Hirurogeigarrenetan bankuan postu finkoa utzi eta tebeoetatik bizitzerako jauzia eman zenuen. Bankari bizkar eman eta bizirik iraun duten bakanetako bat zara.
Hernan Cortesek bezala, ontziei su eman nien. Egia esateko, hura ez zen normala. Artean, atea hartu eta hanka egitea ez zen ohiko; alderantziz eszedentzia eskatzen zuen jendeak, badaezpada. Eskatu ere ez nuen egin nik. Okerrena, etxean erabakiaren berri ematea izan zen, aitak egunero “Erotuta zaude, seme, zeharo erotuta”, esaten zidan. Sosak ekartzen hasi nintzenean, ordea, “Tira, ez omen da horren okerra zuk hartutako erabakia”.
Sekulako istoriotxo-ekoizpena duzu: Mortadelo eta Filemon protagonista hartuta bakarrik, 150 album baino gehiago. Ez ote daukazu ezkutuan, Alejandro Dumasek bezala, kolaboratzaile mordo bat zuretzat lanean?
Ezta inondik ere! Ez kolaboratzailerik, ezta literaturan ohikoa izan den beltz horietako bat ere. Hemen ez dabil inortxo. Duela urte batzuk etxera kazetariak (gazte-gazteak, gehienak) etortzen zitzaizkidan, elkarrizketak egitera eta harritu egiten ziren, estudioan sartu eta deus ikusten ez zutelako: ez ordenagailurik, ez… Idazmakina zahar bat baino ez. Oraingo gazteak ulertu ezinean dabiltza baina zerbait egin daiteke oraino ordenagailu izeneko aparatu nazkagarri horretara jotzeke.
Prozesu osoa zeuk egiten duzu?
Halaxe da. Norbaitek istoriotxoa irakurtzen duenean marrazkiari bakarrik erreparatzen dio, alderdi grafikoari soilik begiratzen dio. Zailena (eta garrantzi handienekoa), ordea, letra da: ideia eta testua.
Beti diozu ongi marrazten ez dakizuna. Sasi-umiltasuna ez ote da hori?
Marrazkilari arrunt-arrunta naiz. Ene lankide batzuen marrazkiak ikusten ditudanean (Prado-ko Museoan ederki ezar litezkeenak) lerde-jario nabil. Ni ez naiz horretara iristen, behin ere ez naiz iritsi. Ene marrazkiak “normaltxoak” dira baina gidoian ordu asko eta asko ematen ditut, ideia taxutuz eta izkinak leunduz.
Istorioa eratzeak garatzeak baino denbora gehiago kentzen dizu, beraz.
Orrialde bat egiteko zenbat denbora behar dudan galdetzen didatenean, alderdi grafikoa betetzea bospasei orduko lana izan daitekeela esaten dut; bestea… akaso, inspiratuta zaude eta hamar minutuan aterako duzu istorio on bat; hodeitxo bat tartekatzen denean, ordu pare bat. Eta zeru osoa ekaitz-hodei beltz-beltzek estaltzen dutenean, orduak eta orduak jardun, eta… alferrik!
Nola osatzen duzu istorioa sortzeko prozesua?
Ez da ezer berezirik: musikariaren lanarekin konpara liteke, esate baterako. Hark pentagrama hartu eta doinuak imajinatzen ditu; horiek apuntatu, ondoren burutu, tronpeta hartu eta, pixkanaka probatzen, interpretatzen hasten da. Beste horrenbeste egiten dut nik: ene pentagrama blok arrunt bat da; buruari buelta batzuk ematen hasten naiz, hantxe apuntatzen dut dena eta, gidoia pronto dagoenean, tronpeta hartu ordez, arkatza hartu eta marrazten hasten naiz.
Egunean zenbat ordu ematen duzu horretan?
Denak, denak eta bi. Baita jaian ere. Ez dakit zer diren oporraldiak, ezta asteburuak ere, eman eta eman jarduten naiz, lan-mahaiari atxikita.
Irakurle naizen aldetik, mila-mila esker, baina zure familiari horrek ez omen dio grazia handirik egiten…
Pentsa… Halaxe esaten didate: “Bai dirua, diru asko irabazten duzu baina zertarako demontre nahi duzu, inora ere joateko gauza ez bagara…!” Okerrena, ordea, arrazoia oso-osorik daukatela.
Lan horretaz gozatu egiten zara zu.
