Bigarren infartua prebenitzea
Norbait miokardioko infartu batetik suspertzen denean, bigarren ezbehar kardiobaskularrik gerta ez dakion prebenitzea da funtsezko helburu medikoetako bat baina, halaz ere, estatistikak ikusirik, aplikatzen diren neurriak ez omen dira egokienak, inondik ere, aurreikusiriko egintzen kalitateagatik baino gehiago, aplikatzean ezarritako eraginkortasun eskasagatik. Aspaldi honetan egin diren azterketa askok adierazten digutenez, kardiopatia iskemiko akutua nozitzen duten pazienteek ez dute behar bezalako artapenik jasotzen, aurrerantzean horrelako beste episodiorik izan ez dezaten. Prebentzio sekundario goiztiarra helburu duten horietako bi ?Prevese eta Presente izenekoak?, ordea, haratago doaz. Beren autoreen arabera, bizimoduaz aldatzea eta terapia egokiak administratzea neurri eraginkorrak diren arren, Espainian prebentziozko neurriak aplikatzeak arrakasta eskasa biltzen du.
Horregatik, batez ere, salatu du Europako Kardiologia Elkarteak (EKE) prebentzio sekundarioan Arrisku Kardiobaskularreko Faktoreen (AKBF) kontrol eskasa: pazienteen %27k erretzen segitzen du, %32k gizen segitzen du, %50ek ez du kontrolatzen bere tentsio arteriala eta %58k kolesterola altu mantentzen du. Arrisku larria duten pazienteen %25ek bakarrik kontrolatzen dute eraginkortasunez AKBF horiek. Horiez gainera, EKE erakundeak dioenez, horren ardura guztia ez da neurriak betetzen ez dituzten pazienteena bakarrik; aitzitik, artapen primarioko kardiologo eta sendagileek ere badute erantzukizunik, hauek arriskuaren arintze prozesuan berebiziko eginkizuna bete behar dutelako.
Prebentzioaren funtsezko puntuak
Prebentzio on baten hastapenean ezinbestekoak dira informazio egokia eta osasun alorreko heziketa izatea. Horixe da aurreneko urratsa (aurrenekoa ez ezik, nagusietako bat) pazientearen aztura kaltegarriak aldarazteko, hala nola dietan gantz saturatu ugari hartzea, tabakismoa eta egoneko bizimodua. Datuek frogatzen dute: egun, kardiopatia iskemikoagatiko hilkortasunaren egungo murrizketaren erdia baino gehiago azturez aldatzeari aitortu behar zaio. Horregatik funtsezkoa da behin eta berriro aldatzeko moduko arrisku faktoreak zein diren errepikatzea, ospitaleko senda-agiria sinatzen den unetik eta, gerora, kardiologoa eta famili sendagilearen kontsultara aldian behin joatea.
Paradoxa bada ere, hipertentsioa, tabakismoa eta diabetesa sendagileak artatzen dituzte baina ez dute horrela jokatzen pronostikoari loturiko gainerako arrisku faktoreen kontrolarekin. Adituek horrela aitortzen dute: obesitatean, egoneko bizimoduan eta kolesterol altuan ez da behar bezain zorrotz azpimarratzen.
Nola lortu, ordea, arrisku faktore horietakoren baten kontrol hobezina? Tratamendu farmakologikoa eginez. Halaz ere, infartuaren prebentzio sekundarioari buruzko ikerketek erakutsi dutenez, plaketen anti-agregatzaileen (aspirina eta hodi-zabaltzaileen) preskripzioa handia bada ere, odoletako kolesterol maila altuak eraisteko botikena, berriz, apal-apala da: horrek esan nahi du kolesterol altua duten pazienteen %30ek bakarrik hartzen dutela behar bezalako tratamendua.
Bestetik, frogatua dagoenez, estatinen (estatina, kolesterola jaisteko beste botika bat da) bidezko tratamenduak kardiopatia iskemikoa nozitzeko arriskua arintzen du, kolesterola jaistearren ez ezik, estaninek endotelio baskularrean (arterien barnealdea tapizatzen duen ehuna) duten eraginagatik ere. Azterlan askok frogatu dute pravastatina (hipolipemiatzailea) eta aspirina elkarrekin harturik, arriskua dezente arintzen du, batura horren eragin bateratuengatik, hain zuzen.
Gaixotasunetik suspertzearen funtsezko elementuak diren errehabilitazio kardiakoko programak (EKP), bere aldetik, kardiopatiarik nozitzen duten pertsonentzako sistema terapeutikoak dira eta beren helburua pazientearen bizi kalitatea eta gaixotasunaren pronostikoa hobetzea da. Jende askok ariketa fisikoko programa huts gisa ikusten badu ere, era askotako jarduerak sartzen dira bertan: osasunerako heziketa, tabakoarekiko morrontzatik askatzea, dietetikako eskolak eta erlaxatze teknikak, sostengu psikologikoa, etc. Errehabilitazio programa horiei esker erdiesten den hobekuntza pazienteen adin eta sexuarekin loturik ez dagoenez adin handiko pertsonek ere parte har dezakete. Areago, pertsona zahar-zaharretan lorturiko emaitzak eta pertsona gazteagoekin erdietsitakoak antzekoak dira.