Krisirik gabeko aldaketak
Harrigarria bada ere, bizitzan zehar gertatzen zaizkigun aldaketez ia konturatu ere ez gara egiten. Nahita antolaturiko plangintzaren arabera gabe, hainbat jazokizunen arabera aldatzen zaigu izaera. Bizi egiten gara baina bizitza gutxi aztertzen dugu, nortasuna aldatzen ez den zerbait dela sinetsita, oker sinetsita. “Horrela naiz ni, kito”, esan ohi da. Nor bere burua hobetzeko eta gainerakoekiko harremanak hobetzeko, nolanahi ere, aldaketa gertatu daiteke. Jokabide-ereduak aztertu eta norberak gustukoen duen izaeraren gertukoenera egokitzeko ahaleginak egin daitezke.
Nahi eta nahi ez, lehenago ez ziren premia batzuk norberaren hazkuntza pertsonalean agertzen dira: horrek gizakia bultzatzen du, bere bizimoduan eraldaketak egin ditzan. Premia horri krisia deritzo; kontzeptuari eskuarki adiera negatiboa ematen zaio, ohi baino angustia gradu handiagoa nozitzen duelako pertsonak horrelakoetan. Egoera gainditzeko eta bereganatzeko, aldaketa naturala dela ulertu beharra dago, aldaketak berarekin dakartzan beldur eta ziurgabetasuna naturalak diren modu berean, egoera ezagun batetik ezezagun baterako urratsa, aztura batzuetatik besteetarako pausoa ematen delako.
Jokabide ereduak
Bizi garen heinean garatzen dira ohiturak, azturak, eta egoera jakin batean jokatzeko erak ezartzen dizkigute. Horrela da, lehenago emaitza onak eskaini dizkiguten jokabideak errepikatzeko joera baitugu edo, gutxien-gutxienez, nolako emaitzak jasoko ditugun seguru samar ezagutzeko aukera ematen digute. Horrelako jokabide-arauak moldatzean gure nortasunaren ezaugarrien eragina jasaten dugunez, hein batean edo bestean jaiotzetiko eta nahigabeko jitearen aginduak betetzen ari gara. Bete bai, baina hein batean bakarrik, denborak aurrera egin ahala jokabideak sustraitu eta finkatu egiten baitira, erabiliaren erabiliz.
Horregatik komeni da jokabideak begiratu eta, behar denean, aldatzea. Hori ez da beti kontu erraza baina, tarteka, ez dugu beste erremediorik izaten, zoriontsuago bizitzeko aukera erreal bihurtzeko bidean dagoen oztopoa gainditu behar dugunean, batik bat. Egoera berri bati buru egiteko motibazioa premiaren bat asetzea da beti-beti. Eta ez alferrik.
Gizakiaren premiak aldatuz doaz, pertsonaren garapenaren etapak bete ahala, nahiz etapa horiek bat ez datozen noiznahi gorputzak nozitzen dituen aldaketa fisikoekin, bai ordea eskakizun berriak dakartzan hurrengo etaparen iristearekin. Denboraren joanaren eta aldaketa pertsonalen eraginen aurreko antsietate horrek “bizitzako krisi” ezagunari zabaldu dizkio ateak. Hastapenean, berrogei urtearen bueltan kokatzen zen bizitzaren erdialdeko krisia bihurtu zen hizpide baina ideia hori hedatu egin da eta gaur garapen-etapa batetik besterako urratsa adierazten duten “krisi” bat baino gehiago aipatzen dira. Adinak adin, haztea egokitzean hazkuntza dator, hor konpon.
Etapa-aldaketako krisia
Krisi kontzeptuari adiera negatiboa ematen zaio beti, horrelakoetan pertsonak ohi baino angustia gradu handiagoa nozitzen duelakoan. Naturala da hori, egoera ezagun batetik ezezagun baterako urratsa delako eta, gainera, urrats horrek sorrarazten duen ziurgabetasunak segurtasun gabezia handiagoa eragiten du. Ezezagunaren aurreko beldur horrek, nolanahi ere, ezin eraman gaitzake garapen pertsonalak agintzen dituen aldaketak gertatzeari uko egitera; horrela gertatzekotan, geure buruaren kontrako bortizkeriazko jardueran arituko ginateke.
Bortizkeriazko egoera hori, gainera, alferrikakoa da: ahalegin guztiak eginik ere, ezin gaitezke inola ere itzuli aurreko egoerara. Egoera harik eta okerrago bihurtzen laguntzen duen faktoreetako bat pertsona guztiak batera ez heltzea edo ez garatzea da. Ingurugiro eta geneei leporatzeko moduko kausak direla bide, pertsona bakoitzak bere erritmoan dihardu eta une jakin batean bizitzako etapa batetik bestera igarotzeko prest egongo da; une hori ez da zertan bat etorri inguruko pertsonen aldaketa-unearekin. Baliteke premia berriak sentitzen eta panorama berriak zabaltzen ari direnean, lagunek edo bikote-kideak zer gertatzen ari den ez ulertzea, haiei une hori oraino iritsi ez zaielako.
Geure egoera aldatu ahal izateko jokabidea eraldatu beharra dugu; bidez aldatuko bagara, egiati jokatu behar dugu geure buruarekin. Bizitzako txangoan daramagun motxila hustu egiten dela imajina dezakegu: alferrikako zama kendutakoan aurrera egin eta motxila bestelakoez bete ahal izango dugu ostera. Krisiez baliatzeak bizitza aztertzea esan nahi du:
- Kontua ohiturez aldatzea denean, bereizi beharra dago: zer den gure nortasunaren egituraren ezinbesteko partea (nekez eralda daitekeena, beraz) eta zer alda daitekeen.
- Ohitura, bizio edo azturak bazterrean uztea nekosoa gertatzen da beti, geure izateko moduan sakon txertatu diren jokabideak direlako. Baina aldatzeko ahaleginak merezi du, beti merezi du.
- Jabe gaitezen: aldaketak gertatu ezean, orain arteko gauza berberak jazoko zaizkigu.
- Eraldaketa bereganatu ahal izateko faktore funtsezkoenetako bat nork bere buruarekin egiati jokatzea da. Bizimodua korapilatuko ez badugu, une jakin batean geure burua engainatzeko joera alboratu egin beharko dugu.
- Gure bizitzan pausatu diren sinesmen guzti-guztiak aztertu eta horiek, banan-banan, bahetik iragazi beharra dago, zeintzuk ditugun kaltegarri eta zeintzuk mesedegarri argitzeko.
- Gure aldaketa-prozesuetan beste pertsona batzuek ere -profesionalek, akaso- lagun gaitzaten ateak zabaldu behar dizkiegu; lagundu bai baina ez aholkuak emanez bakarrik, geure buruaren ispilu-rola jokatzeko prest baizik, nork bere burua zehaztasun eta xehekapen handiagoz aztertu ahal izan dezan, zorroztasun handiagoz juzkatu, jardun eta asmatu ahal izateko.