Tira, garai batzuetan (aurreko editorialean nenbilela) astean hogei orri ere egin izan ditut. Lanbide honetan astean lauzpabost orri, sei gehienez ere, egitea normala da. Hamar egitea, berebiziko balentria, ezin sinetsizkoa; hogei egitea, nik egiten nituen bezala, eromena. Ene lanaz gozatuko nintzateke baldin eta, hamar edo hogei orri egin partez, gutxiago egingo banitu, orain adina ordu lanean jardunez ere, baina lanari bestelako probetxua atereaz. Zenbaitetan, izan ere, pertsonaiak gorrotatzen ditut eta gero haiekin adiskidetzen naiz: maitasun-gorrotozko harremana dugu. Une batzuetan hartu eta erre egingo nituzke denak. Iazko martxoan, hain zuzen, sekulako gozamena bizi nuen: Valentzian falla bat egin zidaten eta bertan nintzen ni, pertsonaia guztiak inguruan. Sua pizteko inbitazioa egin zidaten eta, egia esateko, ederra izan nuen une hura, denak erretzen ari zirela ikusirik… Berrogeita hamar urte igarotakoan, bada horiek erretzeko garaia, esan nuen ene artean. Hori, baina, pasatu egiten da.
Lanbidean 50 urte egin dituzula eta Espainian ezagunenak diren komikiko pertsonaia ezagunenen autore zarela ere, presiorik eragiten al dizute, telefonoz edo, orriak editorialean entrega ditzazun edo dagoeneko statusa lortu duzu?
Lehen bezain maiz ez didate deitzen orain, badakite jendearen izaera zahartzean zakartu egiten dela eta akaso, “zoazte pikutara, arraio!” edo horrelako zerbait bota diezaiekedala. Emazteak esaten du: “Hire istoriotxoak oso barregarriak izango dituk baina heu, etxean, jasanezina haiz”. Eta arrazoi osoa duelakoan nago, gainera.
Orain presio gutxiago noziturik, gusturago biziko zara, noski…
Tira, orri asko egin behar dira. Pentsa, urtean batez beste sei album egiten ditut: hori, horrela esanik, ez dirudi gauza handia denik, baina lankideek, normalean, bizpahiru urtez behin album bakarra egiten dute.
Sei album horiek zergatik egiten dituzu, musu-truk ala hipoteka edo bestelako zorren bat gainean duzulako?
Hipoteka gainean izatearren ez, behintzat. Komikia gainbeheran dator: lehenago, astean 200 ale desberdin argitaratzen ziren: Capitan Trueno, Tormenta, Relámpago… meteoro guztiek zuten bere kapitaina, marrazki errealisten alderditik, baina marrazki komikoak ere baziren: Pulgarcito, Tiovivo… Egun, hartatik ez dago arrastorik, Mortadelo izan ezik. Pentsa dezagun, beraz, pertsonaia horrek irauten duenean lana egingo dugula, denbora aprobetxatuko dugula.
Zu zeu ez al zaude nekatuta horrenbeste Mortadelo eta Filemonekin?
Horixe baietz! Hirurogeita hamarretik pasea nago, erretiroa hartu nahi dut. Baina beste urte batez, eta beste batez… segitzeko esaten didate, badakizu.
Noiz arte, horrela?
Ez diot amaiera-datarik ipini. Beti esaten dut gauza bera, hots, Escobar lankide bikain hark bezainbeste ez nukeela iraun nahiko: Zipi eta Zape, Carpanta eta hainbeste pertsonaiaren autoreak ia-ia hil arte jardun zuen lanean, Alzheimerrek jota bazegoen ere.
Bilobatxoak harro daude horrelako aitona alai eta jostaria izateaz, ezta?
Txiki-txikiak dira oraino: bata lau urte eta bestea lau hilabetekoa da baina biei gustatzen zaie egiten dudana, arras gustatu ere. Eta horrexek harrotzen nau, egia aitortzeko. Zaharrenak esaten dit: “Aittona, kontatu ipuina, baina Mortadelorena”.
Zeure jendea artatzen denbora asko ematen duzu. Gustura asko sinatuko lituzkete beste askok zuk bezainbeste ale.
Dudarik gabe. Espainian gehien sinatzen duena naiz ni. Halako batean Jaenen, arratsaldeko seietan hasi nintzen sinatzen eta gauerdian amaitu nuen: geroz eta jende gehiago hurbiltzen zitzaidan… Denei sinatzen diet nik, mila lagun baldin badira, milagarrenari ere sinatuko diot, gero aulkitik altxatzeko gai izango ez banaiz ere. Beti, beti. Jendea zoragarria da. “Ez utzi horri behin ere, ez zaitez gaixotu” eta horrelakoak esaten dizkidate.
Gainera, ez duzu “Adeitasunez, Paco Ibañez” bakarrik idazten.
