Informatika kalez kale
Ordenagailu eramangarriak modan daude eta, dagoeneko, etxe askoan beraiek betetzen dute mahai gaineko ordenagailu zaharraren tokia. Bolumen txikikoak izan eta erraz maneiatzeko modukoak direnez, lanean zailtasun handirik gabe jardun daiteke beraiekin eta, gainera, ordenagailu konbentzionalak osatzen dituzten dorre gris klasikoak baino askoz erakargarriagoak izaten dira. Horien prezioak pixkanaka behera doaz eta, egun, ordenagailu ertainen ahalmenak dituzten pareko eramangarriak oso moduan eskura ditzakegu: 900 euro ordaindu gabe ere, esate baterako, Interneten nabigatzeko, CD eta DVD grabatu eta erreproduzitzeko, hainbat bideo-jokotan aritzeko eta mahai gaineko ordenagailuetan erabiltzen diren programa gehienak baliatzeko aukera ematen duten marka ezagunetako modeloak salgai ditugu merkatuan.
Horien kostua, nolanahi ere, mahai gaineko parekideena baino handiagoa da, oro har. Ordenagailua beti toki berean erabili nahi izanez gero, noski, modelo konbentzionala erostea dezente merkeago gertatzen da, “mugiezin” horrek ahalmen handiago eta prestazio gehiago eskainiko dituela ahantzi gabe. Erabiltzaileak lanean leku askotan jardun nahi badu, berriz, aukera ezin hobea du aparatu mugikorra.
Karga eta bolumena, mugatzaile
Mahai gaineko ordenagailuak, zertan mugitzerik ez dagoenez, karga eta bolumena ez ditu baldintzatzaile; areago, bolumen handi horri esker hamaikatxo elementu eduki ditzake barnean: soinu- eta irudi-txartelak, CD eta DVDen irakurgailuak, datuak metatzeko prozesadore edo disko gogorra, etc. Baliteke, gainera, osagaiak elkarrengandik urruti samar egokiturik, elementu ahaltsuen berotasuna errazago galtzea. Horregatik, mahai gaineko ordenagailuetan ez bezala, eramangarriek osagaien kalitatea eta mihiztadura funtsezkoa dute.
Elementu horiek guztiak maletatxo txiki baten luze-zabaleran (30 X 20 cm eta 25 mm-ko altueran) sartzeko ahaleginak egin behar dituzte ordenagailu eramangarrien fabrikatzaileek. Gehieneko pisuak ere, hiru kilotik gorakoa ez omen du izan behar, hori baino astunagoak ez baitira horren eramangarri.
Egia esan, ordenagailu horiek ez dira oso-oso eramangarri: mendian, aireportuko areto batean edo trenean funtzionatu ahal izateko, adibidez, bateria eduki behar dute, toki horietan entxuferik ez baitago; baterien iraupena, bestetik, ez da ordenagailuaren osagaien energi irenste-nahia bezain biziki handitu. Ordenagailua elektrizitate sarearekiko independentziaz janzten duena bateria da baina, gehienez ere, hiru bat ordu irauten du (ekipoa intentsiboki erabiliz gero, batik bat); ondoren, korronte-hartune batean kargatu beharra dago.
Energi kontsumoaz
Teknologia eramangarriaren elementu behinenetako bat bateria da: honek metatua daukan energia ordenagailuaren kontsumitzeko azkartasunak determinatuko du aparatuaren autonomia. Ordenagailu eramangarri ahaltsu batek bateria berehala deskargatzen duenez, ez da oso praktikoa izaten. Beharrezkoa da, hortaz, aparatua osatzen duten mekanismoek kontsumo orekatua egitea.
Ordenagailuaren funtsezko pieza izaki, prozesagailua da kontsumo gehien egiten duena. Mahai gaineko ordenadoreak oso prozesagailu ahaltsuak dauzka, funtzio konplexu asko biziki azkar burutzeko gauza direnak. Dena den, horrelako prozesagailuek -Pentium gamakoak-, eramangarriaren bateria ordubete baino lehenago deskargatuko lukete.
