Eguneroko estresa
Estres hitza gure eguneroko hiztegian sartu da. Batzuek horrela adierazten dituzte beren laneko nahigabeak, beste batzuek laguntza eskatzeko darabilte eta uste baino askoz ere jende gehiagok miresmena sortarazteko baliatzen dute hitza: “Nolako pertsona arrakastatsu eta lanpetua!”, diote. Gehienak, hala ere, egungo estres maila nahi genukeena baino altuagoa dela deliberatzean bat datoz. Dena den, estresatuak daudela dioten pertsonak hala al daude benetan? Estres egoera bizi du pertsonak bere inguruneko eskakizunek eta berak bere buruari ezarri dizkion erronkek berak dauzkan gaitasunak gaindituko dituztela eta egoera honek bere egonkortasuna eta oreka arriskutan jarriko dituela atzematen duenean. Bestela esateko, porrota aurreratzen dugunean, baina horrekin ados ez gaudela (konforme gaudenean, berriz, deprimitu egiten gara) estresak bere terrenora garamatza.
Estresa, aliatu
Estresa gure bizitzan ohiko bidaide bihurtu zaigu. Ezin zaio itzuri egin eta, gainera, gure ingurunean sor daitekeen zeinahi aldaketara egokitzea errazten digu. Arazo, eskakizun eta arriskuen aurrean erreakzionatzeko modu hori gure arbasoetatik jaso dugun borroka-ihesezko jaiotzetiko jokaerak baldintzatua dago: beren osotasun fisikoa arriskuan jartzen zuten egoeretan (etsaia ikustea) edo etekin bat erdiesteko aukeraz informatzean (piztia bat harrapatzea) beren organismoa hobekien aktibatzen zutenek bakarrik iraun zuten bizirik. Ikuspen periferikoa hedatzeko eta, horri esker, ilunpetan argitasun gehiago sartu ahal izateko begi-niniak dilatatzea; abiada eta indar handiagoz erreakzionatu ahal izateko, giharrak tenkatzea; oxigenazioa hobetzeko ez ezik, garunerako eta gainerako organo behinenetarako odol-emari handiagoa eroateko, arnasketa eta bihotz-taupaden erritmoa azkartzea… Horra hor, etsaien eta piztien gainetik abantaila handia ematen zieten aldaketa haietako batzuk.
Hautespen naturalari esker, egokipen-mekanismo konplexu horrek bere horretan iraun du egundaino. Egun arriskuak bestelakoak badira ere, gure inguruneko etengabeko aldaketen aurrean geure burua egokitzean arrakasta izango dugula berme dezagun, baliabide horixe erabili ohi dugu beti. Aktibazio fisiologiko eta kognitibo handiago batek egoera hobeki eta azkarrago atzemateko, jokabiderik egokiena hautatzeko eta berau ahalik eta azkarren eta intentsuen gauzatzeko aukera ematen digu.
Egokipen-mekanismo izugarri horrek, ordea, eragozpen latza du: organismoaren higadura larria eta sekulako energi kontsumoa sortarazten dituenez, beharrezkoa dugu zaintza batzuk eta suspertze-aldi bat garatzea, eta horretaz ez gaude beti behar bezain jabetuak.
Alferrikako estresa
Estresezko erantzunak maiz, intentsitate askoz edo luzaro (estres kronikoa) errepikatzen diren guztietan organismoak suspertzeko eragozpenak izaten ditu eta trastorno mediko eta psikologiko elkartuak agertzen dira. Autore batzuen iritziz, kontsulta mediko guztien hiru laurdenen (edo gehiagoren) zuzen edo zeharkako kausa estresa da.
Estresaren seinaleak atzeman eta, organismoan kalterik eragin ez dezan, “desaktibatzeko” zailtasuna geroz eta ohikoago bihurtzen ari da. Gaitza sortarazten duen motiboetako bat, arrakasta lortzeko ezinbestekotzat jotzen dugun bizimodu azeleratuan ohitzea dugu; bestela adierazteko, inoizkako jokabidea bizitzeko era bilakatu da.
