Begi eta malkoak, minbera
Ikusmen organoaren parte noblea begi-globo da, bere kornea, iris, kristalino, erretina, nerbio optiko eta guzti. Hori dena egoera onean mantentzeko, egitura anexoek ongi funtzionatzea ezinbestekoa da: organoa mugitzen duten muskuluak, betazalak eta berauek babesten dituzten betile eta guruinak, baita globoa elikatu eta babesten duten malko-guruinak ere. Horiek denek era askotako patologiak nozi ditzakete. Hona hemen adierazgarrienak.
Bekatxoa
Betazalaren zoldura ohikoena da hau. Kanpo-bekatxo edo betxindorra betilearen bilo-folikuluaren zolduraren ondorioz gertatzen da. Betazalaren ertzean ateratzen den garau hori txikia eta azalekoa da. Mina eta gorridura sortarazten du zaldartxoa, bat-batean drainatzen du eta sendatu egin ohi da, besterik gabe.
Barne-bekatxo edo betxindorra, bilo-folikulua baino sakonago dagoen Meibonioren guruin baten hanturaren ondorioz jazotzen da; beherago dagoenez, drainatze zailekoa da eta tentsioa eragiten du: horregatik min handiagoa eragiten du eta nekezago sendatzen da.
Bekatxoak, eskuarki, mindutako tokian egunean hiruzpalau bider eta aldi bakoitzean ordu laurden batez berotasuna aplikatuz tratatzen dira; ondoren, hanturaren aurkako pomada antibiotikoa ematen da. Bekatxoek -barnekoek, batik bat- batzuetan, enkistatzeko joera agertzen dutenez ez dute drainatzen berez; horregatik, drainatze kirurgikoa egin behar izaten da.
Blefaritisa
Betazalen ertz askearen hantura da eta, eskuarki, bi begietako betazaletan gertatu ohi da, behin eta berriro. Akne errosazeoa edo dermatitis atopikoa nozitzearren, horretarako joera duten pertsonek ohiko afekzioa dute hau. Adin guztietan agertzen da (areago, behin eta birritan berragertzen da, pazientearen desesperazioa leherraraziz) eta horren tratamendua ez da erraza izaten.
Betazalaren ertza narritatu eta hanpatuta agertzen da eta pazienteak hazkura eta gorridura nozitzen du. Kasurik larrienetan betileak galdu egiten dira (madarosia) edo, bestela, ile horiek begi-globora begira jaiotzen dira (trikiasia), narritadurak sortaraziz.
Sintomak ez dira beti berdinak edo antzekoak, blefaritisa sorrarazi duen kausaren arabera aldatzen dira: gaitz hori alergikoa, infekziosoa, seborreikoa, narritadurazkoa edo mistoa izan daiteke.
Blefaritis alergiko hutsetan (kosmetikoen aurreko alergiak eraginikoa, maiz) betazalaren ertza baso-dilatazio nabarmenak gorriturik agertzen da: era eritematosoa deritzo horri eta tratamendu soil batekin senda daiteke: produktu alergikoa ez ematea, alegia (makillajea, kremak, etc).
Blefaritis ezkatatsu edo ekzematosoan, betazalaren ertzean lesio ekzematosoak agertzen dira. Gaitz honekin lotzen dira dermatitis seborreikoa, zuzendu ez diren begiaren errefrakzio-arazoak eta begia mugitzen duen muskulaturaren desorekak. Betazalaren ertza gorriturik, hanpaturik agertzen da eta bertan ezkata txikiak sortzen dira, batzuetan geruzak osatuz. Tratamendua aplikatu eta ezkatak suntsitutakoan, ertza garbi agertzen da berriro, betileak behin-behingoz (sekula ez behin betirako) gal daitezkeen arren.
Agerpenik larriena folikular edo ultzerosoa da, gehienetan jatorri infekziosokoa: horrelakoetan betazalaren hantura akutua edo kronikoa gertatzen da, zona bat ultzeratu egiten da, hori koloreko zarakar sakon zornatsua osatzen da, betazalaren ertzaren nekrosi eta ultzerazioa eta betileen behin betirako galera jazotzen da. Kasurik larrienetan betazala atzerantz biltzen da (ektropioa). Blefaritis infekziosoaren tratamendua ere soila da: kortikoide lokalekin loturiko edo otu gabeko antibiotikoak tokian aplikatzea eta, baldin badago, oinarrizko patologia berariaz tratatzea: dermatitis seborreikoa, alergia, etc.