Prozesagailu fabrikatzaileek teknologia paraleloa garatu behar izan dute, berebiziko energi gastua eragin gabe ordenagailu eramangarriek funtzio asko exekuta ditzaten eta, areago, autonomia dela medio, prestazioak emateari utzi behar zaionean ekipoa mantsotzeko. Horren emaitza izan ziren garai bateko Centrino prozesagailuak, egun Celeron gamakoek gailenduak. Nolanahi ere, prozesadore horietako bakar batek ez du mahai gaineko ordenagailuek ohi daukaten Pentium 4 prozesagailu baten ahalmena. Hala eta guztiz, horiekin ordenagailu baten oinarrizko funtzioak bete ez ezik, Interneten nabigatu ere egin dezake erabiltzaileak.
Merkatuan dauden eramangarri batzuek prozesagailuaren potentzia handitu egin dezakete, energi kontsumoa handitzearen lepotik, beti ere. Autonomia ere handitu egin daiteke, ordezko bateriak erantsita, baina eroateko aldrebes samarrak gertatzen diren osagai horien prezioa 200 eurotik gora doa egun.
Prozesagailuari baino garrantzi handiagoa autonomia energetikoari ematen dioten erabiltzaileentzat, ordenagailu konbentzional baten potentziaz funtziona dezaten diseinatu dira “mahai gaineko eramangarriak”. Biziki garestiak dira -2.000 eurotik gora- baina lanik korapilotsuenak egiteko eta merkatuko joko aurreratuenetan esku hartzeko aukera ematen dute. Baldin eta entxufea gertu badago, hori bai.
Definizioz, ordenagailu eramangarria zailtasun handirik gabe tokiz alda daitekeena da: besaulkian edo ohean jardun gaitezke horrelakoetan lanean, bulego osoa lekuz aldatzeko premia izan gabe. Baina horrek ez du esan nahi funtzionaltasuna ematen dioten aparatuei (inpresora, bozgorailu, kanpo-teklatu edo sagu eroso, ahalmen handiagoko disko gogor edo Interneteko hartuneari, adibidez) konektaturik ezin egon daitezkeenik. Ordenagailu eramangarri batzuetan, horrelako aparatu gehienentzako konexio estandarrak -USB portuak- urriak dira (bi baizik ez du izaten) eta elkarrengandik hurbilegi daude. Periferiko horiek guztiak eramangarriarekin konektatu ahal izateko USB bilgailua (korronte elektrikoan baliatzen den “lapurraren” antzekoa, 128 USB portu ere eman ditzakeena) eskuratzea komeni izaten da. Nolanahi ere, USB portuek energia asko kontsumitzen dutenez, horrelakoek etengabe funtzionatzen ibiltzeak ordenagailuari autonomia asko ebasten diote.
Eramangarria erosteko unean kontuan izan beharreko beste ezaugarrietako bat, bai Internetera bai periferikoetara konektatzeko gaitasuna izango da, dagoen tokian dagoela ere. Egun saltzen diren ordenagailu eramangarri gehientsuenek Internetera haririk gabe konektatzeko aukera ematen duen wi-fi egokigailua daukate. Prestazio horrek garrantzi handia du bezeroei Interneterako haririk gabeko sarbidea eskaintzen dieten toki publikoetan (kafetegietan, etc.) edo etxean bertan (Interneterako konexioa wi-fi routerra baldin badauka) lanean aritu nahi duenarentzat.
Oso interesgarria da ekipoak bluetooth teknologia ere edukitzea, horri esker eramangarria beste hainbat aparaturekin (telefono mugikor, inpresora, agenda elektroniko, etc) haririk gabe konektatu ahal izango dugu, hainbat metrotako (hamarreko batzuk, gehienez ere) erradioan bakarrik.