Hiri batzuek besteek baino askozaz ere inbertsio eta sustapen gehiago egiten dute kirol alorrean
Espainiarren erdiek astean hirutan kirola praktikatzen dutela diote; kirola egiten duten erdiek titularitate publikoko instalazioak baliatzen dituzte, Ikerkuntza Soziologikoen Zentroak (CIS) aresti argitara emaniko datuen arabera: Espainian praktikante gehien dituzten kirolak dira igeriketa (kirolean dabiltzan hiru lagunetik batek dio egunero igeri egiten duela), futbola (%32), txirrindularitza (%20) eta mantentzeko gimnasia (%14). Jakina denez, aspaldi honetan gure artean arrakasta handiena izan duen jarduera sozialetako bat kirola da: osasuntsu eta forma onean mantentzearekin geroz eta hertsikiago lotzen da ariketa fisikoa baina, horrez gainera, aisialdia egoki betetzeko eta jendea ezagutu eta adiskideak egiteko alternatiba eraginkorra omen da. Hori bezain ezaguna ez den datu bat: Espainiako Konstituzioak hiritarren artean kirol praktika heda dezan sustatzeko ardura Administrazioaren eskuetan uzten du (“Botere publikoek osasun-hezkuntza, hezkuntza fisikoa eta kirola sustatuko dute”).
Eskakizun horren aurrean botere publikoek nolako jarrera agertu duten ezagutu nahian, CONSUMER EROSKI-k bi bide hartu ditu: batetik, hamazortzi hirik (A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Cadiz, Kordoba, Granada, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Iruñea, Donostia, Sevilla, Valentzia, Valladolid, Gasteiz eta Zaragoza) daukaten titularitate publikoko kirol azpiegituren ekipamendua erkatzea; bestetik, aldizkari honetako teknikariek bisita pertsonala eginez, hiri horietako erabilera publikoko udal kirol instalazioek (144, guztira) eskaintzen duten zerbitzua aztertzea.
Azterketa honetan atera diren ondorio behinenak argi daude: titularitate publikoko kirol azpiegituren eskaintza biziki aldatzen da hiri batetik bestera (kiroldegi bat dago 12.000 sevillarreko, 17.000 donostiar edo bartzelonarreko, 50.000 bilbotar edo madrildarreko eta 110.000 malagarreko); bestetik, hiri bakar bat ezin daiteke harro agertu bere kirol hornikuntzaz, aski azpiegiturarik ez daukalako kirol mota guztietan aritzeko (hamazortzi hirien batez bestekoarekin konparatuz gero: horrela gertatzen da Malaga eta Alacanten) edo horietako askotan aritzeko (egoera horretan daude Kordoba, A Coruña, Cadiz, Zaragoza, Bilbo, Madril eta Iruñea).
Bartzelonak eta Donostiak eta, hauetatik urruti samar, Gasteizek bakarrik daukate azterketan jorratu ditugun kirol ekipamenduen eskaintza orekatu eta nahikoa: kiroldegiak, igerilekuak, gimnasioak, atletismo pistak, futbol zelaiak, saskibaloi kantxak, frontoiak, squash, paddle eta tenis pistak eta erabilera anitzeko kantxak. Ohiko kontua da hiri batzuetan kirol jakin batzuetako eskaintza ugaria izan eta, bestetik, beste hainbat jardueretarako alternatibak batez bestekoaren azpitik ibiltzea. Zaragozak, adibidez, igerileku asko dauzka baina gimnasio gutxi-gutxi eskaintzen ditu; Cadizen, aitzitik, kontrakoa gertatzen da: gimnasioak erruz baina igerileku eskas.
