irregulartasun horretan bizi zirela ikastegien %37k onartzen zuen. Horiek ez ezik, sei zentrotik batek aitortu zuen ebakuazio-ariketa planifikatzeko, arduradunen artean aurretiazko bilerarik egin gabe zegoela; hamar zentrotik bederatzik, baina, bete beharreko argibideak idatziz ematen dizkiete ikasleei (2003an proportzio hori hamarretik hiru baino ez zen). Ikastegien %5ek (2003 urtean, %10) ez dituzte sartu langile guztiak larrialdi edo ebakuazio planean.
Hoberena, instalazioen segurtasuna
Langa, saski eta bestelako kirol-ekipamenduen lotura edo kateadura nola zegoen aztertu da (horixe baita ikastetxeetako ezbehar larrien ohiko motiboetako bat) eta hobekuntza polita erakutsi dute datuek: 2003 urtean zentroen %14tan segurtasun urriko loturak atzeman zirelarik, aurtengoan proportzio hori hamarreneraino jaitsi da (%1,4). Dena den, ikastegien %16tako patio edo jolastokietan arriskutsuak ziren elementu hondatu eta hautsiak (ebakiak eragin zitzaketen aulki eta saski hautsiak, farolak, paperontziak, langako sareen kako metaliko askeak, iturri hautsi eta herdoilduak, babesik gabeko zutoinak, torloju irtenak, arra beteko zuloak zituzten arbolak sarexkarik gabe, etc.) ikusi zituzten teknikariek. Kasuen %7tan hesia puskatua zegoen (argi: haietako batzuk txarrantxa arantzadunak ziren!) eta lau zentrotik ia batean zoruan irregulartasunak, putzuak, zuloak zeuden eta kontserbazio-egoera tamalgarrian zegoen.
Gabezia horiei beste zerbait ere erantsi behar zaie: inguruneetan errepidea zuten zortzi zentrotik batean eskola-zonaren seinaleztapena urria zen edo ez zegoen seinalerik eta kanpo aldean sarbideko eskailerak dituzten hamar zentrotik bitan ez dute esku-barandarik.
Barne aldeko espazioetako segurtasuna ere hobetu da baina bada zer hobeturik oraingoz: gimnasiodun ikastegien %13tan arriskua sortzen zuten hondamenak (askotan, mantenu faltagatik) hauteman ziren: espaldera hautsiak, kirol-ariketak egiteko zonetan bigungarrizko babesik gabeko zutabeak, erradiadore irtenegiak babesik gabe, kirol-ekipamendu endekatua, etc. Atal honetan daturik txarrenak Sevilla, Almeria, Bilbo eta Murtziako ikastetxeetan bildu ziren.
Beste aldetik, zentroen %11tan objektu arriskutsuak hauteman dira: sabai altxatuak edo hezetasunak dituztenak, kable askeak, metalezko esekigailu hautsiak, kristal puskatu edo txikituak, babesik gabeko eskailera edo altuerako tokiak, erraz iristeko moduko ate gabeko armairu batean butano bonbonak eta lixiba ontziak… Sevilla, Valentzia eta Almeriakoak izan dira okerrenak. Lau ikastegitik batean, halaber, behe aldean dauden entxufeek ez dute babesik.
Komunetan ere, denetik dago: zentroen %13tan objektu arriskutsuak (baldosa jautsiak zoru eta hormetan, herdoildu eta hautsitako erroilu-euskarri metalikoak, mutur zorrotza agerian duten metalezko esekigailuak, aska eta txorrotak egoera tamalgarrian, zoru labaingarriak, etc.; atal honetan nabarmentzen dira Almeria, Sevilla eta A Coruñakoak, txarrenak direlako.
Balizko larrialdi batetara begirako segurtasuna: asko da hobetzekoa eta konparaketako taula
Itzalgailuak zentro guztietan baziren arren (dena dela, kasuen %2tan ez zegoen behar adina aparatu edo ez zeuden eraikineko oin denetan), horien %28k ez zuten suteei buru egiteko ur-hartunerik (2003an oraingoaren bi halako izan zen portzentajea). Hiru zentrotik batean, gainera, ez daukate suteak atzemateko sistemarik (2003an, honetan ere, proportzioa bikoa zen). Halaz ere, ikastegien %92k badauka, larrialdirik suertatuz gero, alarma emateko soinu-sistemarik baina gainerako %8tan (txarrenak, Granada, Madril eta A Coruñan) ez zegoen horrelakorik edo ez zuten behar bezala funtzionatzen, elkarrizketa honetan parte hartutako arduradunek aitortu zutenez. Nolanahi ere, alarma-seinaleak zentroko dependentzia den-denetan entzungarri behar du izan, baita eraiki bat baino gehiago diren kasuetan ere.
Gabezia latzenetako bat, larrialdiko irteerena da: zentroen %28k ez dauka horrelakorik; larrialdiko irteera dutenen %2k, berriz, erabiltzea galarazten duten oztopoak dauzka tartean eta %13 ez dira erraz irekitzen edo giltzaz itxita daude; kasuen %17tan ez dira kanporantz irekitzen, arauak xedatutakoa urratuz. Horrez gainera, larrialdiko irteerak adierazteko kartelik ez dago zentroen %13tan (2003ko proportzioa hiru halakoa zen). Larrialdirik gertatzekotan nola jardun behar den adierazteko kartelik edo eskemarik (“Hemen zara zu” motako planoak) ez dago ikastetxeen erdietan, kasik. Almeria, Kordoba, Madril eta Zaragozan bisitatu diren ikastegietan, lautik hiruk ez daukate horrelakorik.
Hobetu beharreko beste atal bat, ikasgeletako burdin hesidun leihoak dira: hauek barnetik irekitzeko modukoak izan behar dute, sute, ebakuazio edo bestelako zeinahi larrialdirik gertatzekotan, bertatik irten ahal izan dadin: leiho burdin hesidunak dauzkaten zentroen %37tan ezinezkoa izan zen hori, baina proportzioa, 2003ko haren (%73) aldean, jaitsi egin da.
Hiru zentrotik ia batean korridorera begira zeuden ikasgeletako ate batzuk aurrez aurre zeuden eta horrek, bistan da, larrialdi kasuan, jendea bertatik ebakuatzea eragozten du; atal honetan txarrera egin dugu, 2003 urtean bortetik bat baizik ez zen. Hobekuntzarik izan ez duen beste atal bat sukaldeei dagokiena da: zortzi ikastegitik batek suteen kontrako babesari buruzko arautegia ez du betetzen, sukaldea behe solairuan ez daukalako (2003an ere, antzeko proportzioa zen). Valladolid, Valentzia eta Murtzian zentroen erdiek erakutsi zuten gabezia hau baina hamazortzi hiri horietako hamaikatan segurtasun-baldintza nagusi hori zentro den-denek betetzen zuten. Bestetik, sukaldea daukaten lau zentrotik batean, dependentzia horrek ez ditu bi irteera, horietako bat (gutxienez) kanpo aldera, legeriak horretara behartzen duen arren.