Ez, ez. Mortadelo piztiaz mozorroturik marrazten diet, bakoitzari gauza bat, beti desberdin, eta jendea pozak txoratzen doa etxera.
Oso ongi marrazten ez duzula esan ohi duzun arren, ondo jabetua al zaude milaka eta milaka pertsonak Mortadelo eta Filemonen marrazki bat eredu hartu dutela?
Milaka mila, bai. Umeek batzuetan marrazkiak ekartzen dizkidate eta nik, ene artean, “Hara, zerrikumeak nik baino hobeto egiten du! Nik ere horrela egiten baneki…!”
Zer sentitzen duzu zure pertsonaiek hainbat herrialdetan sekulako arrakasta bildu zutela ikusirik, hots, Alemanian 50 milioi kopia salduta, edo Danimarkan, edo Holandan…?
Halaxe da, Europa osoan saltzen dira, Ingalaterran izan ezik; tira, badakigu ingelesak arraro samarrak direla eta hortik behin ere ez direla irten. Nik egiten ditudan gag horien mundu osoko jendeari gustatzen zaizkio. Alemanian, bereziki, itzultzaile aparta bilatzeko pagotxa izan genuen, hark pertsonaien psikologia, mintzatzeko modua… bere gidoiari ederki egokitzen asmatu zuen eta, horri esker, sekulako ale piloa saldu dugu merkatu hartan.
Komikia irakurtzen al duzu orain?
Ez dut astirik horretarako. Eta, gainera, dagoeneko ez dago komikirik. Bizirik iraun duen bakarra “El Jueves” da baina hori aldizkari satirikoa da, ez da tebeoa. Denda espezializatuetan bada zerbait baina, ene ustez, komikia bizirik dago kioskoan ikusten badut; bestela… irakurtzen ez den seinale.
Libururik irakurtzen duzu?
Hori bai. Irakurle porrokatua naiz, tokirik xelebreenetan ere irakurtzen dut (irribarreak).
Gazte-gaztetandik komikiak behatzen hasi eta liburuak irakurtzen amaitzeko formula hori aholkatu egingo zenuke irakurzaletasuna sustatzeko?
Horixe, askotan esana nago horixe bera. Haurrak, letra izeneko zomorro txiki beltz horien beldur daude beti. Ume txikiak, komikia hartzean, zomorro beltzak diren lehen oztopoa gainditu du, komiki horietan ia letrarik ez baita azaltzen: bunbuiloetan agertzen diren horiek baizik ez; eta horiek, gutxi direnez, pixkanaka irensten baditu, normaltasun osoz pasatuko da gaztetxoentzako eleberrietara. Orain, berriz, makinatxoen erruz, ez zomorro beltzik, ez deus ere! Irakurri ez da egiten gaur, ikus-entzunezkoa da dena.
Horregatik gorrotatzen duzu ordenagailua?
Eskuz egiten diren gauzen zalea izan naiz beti ni. Sekula ez dut jakin ordenagailu batek nola funtzionatzen duen. Lau urteko bilobatxoak nik baino gehiago daki horretaz, lotsagarria badut ere… Alabak behin horrelako bat erosi eta halaxe esan zidan: “Utzi tam-tam jotzeari, behingoz”. Alferrik, ez nintzen jarri, ez nuen asmatzen behin ere. Inoiz testu bat osatzen asmatzen banuen, onomatopeia usu baliatzen dudanez, trastetzar hark hura gaizki idatzia zegoela ihardesten zidan, zuzen nezan; nik “Isilik egon hadi, babo hori!” eta hark, kasurik ez. Armairuan giltzaperatu nuen.
Komikia ala tebeoa?
Tebeoa. Arrazoi jakinik gabe ere, tebeo zeritzon garaiko semea naiz; komikia nahasgarriagoa da, orokorragoa.
Nolako formula darabilzu Mortadelo eta Filemonen istoriotxoak belaunaldi bat, bi eta hiruko jendeari gusta dakion, denei ikaragarri gustatu, gainera?
Konturatu nintzenez, batzuek pertsonaia jakin batzuk errefusatzen zuten monotonoak zirelako, behin eta berriro errepikatzen zirelako. Mortadelorekin zenbait urte neramala, ene artean pentsatu nuen: “Hau aberastu behar dugu”, eta TIA erakundeko agente egin nuen; ideia gustura asko hartu zuen irakurleak. beste hainbat pertsonaia asmatu nituen orduan: Bakterio… Hau ere porrot egiten hastean, ikusiko dugu beste zerbait asmatzen dugun edo Ibañezenak egin duen.
Mortadelo eta Filemonen istoriotxoen bereizgarririk bada, horixe Mortadeloren mozorroak. Nola bururatu zitzaizun hori?