Hamazortzi hiri espainiarretan bisitatu ziren 144 kirol instalazioetan azterketa egindakoan (erabiltzaileari eskaintzen zaizkien informazio eta zerbitzuak, instalazioen garbitasun eta kontserbatze egoera, ezinduek bertara iristeko dituzten zailtasun eta oztopoak eta eraikin eta ekipamenduen segurtasuna ez ezik, instalazioen zaintza ere aztertu ziren) egiaztatu zenez, horien %7k batez besteko kalifikazioa “eskas” izan da eta %15 “onargarri” erdipurdikoan geratu dira; horrek esan nahi du hamarretik bi baino gehiagok badutela zertan hobetu. Ikuspegi optimistatik begiratuta, ordea, ia erdiak oso onak edo bikainak dira. Bisitatu diren kirol instalazioen %30ek “ongi” kalifikazioa irabazi zuten, hots, asetzeko moduko nota.
Guztirako kalifikazio okerrena agertu zuen atala erabiltzaileari ematen zaion informazioa eta eskaintzen zaizkion zerbitzuen aukera da: alor horretan lau instalaziotik batek ez du proba gainditu. Hori hobeki ulertzen da, bisitatu diren azpiegituren %40tan eskainitako zerbitzuen prezio eta tarifarik agerian ez zeudela eta ekipamendu horien %17tan instalazioak erabiltzeko arau orokorrez ere informaziorik ematen ez zela esan ostean. Alderdi hoberena, eraikin eta ekipamenduen segurtasuna eta garbitasun eta mantentze egoera: bietan ere, 144 instalazioen batez besteko kalifikazioa “oso ongi” izan zen.
Hirika, guztirako balorazio hobereneko kirol instalazioak Bartzelona, Malaga, Oviedo, Donostia, Valentzia eta Zaragozan bisitatu zirenak izan ziren. Okerrenak, aitzitik, Cadiz (bisitaturikoen %60k ez zuten proba gainditu), Kordoba, Granada eta Sevillakoak, hurrenez hurren.
Ezinduek instalazio horietara iristeko dituzten oztopo eta erraztasunak ere aipatu behar, positiboki aipatu ere: alor honetan eskas daudenak bisitatu diren instalazioetan hamarretik bakar bat baino gehiago ez dira. Nolanahi ere, horien %17k ez daukate komun egokiturik (Alacant eta Kordoban, hirutik bik) eta %15ek, berriz, kolektibo horri uretarako sarrera errazteko igerilekuek garabirik ba ote duten ez diote aldizkari honi jakinarazi.
Kirol praktikari hiriek ematen dioten arretaren adierazle esanguratsua da alor horretan udalek urtean egiten duten inbertsioa. CONSUMER EROSKI-k informazio ori azterketako hamazortzi udalei eskatu zielarik, 2005 urtean eginiko batez besteko gastua, biztanle bakoitzeko, 42,5 euro izan zela egiaztatu zuen. Dena den, hiri batzuek (Madril, 100 eurorekin eta Oviedo, 73 eurorekin) batez bestekoa baino askozaz gehiago inbertitu zuten eta beste batzuek, aldiz, dezente gutxiago: Valentzia (19 euro biztanleko), Alacant (21 euro), A Coruña eta Kordoba (23 euro biztanleko).
Instalazioen garbitasun eta mantenua
Instalazioen mantentze eta garbitzeari goazkiola, instalazioen %4tan bakarrik hauteman dira hutsuneak: akats horrek, dudarik gabe, proba gainditzeko itxaropen guztiak zapuztu dizkie, atal honetako batez besteko kalifikazioa “oso ongi” baita. Atzemaniko irregulartasun nabarmenenak, hamar aldagelatik baten kontserbatze egoera txarra eta egoera zaharkitua (144 instalazioetan 500 aldagela baino gehiago bisitatu dira) eta dutxa aldeena (%12, gaizki). Bere tokitik erauzitako lababoak, azulejo hautsiak, erortzeko zorian zeudenak, hezetasunaren ondorioz hormetan orbanak eta azal zartatuak, hodi herdoilduak, etc.