Estresezko erantzunak, beste aldetik, ?desegokitzaileak” dira, egokiera jakin batek horren aktibazio-maila garaia eskatzen ez duenean eta erantzun egoki baten emisioan interferitzen duenean, aktibazio-maila altuari helduta (ez dugu “deskonektatzen”), estresa sortarazi duen egokiera suntsitu den arren.
Horri guztiari gehituko diogu estresatuak gaudela ikuspegi mediko eta psikologikotik ondorio negatiboak agertzen direnean, hala nola presio arteriala eta maiztasun kardiakoa areagotzea, plasmatan triglizeridoak eta kolesterola liberatzea, urdailaren narritadura, apetitua galtzea, depresioarekin loturik doazen sentimenduak garatzea (babesik eza) edo itxaropena eta kontrola galtzearen sentsazioa, besteak beste.
- Erabakiak hartzea geroratzea. “Gaur egin dezakeguna biharko uzten dugunean” hartzen dugun gezurrezko lasaitasunak ezkutatzen digu arazo edo kezka horrek gure garuna aktibatzen segituko duela eta zereginak metatu egingo zaizkigula, egoerak gainditzen gaituen arte.
- Geure arazoetatik deskonektatu ordez, eremu batetik bestera eroatea. Gauza bakoitza bere tokian eta toki bakoitzean gauza bat. Seme-alabak zaintzen ditugun bitartean txosten bat burutzen ahalegintzeak estresatu egingo gaitu eta, gainera, eraginkortasuna arras murriztuko digu.
- Jardun ordez, kezkatzea. Gogoan izan dezagun esaldi zaharra: “hoberena, onaren etsai”. Gehiegitan ez da aurkitzen irtenbiderik onena, posible direnetan egokiena baizik; areago, batzuetan, txarrenetan txarretik gutxien duena.
- Gainerakoak eta beren premiak. Estresa sortzen dute gainerakoen eskakizunek, beren bizi-erritmoek, sortarazten dizkiguten itxaropenek eta haien arazoez kezkatzeko aukeratzen dugun moduak ere. Gogorra bada ere, besteak haz eta hel daitezen modu bakarra, beren eragozpenei beraiek aurre egitea da.
- Ez delegatzea. “Zerbait ongi egitea nahi baduzu, egin zerorrek” dio esakuneak. Horrek ez diona, ordea, hori larregi aplikatuz gero, zerorrek ahiturik eta gaixorik amaituko duzula. Gainerakoei irakastea eta konfiantza ematea toki berera iristeko beste bide bat da.
- Eginkizun gehiago, helburu gehiago. Ez denbora luzagarria da, ez gure energiak agortezinak ere. Erabaki bat hartzeko zailtasunik larriena, beste zeinahi hartzeari ezinbestean uko egin behar izatea da. Zerbait berria egin nahi badugu, egiten ari garen beste zerbait alboan utzi beharko dugu.
- Hierarkizatzen ez jakitea. Zereginek gainditzen gaituztenean haietarik eskuragarrien eta soilenak ?horrenbestez, arrakastatsuenak? egitea deliberatu ohi dugu, guretzat garrantzizkoenak direnez arduratu ordez. Egunaren buruan sentsazioa etsipengarria da: “ahituak gaude eta ez dugu deus egin”.
- Arazoak eta emozioak ez partekatzea. Geure arazoez ari garen guztietan moldatu egiten ditugu eta, horri esker, hobeki ulertzen ditugu. Testuingurua aldeko baldin badugu, onargarri eta integragarri bilakatu ahal izango gara.
- Estimulagarriak masiboki irenstea. Kafea, tabakoa, tea, kolak… horiek denek organismoaren aktibazio-maila altxatu baina estresatu ere egiten dute.