Pertsonaien betiko inertziatik, errutinatik, monotoniatik ateratzeko beste ideia bat izan zen hori. Hasieran pertsonaia mozorrotu egiten zen, mozorroak kapelu batetik aterata, baina ene artean esan nuen: “Irakurlea engainatzen ari naiz, ai ene!”; horrela, mozorrotu ordez, transformista bihurtu nuen eta, horrela, zernahiz mozorrotu zaigu Mortadelo: arkakusoz… eta Jaungoikoz ere.
Nolako mozorroa ez du baliatu oraino Mortadelok?
Ez dakit, ez dakit… Erotu egiten naiz mozorro berrien bila.
Zeu behin ere mozorrotu al zara, Mortadeloz, adibidez?
Bai, behin mozorrotu nintzen etiketako jantziaz, ezkontza egunean. Baina berriro ez dut horrelakorik egin, kar, kar!
Zeure marrazkietan errealitateko pertsonaia bat agertzen duzu maiz, ironia handiz marraztu ere: zeure burua. Eta zeure buruaz barre egiteko gaitasunik ezin zaizu ukatu, noski.
Halaxe da, beti, umiltasun osoz. Hori asko gustatzen zaio jendeari.
Lanaz aparte zerbait serio hartzen al duzu?
Lana eta lana ere bai. Eta bilobatxoak, tira. Lehenago, norabait joan behar izatean, etxean agindua uzten nuen: “Inortxok ere deus uki ez beza. Bestela, zuenak egin du!”, eta hartan inortxo ere ez zen sartuko. Orain, berriz, biloba estudioan sartu, pintzelak erabili, dena hartu eta ni, gainera, lerde jario jartzen naiz. Halakoxea bizitza. Hori bai hartzen dudala serio!
Istoriotxoa, zuk diozunez, oraintxe bertan denda espezializatuetara mugatua dago, kasik…
Lastima da. Jende askok esaten du: “Hobe hiretzat, horrela, lehiakiderik gabe”, baina kontua ez da hori. Komikiaren aldeko zaletasunik balego, bertan mila lankide jardun eta jendeak dena irakurriko luke. Baina egiaz lastima da lanbide batean zure bizitzako 60 urte eman eta, zahartzaroan, horren gainbehera eta amiltzea ikustea, guk tente nola heldu asmatu gabe!
Ez ote dago hori aldatzerik?
Zail-zaila litzateke. Ene ustez, euskailua aldatuko da. Bideojoko gisa atera liteke… hortik, apika.
Egia al da Mortadelo mutikook irakurtzen genuela eta Zipi eta Zape neskatoek?
Ez, ez du zerikusirik. Komikien irakurlea mutikoa izan da, neskatoa baino gehiago, oro har. Orain ere, jarraitzaile porrokatuenak helduak dira, baina gizonezko helduak, batez ere. Inoiz, liburuak sinatzean, 80 eta 90 urteko agure zaharrak etortzen zaizkit; nik, bilobaren izena galdetu eta, haiek: “Nola biloba” Ez, ez, niretzat da, betidanik jarraitzaile izan naiz-eta”. Emakumeek, berriz, beraientzat egin ziren berariazko produktuen aldera jo izan dute gehienbat: Florita, Mari Luz, Esther… Istoriotxoen marrazkilarietatik, gizonezkoak ehun badira, emakumeak zazpi edo zortzi baizik ez dira izan, ez dakit zergatik.
Politikoki zuzen den horri ihes egiten al diozu?
Politikoari egiten diot ihes, moda ez dudalako gidari izatea nahi…
Marrazkietan bezain zorrotza al zara egiazko bizitzan?
Nahikoa, bai. Marrazkietan ene buruari asko exijitzen diot, baita zehaztasunik ñimiñoena ere… Baita eguneroko bizimoduan ere: hutsarekin kezkatzen naiz beti. Andreak esaten dit: “Txaplata nazkagarri hori!”, arrazoi osoz esan ere.
Non ikasi zenuen marrazten?
Inon ere ez. Honetan ibili naiz gustukoa dudalako eta txiki-txikitan hasi naizelako alor honetan. Lau urterekin egin nuen estreinako marrazkitxoa, ez paperik eta ez besterik ez zegoen garai latz haietan: sagutxo txiki bat egin nuen periodiko paperean, izkina batean, eta aitari biziki gustatu zitzaionez, guraizeekin ebaki eta bizitza osoan patrikan eraman zuen, hil arte. Horrelakoxeak dira gauzak: gustukoak dituzu edo ez.
-Ilustrazio guztiak “Ediciones B”-k eman ditu-