Dena den, guztien %4 bakarrik zegoen garbitasun eta higiene egoera txarrean (Cadizen, bisitaturiko lau aldagelatik batean; Granada eta Iruñean, hamarretik bitan). Horrez gainera, aldagelen %8k eta komunen %12k ez zeukaten paperontzi edo zakarrontziak. Komunen %6k ez zeukaten komuneko paperik (hamarretik seik Iruñean eta %40k Granadan) eta %28tan ez zegoen xaboirik. Alderdi positibo gisa, aitor dezagun ur beroa ez daukaten dutxen kopurua %3 baino ez dela.
Azkenean, bisitaturiko hamar instalaziotik batean usain txarra hauteman zen (proportzio hori, Iruñea, Cadiz eta Valladoliden %30etik gora doa), aldagelek edota muskulazio aretoek aire-berritzerik ez dutelako.
Segurtasuna
Alor honetako batez besteko kalifikazioa “oso ongi” da: instalazioen %5ek baizik ez dute proba gainditzeke utzi; dena den, atal honetan, instalazioen %12k “onartzeko moduko” eskasa baizik ez du merezi izan. Udal kirol instalazio gehienek segurtasun neurriez ongi hornituta daude: %90 baino gehiagok larrialdiko argiteria eta su-itzalgailuak dauzkate erabiltzaileen eskura, horrela eskatzen duten tokietan. Bestetik, ordea, instalazio horien %14k (Alacanten hirutik bik eta Cadiz eta Granadakoen %60k) ez dute larrialdiko irteera adierazten duen kartelik. Beste hainbat neurri ez daude hedatuak oraino: instalazioen %27k ez daukate mangerarik, %58k sutea eteteko aterik, eta %91k, azkenik, larrialdiko sakagailurik.
Esparru horien segurtasunaz ari garela, ekipamenduen %8tan erabiltzaileen osotasun fisikoa arriskutan ipin dezaketen elementuak hauteman ziren (zangak, zoru hondatuak, hesiak egoera txarrean edo erorita, zoru arras labaingarriak aldageletan, kirol-kantxetatik gertu obra-lanak, etc. Akats horiek hamar instalaziotik bitan atzeman ziren Gasteiz, Sevilla, Iruñea, Granada eta Cadizen.
Segurtasuneko pertsonala (zinpeko zaindariak) instalazioen %7tan bakarrik ikusi zen (Cadizkoen %40tan) eta %6tan, berriz, instalazioen funtzionamendu egokiaz arduratzen zenik ez zen (ez bedel, ez zaindari, ez mantenuko pertsonalik). Esparru osoan edo parte batean badira, instalazio erdietan, segurtasun kamerak (Zaragoza eta Bilboko denetan) baina, instalazioen %6tan argitasun eskaseko zonak atzeman ziren. Sorosleen presentziaz ari garela, bisitatu ziren igerilekudun instalazio guztietan (horietako batzuk itxita zeuden eta) sorosle bat gutxienez bazen.
Erabiltzailearentzako informazioa eta zerbitzu erabilgarriak
Azterketan izan diren balorazio eskasenak atal honetan bildu dira: batez bestekoa “onargarri” baino ez da. Bisitatu diren lau instalaziotik batek ez du proba gainditu eta %22 “nahikoa” soilean geratu dira. Gabezia behinenetako bat, erabiltzaileez artatzeko harrerako pertsonalik ez izatea (instalazioen %8tan: Valladolideko instalazioen erdietan eta Alacanten hirutik batean). Bestetik, instalazioen seinaleztapena eskasa da kasuen %13tan (korridoreak nola doazen edo halako gela non den ez da adierazten), instalazioen %62tan ez dago kokapen-planorik (horrelako seinale-sistemarik ez dauka Alacant, Bilbo, Kordoba, A Coruña eta Granadako instalazio bakar batek ere) eta kartel adierazleen %23tan ez dira nahikoak inondik ere.