Betazalen higienea ezinbestekoa da. Produktu kosmetikoei saihets egin behar zaie edo, aplikatutakoan, berariazko produktuekin garbitu. Beste aldetik, afekzio horretarako berariazko xanpuak aplikatu behar dira kotoi heze baten bitartez.
Txalazioa
Horrelaxe deritzo betazalaren ertzean dauden guruin txiki batzuen -Meibonioren guruinak- hanturari, sebo-materiala atxikitzearen ondorioz.
Guruinaren barnean atxikitako sebo-sekrezioak minik gabeko tumorazio gogorra osatzen du, goi-betazalean eta pertsona helduetan, batik bat, nekez haur eta gazteetan. Hilabete batzuk agerian eman ondoren suntsitu egin ohi den arren, kasu zenbaitetan iraun, kistea osatu eta tamaina areagotu egiten du. Horrela gertatzen denean arazo estatikoak sorrarazten dizkio pazienteari eta, are eta okerragoa, kornea estutu eta ikusmena eraldatu ere egin dezake.
Gaitz horren tratamendua tumorazioaren tamainaren arabera aldatzen da. Tamaina txikikoetan, kortikoideak injektatzeak emaitza onak eskaini ohi ditu baina tumore handiak sendatzekotan, kirurgia eta kistea erauztea beste irtenbiderik ez dago. Ebaketa, eskuarki, betazalaren barnealdetik egiten denez, agerian ez da orbainik geratzen.
Dakriozistitisa
Malko-bidea ixtearen ondoriozko malko-zakuaren infekzioa da. Haur jaio berrian, malko-sistemaren sortzetiko anomalia ohikoena malko-bidearen buxadura delarik, haurren %20 – %30etan agertzen da baina, kasu gehien-gehienetan, bizitzako lehen asteetan berez konpontzen da gaitza. Hodia erabat osatzeko hiru bat aste behar izatea erabat normaltzat jotzen da baina hiru hilabetetik aurrera patologikoa da.
Infekzio hori atzematen zio haur jaio berriari etengabe malkotan diharduelako eta konjuntiba-zakuaren hondoan sekrezioak metatzen zaizkiolako. Tratamendua, hastapenean, kontserbadorea da eta, zoldura gertatzekotan, zona horretan masajeak eman, antibiotikoak aplikatu eta deskongestionatzaileak sartzen zaizkio. Buxadurak bere horretan irauten duenean zundaketak egiten dira, hodia irekitzeko; horrek emaitza onak agertzen ditu, umeak sei hilabete bete arte. Bederatzigarren hilabete egin dituenean hodiaren buxadurak oraino badirau, tratamendu eraginkorrena kirurgia da.
Hodia pertsona helduetan buxatzea ere ohiko kontua den arren (emakumeak nozitzen du, batik bat, eta zahartzearen zuzeneko ondorio omen da), ezbehar, kolpe, erredura edo higiene faltagatik ere jazo daiteke. Buxadura partziala denean, oso litekeena da, arazoa konpontzeko, malko-guneen dilatazioa eta zundaketa aski izatea; buxadura osoa dagoenean, aldiz, konponbide bakarra kirurgia izaten da.
Dakriozistitisa akutua edo kronikoa izan daiteke. Akutua denean zaldarra osatzen da eta begiaren barne-angeluan tumefakzio gogor, gorri, mingarria agertzen da; baliteke hori inguruetan ere (betazaletan, sudur-erroan) hedatzea. Tratamendua: antibiotikoak, antiinflamatorioak, drainatze kirurgikoa eta, prozesu akutua kontrolpean hartutakoan, funtsezko gaitza den buxadura hori konpondu beharra dago. Gaitz kronikoan -luzaro irauten duen malko-jarioa eta, zenbaitetan, muki-zornezko sekrezioak tarteko- tratamendua kirurgikoa da: malko-zakua sudurrarekin komunikatzen da, ebakuntza txiki baten bitartez, malkoak sudurretik kanpora daitezen.