Erakutsitako kartel eta adierazpen motaz ari garela, erabiltzaileari emaniko informazioa eskasa da, nabarmenki: kasuen %40tan prezio eta tarifen gaineko informaziorik ere ez da ematen, %36tan esparruaren irekiera eta itxiera ordutegirik ez dago agerian, eskainitako zerbitzuen berririk ez da jakinarazten (Granada, Sevilla eta Valladoliden, adibidez, kontu honetaz informaziorik ez du instalazio bakar baten ere ezagutarazten) eta esparruen %17tan, amaitzeko, instalazioa erabiltzeko arau orokorren berri ez da ematen inon.
Erabiltzaileari eskaintzen zaizkion zerbitzuetan azpimarratzekoa da instalazioen %89k txarteldegiak dituztela (Cadizen bisitatu diren guztien erdietan eta Iruñea eta Sevillakoen %40tan horrelakorik ez badago ere). Esparruen %9tan baizik ez dago paperontzi edo birziklatzeko zakarrontzirik, %5ek bakarrik daukate liburutegia, %6k umeentzako jolastokia eta %3 baino gutxiagok daukate haurtzaindegia. Zerbitzu ohikoenak telefono publikoak, jendeari irekitako taberna edo kafetegia, edariak saltzen dituzten makinak eta sauna dira. Osasun alorreko gela (eritegia izan, botikina izan) behar bezain argiro seinaleztatua dago instalazioen %77tan (Donostia, Oviedo, Bilbo eta Alacanteko denetan, baina Valentziako %20tan bakarrik eta Kordobako hirutik bakar batean baizik ez).
Iristeko erraztasuna
Bisitatu diren 144 instalazioek, iristeko erraztasunari dagokionez, “ongi” kalifikazioa eraman dute batez beste, heltzeko samurtasun hori eskastzat hamarretik batean bakarrik jo daiteke eta. Nolanahi ere, %17k ez daukate komun egokiturik, (Alacant eta Kordobakoen hirutik bitan). Irispideez ari garela, kirol instalazioen %13tan instalazioetara iristeko eskailerak daude (azpimarratzekoak, Cadizkoak: horietakoen %60tan ez dago oztopo horiek gaindituko luketen arrapala edo igogailurik; beste horrenbeste gertatzen da Bilboko instalazioen erdietan eta Valladolid eta Kordobakoen hirutik batean). Kanpotik barrualdera iristea dela eta, hamar instalaziotik batean bakarrik igo behar dira eskailerak. Kanpoaldetik irispide okerrena daukaten instalazioak Kordobakoak (hiri horretako instalazioen erdiek eskailerak dituzte kanpoan, baina arrapala edo igogailurik ez), Bilbokoak (%43), Cadiz eta Madrilgoak (lautik batean).
Eta, amaitzeko, kirol instalazioen %53k bakarrik dauzkate inguruetan pertsona ezinduentzako aparkaleku erreserbatuak (Alacant, Kordoba eta Granadan baldintza hau ez du bakar batek betetzen; Valentzia eta Donostian, aitzitik, denek dauzkate horrelako aparkaleku plazak).
Zenbat gastatzen dute udalek kiroletan?
Kontsultaturiko udalek kirol munduan zenbat gastatzen duten galdeturik, alde handiak ikusten ditugu hiri batetik bestera. Termino absolutuetan, Madril (311 milioi euro) eta Bartzelona (ia 75 milioi) dira kirolean gehien gastatzen duten hiri espainiarrak. Sevillak kontzeptu horretara ia 30 milioi euro bideratzen du, Murtziak 25 eta Zaragoza 19 milioi pasatxoak. Espainiako zerrendaren isatsean datoz Cadiz (5 milioi euro baino gutxixeago) eta A Coruña (bost milioi eta erdi).
Egin dezagun, hala ere, zehaztapen larriren bat: kirolera bideraturiko aurrekontuen karga (mantenua, instalazioak eraiki eta kontserbatzea, pertsonalari ordaintzea, ikastaro eta programak eskaintzea, etc.) hamazortzi hirietan, udalen osoko aurrekontuen batez beste %4,2 da. Kirolera 2005 urtean diru gehien bideratu zuten udalerriak izan ziren Oviedo (Udalaren osoko aurrekontuaren %8,4), Madril (%7,2), Murtzia (%6,8) eta Valladolid (%5,5). Gainerako hiriek udalaren osoko aurrekontuaren %5 baino gutxiago eroaten du kirol inbertsioetara. Isatsean Malaga (%2), Valentzia eta Alacant (%3 baino gutxiago) agertzen dira.
Biztanleko gastuari dagokiola, hamazortzi udalek 2005 urtean, biztanleko, 42,5 euro gastatu zituzten kirolarekin loturiko jardueretan, baina hemen ere alde handiak hautematen dira: Valentzia, Kordoba, Alacant eta A Coruñak, biztanle bakoitzeko, 23 euro baino gutxiago gastatu zituzten arren beste aldean ditugu, Murtzia (63 euro biztanleko eta urteko), Oviedo (72 eurotik gora) eta Madril (100 euro) agertzen dira.
Zenbat kostatzen da kirola praktikatzea?
Tarifa, abonu eta prezioen kostua biziki aldatzen da, hainbat faktorek agindu edo baldintzaturik: erabiltzailearen adina (haurra, gaztetxoa, heldua, 60 urtetik gorakoa, pentsioduna&), kiroldegia duen herrian erabiltzailea erroldatua dagoen, elkarteren bateko kide izatea, udal agiri edo txartelik edukitzea, etc.
Esate baterako, joan den 2005 urtean 18 urtetik gorakoentzat denboraldiko abonuaren prezioa 78 euro zen Gasteizen eta 98 euro Bilbon; Oviedon, berriz, prestazio horiengatik ia 50 euro gehiago ordaindu behar zen. Beste hainbat hiritan (Granada eta Alacanten), aldiz, abonua hilekoa zen: 25 euro ordaindu behar ziren, zerbitzu guztiak eskuragarri izaki. Malaga, Kordoba, Iruñea eta Valladoliden antzeko tarifak aplikatu ziren: 30 edo 35 euro hilean, instalazio guztiak erabilgarri izatearren.
Hiri askotan ematen diote aukera familia osoari hileko edo urte osoko abonua hartzeko (Cadiz eta Kordoban bakarrik ez daude horrelakoak). Gasteiz, Iruñea eta Murtzian, ohiko tarifarekiko, %80erainoko deskontuak aplikatzen dira, senide kopuruaren arabera. A Coruñan famili abonuaren prezioa, hileko, 23 euro da; Valentzia, Oviedo eta Granadan 35 euro inguru ordaintzen ditu familiak; Valladoliden, 43 euro eta Bartzelonako udal kirol instalazio batetik bestera alde handiak hautematen dira: 32 eurotik 60 eurora arte, abonu berberagatik. Familientzako denboraldiko (bederatzi hilabetekoa, eskuarki) abonuez ari garela, merkeenak Bilboko tarifak dira (famili osoarentzakoa 2005 urtean 142 euro inguru zebilen, hots, 16 euro baino ez hilean) Zaragozakoen aurretik (100 euro inguru, denboraldiko).
Amaitzeko, 60 edo 65 urtetik gorako pentsiodunei ere deskontu handiak egiten zaizkie. Zaragozako igerilekuetan, hilean 11 euro inguru ordaintzen dute eta Oviedo, berriz, 20 euro. A Coruña, Granada, Iruñea eta Valentziako zaharrek tarifa berdinak dituzte: hilean 18 euro inguru 2005 urtean; Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Kordoban kolektibo horri, tarifa normalarekiko, %70erainoko deskontuak aplikatzen zaizkio.